Juan Maria Atutxa: «Ibarretxe Planaren eztabaida Eusko Legebiltzarrean, indarrez baino ez da galaraziko»


2004ko urtarrilaren 18an

Espainiako Auzitegi Gorenak Sozialista Abertzaleak (SA) desegiteko agindua helarazi zion Juan Maria Atutxari iaz. Berak, aldiz, agindua ezin zuela bete adierazi zion. Gorenaren eta Eusko Legebiltzarraren arteko auzia hasi zen orduan. EAEko Legebiltzarraren presidentea auziperatuta dago Gorka Knörr eta Kontxi Bilbao mahaikideekin batera.
Gure solaskidearen esanetan, Eusko Legebiltzarra ez da Madrilgo hedabide nagusiek erakutsi nahi duten gatazka gune bezala ikusi behar.
Juan Maria Atutxak kargua hartu eta bere lehen legealdiaren hasiera gogoratzen du bereziki, etorkizunean, berriz ere, egoera hura errepikatuko den esperantzaz: «Euskal Herritarrok taldeak 14 legebiltzarkide izan zituen. Horietako bat, Rakel Peña, Legebiltzarreko mahaiko kidea zen. Kataluniako Parlament bisitatzea egokitu zitzaigun eta bost mahaikideok joan ginen. Bostok bi egun igaro genituen, ohiko ekitaldiez gain, bazkariak eta bisita guztiak elkarrekin egin genituen, denak batera. Gure herrian orduan piztu zen itxaropena berreskuratu gura nuke».
Anartean, azken urteko bilerak oso zalapartatsuak izan dira Legebiltzarrean. Carlos Iturgaizen inhabilitazioak edota Rodolfo Ares osoko bilkura batetik kanporatu izanak komunikabideetako lehen lerroetan ipini dute Juan Maria Atutxa. PPk eta PSE-EEk bere dimisioa eskatu dute. Liskar horiek izan ditugu elkarrizketaren abiapuntu. 2004rako aurrekontuen luzapena EAEn, EAJ, eta ezker abertzalearen eskaintza hizpide izan ditugu halaber.

Carlos Iturgaizek esandako hitz batzuk hizpide harturik hasiko gara. Hilabeteko zigorra jaso ostean PPk mendekutzat jo du Legebiltzarreko Mahaiak hartutako erabakia. Iturgaizek berak mendekuz jokatu izana leporatu dizu «El Correo»n. Gaizkiletzat jo zaitu eta ez zaudela burutik ondo esan du. Areago, ETAren aldetiko lasaitasuna bilatzen ari zarela ere esan du. Non geratzen da Juan Maria Atutxaren iragana?
Gizon horrek niri buruz esandakoak benetakoak izango balira, nire iragana leku larrian geratuko litzateke. Berak esan dituenak benetakoak balira ni pertsona deitoragarria izango nintzateke. Carlos Iturgaizek esandakoak ahokadak besterik ez dira, eta herri honetan inor gutxik sinesten ditu. Horrelako adierazpenak egiten dituen pertsona batek bere burua bere kasa deskalifikatzen du. Ez diot publikoki erantzun eta ez diot orain ere erantzungo. Bene-benetan diotsut, ez du merezi berarekin sartzea.

PSE-EEko Rodolfo Aresek mendekuak eta amorruak bultzatuta ari zarela esan du, bestalde.
Guk sozialistekin harreman onak izan ditugu aldi edo bolada askotan, baita nik neuk ere. Hau da, 1987tik 1991ra, foru ahaldun nintzen garaian, ni sozialistekin esertzen nintzen Bizkaiko Foru Aldundian. 1991tik 1998ra, berriz, Herrizaingo sailburua nintzen aldetik, sozialistekin esertzen nintzen Eusko Jaurlaritzako mahaian. Orduan, ez sozialista batek ez inork ez zidan abertzalea izateari uzteko eskatu eta nik ez nion sozialista bati ere eskatu sozialista izateari uzteko. Bakoitzak bere pentsamoldea eta politika modua zeuzkan eta elkar errespetatzen genuen. Mahai gainean genituen egitasmoak edo programak elkarrekiko errespetuan lantzen eta osatzen genituen. Hartara, Rodolfo Aresek esaten dituenak eta beren jokamoldeak ez ditut orduko sozialisten jokamoldeekin identifikatzen.

Auzitegian deklaratzera deitu zaituzte SA taldearen afera dela-eta. Atrebentzia ez bada, hona galdera: nire amak Herrizaingo sailburua zinenean ez zintuen oso begiko, orain begi onez ikusten zaitu. Txundituta daukazu nolabait. Zertan aldatu da Juan Maria Atutxa?
Ez dut uste ezertan aldatu naizenik. Zorte handiko pertsona naiz. Gorrotoak ez du tokirik izan nire barruan, ez Herrizaingo sailburua nintzenean ez orain; inoiz ere ez. Orduan egiten nituenak herri hau gatazkatik ateratzen laguntzeko egiten nituen, eta egiten nuena egokiena zela pentsatzen nuelako. Orduan ardura bat nuen nire gain. Adorez eta borondate onez bete nuen, batzuen ustez ondo eta beste batzuen ustez ez hainbeste. Une honetan, beste ardura bat daukat. Orduan abertzalea nintzen eta gaur egun abertzalea naiz. Eta abertzale legez jokatzen dut. Beste pentsamoldeak, ideologiak eta sinesmenak errespetatzen ditut, baina, nik nire zeregina betetzen dut. Beharbada, lehen bete izan nuen lana gustuko izan zutenek ez dute orain betetzen dudana gustuko, eta aitzitik, beste batzuek oraingo nire lana gusturago hartzen dute. Zer egingo diogu? Gizakia naizenez gero, egunero makina bat errakuntza egiten dut, baina ez lehen ez orain nire borondatez. Eta zure amari muxu bat, besarkada bat eta esker ona.

Aferari helduz, Goreneko 61. Salak ez zuen Legebiltzarreko talde bat zehazki aipatzen SA desegiteko agindua eman zizunean. Auzitegiak ez zuela espero Eusko Legebiltzarreko mahaiaren erantzuna esana duzu zuk. Zer-nolako balorazioa egiten duzu egundaino gertatuaz?
Auzitegi Goreneko 61. Salak hartu zuen erabakia hanka sartze izugarria izan zen. Ez zuen ondo neurtu noraino joaten zen auto horrekin, eta autoaren ostean etor zitekeenarekin. Eta ez zuen kalkulatu ere Legebiltzar honetako pertsona batzuk ez gaudela amore emateko prest. Erakunde baten ardura daukagu gure eskuetan eta hori defendituko dugu azken unera arte, gure gainera jausten dena jausten dela ere. Ez da gure gustukoa auzitegietara joatea, ez da gustukoa gatazka honetan ibili behar izatea, baina hau gure betebeharra da.

Zer espero duzu prozesuaz?
Justizia egiten bada gure aurkako auzibidea artxibatzea espero dut. Inoiz hasi behar ez zen prozesu hori behin betiko artxibatua izango da. Baina nork daki? Azken bolada honetan, tamalez, Madrilgo Gobernuak auzitegietako gorengo mailak, ez beheraino erabat, baina goiko mahaiak menperatuta dauzka. PP ikaragarrizko hierarkizazioa ezartzen ari da justizia eremuan. Horregatik, gure etorkizuna arduragarria da, baina gu prest gaude etor daitekeen guztiari aurre egiteko.

Epaitua izateko aukera ikusten al duzu?
Bai, baina horrek ez nau beldurtzen. Nire barruari begiratzen diot, aldi berean gure lege aholkulariei entzuten diet eta hausnarketa sakon baten ondoren hartzen dut erabakia. Eta erabakia hartzen badut ez da txantxetan, ezta atzera egiteko ere. Mehatxuek ez naute atzera botako, zigor kodea aldatu arren edota bertako artikuluak izendatzean nire izena idazten badute ere, ez naute atzera botako. Bestelako jokamolderik ez dator bat nire izaerarekin.

Espetxera joateko prest egongo zinateke edo berau saihesteko aukera ba al dago?
Ni espetxera joateko prest ez nago, baina espetxera joateko mehatxuak ez nau atzera pausorik ematera behartuko. Herri honek ez luke inoiz ulertuko Eusko Legebiltzarreko presidenteak egin behar duenagatik espetxera eramatea.

Auztegiaren atarian Eusko Gudariak kantua entzun zen Juan Mari Atutxa, Gorka Knörr eta Kontxi Bilbaoren alde. Espero al zenuen halakorik? Nola bizi izan zenuen une hura?
Eusko Gudariak kantua ez da gauza berria niretzat. Nire etxean eta inguruan arrazoi asko izan dugu Eusko Gudariak entzun ahal izateko. Espetxe zigorra jasan zuten pertsona birekin bizi nintzen urte luzetan, hau da, nire emaztearen gurasoekin. Bat gudaria izan zen eta bestea Emakume Batzako kidea. Horregatik kantua oso maitatua da gure etxean.
Baina, esana dut behin baino gehiagotan, nik gaur egun Eusko Gudariak kantua ez dut guda abesti bat bezala ulertzen, sentimenduzko abesti bat bezala baizik, eta hala abesten dut egokiera sortzen den bakoitzean. Une hartan gustura abestu nuen, baita eskertu ere. Eguerdikoa ez nuen -Xabier Arzalluz buru zelarik- abestu barruan ginelako, baina irten ginenean, gauez jada, zain genituen lagunek Eusko Gudariak abestu zuten berriz eta nik ere pozarren abestu nuen haiekin batera, bihotz-bihotzez.

Alderdian denek ondo ikusi al dute Xabier Arzalluzek harturiko jarrera?
Ez dakit. Alderdian ez dakit zer iritzi izango den, alderdiaren esparrua zabala delako. Baina, oro har, alderdiaren babesa jaso genuen eta alderdikoak ez direnena ere bai.

Bien bitartean, Madrilgo hedabideak gogor ari dira auzi horren inguruan, baita Ibarretxe Planaren aurka ere.
Madrilgo hedabideek manipulazio hutsa baino ez dute egiten gure kasuari dagokionean, baita Ibarretxe Planari buruz informatzean ere. Aznarren gobernuak komunikabide sare bat osatu du, orain dela 10 urte inork pentsa ezin zuena. Eta kontuz, Aznarrek edo bere alderdiak datozen martxoko hauteskundeak irabazi egingo ditu ziur aski, baina galduko balitu ere, hedabide sare batzuk nola osatu dituen ikusita, hurrengo gobernu burua izango denari kili-kili egingo diote, eta are gehiago PPkoa ez bada. Orduan, Aznarrek osatu duen komunikabide sarea ikusita, etorkizuna beldurgarria izan daiteke.

Batasuna legez kanpo utzi zuten lehenik, EAEko Legebiltzarreko Mahaiaren aurkako auzibidea gauzatzen ari da. Ibarretxe Plana gelditzeko legediaren aldaketa gauza daiteke aurrerantzean. Espainiako Estatuaren demokrazia aintzakotzat har al daiteke zure ustez?
Demokraziak inoiz ez du amaierarik, demokrazia hobetu beharreko sistema da, baina Aznarren gobernuak gehiengo osoa duenetik demokraziak egin duen atzerapena itzela izan da. Franco hil ondoren ez genuen imajinatu holakoa etorriko zenik.

Zein aukera dago Jaurlaritzaren Estatutu Proposamena Eusko Legebiltzarrean eztabaidatua izan dadin?
Ez daukat inolako zalantzarik, plan hori eztabaidatuko da, nahiz eta handik eta hemendik traba asko izango den, Jaurlaritzaren plana eztabaida ez dadin.

Eztabaida galarazteko sortu daitekeen legea aplikatzen bada ere bai?
Indarrez baino ez da plan horren eztabaida galaraziko, ez dago beste modurik. Eusko Legebiltzarrak hartu duen bidea trabatzen badute, eurek zentzu txarrean erabiltzen duten justiziaren bitartez, beste bide batetik saiatuko gara.

Zein bide?
Eusko Legebiltzarrak bere kabuz bere bidea urra dezake plan hori beretzat hartuta.

SA taldea desegiteko aginduari uko egiteagatik auzitegira bidean jarri zaituzte, Ibarretxe Plana eztabaidan jarriz gero gauza bera gerta liteke.
Ez da prozedura bera. Guk agindu hori ezin genuela bete esan genion Gorenari, guk gure araudia daukagulako. Mila bider esan diogu ez dugula legea eta araudia zapuztu, aitzitik, «zu zurea ez den esparru batean sartu zara eta agintzen duzuna guk ezin dugu bete», esan diogu. Ibarretxeren planaren kasuan, berriz, egitasmoa aurrera eramateko zein neurri har dezakegun aztertu beharko genuke. Lehenik, berritzen ari diren lege dekretuaren edukia ikusiko dugu. Baina, berriz diotsut, batetik edo bestetik, sei hilabete edo sei urte igaro behar badugu ere, plana eztabaidatuko da eta aurrera joango da. Oraindik ez da jaio herri honen borondatea geldituko duenik.

Demagun Plana eztabaidatzea indarrez galarazten dela. Zein irtenbide geratzen zaie EAEko herritarrei?
Eztabaida indarrez galarazten bada, guk badakigu indarrez indar gutxi daukagula. Davidek behin garaitu zuen Goliat, eta horregatik aipatu ohi da gertakari hori. Beste guztietan ostera Goliatek irabazi zuen. Eta gu David gara. Horregatik, guk kontu handiz ibili behar dugu indarkeriarekin. Guk bideak sortu eta landu behar ditugu. Eusko Legebiltzarrean hartu zen bidea zabalduta dago. Urriaren 25ean Jaurlaritzak aurkeztutako egitasmoa martxan dago.

Zertan da prozesua?
Otsailean txostena landuko duen batzordea osatuko da eta irailean eztabaidatuko da.

Bidean bide, EAEko hauteskundeak aurreratu al litezke?
Hori Lehendakariaren eskuduntza da, errespetu osoz hartzekoa. Madrilek Legebiltzar hau ito egiten badu, agian Lehendakariak ez du beste biderik izango. Baina, bestela, nik ez dut hauteskundeak aurreratzeko arrazoirik ikusten. Hasteko, urte honetarako aurrekontuak onartuak daude, eta ondoren, Legebiltzarra 2005eko otsailean desegin ostean, hauteskundeetarako deia egingo litzateke.

Juan Maria Atutxak ikusten ote du bere burua beste legealdi batean Legebiltzarreko presidente gisa?
Juan Maria Atutxak egutegi asko dauka bere bizkar gainean. Beraz, sasoi batera helduz gero hoberena nire lekua beste batzuei uztea, ezta? Nire etxekoen ingurura biltzeko garaia dela uste dut. Hementxe bukatu nahi dut nire ibilbide politikoa.

Orduan, garai batean begiko zintuzten haiek eta orain etsaitzat hartzen zaituztenek ez zaituzte EAEko lehendakari gisa ikusiko.
(Irriak). Ez, ez. Ostera, hori ez zitzaidan inoiz burutik pasa ere.

Haiei bai, antza.
Bai. Baina nik banekien, arrazoi askorengatik, Juan Maria Atutxa ez zela pertsona egokia lehendakari-gai izateko. Garbi diotsut, ez orain ez bili-bolo ibili zen garaian ere. Gainera, esan behar zen lekuan esan nuen: «berri hori hor dabil bili-bolo, baina ez pentsa nire buruan holako txakur ametsik sartzen denik». Are gehiago, ni lehendakari-gai nahi ninduten haiek ez zidaten botoa niri emango, nire aldeko botoa, ematekotan, abertzaleek emango zuten.

Bestalde eta amaitu aldera. Zer iruditu zaizu Espainiako hauteskundeetara abertzaleak elkarrekin joateko ezker abertzaleak egindako proposamena?
Ni ez naiz zatitzailea, ni osatzailea naiz. Nahiz eta ezberdintasunak izan, indar politikoen indarrak batzearen aldekoa naiz. Baina badakit, eta aukera dudan bakoitzean horrela adierazi ohi dut, indar abertzaleak batu eta osatzeko aurrez aldetiko baldintza bat bete behar dela, eta baldintza mahai gainean dago. Eta behin eta berriro errepikatzen den arren, ez gara errepikatzen nekatuko: «gogorkeria baztertu beharra dago behin betiko». Gogorkeria ez da bidea, sufrimendurako bidea besterik ez da, bide horretatik ez dugu ezer lortuko. Mehatxuek eta erailketek sufrimendua besterik ez dute ekartzen. Herri honek ez du inoiz ere bere burua makurtuko mehatxuengatik. Abertzaleak batzeko baldintza batzuk bete behar ditugu guztiok. Eta Batasunari edota SAri hitza luzatzen diot: «baldintza hori betetzen bada, nola ez gara bada abertzaleok batuko?».
ETAren su-eten garaian, Bilboko La Casillan, presoen hurbilketa eskatzeko egin zen manifestazioan egon nintzen. Ez neukan inolako zalantzarik. Orduan pentsatu nuen gogorkeria baztertua izango zela behin betiko, helburu politikoak lortzeko iraganeko tresna izango zela uste nuen. 1998an ikaragarrizko ilusioa piztu zen. Legebiltzar honetan giza eskubideei buruzko osoko bilera bat burutu zen eta Euskal Herritarrok taldearen ordezkariekin aritu ginen. Horren lekuko, Legebiltzarreko sarreran dagoen argazkia. Orduan bildu baginen, zergatik ez orain?

ETAk ezker abertzaleak egindako eskaintzari oniritzia eman dio prentsa ohar baten bidez. Horrek lagundu edo trabatu egiten du aukera, zure ustez?
ETAren oharrak min eman dit. Min ematen dit txantaje legez hartzen dudalako eta baldintza bat jartzen duelako. ETAk honela dio: «zuk hau egiten baduzu, nik hau egingo dut». Ez, ez, mesedez. ETA ez da inor epaile aritzeko. Inork ez du ETA hauteskundeetan hautatu. ETAk bere burua baino ez du ordezkatzen. Eta ez da gutxi. Horregatik hauxe diot: arazoa konpontzeko ETArekin hitz egiteko prest egon behar dugu. Baina politikaz herriaren ordezkaritza duten alderdi eta taldeekin baino ezin dugu hitz egin. Herriak hautatu dituen ordezkariek baino ezin dute erabaki auzia. ETAk «hori ondo dago eta pausoak emateko prest nago» dioenean, ez du bidea errazten, aitzitik, erabateko traba ipintzen du bidean. Are gehiago, jende guztiak lotu egin ditu Arnaldo Otegik egindako proposamena eta ETAren prentsa oharra. ETAk hori egitea oso kaltegarritzat jotzen dut SArentzat.

«Joseba Alvarezek ulertu zidan aurrekontuei buruz eman nion azalpena»
Jaurlaritzak 2003ko aurrekontuarekin aurre egin beharko dio 2004. urteari. Nola ikusten duzu hartara Gobernuaren egoera?
Ez dago ezelako zalantzarik, EAEko Gobernuaren aurrekontuak urtero egiten dira, urtero ikusi eta berritu behar direlako. Hau da, urte batetik bestera egitasmo berriak sortu daitezke, baita premia berriak ere gizartean. Horregatik, arrazoizkotzat jotzen dut aurrekontu berriak onartu beharra. Nolanahi ere, iazko gertakari gogoangarriak direla-eta -Arnaldo Otegi gaixo zelako eta Mayor Orejaren berandu iritsi zelako- aurrekontu berriak eta sendoak onartu genituen 2003. urterako. Beraz, aurrekontu berauek luzatu behar izan ditugun arren, gertatuak ez du horrenbesteko garrantzirik. Eta hori ez da nor bere burua kontsolatzeko modu bat. Adibidez, joan zen legealdian Bilboko Udalak ere ez zuen bere aurrekontua onartu eta 2002ko aurrekontuekin aritu zen 2003. urte osoan. Bilbon burutu beharreko egitasmo eta proiektuak ez ziren bertan behera gelditu horregatik. Gu ere holaxe ariko gara. Ez da egoera onena, baina ezta negar egitekoa ere.

SAk aurrekontuak atalka bozkatu nahi izan zituen, EAk kudeatutako sailen aurrekontuak kasurako. Zuk, berriz, ezetz esan zenuen.
2002ko abenduaren 27an aurrekontuak atalka bozkatu ziren, baina irizpenik edo diktamenik ez zegoelako. Oraingoan ostera, azken batzordearen bileran SA abstenitu zenez gero, irizpenak aurrera egin zuen. Horrek ezberdindu zituen 2002 eta 2003ko prozedurak. Hau da, aurreko bi urteetan irizpenik ez zen egon eta araudiak berak behartu ninduen atalka bozkatzera. Araudiaren arabera aurtengo irizpenak bozketa oso-osoan egitea agintzen zuen. Urteko azken osoko bilera amaitu ostean Joseba Alvarezi berari eman nion horri buruzko nire azalpena, eta nire uste apalean ulertu zidan. Are gehiago esan nion, arratsaldean bozkatu behar zen Unibertsitatearen Legea bozkatzeko ez zegoen irizpenik, legea landu zuen batzordeak horrela erabakita. Artikuluz artikulu bozkatzea onartu zen, nahiz eta gero asmoa bertan behera geratu zen. Dena dela, bozkatzeko modu hori ez zen Legebiltzarreko lehendakariaren kapritxo bat.

Hirukoari politikarako gerri falta izatea leporatu dio zenbaitek. Oposizioaren alde bat nahiz bestea kontentatu nahian ibili omen da.
Hirukoaren ordezkari eta gobernukide Joseba Azkarragaren adierazpenak oso esanguratsuak izan ziren zentzu horretan. Zehaztapen bat egin zuen osoko bilkuran eta SA eta EAren artekoei buruz esandakoarekin gauzak bere tokian jarri zituen. Nik ez dut gehiago esaterik. Nik SAko kideek egin nahi izan zutena ulertzen dut, eta egin nahi zutena posible izango zen irizpena batzordean atzera bota izan ez balute. Ez zuten atzera bota abstentzioaren bitartez eta egin nahi izan zutena ezinezkoa izan zen.

Eusko Legebiltzarra hizpide
Eusko Legebiltzarreko presidente naizen aldetik, badakit jakin zenbat legebiltzarkide dituzten gobernua sostengatzen duen hirukoak eta oposizioak. Ez da inolako azterketarik egin behar, guk 26 legebiltzarkide dauzkagula eta oposizioak 29 dauzkala jakiteko. Hala da. Baina agortu berri den urte hau, oposizioaren alde batzuen jokamoldea dela-eta, penagarria izan da benetan. Erakunde honek guztion errespetua merezi du, eta talde batzuek ez dute merezi duen errespetuarekin hartzen. Hau da, talde batzuk ez datoz eztabaidatzera eta beren egitasmoen defentsan. Aitzitik, beren saiotxoa egitera datoz. Euren asmoa osoko bileran istilua muntatzea da hurrengo eguneko egunkari, irrati eta telebistetako titular nagusiak lortzeko, eta ez aurreko egunean eztabaidatu den legeari buruzko titularrak lortzeko, baizik eta euren agerraldi istilutsu eta lotsagarriari buruzko titularrak lortzeko. Euren artean Alderdi Popularra nagusitzen da, bere agerpenak lotsagarriak eta onartezinak dira.

«Imaz edo Egibar hautatua izan, alderdi osoa atzean izango lukete biek»
Josu Jon Imaz izan da EAJko EBBren presidente hautatu berria. Urtarrilaren 18an gauzatuko da bere izendapena. Nola ikusi duzu hautaketa eta nola ikusten duzu zure alderdia datozen urteetako politikari begira?
EAJ irakaspen esanguratsuak ematen ari da azken aldi honetan eta bere presidentearen hautaketan ere oso irakaspen ederra eman du herri honen aurrean, zalantzarik gabe. Ikusi besterik ez dago, esate baterako, nor izango den Jose Maria Aznarren ordezkoa Alderdi Popularrean, eta nola izendatua izan zen. Finean, Aznarrek izendatu baitu Mariano Raxoi.

Joseba Egibarren aukera geldiarazi nahi izan dela esan dute alderdiko batzuek.
Batzuek gure sistema oso konplexutzat jotzen dute, baina demokratikoa da guztiz. Gure araudiak dauzkagu eta berauek bete dira. Hautaketa alderdi barruan egin da, nik ez dut horretaz tutik esateko, zeregin hori ez baita nirea. Josu Jon Imaz eta bere taldea hautatua izan da eta alderdi osoa bere atzean egongo da. Nik Lemoako batzarrean eman nuen botoa eta ez daukat inolako zalantzarik EAJko EBBren presidentearen hautaketaz, eta hautatua ezagutu ostean denok bat egingo dugula alderdian. Eta Joseba Egibar hautatua izan balitz berdin izango litzateke.

Zure botoa eman zenuen, noren alde egin zenuen esango zenuke?
Alderdian badakite nori eman nion botoa, baina ez dut publikoki esango.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude