Peio Serbielle: «Gure kulturaren ezagutarazteko estrategiak behar ditugu»

  • XXI. mendeko Iparragirre xiberotarra da, Euskal Herrian baino munduan emanaldi gehiago eskaintzen dituena, euskara hutsean beti. Parisen saritua, etxeko Hegoaldean ezezaguna. Jo bezate ezkilek kantuak erakarri zuen euskarara, eta musika izan zuen istripu larri baten ostean munduarekiko harremana. XVII. mendeko sorgin erretzeei buruzko hitzak idatzi ditu ateratzear den disko batean. Gaur euskaldunekin egiten ari direna ehiza berbera dela dio, gaurko Pierre de Lancre «demokratek» ere deabruaren eroaletzat seinalatzen eta kondenatzen baitituzte kultura ezberdinekoak. Maskaraden kultura galdu izana omen gure akatsik handiena, gaur botereaz ez baikara futitzen, herriko frontoiaren erdian.

Zuberotarra zara. Gurasoak euskaldunak dituzu. Nerabezaroan euskaldundu zinen zu. Nola sortu zen euskararekiko harremana?
Haurra nintzelarik ez neukan euskararekin ezer ikustekorik. Egun batez, 14-15 urte nituela, Pello eta Pantxoak abesten zuten Jo bezate ezkilek entzun nuen; laborarien kanta bat da. Horren bidez eta beste kantuen bidez sartu zitzaidan euskararekiko interesa. Mauleko kolegioan banituen Donibane Garaziko lagun batzuk, eta haiek laguntzen zidaten hitzen esanahia ulertzen. Telesforo Monzonen testu batzuk ere banituen, eta testuon bidez saiatzen nintzen euskara neureganatzen. Mauleko kolegioan ez zen euskarazko kurtsorik. Baina katiximan banuen apaiz bat, Aranart apaiza, Piarres Lafittekin hiztegi bat idatzi zuena. 5.000 hitzeko hiztegia zen, eta nik denak kopiatu nituen, ikasteko.
Gurasoek hala esaten zidaten: «Zure euskararekin ez zira Bildozeraino joanen!» (Bildoze Maule ondo-ondoko herrixka da). «Beraz, utz ezazu». Gurasoena normala da hemen, gerla denboran bizi izan baitira. Aita erresistentzian izan zen gerlan; kontrol batean bala bat sartu zioten. Frantziari lotuak ziren. Hemen memoria guztia suntsitu dute, eta pixkanaka amnesikoak bilakatu dira Euskal Herriarekiko. Psikologikoki izorratu gaituzte. Gurasoek bazekiten euskaraz, xiberotarrez. Nik gutxi entzun ditut halere.
Batxilergoaren ondoren Mendeberri kultur elkartean sartu nintzen. Enbata ondotik sortutako gazte mugimendua zen, kultura hartzen zuena ardatz jendeari Euskal Herriaren mezua pasarazteko. AEK baino lehenago hasi zen euskarazko ikastaroak antolatzen. Hilabete batean egunero sei orduko klaseak hartu nituen euskaraz. Esfortzu handia zen niretzat. Eta gauero baziren hitzaldiak (denetara joaten nintzen, ez nuen gauza handirik ulertzen baina). Gogoan dudana da hirugarren egunean Txillardegi etorri zela hitzaldia ematera.

Euskadi Kanta Lur zure azken diskoan, testuak XIX. mende bukaerako Iparraldeko kantu tradizionaletatik hartu zenituen. Zergatik testu zaharrekiko erakarpen hori? Zer esaten dizute hitz zaharrek?
Kantu horiek Mauleko xiberotar batek, abokatu batek, egindako liburutik jaso ditut. Salaberri zuen izena abokatuak, eta «Kantu popularrak» zen bere liburua. Lehen edizioa 1840 inguruan atera zuen, baina bertan biltzen dituen kantu batzuk are zaharragoak dira, Erdi Arokoak. Salaberri Victor Hugo karrikan bizi zen. Horretan ere gure memoria zapaldu dute. Victor Hugo idazle garrantzitsua da, baina hemen ere badira beste batzuk eta ez ditugu baliatu.
Testu horiek interesatzen zaizkit, badutelako herri honekiko lotura bat. Herri bakoitzak inspiratzen dizu musika bat, edozein musika ez zaio herri bati ongi lotzen. Interesatzen zaizkit testuok, ikusten baitut poetek hartu dutela euren ingurumena, eta baloratu dutela. Bada kantu bat, adibidez, kontatzen duena nola Ahuskiko iturrirat hiru emazte etortzen ziren, eta jendea nola zebilen euren atzetik. Emazte horiek ninfa bilakatzen dira, eta beti daude iturriarekin lotuak. Beste herrietako mitologia elementuekin konpara ditzakezu. Poeta horiek Euskal Herria baliatu dute, edertasun hori baliatu dute, izugarrizko desio batekin.

Euskaraz kantatzen duzu beti. Emanaldi gehienak Euskal Herritik kanpo eskaintzen dituzu. Zuretzat, atzerrian zer balore du euskarazko hitzak?
Niretzat ofizio honetan badituzu bi mundu. Bata diskoa egitea da; sartzen zara laborategi batean eta ez zara ateratzen hortik. Bestea da kantaldia; eta kantaldia biziari lotutako istorio bat da. Bizitzako zenbait goizetan norbait galtzen duzu, penatan sartzen zara, baina beste zenbait goizetan Iparraldera zatoz esploratzera, «zer polita!» esanaz. Bizitzan halako gauza guztiak badira. Ikuskizun bat ere horren parte da. Ez da kantu bat beste baten atzetik jotzea bakarrik.
Euskaraz kantatzen dut, hasteko, ni euskalduna naizelako, eta munduko hiritarra. Munduko hiritarra ere banaiz, badirelako beste tokitan interesatzen zaizkidan gauzak, eta badudalako kuriositatea ikasteko eta hobetzeko. Euskaraz kantatzeak erakusten du gu lurralde ukatu batean bizi garela. Lurralde ukatuak esan nahi du, adibidez, behin eta berriz proposatu didatela frantsesez kantatzeko; frantsesez abestuz gero Pariseko antzokia hamar egunez alokatuko zidatela esan zidaten. Eta ezetz esan dut. Ez frantsesa gorroto dudalako; euskara delako nire izaeran.

Jendearentzat, berriz, euskara entzutea zer da: elementu exotiko bat, «azken indioa entzuten ari naiz», ala zuk ematen diozun balioarekin hartzen dute euskara, hizkuntza bat bezala?
Badira gutaz futitzen direnak. Duela hiruzpalau urte joan ginen Estrasburgoko parlamenturat, salatzera Frantziako Konstituzioak frantsesa soilik onartzen duela mintzaira gisa eta besteak ez dituela ezagutu ere egin nahi. Gero emankizun bat eskaini genuen. Sartu naiz estudioan, emankizuna baino lehen, eta hantxe zen barne ministro ohi baten «txakur txiki bat» deituko nukeena (bere izena «ahantzi» dut). Aurkezleak presentatu ninduen: «Peio Serbielle, euskal kantaria». Eta txakur txikiak: «A! Frantses ttipi bat, beraz!».
Guk badaukagu abantaila bat artista eta musikari bezala. Azken urteotan hasi dira munduko musikak etortzen merkatura, jendearen belarrietara. Eta gu sartzen gara hor. Egia da «World Music» aipatzen delarik Frantzian, beti aipatzen dela Afrikako musika, ez da Euskal Herrikoa aipatzen, ez eta korsikarra. Baina guk badaukagu indar bat egiteko, besteri esateko gu munduko musiken barruan garela eta bizi garela.

PolyGram edo Sony bezalako diskoetxeekin ere atera dituzu diskoak. Multinazionaletan lortzen da nortasuna mantentzea?
Badira diskoetxe txikiak lan bat egiten dutenak halako diskoen alde, baina hemendik ateratzea zaila dago. PolyGramen aukera ematen dute kanpora zabaltzeko. Baina beti gogoan izan behar duzu nortasuna ez duzula ahaztu behar. Egun bost multinazional daude, eta euren arteko fusioak medio, laster bi multinazional baino ez dira geldituko, eta artista anitz bota egingo dituzte. Beraz, beste bideak ere landu behar dira. Baina diskoetxe handietan ere egin behar duzu zure bidea, horiek ematen baitizute aukera munduan dauden mila feriatan zure musika entzuteko. Bide horretan ere joan behar duzu, saiatu eta saiatu.

Frantziako Estatuan ezagunagoa zara Hegoaldean baino. Nola bizi duzu hori?
Ez dakit. Euskal Herrian miseria larrian sartu gara. Badira egiturak, baina nik uste nahikeriarik ez dela. Kultur politika bat falta da. Antzokiak badira, handiak eta txikiak, diruak dituztenak; zirkuitu aldetik Hegoaldean badira aukerak Iparraldean ez direnak. Baina bertakoa promozionatzeko ez dute interesik. Antzokiak edukita pentsatu behar genuke zer estrategia egin bertako artistak jendeari ezagutarazteko.
Azkenean moda batzuen arabera dabil gaur euskal kantagintza. Rock gogorra izan da modan hemen, 30 urteko atzerakadarekin gainera (ACDC aspaldiko kontua baitzen hemen rocka egiten hasi zirenerako). Gero trikitixaren moda egon da; hori desagertzen ari da. Eta gero zer? Hortik landa ateratzen dira edo bildumak, edo hamarkadak kantuan daramatzaten abeslari mitikoen azken diskoak. Eta ontsa da hori, baina ez da horrekin gelditu behar.
Ongi zehaztutako kultur politika bat behar dugu. Artista batek merkatuan fruitua ematekotan lauzpabost urte behar dira, urtero apustua eginez eta estrategiak definituz zer zirkuitutan mugitu beharko duen. Aldiz, antzokietan esaten dizutena da: «Etortzen bazira 20 jende baino ez da izanen». Baina has gaitezen 20 jenderekin, eta hortik eman ditzagun urratsak.
Dirua egon badago, baina nola da erabilia? Hartzen duzu ETB eta ez daukate kultur politikarik ere, hori da tristea! Aurrezki Kutxak kopuru izugarria badu kulturari emateko, baina harrigarria da nola erabilia den: «Nirekin bazara emango dizut». Foru Aldundiei, Eusko Jaurlaritzari ere ez diet ikusten epe ertain eta luzerako kultur politika zehatz diseinaturik dutenik bertakoa sustatzeko. Ez dut esaten gauza onik egiten ez denik, baina estrategiarik ez dago. Eta zer gertatuko da hemengo artistekin? Ni futitzen naiz. XIX. mendeko musikari klasiko handi bat izan da Berrioz, eta bere bizitza guztia, bere ofizioa, Alemanian eta Errusian egin du. Hil zenean akordatu ziren denak berekin, «guk badugu musikari handi bat» esanaz!

Musikan autodidakta izan zara. Nola sartu zinen musika munduan?
Txikia nintzelarik egun batez kazuela batekin perkusioa jotzen ikusi ninduen amak, eta pianoaren ikasterat bidali ninduen. Bi urtez ikasi nuen pianoa, itsu batekin. Nire eskuen gainean jartzen zituen bereak, nik eskuen ez begiratzeko, partiturara begiratzeko baizik. Esaten zidan: «Sar zaitez musikan, ez teknikan». Gero uztera bortxatua izan nintzen, gurasoek ez baitzuten dirurik pianorik erosteko.
Hamaika urterekin Pariseko osabak gitarra bat ekarri zidan; gitarra txinatarra zen, feria batean erosi zuen zortzi frankoren truk. Gitarrarekin hasi nintzen hala. Hamabost urterekin istripu larri bat izan nuen, eta musikak lagundu ninduen munduan izaten. Bost egun pasa nituen koman. Garuneko traumatismoa nuen. Gurasoen etxean gelditzen nintzen, bakarrik, musikarekin. Azkenerako pixka bat autista bilakatu nintzen. Musikak on egiten zidan, jendearekin izateko, munduarekin konektatzeko baliatu nuen.

Disko bakoitzaren errepasoa eginez, zerk kezkatu izan zaitu garai bakoitzean?
Lehen diskorako aita galdu nuen, eta berari eskaini nion testu bat. Bestetik Bardozeko apaiz batek Bako Jainkoari buruz idatzitako testu bat ere musikatu nuen. Bigarren diskoan gai hori zabaldu egin genuen, festaren ingurua, plazeraren ingurua islatzeko.
Zuk egin gaua diskoan, gauez gertatzen diren gauzek erakarri ninduten. Gogoratzen naiz txikia nintzelarik lo egin aurrean ohe azpian begiratzen nuela ea norbait zenentz, beldurtuta. Gauez animaliako festak egin ditut, eta gauez egiten nituen lanak. Gauak ekartzen dizkizu pentsatzeko aukerak. Hiri handi batera joaten zarelarik, egunez lasterka zabiltza metroan eta espaloian, eta azkenean, gelditzen zarelarik, da semaforoa gorri jarri delako; iruditzen zaizu 20 segundoko askatasuna lortu duzula, eta zeri begiratzen diozu? Aurrean duzun publizitateari, eta publizitateak paisaia osoa estaltzen du, beraz ez daukazu ikusmen librorik. Mende honetako kondizionamendua hori da azkenean. Ez da diktadura bat, baina ezarritakoaren araberako antolamendua dugu bizitzan. Gauaren inguruan saiatu nintzen horren kontrako ikuspegi bat esplikatzen.
Bestetik PolyGrami esker aukera anitz izan dut beste musikari berriagoen ezagutzeko. Jende horrek mila gauza irakatsi dizkit. Zu mundu batetik abiatzen zarelarik, badituzu mila aukera zure mundua gehiago zabaltzeko. Azken diskoan, Euskadi Kanta Luren, Iparragirreren kantu bat musikatu dut. Iparragirre izan zen hemengo behatzaile onenetako bat; gaizki hartua zen, garai hartan Euskal Herrian ere nahiko hertsiak baikinen. Iparragirrek mila gauza bizi izan zituen, bai politika aldetik, bai munduan zehar ibili zelako. Parisera, Londresera, Hego Amerikara heldu zen. Hara nun diran kantuak hunkitzen nau bereziki, erraten baitu Euskal Herritik kanpo izanik ere nahitaez, noizbait Euskal Herrira itzuliko dela, maitemindua baita lur honetaz. Azken diskoa bidaia bat bezala idatzi dugu. Bidaia horretan kanpoko eraginak gureganatzen goaz, eta hala, esaterako, Afrikako instrumentuak agertzen dira.

Zorion ttantta bat ematen dizun proiektu kolektibo bat baduzu, bost urtean lantzen ari zarena...
Bretoiek egindako proiektu batetik sortu zen gurea. Duela 10 urte hasi ziren bretoiak, Irlandako eta Eskoziako artista batzuekin batera, musika zelta landuz ahal bezainbat disko ateratzen. Zelten herentzia deitzen zen, eta oso lan polita zen bai sorkuntza aldetik eta bai musika herrikoi aldetik. Musika zeltak azken urteotan izan duen animaliako arrakasta ekimen horretatik dator.
Duela 5 urte, Sony diskoetxean hasi nintzelarik, tipo batek proposatu zidan halako proiektu baten eraikitzea Euskal Herrian. Hiru disko izango dira, eta euskal artistek hartuko dute parte. Kantu herrikoiak izango dira, edo azken 30 urteotan oso herrikoi egin direnak, berriz moldatuak. Bi urte pasa ditugu gau eta egun 150 disko entzuten, kantuen aukeraketa egiteko.
Bigarren fasea zen diskoetxeetara joatea; Sonyko aukera bagenuen, eta beste aukerak ikustera joan gara. Hirugarren fasean konturatu gara halako proiektu baten eraikitzeko garrantzitsua zela bertako proiektu bihurtzea, bertako erakundeek ere parte hartzea eta guztien apustua izatea. Harremanetan jarri gara Eusko Jaurlaritzarekin, foru aldundiekin eta hemengo Eusko Kontseilu Nagusiarekin. Azken fase honetan eztabaidak izan ditugu, eta eztabaida horietan gaude. Eusko Jaurlaritzak hastapenean esan zigun halako proiektuak komertzialak direla eta Jaurlaritzak ez dituela diruz laguntzen proiektu komertzialak. Guk mahai gainean jarri dizkiegu adibideak, musikari batzuen proiektuak lehendik diruz lagundu izan baitituzte. Denbora utzi dugu tartean eta gure aldetik jarraitu dugu lanean. Beste bideetatik proiektu hori produzitzeko adina diru lortu dugu.

Zer garrantzia du bertako erakundeek proiektuan parte hartzeak?
Ez da diru arrazoia bakarrik, filosofia aldetik da garrantzitsua. Hau metodo bat da gure kulturaren hedatzeko eta ezagutarazteko. Hau ez da Peio Serbiellen proiektua. Guk ideia bat proposatzen dugu baina garrantzitsua hurrengo pausoa da: jende bakoitzak nola bereganatzen duen proiektu hori, nork bere arloan zerbaiten egiteko euskal kultura jendeari hedatzeko. Erraterako, Jaurlaritzarekin harremanetan gaude ikusteko alkate batek zer egin dezakeen bere herrian halako proiektu baten hedapenerako, edo bakoitzak zer ekarpen egin ahalko lioken halako proiektu bati.

Euskal kultura hedatzeko proiektu horretan, hiru disko horiez gain, beste ekimen batzuk ere badituzue.
Bai, esaterako artisten egoitzak egitea. Lehen diskoa 2004 urtearen bukaeran ateratzea espero dugu, baina dagoeneko hasiak gara artisten egoitzak antolatzen Bordelen, Tolosan eta Atharratzen. Hango haur taldeak hartu eta urtean zehar bi zatitako errepertorioak lantzen ditugu; zati bat euren kulturako kantuekin osatzen da eta bestea euskal kantekin. Gero antzeztokira eramaten dugu. Urte guztian zehar ere kazetariak eta telebistak etortzen dira esperientziaren berri jakitera, eta Euskal Herriaren eta euskal kantagintzaren berri ematen dugu.
Baionan ere hastekoak gara, etorkinak bizi diren auzuneetan. Beti lekuko antolatzaile bat hartzen dugu, proiektua bere egin dezaten. Baionako auzune batean badira frantsesak, gerla ondotik etorri diren portugesak, espainolak eta abar. Eta gazte horiek ez dira ezertaz interesatzen. Egiten dituzte karaokeak eta afariak, eta hortik landa ezer gutxi. Badira hip hop egiten duten 20 gazte ere. Beraz, hip hop egiten badute bertako gazteek edo nahi badute kantagintza landu portugesez, elkar gaitezen eta kantaldia presta dezagun bi errepertorioak landuz. Alegia, kultura horien partekatzea da bilatzen duguna, eta ikusaraztea Euskal Herria badela, euskal kultura badela. Herri honetan denak ez dira euskaldunak edo euskal kultura ezagutzen dutenak. Eta horiekin zer egiten dugu? Horiei zer motatako Euskal Herria erakusten diegu? Orain arte ezer ez.
Aurrerago euskal kantagintzaren dokumental bat egitea ere nahi genuke. Hiru diskoak zirela-eta, bi urte eman ditut Euskal Herriko artistekin hitz egiten eta euren kezkak entzuten. Mikel Laboak gerra denborari buruz kontatutakoak eta beste mila gauza grabatu ditut. Nahi nuke egun batez gauza horiek guztiak dokumental batean biltzea. Montxo Armendarizekin tratua badut, eta bera ikusten dut egokiena halako lan bat egiteko, berak egiten dituen filmak oso barnetik etortzen baitira, nik uste beste Euskal Herri bat esplikatzen duela.
Bestetik, beste herrietako musikariekin harremanak baditugu, eta haiekin lan egitea ere gehiago urratzeko dagoen bide bat da.

Proiektu zabal hau jendeari ulertaraztea zaila da?
Bai. Bi urte pasa ditut euskal artistekin biltzen eta proiektua azaltzen. Eta badira artistak euren arrangura edo kezka nagusia hauxe zutena: «Baina nire izena zenbatgarren agertuko da? Hizki handiz edo txikiz?» Eta jende oso ezaguna da; orduan zeren beldur dira horiek?
Ez gaude ohituta halako gauzetara. Erakundeetan ere atetik sartzen zarelarik goitik begiratzen dizute, «nor zara zu?», mespretxuz. Eta uste dut justu zapalduak izanda behar ditugula ideia gehiago izan, kuriositate handiagoa izan, ez eta besteengandik etorritako kaka guztiak Euskal Herrian errepikatu, horrek ez baitu ezer ekartzen, baizik bestek are gehiago zapaltzea lehendik zapalduta gaudenak. Munduan badira mila gauza egiten direnak, bada ikus ditzagun; askotan gainera ez dira herri handienak kuriositate gehien dutenak edo guretzat eredu onenak direnak. Dena den guk konfiantza badugu, gauzak egiten ari gara eta.

Curriculuma
Jaio: Maulen, 1955ean.
Bizi: Domintxinen eta Maulen.
musika autore, konpositore eta interpretea

diskoak:
1989an atera zuen bere lehen diskoa. Bertako kantu batek, Koblalariak izenekoak, Radio Francek antolatutako sariketa irabazi zuen.
1990 eta 1992an beste bi disko kaleratu zituen, Peio Serbielle izenpean.
1994an Zuk egin gaua diskoa atera zuen, eta Euskadi kanta lur izan da bere azkenekoa (1997koa).
Hilabete honetan ateratzear da berak parte hartutako diskoa.

Saria:
SACEM erakundeak (Espainiako Estatuko SGAEren parekoa denak) musika tradizional eta munduko musiken saria eman zion Parisen, 2001ean.

Herio

«Ez naiz heriotzaren beldur, kezkatzen nauena da nola hilko naizen. Aitak minbizia zuen. Ez dut hura bezala hil nahi, bi urtez sufritzen egonda. Hortaz, zer egin bizitzarekin? Bere buruaz beste egiten duenak kuraiarik ez duela erraten du askok. Nik uste hori egin duenak bere bizitzaz aski duela.
Estatu Batuetan hildakoak hiritik aparte eramaten dituzte, hiltzen zarelarik ez zara gehiago bizidunen munduan. Alta, gure herri txikietan frontoia, eliza eta hilerria, denak baturik daude. Frontoia da bizien mundua; bizitzan gauza seriosak eta ez seriosak egiten ditugu, jokoa bezala, futitzeko. Inportantea da zirikatzailea, ironikoa izatea; egun futitu gabe botereak errespetatzen ditugu. Umorea galtzen badugu bizitza galtzen dugu. Hilerriko jendeak, gugandik hurbil izanik, pentsarazten digu bizitza definitua dela, eta garrantzitsuena dela ahal bezain ongien bizitzea.
Hildakoak gurekin izateak euskaldunon mentalitatea islatzen du, baita euskararen sintaxiak berak ere. «Mendia ikusten dut» erratean, euskaldun batek jartzen ditu izaki eta gauza guztiak bere aurrean, erran nahi baita beste denak ere badirela eta gu horien artean gaudela, mugimendu horretan. Azkenean norbera oso gauza gutxi da beste denak kontuan izanda. Alta, edozein hizkuntza erromanikotan (frantsesez, gaztelaniaz), «ni naiz» da ikuspegia, «ni naiz mendia ikusten duena».

Beste kulturengandik ikasteko gosez zaude beti. Zer da besterengandik ikasi duzuna?
"Azkenean konturatzen zara zu herri minorizatu batetik zatozela, baina munduan badela zu bezalako jende baztertua ere, mila eta mila. Ez bakarrik hizkuntza aldetik, baita pobretasunaren aldetik ere, galdutasunaren aldetik emazte izateagatik edo haurra izateagatik. Galtze guztiekin zer lotura egiten ditugun da interesatzen zaidana. Musikak ekartzen du zorion ttantta bat».

Bertsoa

Doinua: ESPAINIAN BEHERA

Testuen bila zoaz
denboran atzera
dakarzkizunak gaurko
musikan sartzera.
Aspaldiko testuek
orduko antzera
balio dutelako
ausartu al zera
izana izan dadin
berreskuratzera?


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude