Durangoko Liburu eta Disko Azoka: Aro berri baten hasiera

  • Datorren abenduaren 4tik 8ra 38. aldiz zabalduko ditu ateak Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokak. Aurtengoa berezia izango da baina. Aro berri bati emango baitzaio hasiera. Durangoko elizpean jaio zen Azoka duela 38 urte. Azken urteetan karpa azpian ezagutu badugu ere, 38. honek ekarriko du aldaketa. Aurrerantzean Landako gunean eraiki berri den eraikinak hartuko baitu bere baitan azoka osoaren muntaia. Aurtengoa, beraz, aro berri baten hasiera izango da; eraikin berriak ekarriko dituen aldaketak eta etorkizunera begirako erronkak direla medio.

2003ko azaroaren 30an

Aro berri bati hasiera emanez irekiko ditu aurten ateak Durangoko Liburu eta Disko Azokak. Edukia eta muina betikoak izango ditu, urtetik urterako aldaketekin, baina azala da aldatuko duena. Hau da, metamorfosia egingo du. Karpa azpitik eraikinaren babesera egingo baitu jauzi. Karpa zegoen inguru berean dago eraikina. Guneak orotara 6.000 metro koadro baino gehiago ditu. Azokaz gain enpresa munduko eta aisialdiko beste hainbat ekintza egiteko atondu da eraikina. Adibidez, eraikinean bertan egingo dira abenduaren 4tik 8ra bitarteko hitzaldi nahiz mahai-inguruak.

Euskal irratigintza

Urtero, gai jakin baten inguruan antolatu izan ohi da ekimena eta aurtengoan euskal irratigintza izango da Azokako ardatz nagusia. Euskal irratigintza bere osotasunean.

Eta irratiak euskara zabaldu zuen mundura... izango da aurtengo sarrera hitzaldiaren izenburua. Hizlaria berriz, Joxe Mari Iriondo kazetaria. Abenduaren 4tik 8ra artean baina, hitzaldi nahiz mahai-inguru mordoa izango da eta bertan entzun ahal izango ditugu, besteak beste: Odile Kruzeta, Mikel Bujanda, Lucien Etxezarreta, Txema Auzmendi, Ana Urkiza...

Argizaiola saria

Aurten, urte beltzetan irratien inguruan lanean, askotan musutruk, ibilitako horiei eskaini nahi izan die Gerediaga elkarteak 2003. urteko Durangoko Argizaiola saria. Norbaiti eman behar, eta Euskal Herritik kanpoko eta barruko irratiekin urte askotan harremanak izan zituen pertsona bati eskaintzea erabaki du, Gerardo Bujanda Sarasola jaunari.

Azoka zenbakitan

Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren 38. ekitaldian 271 erakusmahai izango dira. Gehienetan argitaletxeen produktuak izango dira erakusgai, baina horiez gain kultur talde, aldizkari, diskoetxe, erakunde, banatzaile, unibertsitate, aurrezki kutxa edota egunkariek aurtengo ediziorako bildu dituzten argitalpenak eskainiko dituzte.

271 erakusmahai horietan erakusgai izango diren materialen artean liburuak eta diskoak izango dira nagusi. Guztira 400 bat liburu aurkeztuko dira, diskoak berriz 95 inguru. Liburu eta diskoez gain, aldizkari, bideo, DVD, software eta Interneteko atari ugari aurkituko ditu azokara hurbiltzen den bisitariak.

Teknologia berriak

Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka etorkizunari begira jarri dela-eta, ezin da ukatu azken urteetan teknologia berriek hartu duten garrantzia. 38. edizioan ere bertan izango dira. Iaz bezala, aurtengoan ere, teknologia berrien erabiltzaileek zibergunea izango dute. Bertan topatu ahal izango dira, besteak beste, Urtxintxa Aisialdi eskola, www.bizkaie.biz, Miatzen, Goiatz, Elhuyar, Ena Elkartea, www.nontzerberri.com, Euskaltzaindia, Eusko Jaurlaritza, UEU eta Euskaltelen txokoak. Gerediaga elkarteak bestalde, www.durangokoazoka.com web gunean 38. edizio honetako informazio guztia eguneratuta izango du Azokak iraungo duen egunetan.

Gerardo Bujanda

Gerardo Bujanda Sarasolari emango dio aurten Gerediaga elkarteak Argizaiola saria. Bujanda Donostian jaio zen 1919an. 16 urterekin boluntario joan zen gerrara EAJko gudariekin. Preso egin ondoren langile bataloietan behartu zuten lan egitera, baina azkenik Afrikara egin zuen alde eta han igaro zituen bost urte. 1947an itzuli zen Euskal Herrira eta erresistentzian hasi zen lanean. 1960. urte inguruan Muñoz, Etxebeste, Mendizabal Okina, Elisabet Maiztegi eta beste zenbaitekin batera Loiola Irratia sortu zuen Donostian.
1954. urtean Frantziako Gobernuak Eusko Jaurlaritzak Iparraldean antolatuta zuen Radio Euskadi ixtera behartu zuen. Hamarkada bat baino gehiago isilik izan ondoren 1965. urtean, oraingoan Venezuelatik, berriro Radio Euzkadiren uhin hertzianoak zabaldu ziren mundura. Garai honetan Gerardo izan zen barnealdeko berriemailetariko bat. "Juan de Igueldo" goitizenarekin Hego Euskal Herriko berriak bidaltzen zituen Venezuelara irrati bidez mundura zabaltzeko. 1966. urtetik aurrera, barnealdeko Euskadi Buru Batzarreko kidea izan zen. Hurrengo hamarkadetan hainbat kargu izan zituen EAJ-PNV-ren barruan. 1977. urtean Gipuzkoako diputatu hautatu zuten.
Gaur egun 84 urterekin Donostian bere jaioterrian bizi da Lide Oñederra Egaña bere emaztearekin.

Azoka egunez egun

ABENDUAK 4
10:00-12:00: Ikasle eta irakasleei eskainitako denboraldia.
14:30-18:00: Profesionalei eskainitako denboraldia.
19:00: Sarrera hitzaldia. Eta irratiak euskara zabaldu zuen mundura... Joxe Mari Iriondo.

ABENDUAK 5
12:30: Mahai-ingurua: Euskara eta irratia. Partaideak: Arantza Gutierrez Paz, Odile Kruzeta, Dorleta Alberdi, Lucien Etxezarreta, Mikel Bujanda eta Jaime Otamendi.
18:30: Mahai-ingurua: Musika eta irratia. Partaideak: Joxeina Etxeberria, Blanca Izkue, Roberto Moso, AUO eta Idoia Azkorbebeitia.
20:30: Gauean Argi III. Ekitaldia. Gerardo Bujandari emango zaio argizaiola saria. San Agustin Kultur Gunean.

ABENDUAK 6
12:30: Hitzaldia: Eleiza, euskara eta irratia. Hizlaria: Txema Auzmendi.
18:00: Hitzaldia: Irratia gaurko munduan. Hizlaria: Ignacio Arregi.

ABENDUAK 7
11:30: Sortu berri den Euskal Ilustradoreen Elkarte Profesionalaren aurkezpen ekitaldia.
12:30: Irratia dela eta... Gerardo Bujanda eta Joxe Mari Iriondoren arteko berriketaldia.
17:30: Dos familias vascas: Areliza/Aznar liburua aurkeztuko dute Iñaki Anasagasti eta Josu Erkoreka egileek.
19:30: Txistua XXI. mendean emanaldia. Berziztu Txistulari Elkarteak antolatuta Durangoko Santa Ana elizan.
20:00: Etiopia... 25 urte geroago San Agustin Kultur Gunean. Bernardo Atxagaren literatur emanaldia.
22:00: Ruper Ordorika eta bere taldearen emanaldia.

ABENDUAK 8
11:30: Abadiñoko Angel Alvarez 'El campurriano'ren El arte en sus manos liburuaren aurkezpena.
12:30: Hitzaldia: Emakumeak idazle Durangerrian... Hizlaria: Jose Luis Lizundia.


ASTEKARIA
2003ko azaroaren 30a
Azoka
Azkenak
Nafarroan egunean sexu-transmisioko hiru infekzio detektatzen dira

Iaz 1.343 infekzio erregistratu ziren, duela zazpi urteko zifrak laukoiztu dira. Adituen arabera "arriskuaren pertzepzioa galtzen ari da" eta hartara prebentzio neurri gutxiago hartzen dira.


Zortzigarren polizia infiltratua: bi urte pasatu ditu Madrilgo hainbat mugimendu sozialetan

"Juancar" izenaren pean infiltratuta egon da Carlos P.M. agentea Madrilgo hainbat mugimendutan. 2020an sartu zen Espainiako Polizian, hain justu ere infiltrazio kasu gehiagoren jatorrian dagoen zentro berean egon ondoren. El Salto-k argitaratu du informazioa.


2024-05-14 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Hanlonen printzipioa Spratly uharteetan

Hanlonen printzipioaren juzgu egin beharko da, agian: “Inoiz ez iezaiozu gaiztakeriari egotzi ergelkeriak ederki esplika dezakeena”. Protagonista nagusiek biziro hobesten dute aukera hori.


2024-05-14 | Garazi Zabaleta
Ja(ki)tea
Betiko eta bertako sukaldaritza sustatzeko elkartea

2009an sortu zen Ja(ki)tea elkartea zenbait jatetxe, sukaldari eta gastronomia kritikariren arteko elkarlanetik. “Hasiera hartan, Gipuzkoako 14 bat jatetxe elkartu ginen, baina pixkanaka hazten joan da proiektua, eta gaur egun 37 gara”, azaldu du Xabier Zabaletak,... [+]


2024-05-14 | Jakoba Errekondo
Ezti ihintzez egindako ihintz eztia

Zein da zuretzat zuhaitzik gozoena? Janari gozoenak ematen dituena? Erleentzako eztigai, lore gehien eskaintzen duena? Ez ba! Ezkur jendearen artekoak dira zuhaitzik gozoenak.


Eguneraketa berriak daude