Asteon: Paperezko pantaila txikia

  • Topagunearen eta hainbat bazkideren ekimenez sortutako Herri Komunikabideak Kooperatiba Elkarteak otsailaren 26an aurkeztuko du hurrengo egunetik aurrera astero banatuko duten Asteon astekaria. Telebistari buruz ariko den argitalpenak 75.000 aleko tirada du eta doan banatuko da.

Enpresa sortu berriaren baitan zazpi bazkide bildu dira dagoeneko eta horiekin lehen pausoak ematea erabaki dute. Bazkide horietako bat Topagunea bera da eta beste seiak herri aldizkariak: Goiena, Anboto, Maxixatzen, Barren, Aiurri eta Bierrik. Zazpigarren batek ere baiezkoa eman berri du: Usurbilgo Noauak. Horiek, Asteoneko bazkide egiteko pausoa oraindik eman ez duten Topaguneko zenbait bazkiderekin batera, 60.000 ale banatuko dituzte beraien herri aldizkarien azpiegitura aprobetxatuz. Beste 15.000 aleak bestelako banaketa sistemen bidez zabalduko dituzte. Batez ere hiriburuetan egingo dute banaketa berezia (Iruñea, Bilbo eta Gasteiz) hiriotan herri aldizkariek banaketarako egokierarik ez dutelako eta Iparraldera ere heldu nahi dute lehentasunez. Asmoa 75.000 aleko kopuru horretatik urtea bukatzerako 100.000ra heltzea da.

Asteon argitaratzearen helburu bakarra ez da telebistari buruzko argitalpena abian jartzea. Badu herri aldizkarien azpiegituretan eragiteko intentzioa. Asteon astero banatzeko produktua da eta herri aldizkari asko ez dira astekariak, hamabostekari edo hilabetekari baizik. Jaxone Mendizabal kudeatzaileak azaldu digunez, «Asteon hilean behin banatzea herren geratzea litzateke. Ez du zentzurik. Astekari ez direnek eta bazkide ez izanda ere, eska diezagukete Asteon. Doan jasoko dute astekaria, baina beraiek egin beharko diote aurre banaketa kostuari. Bestetik, hilean behin aldizkaria ateratzen duenaren eta astero Asteon argitaratzen duenaren helburua aldizkaria asteko maiztasunera igarotzea litzateke. Asteon banatzeko prestatu duten azpiegitura aprobetxatu beharko lukete herriko aldizkariarekin beste hainbeste egiteko». Herri aldizkariek bestela ere bizkarrean zama astunak dituztela aitortu digu Mendizabalek, baina produktua kalean ikusitakoan aldizkari gehiago bazkide egiteko animatuko direla uste dute.

2004ko aurrekontua 1.200.000 eurokoa da; erdia, publizitatetik eta beste erdia erakunde publikoetatik eskuratuko dute.

12 kate programazioan

Astero 48 orrialde koloretsu jasoko ditu irakurleak etxean, euskaraz eta doan. Astekari tematikoa da, telebista baitu gai bakartzat eta informatiboa, entretenigarria, erabilgarria eta kritikoa izan nahi du. Hiru atal nagusi ditu astekariak. Lehenengoan magazina, erreportaiak, elkarrizketak, albiste laburrak eta komikia aurkituko ditugu, besteak beste. Bigarren atalean generoka bilatuko dizkiote tripak telebistari: telesailak direla, zinema dela... Kolaboratzaileen iritzi artikuluak ere atal honetan egongo dira. Hirugarren atala telebista programazioa da. Euskal Herrian ikusten diren hamabi kateren programazioa agertuko da, euskara hutsez aritzen diren tokian tokiko telebistak barne. Telebistaren amaraunean Euskal Herriaren erreferentzia hartuko dute kontuan eta bertako profesionalek, euskal herritarrek izango dute lehentasuna. Baina, esate baterako, Madrila ere joko dute, han ere Euskal Herriko hainbat aktore, aurkezle eta bestelako lanean ari baita. Jasone Osoro zuzendariak adierazi digunez, «Euskal Herrikoa erreferente izanik ETBren buletina izateko arriskua izan dezake Asteonek, eta hortaz kontziente gara. Horregatik saiatuko gara oreka bilatzen eta Asteonen lekua izango dute telebistako profesionalek orohar: bai Estitxu Fernandezek eta baita, esaterako, Manuel Fuentesek ere».

Hamar langile eta hamaika kolaboratzaile

Abadiñon prestatu dute egoitza bederatzi langileko taldearentzat »hamargarrena Hendaian arituko da». Bi maketatzaile, hiru erredaktore, zuzentzailea, publizista, banaketa arduraduna, kudeatzailea eta zuzendaria dira. Kolaboratzaile taldea ere mardula dute; hona horietako batzuk: Ane Muñoz, Aitzpea Goenaga, Xabier Zabaleta, Asier Arrieta, Pako Aristi, Jon Artano, Julen Gabiria eta Itziar Madina.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude