Uztapiderengandik aurtengo uztara

  • Bi aro izan ditu gaur arte Gipuzkoako Txapelketak: lehen lauak Euskaltzaindiak antolatu zituen. Ondoren, 24 urteko etena etorri zen, eta 1991ean ekin zion Bertsozale Elkarteak txapelketa berriro antolatzeari. Aurreko txapelketei errepaso eginez, ohartzen gara ez direla berriak betiko eztabaidak (nolako gaiak behar duten, nolako epaileak...), eta txapeldunak ere aspaldidanik direla gazteak.

1959an, eibarko Udaletxe aurreko plazan jokatu zen, lehen Txapelketa, aire zabalean. Azaroa zen eta hotz egiten zuen, baina 5.000 entzule inguru egon ziren tente asko Txapelketari adi, eta Uztapide txapela jazten ikusi zuten. Gipuzkoako bost bertsolari ospetsuenak deitu zituzten, Iñaki Eizmendi «Basarri» izan ezik: Manuel Olaizola "Uztapide", Joxe Joakin Mitxelena, Manuel Lasarte, Akilino Izagirre "Zepai", eta Joxe Lizaso. Eta hauei azken sariketak irabazitako bi gazte gehitu zizkieten: Joxe Agirre eta Txomin Garmendia.

Txapelketa hartan izan zen saltsarik. Txomin Garmendiak kontatzen duenez, «lehen aldiz eskatu zieten bertsolariei bederatzi puntuko bertsoa botatzeko, eta bertsolariek ezetz esan zuten, Mitxelenak izan ezik».

1962an, Lazkao Txiki eta Mitxelena buruz buru

Abenduaren 12an Hernaniko Aitor zineman jokatu zen finala. Zinema bete-bete, entzuleak txalo eta orro egiten zuen Mitxelenarekin, eta barre eta oju Lazkao-Txikirekin. Oiartzuarrak eraman zuen txapela.

Lehen aldiz, izen ematea libre izan zen eta 40 bertsolari inguruk hartu zuten parte. Finalean aritu ziren: Joxe Joakin Mitxelena, Jose Migel Iztueta "Lazkao-Txiki", Akilino Izagirre "Zepai", Txomin Garmendia, Jesus Alberdi "Egileor", Imanol Lazkano, Jose Luis Lekuona "Lexoti" eta Manuel Uranga.

Lazkao-Txiki eta Mitxelena buruz buru lehiatu ziren bukaeran, kartzelako lana ere eginaz. Txomin Garmendiak epaiaz gogoratzen duenez: "Epaimahaikoak gela aparte batean biltzen ziren erabakia hartzera. Sartu orduko atera ziren, egun hartan ez zen dudarik Mitxelenarekin. Oso ondo egin zuen bertsotan."

1964an, Lazkao-Txiki txapeldun

Abenduaren 13an jokatu zen finala, Tolosako Leidor zineman. Ordura arteko parte hartzerik handiena izan zuen Txapelketak. Aurtengoan bezalaxe, 71 bertsolari aritu ziren.

Finalean neurtu ziren: Jose Migel Iztueta "Lazkao-Txiki", Txomin Garmendia, Joxe Joakin Mitxelena, Patxi Etxeberria, Jose Intxausti, Kasiano Ibarguren, Koxme Lizaso eta Jose M. Lertxundi.

Zeruko ARGIAn, Osborne koñaken publizitate eta guzti egiten zen Gipuzkoako Txapelketaren jarraipena. Editorialak sua piztu zuen, epaia Euskaltzaindiako jende ikasiaren esku utzi behar zen, edo herriarena behar zuen planteatuz.

Hona hemen ARGIAk eta ZERUKO ARGIAk Lazkao txikiri eginiko bost elkarrizketa:

(1)

(2)

(3)

(4)

(5)

1967an, Txomin Garmendia gaztea txapeldun

Maiatzaren 4an, Tolosako Leidor zineman jantzi zuen txapela Txominek.

49 bertsolarik hartu zuten parte. Finalera iritsi zirenak: Txomin Garmendia, Jose Luis Gorrotxategi, Patxi Etxeberria, Pedro Aizpurua "Lilibe", Jose Intxausti, Koxme Lizaso, Xanti Zabala "Lexo", Fermin Muñoa eta Nikolas Zendoia.
Zeruko ARGIAko editorialak kritikatu egin zuen gai denak lehengo munduari lotuak jarri izana.

Hona hemen ZERUKO ARGIAk Txomin Garmendiari eginiko elkarrizketa bat:

(1)

Bestalde, ZERUKO ARGIAko editoriala irakurri nahi izanez gero artikulu honen azpialdean dagoen lotura klikatu.

1991an, Peñagarikano txapeldun

Abenduaren 22an, Donostiako Belodromoan jokatu zen finala. Telebistak emandako bultzadarekin, eta bertsolari belaunaldi berriak zaletutako ikusleak medio, boom-a lehertu zen 91ko hartan. Bera da Euskal Herrian publiko gehien bildu duen Txapelketa: 11.000 lagun, alajaina.

Bezperan, 101 urterekin Joxe Migel Barandiran hil zela eta, haren oroimenez minutu bateko isiltasuna gordez hasi zen saioa.

Denera 54 bertsolarik hartu zuen parte. Finalera iritsi zirenak: Anjel Mari Peñagarikano, Andoni Egaña, Xabier Perez "Euskitze", Jon Sarasua, Xebastian Lizaso, Iñaki Murua, Martin Rezabal "Olaso" eta Mikel Mendizabal.

Jon Sarasuak morboaren kontra egiteko propio zortziko txikian bota zuen kartzelako laneko azken bertsoa.

Hona hemen ARGIAk Peñagarikanori eginiko elkarrizketa bat:

(1)

1995ean, Mendiluze txapeldun

Abenduaren 17an, Donostiako Gaska pilotalekuan jokatu zen finala, 3.000 entzuleren aurrean.
59 bertsolarik hartu zuten parte. Finalera iritsi zirenak: Aitor Mendiluze, Jexux Mari Irazu, Juan Jose Eizmendi "Loidisaletxe", Mikel Mendizabal, Iñaki Murua, Iñaki Zelaia, Jokin Sorozabal, eta Jose Ramon Elorza.

Bertso eskoletako belaunaldiak jantzi zuen lehen aldiz txapela.

ARGIAk Mendiluzeri eginiko elkarrizketa:

(1)

1999, Herri Artekoa: Zarautz Jai Txiki txapeldun

Abenduaren 19an jokatu zen finala, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan eta 2.000 entzuleren aurrean. Zarautz Jai-Txiki eta Erniope taldeak aritu ziren lehian. Talde bakoitzetik, bertsolari hauek: Zarautz Jai Txikiko Julen Zulaika, Andoni Egaña eta Iñigo Manzisidor "Mantxi". Erniopeko Txomin Garmendia, Amaia Agirre eta Jexux Mari Irazu.

1999ko Txapelketari buruzko hiru erreportaje:

(1)

(2)

(3)

Historiako zazpi txapeldunak
1959 Eibar: M. Olaizola "Uztapide"
1962 Hernani: J.J. Mitxelena
1964 Tolosa: J.M. Iztueta "Lazkao-Txiki"
1967 Tolosa: T. Garmendia
1991 Donostia: A.M. Peñagarikano
1995 Donostia: A. Mendiluze
1999 Azpeitia: Zarautz Jai Txiki taldea
"Bertsolarien txapelketak" (1967ko maiatzaren 14ko ZERUKO ARGIAren editoriala)

Bertsolaritza, Euskalerrian bakarrik ikusten degu indar eta doai berezi ta arrigarria bezela. Ain urri munduan agertzen dan doai au bere eman osoan eta adierazpen garbian jarri bearra degu. Agian, gaur-gaurkoz gure gizaldiari dagokion maillan tajutu gabe daukagu bertsolaritza.

Entzutea izango la-litzake gure gaztediak zer dion bertsolaritzaz? Galdekizun bat antolatuko ba-gendu ze iritzi jasoko ote genituzke? Nola itzegingo ote liguke gazte jendeak?

Bertsolarien mezua, gaurko kanta berrien erakutsia iristen dan neurrian, sartzen al-da gure gazteen gogoetan? Ze jenderentzat egokituak izaten dira bertsolarien saioak? Gure basarritarrak, noski, bete-betean jasotzen dute, bertsolarien jarduna. Izan ere, gaur arte eman diran bertsolarien saioak, basarritarren gogo ta biotzera dijoaz zuzen. Ta basarritarrak oso-osorik artzen dute erri-kantari auen emana.

Baiña gure erri nagusietako jendea, lantegietako gizonak, nabaitzen al dute, gure erri-kantari auen esan-naia? Erantzuna ezezkoa ote-dan bildur gera. Beti ere, kaletarrak an dira tartean, baiña ez basarritarrak aiña. Euskera galdu ez duten kaletarrak, pozik aditzen dituzte saioak; baiña basarritarrak biño gutxiago dira onelako jaietara agertzen diran kaletarrak. Eta euskerak azken urte auetan egin duan atzerakada onekin, geroago ta gutxiago izango dira kaletar entzuleak.

Gure iritziz, bertsolaritzak, bere indar bizian iraungo ba-du, bi entzule mota auek: baserritarra bezela kaletarra, kontuan artu bearko ditu. Kalte egingo lioke, beraz, gure erriaren jai oni, basarritarren tankera itxiegian jarraituko ba-lu.

Baiña esan zabalak alde batera utzita, gatozen koxka batzuek adieraztera. Lenbizi galdetu dezagun:

-Ze gai erabilli oi dira saio aietan?

Gipuzkoaïko azken-leiaketan, erlijio-gaiak geitxo aitatu zirala, uste degu. Ta au eztegu esaten, erlijio-gaiak ziaro kendu nai genituzkelako bertsolari saioetatik, ez. Erlijio-gaiak gizonari bertsorik yayoenak eta entzungarrienak sortu-araziko dizkielakoan bai-gaude. Baiña ala ere, ain gogo-giro desberdiñetako gizonekin, eztegu uste Erlijio-kontua agortzeraiño eraman bear danik. Gaiñera, giza-gaiak aitatzerakoan, berez datorkio gaiari Erlijio-kutsu zerbait izatea. Giza-bizitza da beti tartean agertu bear duana, naiz ta Erlijiorik ez aizatu.

Ta giza-gaiak aitatzen ditugun ezkero, norako uzten dira gaurko gizonon ainbeste sail eta alderdi? Gure jardunak, bai itz lauz eta bai itz neurtuz, gizonaren eguneroko lanbide, jokaera ta korapillorik bizienak ikutu bear lituzke, guk uste.
Tolosaïko txapelketan gai oiek zokoratuta ikusi genituan. Ta gure bertsolariak eta beren giroa gal ez ditezen, gai oiek platerera atera bear lirake: gizonen kezka larrienak, langillearen gora-naiak, gosearen zabalera erri atzeratuetan. Onek emango lioke bertsolaritzari dagokion gaurkotasuna ta bizitasuna. Onela ekarriko genduke doai arrigarri ori, gaurko musika ta olerkiaren mailla berdiñera.


Doiñua da gaiaren ondoren, begiratu bearra. Ezin al ditezke ondu doiñu zaarrak? Ta lengoak egiten zuten eran, gaurkoak ere, ezin asma al ditzakete aide ta doiñu berriak?

Beste kontu bat ere ba-degu leiaketa auetan. Ez da erreza esatera goazena, baiña puntu emailleak bertsolari guziei aukera berdiñak ematen saiatu bearko luke.
Txapeldunaren urrengoa atera zanak garbi aitortu zigun, jendearen txaloak eta tarte luzeak, asko galdu zuala bere lanean.

Ta azkenerako beste galdera bat: Sarien kontua ezin erabaki al-diteke? Ontan parregarriak iruditzen zaizkigu orain arte eman izan dira sariak. Edozein aizkolari-leiaketan askoz aundiagoak eskeiñi oi dira. Jendea ez al-da erruz etortzen bertsolarien leiaketa auetara? Ta sarrerak biltzen duten dirutza ez al-da aundia? Norentzat izan bear dute diru oiek aurrena? Ala, onelako doai arrigarria duten gizonak, txontxongillotzat artu bear al-ditugu, usekeri batekin musua igurtzita? Kontu au ez da erreza, noski; baiña ez al du irtenbide egokirik?

Galdera askotxo egin degula, esa dezake norbaitek. Egia da, ta egun gutxi ere ba-dira tartean, orrenbeste arazo erabakitzeko; baiña ez genduan muturik egon nai, gure bertsolari gazteak etsita aldegin ez dezaten leiaketa oietatik.
Geroko bertsolari-gizaldiari, etorkizun obea opa diogu. Ta Euskalerriak bere konturik kutunena bezela gorde ta geitu bear du munduan ain bakan agertzen dan bertsolari-baratzea.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude