Hil ala bizi, hizkuntz politikak erabakitzen du

  • Hirugarren Soziolinguistikako Inkestako datuek adierazten digutenez, euskararen normalizazioa badoa pixkanaka, baina ezin dugu lorik hartu: EAEn ezagutza datuek gora egin dute, Nafarroan ez da aurreratu eta Iparraldean atzera doa. Euskaradun gehiago dago oro har, hiztun berri horietako askok erdara dute egunerokotasunean hizkuntza nagusi ordea. Jaiotze tasaren jaitsierak ere ez du alde jokatzen. Normalizazio prozesuaren jokabidean garrantzia handia du egiten den edo egiten ez den hizkuntz politikak. Horrenbestez, euskarak nolako hizkuntza politika behar duen hausnartu dugu. Burujabetza eta ofizialtasuna lotu behar al dira? Zer egin hezkuntzak benetako euskalduntzea bermatzeko? Nola sustatu erabilera? Galderak mahai gainean daude, erantzunak etorkizunean.

Hizkuntza politikaz hitz egiteko bildu gara mahai-inguruan, Lasarte-Orian. Eztabaida bizia izan da, Josune Ariztondo eta Inaxio Agirreren artean batez ere. Orain arte erabilitako politiken baliagarritasunak piztu du ikamika eta moderatzaileok lanak izan ditugu animoak lasaitzen. Adostasun hitzak ere izan dira.

Abiapuntu gisa, Inkestaren balorazio orokor eta laburra eskatu nahi dizuegu. Zein alde positibo eta zein negatibo azpimarratuko zenituzkete? Aurreko Inkestatik (1996kotik) zerbaitek harritu zaituzte ala emaitzak aurreikusitakoak izan dira?
INAXIO AGIRRE. Metodologiari buruz, egokia iruditzen zait, Euskal Herri osoan burutu den Inkesta delako eta hainbat datu esanguratsuren berri ematen duelako. Itzalen artean, ordea, hizkuntz eskubideen urraketaren berri ez ematea dago; Iparraldea osorik hartzea, Baiona, Angelu, Miarritze eta Zuberoak zerikusi gutxi dutenean; eta berdin Nafarroan, eremu euskalduna eta ez euskalduna batera hartzea. Edukiari buruz, alde positibo gisa aipatuko nuke normalkuntzaren aldeko jarrera Nafarroan, EAEn eta Iparraldean. Alde negatiboak dira euskararen erabilera eskasa (%15); Iparraldean eta Nafarroako eremu zabaletan, euskararen hiztun elkartea suntsitzeko asimilazio politika; eskolak ikasleriaren erdia euskaldundu ez izana EAEn eta euskaldundutakoak euskaldun osoak ez izatea. Bestalde, nahiz eta jende askoren ahalegin normalizatzailea positiboa den Euskal Herrian »Jaurlaritzak eta erakunde ezberdinek, EAEn, administrazioan eta hezkuntza sisteman gauzatzen dutena eta gizarte mugimenduan ari direnen lana kontuan hartu eta balioetsiz ere», 20 urteko bultzada hori ez da nahikoa izan euskararen normalkuntzak eskatzen dituen gutxienekoen gainetik sustatzeko. Beraz, egungo hizkuntza politika agortua dago, bai eredu bezala, bai aplikazio bezala. Ereduaren aldetik, asimetrikoa da, Frantzia eta Espainia, bi estatu handi, nagusi direlako eta Euskal Herria menpeko. Aplikazioaren aldetik, bi defizit handi daude: batetik, hizkuntz eskubide indibidualen defentsan babes eraginkorrik ez egitea; eta bestetik, hizkuntz eskubide kolektiboen defentsan politika tinkoa falta izatea. Eta gero sinesgarritasun eza dago. Osakidetzaren kasuan, 15 urte pasa behar izan dira euskararen erabilera osasunean ere beharrezkoa zela ikusteko. Gizarte mugimenduekin elkarlan eskasa bideratu eta sarritan aurka ere egin da. Hizkuntza politika hau, belaunaldi berri guztiak euskalduntzea lortzeko helburutik, hots, normalkuntzaren inflexio puntutik oso urruti dago.

JOSUNE ARIZTONDO. Datuetan sartu baino lehen, Inkesta oso tresna garrantzitsua izaten ari dela esan nahi nuke. Bost urtean behin batetik Euskal Herri osoko argazkia daukagulako, eta bestetik esparruz esparrukoa eta lurraldez lurraldekoa. EAEn gainera, herriz herrikoak, eta herri handien kasuan auzoz auzoko datuak badauzkagu. Badakigu euskararen ezagutza nola dagoen, euskararen aldeko eta kontrako jarrerak nola doazen eta erabilera zertan den. Tresna hori, beraz, oso garrantzitsua da eta Euskal Herri osoari begirako euskararen gaineko datu ia bakarrak izango direla esango nuke. Bestalde, ondorio orokorrak esatearren, euskararen aldeko politika egiten denean euskarak aurrera egiten du modu nabarmenean eta euskararen aldeko politikarik ez dagoenean atzera egiten du. EAEko bilakaera eta Iparraldekoa eta Nafarroakoa ez dira berdinak. Nafarroan, ez nabarmenki, baina pixkanaka atzera doa. Iparraldean jarioa ikaragarrizkoa da, oraindik ez da galera eten. Eta EAEn berreskurapena nabarmena da.
Erabileraren urritasuna asko aipatu zen azkeneko Inkestan. Baina ongi irakurtzen badugu, 10 urteko epean, 16-24 urte bitartekoak hartzen baditugu, EAEn, esaterako, erabileraren datuak gora egiten du, %13tik %21era. Egia da gaitasunarekin alderatzen badugu behera egiten duela. Baina horren azalpen fidagarriena dentsitatearekin lotuta dago. Hau da, euskaldunak oso gutxi ginenean, familia eta herri euskaldunetan bizi ginenak ginen, euskara gure lehen hizkuntza zen, eta horrela erabilera oso lotua zegoen gaitasunarekin. Orain, gazteen artean, euskaldunen hiru laurdenak bigarren hizkuntza du euskara eta gehienak «sakabanatuta» bizi dira. Eskaintza publikoan urritasun ikaragarria daukagunez aisialdian eta kulturan euskaraz jarduteko, sareak egitea oso zaila da, sakabanatuta daudelako eta biltzeko aukera gutxi dituztelako. Bilakaera honek erronka urgentea erakusten du: erabilera eskaintza areagotu behar da, erabilerarako aukerak emateko hiztun berriei. Eta horrek hizkuntza politikarekin du zerikusia.

EMILIO LOPEZ ADAN. Inkestaren emaitzak ikusita, nire lehen ondorioa da euskararen etorkizuna ez dagoela bermatuta. Euskaldunak gutxiengoa gara Euskal Herri osoan eta, bestalde, gure hiztun gehienak elebidunak dira eta elebidun horien gehiengoaren kasuan desoreka handia dago erdararen alde. Horrela ulertzen da ezagutza eta erabileraren arteko zuloa. Eta gaur egun inon ez dago baldintzarik eguneroko eginkizun guztiak euskaraz aitzinera eramateko, eta erdaraz aldiz bai.
Hala eta guztiz ere eusten ari garela ikusten da, eusteko borondatea bada beraz. Gure artean egiazko arazoa da euskararen etorkizuna ez dagoela hainbeste lotua naturaltasunarekin, borondatearekin baino. Hori arazo handia da komunitate linguistiko bat biziarazteko. Horrek euskararen aldeko politika instituzionala exijitzen du, naturalki ez baikara gauza euskaraz bizitzeko. Politika instituzional hori euskararen alde edo kontra izan daiteke. Esan den bezala, euskararen aldeko politika delarik, ondorioak ikusten dira. Euskararen aldeko politikarik ez denean ere ikusten dira, eta are gehiago politika euskararen kontra egiten denean. Frantzian nabaria da euskararen kontrako politika: Nafarroako eremu erdaldunean badira euskaldunak eta arazoak dituzte, baina Iparraldean bertako hizkuntza kentzen ari dira nahitara. Egoera oso-oso larria da. Beraz, bigarren puntua euskararen aldeko politika boluntarista baten beharra litzateke.
Hirugarrenik, politika hori egiten denean, politika horrek mugak onartu ote dituen edo inposatu egin zaizkion ikusi beharko dugu. Baina muga horiek onartuak ala inposatuak izanda ere, modu bat topatu behar dugu haratago joateko. Nire irudiko, ez gara aski aurrera joan alderdi abertzale bat EAEko gobernuan izan dugun 25 urte hauetan.

ANTTON KARRERA. Hasteko Inkesta hau lanabes garrantzitsua dela uste dut, gauza interesgarri asko erakusten dizkigula, batzuk positiboak eta besteak negatiboak. Emaitzetan garbi ikusten da oraindik gustatuko litzaigukeen elebitasun hori urruti dugula, toki batzuetan urrutiago besteetan baino. Zeregin handia dago hor. Nolanahi ere, gauza positiboak badira, euskara gero eta gazte gehiagok erabiltzen dute, esaterako, eta euskara ikasten dutenak ere gero eta gehiago dira. Familia barruan euskara ikasi eta erabiltzea izan da orain gutxi arte euskara gorde duena, baina orain gazteak familiatik kanpora jasotzen dute. Egia da ikasi duten guztiek ez dutela erabiltzen, baina 96ko datuetatik hona ikusten da zertxobait gehiago erabiltzen dela, gazteen artean batez ere. Lan bat egin da hor, eta aurrerantzean lan handia dugula adierazten digu horrek.
Garbi erakusten du, halaber, euskarak laguntza behar duela eta aldeko politika dagoenean, emaitzak daudela. Denok erabiltzeko, euskarak laguntzak behar ditu nahitaez, toki guztietan. Nafarroan eta Iparraldean goitik markatzen diren arauek kalte izugarria egiten dute. Administrazioetan, udaletan edo diputazioetan, lan egin denean, euskara askoz gehiago sartu da. Estatuaren menpe dauden administrazioetan, aldiz, datuek diote atzera egin duela.
Esan dut gazteek ez dutela agian behar adina erabiltzen. Hor giroak izugarrizko zerikusia du. Baina hiri handietan euskara erraztasun handiagoarekin erabiltzea lortu dela aipatu behar da puntu positibotzat, euskara hirira sartu dela, eta euskarak aurrera atera nahi badu nahitaez hirian sartu behar du.

Egungo hizkuntza politika agortua dagoela eta sinesgarritasunik ez duela esan du Inaxio Agirrek. Gaiari ikuspegi politikotik helduz, zer iruditzen zaizkizue gainerakoei baieztapenok?
J. ARIZTONDO. Ez dakit sinesgarritasun eza eta onarpena batera litezkeen, baina bai administrazioan bai gizartean egindako lana onartzen dela diote emaitzek. Emiliok esan du etorkizuna ez dagoela bermatua. Konforme nago, euskararen alorrean, beste alor askotan bezala, eta gurea bezalako herri txikietan batez ere, etorkizuna ez da argazki finko bat. Etorkizuna egin egiten da, modu batera edo bestera. Urrats sendoak eman dira euskararen berreskurapenean. 1982an EAEn Euskararen Legea onartu zenetik 21 urte pasa dira eta beste inongo komunitatean ez da ezagutzen halako abiaduraz egin den berreskurapen prozesurik. Beste abiadura bat posible izango litzateke, baina horretarako erakundeetan babes demokratikoa behar izaten da eta hori ez dugu izan behar adina.
Elebidun desorekatuei buruz esandakoarekin ere ados nago. Euskaldun gehienak gazteak dira, horietatik gehienek euskara bigarren hizkuntza dute eta gainera, berreskurapen prozesu horretan erakundeak zein gizartea hezkuntzara edo komunikabideetara dedikatu garelako, kultur eta aisialdia eskaintzetan oso urri gabiltza. Horrek berak azaltzen du desoreka egoera, eta gainera parean ditugun bi hizkuntzak, frantsesa eta gaztelera, oso indartsuak dira mundu zabalean.
Ez dagoela baldintzarik bizitza osoa euskaraz egiteko? Gizarte modernoetan hori oso gutxitan gertatzen da %100ean. Gurean gertatzen dena da, gunerik garrantzitsuenetan, populazio dentsitatea kontuan hartuta, oraindik euskararen presentzia biztanleriaren erdira mugatzen dela, eta toki askotan ez da horretara ere iristen. Nire ustez agoantatu baino askoz gehiago egiten ari gara. Egia da, euskararen aurkako politika egiten denean euskarak atzera egiten duela. Baina, hizkuntza politikan, beste arlo askotan bezala, ez dago politika neutrorik, ez du balio «nik statu quoa mantentzen dut, ez nago euskararen kontra» esateak. Gutxitua dagoenaren alde egiten ez den guztia, atzera egitea da. Politika positiboa ez dena ez da neutroa. Egoera gutxituetan aldeko legeak egiten du berdintasuna eta laissez faire horrek (Frantziako Estatuak bereziki praktikatzen duena) oso aurkako politika du atzean.

E. LOPEZ ADAN. Frantziak ez du soilik euskara hiltzen uzten, hor ez dago laissez faire-rik, etengabe euskara ordezkatzeko politika instituzionala dago.

J. ARIZTONDO. Baina haiek praktikatzen duten diskurtsoa hori da.

E. LOPEZ ADAN. Han euskararen aldeko politikarik ez dagoela esatea ez da aski: garbi esan behar da euskararen kontrako politika egiten dutela.

J. ARIZTONDO. Hori esaten ari naiz: «gu ez gaude euskararen kontra» esaten denean ere, kontrako politika egiten dela.

I. AGIRRE. Egoera kualitatiboki hartuta, abiapuntua egoera minorizatua da, ordezkapen linguistiko sakon baten azkeneko urratsetan dagoen egoera. Horren ondorioz hil hurren da euskararen egoeraren abiapuntua.
Bestetik, Josunek esan duen bezala jende askok egin ditu ahalegin handiak. Baina horiek ontzat emanda ere, ez dira nahikoak izan egoera minorizatutik atera eta berreskurapen prozesuan abiatzeko.

J. ARIZTONDO. Baina zuk esan duzu alde batetik ahaleginak onargarriak direla eta bestetik sinesgarritasunik ez dagoela...

I. AGIRRE. Eta mantendu egiten dut. Hemen jendeak izugarrizko ahaleginak egin ditu, bai profesionalak, bai boluntarioak. Horiek guztiak onesten ditut, balioesten ditut eta txapela kentzeko modukoak dira. Baina horrek ez du argudioa baliogabetzen, hizkuntza politikan eta plangintzan sinesgarritasunik ez duten garrantzizko puntu asko egon badaudela esateko. Batetik hor jarraitzen du hizkuntzaren erabilera urriak. Bestetik eskolak ez du ikasleen erdia euskalduntzen eta euskalduntzen dituenak ez dira euskaldun osoak. Kasurik onenean, EAEren kasuan, ofizialtasun eredu asimetrikoa dago eta horrela euskararen berreskurapen osoa ezinezkoa da. Bi estatu handien hizkuntza politikaren ondorioz, berdintasun printzipioa ukatu egiten da eta euskarak Euskal Herrian frantsesak Frantzian eta gaztelaniak Espainian dituzten eskubide berberak ez dauzka. Bi estatuen mehatxupean, frantsesak, euskarak eta gaztelaniak osatzen duten hizkuntz eremua erasokorra da euskararentzat, egoera minorizatuan jarraitzen du, asimilazio politika bideratzen dute, euskal hiztunen desintegrazioa eta ordezkapena bultzatzen dute.

E. LOPEZ ADAN. Inaxio, aipatu duzun gauza bat oso garrantzitsua da: EAEn ikasleen erdiak soilik ikasten du euskaraz eta erdi horrek ongi ikasten duen ere ez dakit. 1982an egin zuena Eusko Jaurlaritzaren petorik handiena izan dela uste dut. «Gobernatzen dugun lekuan ikasle guztiek euskara ikasi behar dute irakaskuntza publikoan» esatea posible ikusten dut eta ez dut inoiz ulertu zergatik ez den egin. Kanpoko eraginak aipatu dira eta ez dakit noraino duten eragina; barruan, aldiz, zuk esan duzun bezala demokrazia batean denek onartu behar dute eta ni ados nago. Baina, Josune, benetan uste duzu 1982an ez zegoela baldintza demokratikorik Hego Euskal Herrian komunitatearen bi hizkuntza ofizialak ikasle guztiek ikasi behar zituztela esateko?

J. ARIZTONDO. Hori legeak berak esaten du. Gainera, Inaxiok esan du EAEko hezkuntza sistemak erdia baino ez duela euskalduntzen. Ikasi, denek ikasten dute.

E. LOPEZ ADAN. Barkatu baina A ereduan euskara ikastea eta ez ikastea, berdin antzekoa...

J. ARIZTONDO. Euskararen Legeak esaten du derrigorrezko hezkuntza amaitzen denerako euskara nahikotasunarekin ikasi behar dela. Legeak hori esatearekin batera, irakasleak hartu eta %19 da bakarrik euskalduna une horretan. Besteak beste, hemen dagoen baten bat irakaskuntzara sartu zen, irakasleriaren urritasun hori igotzeko. Azkenean, dena bat-batean gaur bertan euskalduntzeko borondatea duzu, baina irakasleen %19 besterik ez da euskalduna eta horietatik gehienak ikastoletan daude. 20 urte pasa dira eta, zehatz ez badakit ere, egun %80 inguru da euskalduna, oraindik %100era iritsi gabe. Horrek Funtzio Publikoaren Legearekin zerikusia du, eta lege hori aldatzeko EAJk ez du nahikoa babesik Eusko Legebiltzarrean. Badakit oztopo asko daudela hainbeste urtetan atzera egin duen hizkuntza berreskuratzeko, atzera eragiteko politika praktikatu denean. Eta zuk bat-batean esaten duzu gauzak aldatu egin behar direla, eskubidea dugula denok hizkuntza biak ezagutzeko eta irakasleak euskaldundu egin behar direla. Baina familiak ia erabat erdaldunak dira, irakasleak gehienbat erdaldunak dira, eskolak ere bai, eskolaz kanpoko ekintzak ere bai... dena da erdalduna. Inaxio, eredua agortua dagoela esaten duzu eta nik galdera bat egin nahi dizut: eredua agortua badago, zeintzuk dira zuk nahiko zenukeen eredu berriaren ezaugarri nagusiak?

I. AGIRRE. Inkestaren arabera, galera-irabaziak daude hizkuntz gaitasunaren aldetik. Euskaldun zaharrak hiltzen doaz, horiek dira galerak, eta berriak jaiotzen dira, irabaziak. Galera-irabazien saldoa negatiboa da Iparraldean, Nafarroako irabazia txikiegia da gizartean antzemateko, eta EAEn irabaziak galerak baino handiagoak dira. Baina irabazitako euskaldunak erdaraz euskaraz baino errazago mintzo dira. Ondorioz, batetik, erdaraz errazago mintzo direnez, gehienak erdaraz bizi dira. Bestetik, euskara arlo demografikoaren apustua galtzen ari da, jaiotze tasa ikaragarri jaitsi delako, eta euskararen irabazien eragina txikiegia da gizarte erdaldunean nabarmentzeko. Hirugarrenik, harreman sareak edo guneak euskalduntzeko eragina ez da nabari modu esanguratsuan eta harreman sareetan behar besteko euskaldunik ez dagoelako, euskararen erabilerak ez du gora egiten. Ondorioz, euskara jakitea eta erabiltzea ez doaz parean.
Bestalde, gerora begira ikusi beharko da euskaldun berri talde honek euskararen erabileran eta familia bidezko jarraipenean euskararen aldeko bilakaera egiten duen. Horregatik diot, gaitasunaren aldetik nahikotasun mailaren azpitik gaudela. 20 urte igaro ondoren, euskararen normalkuntza prozesuaren ikuspuntutik begiratuta, kualitatiboki eskolatik datozen milaka gazte euskaldun berriak erdaraz euskaraz baino errazago mintzo dira eta euren gaitasun maila ez da elebitasun orekatuaren mailara iristen. Eta kuantitatiboki euskarazko ikastaldia amaitu duten 16 urtetik aurrerako ikasleen erdiak ez dira elebidunak. Eskolak ez ditu euskaldundu. Eta ikasle erdaldun horien eragin mugatzailea gizartean zabala izango da. Euskara ez dakitelako, euskararen erabilera oztopatuko dute harreman sare eta gune euskaldunetan eta euren bizitzak adina urte iraungo du normalkuntzaren aurkako eragin zuzenak. Hortaz, galera-irabazien saldoen gorabehera, Konstituzio espainiarraren 25 urte pasatuta, Euskararen Legearen 20 urte igarota, euskararen normalkuntza ez da inflexio puntura iritsi eta hortik oso urruti dago. Euskal elebidunen hizkuntza gaitasun maila eskasa da euskaraz bizitzeko eta, beraz, hizkuntza politika hau agortuta dago eta hizkuntza politika berria egiteko unea iritsi da. Hori ezinbestekoa da eta gutxieneko hau bederen bete beharko du: eskolak belaunaldi berri guztiak euskalduntzea hutsik egin gabe. Gero esango dizkizut beste batzuk, baina horren aldeko apustua egiten ez badugu, normalkuntzak ez du aterabiderik.

A. KARRERA. Hemen 12 urteko datuak ditugu eta Euskararen Legeak 20 urte ditu. Baina gauetik goizera herri baten hizkuntza aldatu daitekeela pentsatzeak, gainera nondik abiatzen den ikusita, ez du zentzu handirik. Nire iritziz analisi sakonagoak egin behar dira eta dinamikak ikusi behar dira. Hori ez badugu egiten, hemen izugarriak botako ditugu eta flagelatu egingo gara. Lehen baino okerrago geldituko gara eta hori ez doa inora. Zer prozesu eraman den ikusi behar da, eta nondik abiatu den. Lehen irakasleez hitz egin da: duela 20 urte ez zekiten euskaraz; gaur egun irakaskuntza publikoan gehienak dira euskaldunak.

Sare publikoan %75era iristen dira irakasle euskaldunak EAEn.
A. KARRERA. Hori izugarrizko pausoa da. Datuak ez dira elebitasunaren atera iritsi garela esateko adinakoak, urruti gaude oraindik elebitasuna eskura dugula esateko. Gainera, nik esango nuke elebitasuna behin ere ez dagoela bermatua hizkuntza minorizatuetan. Horregatik, ni ez nago ados hizkuntza politika agortua dagoela esaten denean, emaitzei begiratuta gauza askori buelta eman zaiola ikusten baita. Buelta eman zaie irakasleen, ikasleen eta gazteen datuei eta gainera euskara hirira sartu da. Iparraldean ez hainbeste eta Nafarroan ere gutxiago, baina EAEn hirietan sartu da, baita unibertsitatean ere. Eta ahaleginik egin ez denean, Iparraldean eta Nafarroan, datuak ez dira irauli. Hori adibide garbia da egin den lanak balio duela ikusteko. Iparraldeko datua bereziki latza da, euskara ez bada ofizial egiten eta ez bada irakaskuntzan sartzen, oso irtenbide zaila ikusten diot. EAEn, aldiz, aurrerapausoak ukaezinak dira.

I. AGIRRE. Ofizialtasunak eta legeak euskararen alde jokatzen dute. Horregatik diogu, euskara osotasun bat denez, ofizialtasun nahikoa Euskal Herriko lurralde guztietan bideratu gabe euskararen garapen osoa ezinezkoa dela. Euskara Euskal Herriko hizkuntza ofiziala eta lehentasunezkoa izatea derrigorrezkoa da. Gainerakoan, ahalegin handiak egingo ditugu, baina beti gutxienekoen azpitik egongo gara. Nik ahaleginak onartzen ditut. Irabaziak eta galerak ere. Quebec, Belgika, Finlandia, Eslovenia eta abarreko ereduek frogatu dute pertsona baten hizkuntzak bizirauteko bere inguruan azpiegitura elebakar ia osoa behar duela administrazioan, irakaskuntzan eta lan munduan.

E. LOPEZ ADAN. Josunek dio borondatea badagoela irakaskuntza euskaraz egiteko, baina gero oztopo hau eta bestea dauzkagula. Hortaz kontziente gara. Baina noraino da politika bat, borondate gogor batekin, oztopo horiek gainditzeko gai? Beharbada batzuekin enfrentamenduan sartu behar da aurrera egiteko. Niri iruditzen zait ez dela horrelako borondaterik izan, nire ustez euskaldun komunitatea eta Euskal Herriaz jarduten duten politikariak iritzi ezberdinekoak direlako. Ez dut uste politikariak euskal hiztunen ordezkari direnik. Euren alderdi politikoen ordezkariak dira eta alderdi horien edukietan euskarak bigarren mailako toki sinbolikoa besterik ez du. Eta ez diot soilik EAJrengatik. Egia da Herri Batasunak indar handia egin zuela bere barne egiturak euskalduntzeko, baina hori ez da ikusten, esaterako, ezker abertzalearen inguruan diren komunikabide nagusietan.

J. ARIZTONDO. Erabilerari dagokionez, denok dakigu zein egoeratik gatozen eta denok dakigu euskaraz hitz egiteko, alde batetik euskaraz jakin behar dugula, bestetik, euskaraz jakin behar dugula baina gutxieneko batetik gora. Erdaraz duzun erraztasuna edo antzekoa behar duzu euskaraz jarduteko eta ohitura horri eusteko. Bestela militantzia hutsez erabiliko duzu euskara. Bestetik, hor dago harreman sarea. Hemen gauden guztiok euskaldunak izan beharrean bat erdalduna balitz, edo isilik edukiko genuke, edo erdarara joko genuke. Gainera, gaztelania eta euskararen artean izugarrizko distantzia linguistikoa dagoenez, hiztun pasibo deitzen diren horiek lotzea askoz zailagoa da. Eta gero, hor dago denok aipatu dugun eskaintza publiko urritasuna euskarazko harreman sareak sendotzeko -eta eskaintza publikoa diodanean, kalean dagoen eskaintzaz ari naiz-.
Ereduei dagokienez, Iparraldean eta Nafarroan eredua izan da «agoantatu behar dugunean agoantatu eta indar gehiago dugunean aurka egin antigualla hau desager dadin», salbuespenak salbuespen. EAEko hizkuntza politika ereduari dagokionez, berriz, eredua aldekotasunean, aldeko politika egitean, oinarrituta egon da, eta herritarren borondatean oinarrituta. Eredu horrek balio du, baina beharrizan berri batzuk etorri dira: euskaldun berri gehiago dagoen neurrian, kalitate arazoak dauzkagu, edozein hizkuntzaren ikasketan gertatzen den bezalaxe; erabilerak behar berriak ekartzen ditu; behar zaharrak ez dira desagertu, hiztun gehiago behar ditugulako oraindik; atal batzuetan administrazioak aurrera egin du eta beste batzuetan oso atzeratuta dabil. Baina, horrek guztiak ez du eredua kolokan jartzen. Eredua ebaluatzeko hemen egiten ari garena baino azterketa sakonagoa egin beharko genuke, benetan eredua kolokan dagoen ala eredu horren inplementazioa, atal batzuetan hobeto eta besteetan okerrago egin den, ikusteko.

A. KARRERA. Inkestak esaten digu 35 urtetik 50 urtetara lautik bat dela elebiduna, 25etik 35era hirutik bat eta 16tik 24 urtera lautik bi. Gogoan izan behar da demografiaren eta jaiotzaren jaitsiera horien ondoren gertatu zela eta 18 urte dituztenetik honuntza datorrela jaitsiera hori. Pertsona gehien dagoen adin tartean erdiak elebidunak dira. Izugarrizko aldakuntza egon da Euskal Autonomia Erkidegoan eta datuak hor (Inkestan) daude. Erabileraren datuak ere nabariak dira EAEn. Oraindik erdia ez da elebiduna eta zeregin izugarria dago. Ni ez nago konforme lortu denarekin, baina izugarrizko pausoa eman da. Ez dugu lotsarik eduki behar esateko ez dugula nahi dugun guztia lortu, baina datu horiek positiboak direla. Horrela, jendea animatuko dugu gainera, bide horretan jarrai dezan.
Egia da euskararen kalitateari dagokionez, galdu egin dela. Euskara familiatik ez datorrenean eta kalean ikasten denean, hori gertatzea normala da. Zenbat eta gehiago erabili, horrek berak ekarriko du kalitatea. Erabilera hain egoki ez izate horrek ez dit niri beldurrik ematen, erabiltzen bada, gaindituko delako.

I. AGIRRE. Ni ez nago ados esan duzunarekin. Zeren hiztun potentzialaren erabilerak ez du euskara bermatzen. Bermatzen duena erabilera erreala da. Eta hizkuntzaren ugalketa soziala jendartean erabileraren arabera gertatzen da.
Nik ez dut esaten datuek gora egin ez dutenik EAEn, hori onartzen dut. Irabaziak eta galerak izan direnik ezin da uka. Baina Josunek esan dituen arrazoi guztiek euskararen normalkuntza osoak eskatzen dituen gutxienekoen azpitik gaudela adierazten dute. Egoeraren diagnostikoa egiteko erabilitako eredua duela 30 urte egindakoa da. Gaur arte izan diren aldaketak ikaragarriak izan dira. Batetik, egoera globalizatuaren berri ez geneukan. Komunikazioaren gizartea, Internet, teknologia berriak... horiek guztiak ez genituen. Berlingo Harresia behera etorri zen, AEBen lidergo bakarra eta abar. Horrek guztiak abiapuntua erabat aldatu du eta gaur egun, Unescok eta bestek aipatzen duten bezala, hizkuntzaren galerak gero eta azkarragoak dira horren guztiaren eraginez. Diagnosi hori berrikusi behar da, abiapuntua zaharkitua geratua delako. Euskarak aurrera egiteko, ofiziala eta lehentasunezkoa izan behar du Euskal Herri osoan. Hori egiten ez badugu, aurrera egin daiteke, baina gero atzera berriz. Hondarrezko gaztelu txikia egingo dugu, baina marea etorriko da eta desegin egingo du. Hizkuntza politika berriak batetik burujabea izan behar du, burujabetasunik gabe ez baitugu aurrera egingo. Euskal Herriak bere hizkuntza politika antolatu eta arautu behar du, bi estatuen esku sartzerik gabe. Eta euskararen normalkuntzarako eskubidea ezin dugu bizi ez ukapenean ez autonomia murritz batean, muga bakarra euskaldunen arteko demokraziak ezartzen duena izan behar du. Horretarako, burujabetasuna eta herri gogoa ezinbestekoak dira. Nazionala izan behar du hizkuntza politikak, euskara Euskal Herriko berezko hizkuntza denez, erakunde publiko eta administrazioko hizkuntza izan behar du eta gaur oso urruti gaude hortik »administrazioan lan egiten dut eta barrutik ezagutzen dut». Eredu berreskuratzailea izan behar du, euskararen garapen osoa bultzatu eta ahalbidetuko duena.
Hezkuntzari dagokionez, lau oinarri hauen gainean eraikitako politika bideratu beharko litzateke. Bat, Euskal Herriak bere hezkuntza sistema propioa izan behar du, Euskal Herriak bere hezkuntza esparrua antolatu eta arautzeko eskubidea izan behar du. Bi, Euskal Herriari eragiten dioten hizkuntza erabakiak Euskal Herrian hartu behar dira. Euskal Herritik kanpo hartzen diren eta Euskal Herrian ezartzen diren erabakiei zilegitasuna ukatu behar zaie. Hiru, euskal hezkuntzak komunitatearen jarrera bateratua bultzatu behar du, hezkuntza ereduen birformulazioa gauzatu behar da, euskalduntzen ez dituzten ereduak baztertuz eta euskaldunduko duen eskola eredua indarrean jarriz. Eta azkenik, eskolaren ahalegina laguntzeko, ikasleari ingurune soziolinguistiko aberatsa eskaini behar zaio: kalitatezko produktuak eta zerbitzuak aisialdian, kulturan eta abar.

J. ARIZTONDO. Anttonek esan duenaren haritik, demografiari buruzko datu bat aipatu nahi nuke: gure piramide demografiko traketsa-edo. EAEra begiratuta, zenbat eta gazteago orduan eta euskaldunago dela. Gure demografia duela 20 urteko demografia izan balitz, gazte horien pisu demografikoa handiagoa izango zen, bai portzentajeetan bai presentzian. Eta beraz, euskaldunagoa izango zen EAE eta Euskal Herri osoa. Berreskurapena badago, baina aldi berean ahulezi demografikoa dagoenez, «aurka» egiten digu.
Ofizialtasunari buruz esan nahi nuke, errealitatea garatu ahal izateko halabeharrez onarpen juridiko-politiko bat behar dela. Beraz, Nafarroa osoan izan beharko lukeela euskarak onarpen politiko-juridikoa, ofizialtasuna, nahi baduzue. Eta Iparraldean ere bai, noski, han ez delako euskara existitzen. Ezinbestekoa da euskara aurrera ateratzeko edo normalizazio bidean jartzeko, Iparraldean ofizialtasuna edukitzea, baita Nafarroa osoan ere. EAEn beste urrats batzuk eman behar ditugu, daukagun ofizialtasunetik abiatu behar dugu.
Nik burujabetasuna Euskal Herri osorako maite dut politikoki. Euskararen alorrean ordea, beste gauza bat da. Kataluniako iparraldean, Frantziako Estatuan dagoen zatian, ez dago katalanarentzako inolako estatus juridiko-politikorik. Katalanez hitz egiten duten gehienak Espainiako Estatuko Katalunian bizi direnez, normalizazioa lortuko da han, bestean lortu ez arren. Frantsesa Frantzian normalizatuta dago eta Quebecen ez dago normalizatuta, nahiz eta urrats asko eman diren. Beraz, hizkuntzak oro har hartuta, hizkuntza politikaren beharrizanak aztertzea oso komenigarria da eta politika orokorrarenak »nahiz eta hizkuntza politika haren zati bat izan» beste modu batera aztertzea, nahiz eta burujabetzaren alde egon. Ez dut uste burujabetzak, besterik gabe, euskararen normalizazioa ziurtatzen duenik eta, ostera, burujabetzarik eduki ez arren, orain ditugun hiru lurralde administratibotan ofizialtasuna bagenu, normalizazio bidean sekulako urratsak emango genituzke. Akaso gerta liteke, burujabetza lortzen dugunerako, Iparraldean eta Nafarroan euskara desagertuta egotea. Ez dut uste horrelakorik gertatuko denik edo behintzat ez nuke nahi horrelakorik gertatzerik.
Ereduari buruz, esan behar dut ez dela duela 20 urteko kontua. 1997-98an euskararen egoeraren eta bilakaeraren diagnostikoa egin zen eta idatzi zen Euskararen Aholku Batzordean. Euskal Herri osoko aditu eta pertsona esanguratsuak egon ziren han, erabilerarekin oso konpromiso pertsonala zutenak eta konpromiso instituzionala zutenak ere bai. Han identifikatu genituen euskararen egoeraren eta bilakaeraren Euskal Herri osoko ahulezi eta indarguneak. Proposamenak egin genituen eta 17 eremu estrategiko erabaki eta adostu genituen. Horrekin osatu genuen Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia, Euskal Herri osorako tresna eta eredu inportantea. Ez hori bakarrik, Eusko Legebiltzarrera eroan zen eta Eusko Legebiltzarrean onartu zen 1999an, EAJ, EA, EB eta EHren botoekin. Niretzako, eredu hori baliagarria da. Beste gauza bat da, eta nik uste horri buruzko azterketa sakon bat egin beharko genukeela, nola daukagun han egin ziren proposamenen betetze maila, garapena, nola erantzun duten erakundeek, nola erantzun duten gizarte ekimenek...

A. KARRERA. Burujabetzari buruz ez dut ezer esango, konforme nago zuk esan duzunarekin. Burujabetzarekin ez da euskara salbatzen, azken batean gizarteak berak salbatu behar du euskara. Lehen Josunek aipatu du egun gazte gutxiago dagoela, eta demografiaren arabera, hizkuntza politikaren legean gauza batzuk aldatu behar direla. Nik ere aldaketa batzuk egin beharra ikusten dut. Etorkinak adibidez oso garrantzitsuak izango dira guretzat. Guk nahi ala ez, etorkinak edukiko ditugu, eztabaidaezina da. Eta horiekin zer politika egiten den, horiek euskaraz ikasten duten edo ez duten... oso garrantzitsua da. Gaur egun portzentaje txikia izan arren, hemendik hamar edo hogei urtera izugarrizko portzentajea izango dugu. Hor aldakuntzak eta saioak egin beharko dira haiek ere euskaraz egin dezaten.

2020rako badago estrapolazio bat esaten duena 5etik bat izango dela gutxienez etorkina EAEn.
E. LOPEZ ADAN. Ados gara euskarak ofizialtasuna behar duela edo beste modu batez esanda, euskal hiztunek egoera juridiko egoki bat behar dutela nahi duten leku guztietan, partikularzki adminstrazioak kudeatzen diuen eremu guztietan, euskara erabiltzeko. Baina arazoa sortzen da hori lurraldetasunarekin eta burujabetzarekin lotzen badugu. Nazionalista ez direnek, salbuespenak salbuespen, ez dute euskararen aldeko politika bultzatzen. Egia da Hegoaldean nazionalista ez direnek ez dutela orokorrean euskararen kontrako politikarik egin, baina alde ere ez dute ezer egin. Nazionalistak dira euskararen aldeko politika boluntarista egin duten bakarrak.
Baina nazionalismoaren sorreran ez dago komunitate linguistikorik. Nazionalismoak Euskal Herria zazpi probintzia direla esan zuen, baina ez zazpi probintzia horien biztanleak euskaldunak direlako. Garai modernoetan, Frantziako Iraultza etorri baino lehen, XIX. mendean, Espainian foru sistema bazegoen, eta foru sistemaren lurraldeetan agertu zen euskal nazionalismoa: sistema juridiko hori zen nazionalismoaren oinarria. Nazionalismoaren oinarrietan bada beti zerbait arbitrarioa. Aukera hori izan zen, historiko-juridikoa, eta ez komunitate linguistikoaren ordezkari izatea. Ni gogoratzen naiz gure belaunaldian, Krutwigi esker eta Txillardegiri esker, gauzak aldatu zirela eta azaldu zigutela nazionalismoaren oinarrian zegoela hizkuntza. Eta hor hasi ginen ehoziri lana egiten, ea nola lotzen ahal zen parte batena zen hizkuntza guztiontzat balio behar zuen ereduarekin. Nik uste dut problema hori ez dugula inoiz konpondu. Nik entzuten dudanean euskarak ezinbestekoa izan behar duela Nafarroako Erriberan, hotzikara ematen dit.
Herri-kulturaren bidez edo gaur egun ditugun modu demokratikoen bidez, ezinbestekotasun horren martxan jartzeari ez diot irtenbiderik ikusten. Foru sistema edo antzinako lege zaharraren ordez hizkuntza oinarri hartzea izan da ezker abertzalearen arazoa eta hori ez dugu konpondu.
Bestalde, gaur egun euskararen alde daudenak politikari abertzaleak badira ere, esan behar dut politikari abertzaleek ez dutela, oro har, komunitate euskalduna ordezkatzen. Abertzale sentitzen diren guztiak ordezkatzen dituzte zazpi probintzietan, eta hemen bizi diren guztientzat gobernatu nahi dute, baina ez dituzte ordezkatzen euskaldunen zuzeneko interesak. Hori dugu ahulezia eta ez dakit nola konpontzen ahal den. Horregatik ez naiz harritzen euskal komunitateak bere egitura propioak sortu izanaz hizkuntz interesak defendatzeko: Kontseilua, Euskal Konfederazioa... Batez ere hizkuntzak mugituta bildu da jendea, euskaldunen interesak modu zuzenean defendatzeko. Eta Inaxio Agirrek lehen pausatu duen arazoa da batzuetan horrelako egiturek ez dutela harreman onena politikariekin: beharbada arrazoia lehen aipatu dudan bidetik antzeman daiteke, alegia, euskalduntasuna eta abertzaletasuna ez direla ehuneko ehunean lotzen.

J. ARIZTONDO. Errioxari buruz egin duzun komentarioa ez dakit zergatik ezin den egin Artzentalesi buruz. Jarri dituzun adibideengatik ematen du politikari abertzaleek ez dutela ordezkatzen euskaldun komunitatea. Eta hori horrela gertatzen delako, besteak beste, euskal komunitateak bere erakundeak sortu dituela, Kontseilua eta abar. Baina oso herri euskaldunetan, %90etik gora euskaldun dauzkaten herrietan, herri ordezkariak ez dira beti abertzaleak, PPkoak tartean daude, UPNkoak tartean daude, PSEkoak ere bai.

E. LOPEZ ADAN. Iparraldean bizi naiz eta hori egun guztiz ikusi izan dugu, duela 30 urtetik.

A. KARRERA. Inon baino gehiago Iparraldean.

J. ARIZTONDO. Beraz, alde batetik, euskal komunitatearen zati batek erakunde aurrerakoi paraleloak sortzen ditu, eta bestetik, alderantzizkoa ere gertatzen da: zenbait euskaldunek botoa ematen die euskararen aurka dauden ordezkari politikoei.

I. AGIRRE. Ofizialtasuna gai nagusia da eta gauza asko esan dira. Erriberan edo Artzentalesen ez dugu esaten Euskal Herrian euskaraz eta kito. Helburua da euskal eleaniztunez osaturiko Euskal Herri euskalduna egitea. Hiru hizkuntza izatea, gaztelania eta euskara ofizialkideak izatea Hegoaldean eta euskara eta frantsesa Iparraldean.
Euskararen egoeraren diagnostikoa egin zen, bai, baina azterketa mugatua zen.

J. ARIZTONDO. Gauza guztiak dira mugatuak.

I. AGIRRE. Marko juridiko-politiko jakin batera mugatua. Hori horrela da. Egoera hori objektiboa da.

J. ARIZTONDO. Egoera egoera da: horrela daukagu estatusa, horrela daukagu kultura...

I. AGIRRE. Ez, egoera osoa da. Eta hizkuntza elkarte batek egoera zabalago bat bizi du eta hor daude egoera soziopolitikoa, soziolinguistikoa eta abar.
Marko juridiko-politikoaren mugetan jokatuz, azterketa mugatua egin zen. Ez dut esango horrenbeste maila soziolinguistikoaz, hori ematen dizut.

J. ARIZTONDO. Eskerrik asko (barreak).

I. AGIRRE. Esan duzu EHk onartu zuela. Orduan EBPNn agertzen zen bezala, helburua zen euskaraz bizi nahi duten euskaldunek horretarako aukera izatea.

J. ARIZTONDO. Hori da.

I. AGIRRE. Horri erantsi zitzaion euskararen berreskurapen pertsonala, ofiziala eta soziala bideratu behar zela arlo guztietan eta Euskal Herri osoan. Jakinik erakunde publikoek babesten dutela eskubide hori. Eta hor zetorren «tranpa»: urratsak ematea, oso ondo gelditzen dena.

J. ARIZTONDO. Zuk «tranpa» deitzen badiozu negoziatzeari!

I. AGIRRE. Nik «tranpa» hitza kentzen dut.

J. ARIZTONDO. Eskerrak Biziberritze Plana argitaratua dagoela, Eusko Legebiltzarrean onartu zen bezalaxe. Eta han aldarrikatzen da «hizkuntza propioaren izaera daukalako, hizkuntza eskubideak errespetatu behar direlako» eta hortik jotzen da.

I. AGIRRE. Burujabetasunaz ari garenean, ez dugu esaten gaur ezer egin behar ez dugunik eta burujabetasuna eskuratu arte besoak antxumaturik izango ditugunik. Baizik eta gaurdanik hasita eta jarraituz eta egunerokotasunean ahal den gehiena lortuz, hizkuntza eskubide indibidualen dimentsio kolektiboa, Euskal Herriarena, hor jokatu behar dela. Autodeterminazio ariketa baten bidez, Euskal Herriko gizarteak bere hizkuntz autodeterminazioa erabaki behar luke, eta horretarako, gaurdanik halako hizkuntz politika eredu berri bat abian jarri behar da, nolabait gutxieneko mailatik gora egongo dena eta euskararen berreskurapen osoa bermatuko duena.
Ereduari buruz, fronte politikoan, soziokulturalean eta demografikoan galtzen ari gara eta datuak atera daitezke Inkestatik. Lehenago esan ditut zenbait.

Iaz SEIk euskararen erabileraren gaineko IV. Kale Neurketa egin zuen eta guk ere Larrunen jorratu genuen gaia. Ba al da daturik alderatzeko?
I. AGIRRE. IV. Kale Neurketa egin zenean, Txillardegik bere eredu matematikoan oinarrituta esaten zuen euskararen kale erabilpenaren hazkundea geldotzen ari zela eta erabilpenak aurki egingo zuela tope. «Maximo bat izango dugu, %15 ingurukoa eta ezaguera maila %30 inguruan egongo da. Erdararen erabilpena %85ekoa izango da orduan eta, beraz, erdararen erabilpena euskararena baino 6 aldiz handiagoa izango da. Orduan, zertan geldituko da bi hizkuntza hauen parekotasuna?». Niri iruditzen zait ez gaudela une horretatik oso urruti. Hori geroak enpirikoki frogatu beharko du eta ikusi beharko da. Horregatik esaten dut hizkuntza politika berria intentsiboago, zabalago eta sakonago bideratu behar dela.

J. ARIZTONDO. Ezin dut ulertu duela bost urte plan estrategiko bat onartu duenak plan estrategiko horren baitan dagoen eredua agortutzat nola eman dezakeen, bost urte beranduago. Gauza bat da datuek esaten dutena eta beste bat norberak atera dezakeen ondorioa. Datuek adierazten dutena da, orain hamar urte, EAEko »eta gogoratu nahi dut Euskal Herri osoko %75-80 bizi garela EAEn» 16 eta 24 urte arteko biztanleetatik %25 zirela euskaldunak eta 2001ean %49. Eta hori kontuan hartuta oraingo gazteek demografikoki pisu askoz txikiagoa dutela orain dela 10 urtekoek baino. Hori irakurrita, ez dakit nola ondoriozta daitekeen atzera goazela.


I. AGIRRE. Fronte demografikoan galtzen ari gara. Gauza bat da hizkuntzaren plan estrategikoa eta bestea hizkuntz politikaren eredua. Lotura baldin badute ere ez dira gauza bera.

E. LOPEZ ADAN. 1999ko EBPN aipatu duzu eta nik esango nizuke nik bezala pentsatzen duen inork ez zuela parte hartu, eta ez nagoela batere ados Iparraldeko ordezkariek esan zutenarekin. Guretzat hasieratik ez zen plan egokia.

J. ARIZTONDO. Zu ez zinen egongo, baina Iparraldeko erakundeetako ordezkariak eta pertsona partikularrak egon ziren. Eta ados egon edo ez, guk Iparraldeko txosten berezi bi ere eskatu genituen.
A. KARRERA. Denok esaten dugu ofizialtasuna beharrezkoa dela, baina ofizialtasuna marko juridiko-politikoarekin nahasten badugu, gauzak benetan zailtzen zaizkigu. Marko juridiko-politiko bat daukatela esango dute nafarrek, zoritxarrez edo zorionez, eta azkenean nafarrek hausnartu beharko dute hori. Beharbada ez zaigu gustatuko, baina hori errealitate bat da. Marko juridiko-politikoa denentzat egin behar dugula eta posible dela esatea indar asko alferrik galtzea da. Iparraldean berdina gertatzen da, guk esango dugu ofizialtasuna beharrezkoa dela eta nahitaezkoa dela euskarak aurrera egin nahi badu, baina nola lortuko dugu guk ofizialtasun hori hemendik? Hartu-emanak izatea eta ahal den mailan laguntzea da egin dezakegun bakarra. Hizkuntza bat berreskuratzeko eta elebitasuna lortzeko ez da ona irizpide politiko tradizionalak erabiltzea. Hizkuntzaren erritmoak eta politikaren erritmoak ez dira berdinak. Hizkuntza bat errekuperatzeko erritmoak, zoritxarrez, askoz ere geldiagoak dira, denbora luzeagoa behar dute. Horregatik ez da egokia hizkuntzaren autodeterminazioa planteatzea. Ni ez nago hizkuntzaren autodeterminazioaren aurka, baina hizkuntzaren autodeterminazioaren aurretik, euskara erabili eta indartu behar du gizarteak, inposaketarik gabe. Hizkuntza zapaldua inposaketekin hasten denean, haren aurka bihurtzen da.

I. AGIRRE. Baina hemen alderantzizkoa gertatzen da!

A. KARRERA. Bai, alderantzizkoa, guri inposatu nahi digute, baina guk horren aurkako inposaketa egiten badugu, gaizki. Borroka galdu egingo dudala baldin badakit, nik horren aurka borroka egiteak ez du zentzurik, beste bide batzuk erabili beharko ditut. Eta hizkuntzaren bideak izan behar dute jendearen gogoa, gizartearen gogoa irabaztea eta batez ere lehenagoko funtzionamenduak ahaztea. Gaur egun, globalizazioaren ondorio gisa batetik eta gure herria eraikitzen ari delako bestetik, hirietan sartu behar dugu. Hor pausoak eman dira EAEn, ez behar adinakoak baina pauso interesgarriak. Eta horietan sakondu behar dugu. Horregatik, hizkuntza politikan dauden ereduei ukitu batzuk eman beharko zaizkie, baina ezin da egin azterketa bat urtero, ez delako epe nahikoa puntu txarrak edo onak nabarmentzeko.

I. AGIRRE. Denok onartzen ditugu printzipio unibertsalak: pertsonen arteko berdintasuna, hizkuntza komunitateen arteko berdintasuna, herrien arteko berdintasuna. Horren ondorioz eta eskubideez hitz egitean, iruditzen zait hizkuntz komunitate bakoitzak bere lurralde osoan lehentasuna baldin badu bakar-bakarrik dela bideragarria Europako herritarren hizkuntza eskubideen berdintasuna. Bestela, Europako herritarren arteko hizkuntza berdintasuna ez da bideragarria. Eskubidea da, eta Euskal Herriak bideratu behar duen gutxienekotik gorako hizkuntza politikak premisa hori edo printzipio hori onartu behar luke. Bestela, gabiltzan bezala ibiliko gara.

Nafarroan, euskararen aldeko jarrerak zazpi-zortzi puntuko igoera esanguratsua izan du. Baina bai Iparraldean bai EAEn jarrera ez da askorik aldatu, estankatuta dago.
I. AGIRRE. Nafarroan jarrera hobetzea gizarte mugimenduek egin duten lan bikainaren ondorioa da batez ere. Euskarari egindako erasoen aurrean babes egokia, mobilizatzailea, era anitzekoa eta inteligentea bideratu dute. Azken urte hauetan egin dituzten borrokak ikaragarriak dira. Gainerako lurraldeentzat irakasgaia da Oinarriak plataformak egindakoa: sinadura bilketak, unibertsitatea, ofizialtasuna... Erantzun tinkoa eta azkarra bideratuz lortu dute jendartean euskararen aldeko jarrera piztea, oraindik kontrakoak dezente baldin badira ere. Gainerako lurraldeetan ez da horrelakorik egin, ez behintzat intentsitate horrekin, agian triunfalismo suizida batean bizi garelako. Bidaltzen ditugun mezuak «ondo goaz», «aurrera goaz», «hemen gauzak bermatuta daude» direlako.

A. KARRERA. Nik ez diet ukatuko nafarrei bertan egin duten lana, mugimendu izugarriak egon direlako, baina hori zergatik sortzen den beste kontu bat da. Haiek aldarrikatzen dituzten gauza asko EAEn baditugu eta nafarrek guk baditugula eta haiei galarazi egiten zaizkiela ikusten dute. Eta horren aurka asaldatu egiten dira.

J. ARIZTONDO. Oso notizia ona da Nafarroako lurraldean jarrera hobetzea. Nafarroako gizarte ekimeneko arduradun eta eragileek inteligentzia handiz jokatu dute azken urte hauetan, eta horrek ere eragin du beharbada. Aldi berean, seguru asko Sanzen politika bortitzak eragin du halako erantzun bat. Tamalez, ez dut ikusten hizkuntzaren aldeko iniziatibazko mugimendurik Nafarroan, euren burua defendatzekoa baizik. Gora egin arren portzentajeetan, oraindik euskararen aurka dauden nafar herritarrak gehiago dira alde daudenak baino. Eta euskararen aurka gertatzen ari diren bortizkeria eta indarkeria politikoa kontuan hartuta, oso nabarmen eta mingarri egiten da hori euskaltzaleentzat eta bereziki nafarrentzat. EAEn, ostera, bai duela hamar urte, bai orain, erdia baino gehiago dira euskararen aldeko jarrerak dituztenak. Eta oso larria iruditzen zait Iparraldeko egoera, ez alde ez aurka daudenak eta aurka daudenak batuta erdia baino gehiago egiten dutelako. Hori ez da aldatzen nahiz eta hizkuntza galera ikaragarria izan. Alderdi abertzale eta euskaltzaleak garenok sekulako erronka daukagu bai Nafarroan, bai Iparraldean, aldeko jarrerak gehiago izan daitezen lortu behar dugulako. Hortik etor daiteke une honetan, oso toki jakinetan izan ezik, ez dagoen herri borondatearen indarra.

E. LOPEZ ADAN. Iparraldean aldeko jarrera dutenen datua nahiko altua da eta EAEko datutik gertu dago. Baina Inkestako galdera oso zabala da eta guk erantzuna ez dugu Inkestako egileek bezala ulertzen. Iparraldean euskaldunak euskara galtzen ari dira, baina ez dute euskalduntasuna galdu nahi. Euskara toki sinbolikoan utzi eta beste gauza batzuekin ordezkatzen dute, «euskaldunak gara nahiz eta euskaraz ez jakin» esateko. Beraz, euskaraduna ez izan baina «basque» denak euskararen aldeko jarrera behar du bere burua justifikatzeko. Aldiz, Iparraldeko erdaldunak ez dira batere mehatxatuak sentitzen euskararengatik, argi dute ez duela gora egingo. Horregatik esaten dute «euskararen alde? Zergatik ez». Baina euren burua mehatxatuta ikusiko balute zer erantzungo lukete? Eta zergatik ez dute euren burua mehatxatuta ikusten? Euskararen aldeko politikarik ez delako eta euskarak indarrik ez duelako. Datu horren balioa, beraz, oso erlatiboa da. Horrek beste eremu batera eramaten nau: hizkuntza botere politikoaren eskuratzearekin lotu behar da? Kontzientzia duten euskal hiztunek ez dute ordezkaritza politikorik. Eta inoiz arazoa gerra linguistiko gisa planteatzen bada... Arazo handia da hori.

I. AGIRRE. Oso handia. Abiapuntua egoera minorizatua izanik eta ordezkapen prozesu baten azken fasean ia, botere politikoa behar dugu, normalkuntza prozesuaren zerbitzuan jartzeko, hizkuntzaren aldeko neurri eta irizpideak abian jartzeko. Horretarako burujabetasuna behar dugu. Jarrerak hor daude, baina herri gogoa eta boterea batera doaz. Badakigu Irlandan zer gertatu zen; egia da boterearekin bakarrik ez goazela inora.

Gaur egun daukagun gatazkak nola eragiten dio hizkuntzaren egoerari?
J. ARIZTONDO. Askok esan izan du abertzaleok kapitalizatu egiten dugula euskara, gure altxorra balitz bezala. Bestetik agintea izan dugun eta dugun abertzaleoi esaten zaigu ez dugula euskal komunitatearen ordezkaritzarik egiten. Eta biak alderantzizkoak dira. Euskaldun guztiontzako hobe litzateke gatazka politikoetatik hizkuntza aterako bagenu eta denok onartuko bagenu euskara Euskal Herriko hizkuntza propioa dela, guk galtzen badugu mundu guztiak galduko duen altxorra dela. Gainera, komunikatzeko eta gure kultura transmititzeko dugun tresna nagusia izango dela pentsatu behar dugu. Historikoki izan direnak izan direlako prozesu luzean asko galdu badugu ere, horretaz konturatzen garen neurrian, eta bide demokratikoetatik hori berreskuratzeko gogoa badugu, askoz hobe izango litzateke gu guztiontzat eta euskararentzat. Baina bistan da hori ez dela posible, eta hizkuntza politikak gainontzeko gatazka politiko guztien bidea jarraituko du.

A. KARRERA. Euskara berreskuratzea eta gatazka politikoa ez dira gauza berdinak niretzat. Euskarari ez zaio komeni gatazka politikoari erabat lotzea. Pentsamolde ezberdinak izan arren, euskararen alde dauden guztiak dira osagarriak. Ariztondok esan duen bezala, denon altxorra bezala hartu behar dugu, denok dugu erabiltzeko eskubidea. Hori lortzeko ahal diren indar guztiak batu behar ditugu, eta indar horiek zenbat eta zabalagoak izan hobe. Horrek ez du esan nahi gatazka honetan euskararen aurka daudenek euskara erabiltzen ez dutenik: erabili dute, erabiltzen ari dira eta erabiliko dute. Baina haiek egiten dutelako gu ere horretan erortzea hanka sartzea da. Euskarari ahal den eremu zabalena bilatzen saiatu behar dugu. Badakigu euskararekin gatazka politika egingo dutela, baina guk horretatik urrundu behar dugu. Katalunian lortu duten bezala, biztanleriaren elebitasun osoa lortu behar dugu. Bakoitzak erabil dezala une bakoitzean nahi duen hizkuntza eta nahi duen eremuan: familian, lantokian, komunikabideetan, aisialdian eta abar.

E. LOPEZ ADAN. Egun ETAren borroka armatuak ez dio batere mesederik egiten euskarari, nagusiki bi arrazoirengatik: batetik, indar harremanen kontuagatik, ETAk irabazi eta geroko estatu euskalduna ez baita biharko; bestetik, borroka horrek hartu dituen azken jarrerengatik, batez ere terrorismoarekin nahastu denean, terrorismoak endekatzen baititu ezker abertzalearen eraginez sortu iniziatiba onenak ere. Baina, bestalde, ez nago ados politika eta hizkuntzaren bizitza bereiztu behar horrekin. Komunitateak tresna juridiko eta administratiboak behar ditu euskararentzat eta tresna horiek EAEn bermatu egin behar dira, Nafarroan lortu egin behar dira eta Iparraldean bide horrek hasi egin beharko luke. Aldaketa politikorik ez badago, akabo. Borondate politikorik ez balego, euskara administraziotik bortxaz desagertuko balitz, belaunaldi batean edo bitan euskara desagertzear egon liteke. Tresna politikoak etengabe behar ditugu eta ez diegu beldurrik izan behar eduki politikoei.

J. ARIZTONDO. Ados nago zurekin. Nik esan nahi izan dudana da euskara gaur egungo gatazka politiko honetatik bereiztu behar dugula, ez politikatik.

I. AGIRRE. Indarkeria guztiak kentzearen aldekoa naiz eta eskubide guztiak Euskal Herri osoan denontzat errespetatzearen aldekoa. Baina indarkeria indarrean egoteak ez du gutxitzen Euskal Herriaren eta euskal herritarren hizkuntz eskubidea eta denok behartuta gaude eskubide hori bultzatzera, baita zapaltzen gaituzten eta mehatxupean gaituzten bi estatuak ere. Nazio-estatu horiek baitira euren etniaren mintzaira nazio hizkuntza bihurtu eta beste nazioen hizkuntzak ezerezera kondenatu zituztenak, frantsesa inposatuz Iparraldean eta gaztelania Hegoaldean.
Bukatzeko, euskaraz bizi den gizartea Europarentzat eta munduarentzat gauza ona dela sinetsi behar dugu. Ez da arriskua ez norberak duen erdararentzat ezta erdal erkidegoaren biziraupenarentzat ere. Denon giza duintasuna babesten du eta kultur aniztasuna sustatzen du. Horretarako, denon artean herri gogoa indartu eta autodeterminazio eskubidea irabazi behar dugu.

Mahaikideak
Inaxio Agirre
AuBko Gipuzkoako ordezkaria
Deban sortua 1947an. Tolosan bizi da egun. Euskal Filologian lizentziatua da. Duela 30 urte Tolosaldean egin zen lehen azterketa soziolinguistikoan parte hartu zuen. Donostiako Euskararen Patronatuko zuzendari izan da 16 urtez eta han jarraitzen du lanean. Azken hauteskundeetan AuBren Gipuzkoako zerrendaburu izan da. Azken hiru urte hauetan Tolosaldeko Euskararen Plan Estrategikoa bultzatzen ari da.

Josune Ariztondo
EAJko EBBko idazkaria
Ondarroa, 1948. Zientzia Kimikoetan lizentziatua da eta irakaskuntzan aritua da Lauro Ikastolan eta Derioko Magisteritza Eskolan. 1995ean Euskara Sustatzeko zuzendaria eta HABEko zuzendari izana, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuorde karguan aritu zen aurreko legegintzaldian. Hezkuntza, unibertsitatea, euskara, emakumea, idazkaritza eta antolakuntza arloen ardura du EBBn.

Emilio Lopez Adan
Idazlea eta ginekologoa


Gasteizen jaio zen 1946an. Ginekologoa da. ETAko ideologo eta zuzendaritzako kidea izan zen 1964-73 bitartean. Iparraldera egin zuen ihes 1968an. ETAk V. Biltzarrean hautaturiko Biltzar Ttipiko kidea. LAIAren sortzaileetakoa 1973an eta joera libertarioaren hobesle. Euskal nazionalismoa aztertu du eta artikulu eta saio ugari argitaratu ditu euskal komunikabideetan. Euskal Konfederazioko kidea da.

Antton Karrera
Gipuzkoako Ezker Batuko koordinatzailea


Amezketa, 1943. Fraisoro nekazaritza eskolako zuzendari eta irakasle izan da 36 urtez nekazaritza ingeniari hau. Euskara irakasle izana eta hiztegigintzan aritua da. ETAn hasi zuen bere ibilbide politikoa 1965ean. Burgosko Prozesuan auziperatua izan zen. Nafarroako CCOOko sortzaileetakoa da. LKIn militatu du denbora luzez eta azken zortzi urteetan Ezker Batuan ari da. Eusko Legebiltzarreko parlamentarioa da.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude