Bolanderetatik harago


2003ko azaroaren 23an
Euskaldunon Egunkariaren itxierak ekarri zuen operazioaren bigarren aldiaren inguruabarrean, euskalgintza babesteko akordio sozio-politikoa bilatzeko garai bateko guraria indartu da bazterretan, bada, noranzko horretan urratsak egingo dituela iragarri du euskalgintzaren zati bat ordeztu nahi duen Kontseiluak.

Bi lirateke hezurmamitu beharreko akordioaren zutabe nagusiak; bat, euskararen normalizazio prozesuaren adierazle batzuek euskararen indarberritzea gelditzen ari dela agertzen dutela iritzita, euskararen normalizazio prozesua bizkortzea ekar dezakeen konpromisoa; eta bi, euskalgintzari eman beharreko babesari erreferentzia eginez, neurri politikoak, ekonomikoak eta juridikoak jasoko lituzkeena.

Aurrekariak badira. Besteak beste, Lizarraren sukarraren eraginpean, 1998ko abenduaren 21ean, Bilboko "Villa de Bilbao" hotelean, euskararen lurralde guztietako eta abertzaleak zein ez-abertzaleak diren zenbait alderdik izenpetu zuten akordioa litzateke horietako bat. Tratuaren arabera, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia zein lurralde bakoitzean abian ziren planak babesteko konpromisoa ez ezik euskararen normalizazioa ahalbidetzeko neurri politikoak, ekonomikoak eta juridikoak bideratzeko engaiamendua ere hartu zuten han bildutakoek. Baina, akordioak porrot egin zuen.

Paktua gorpuztean, Kontseiluko bazkide batzuen aldetik ituna ezinezkoa gertatzeko oztopoak baino ez zituzten jarri, ez zuten halako akordio batean sinesten. Halaber, ezker abertzaleak ordezten zuen alderdiak, hasieratik, eginahalak egin zituen sinatzaileen artean sozialistak egon ez zitezen, eta, hargatik, akordioa herren jaio zen. Baina, aurrekoa gutxi balitz, akordioaren garapena ere era negargarrian kudeatu zen. Akordiotik at gelditu zirenak erakartzeko edota abeniko berri baten testuinguruan biltzeko ahaleginak askiez gertatu ziren, tratuaren zioz sor zitekeen dinamika abertzaleen arteko kontu batera mugatzeko urratsak egin ziren, alderdi ez-abertzaleak aurrez egositako kontu batean esku hartzeko gonbita ez besterik jasotzen zutela edota lorontzi zirela iritzi zioten. Era berean, laburrera jokatzeko estrategiak nagusitu ziren, besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen eztabaidan eragin nahian, euskalgintzak »ustez» zituen beharren zerrenda egin zen, baina, euskalgintzako zenbait erakunde sektore berekoak izaki lehiakideak ere badirenez, batzuek besteen lepotik abantailak lortzeko ahaleginak eta presioak egin zituzten. Egoera horri, ETAk su-etena haustea, abertzaleen arteko giroa ozpintzea eta lankidetzarako aukerak lorrintzea eransten badiogu, deskalabrua da emaitza.

Beraz, orain, akordio sozio-politiko berri bat erdiesteko urratsak egin behar dira. Baina, horretarako errealitatetik ezin izango da ihes egin. Euskalgintzako sektore baten kontra Estatuak abiarazitako bidegabeko ehiza euskararen kontrakoa dela esatea sinplekeria da, batzuei, halakoetan dituzten erantzukizunak saihesteko, arian-arian hedatzea interesatzen zaien errazkeria, zinez. Izan ere, jasaten ari garen erasoak ezker abertzalearen zati baten gune gotorrak aspaldi abian jarritako estrategia politiko-militarraren logikan ulertu »ez onartu» behar ditugunean, harrigarria da oso halako jazoeren aurrean ezker abertzaleko buruzagiek arropak urratzeko erakutsi ohi duten abilezia, ezen, estrategia politiko-militar horren ahalik ingurune zabalenak itotzeko ibilbidea baita »funtsean» Estatuak darabilenaren arrazoia, eta, euskararen inguruan ari diren erakundeei erasotzearen ondorioz, euskararen indarberritzea da, besteak beste, bidenabar, galtzaile ateratzen dena, efektua. Beraz, euskalgintzako egitasmo estrategikoak ahalik pertsona eta erakunde gehienen artean konpartitzea »benetan» litzateke halako egoerei bizkarra emateko txertorik eragingarriena, baina, horrek, euskalgintzaren inguru batzuetan beste kultura bat hedatzea eskatzen du, kontrol irizpideen gainetik zein azpitik, gure hizkuntza indarberritzea hurrenkeraren lehenbiziko postuan kokatuz.

Halaber, euskararen normalizazio prozesuaren adierazle batzuek euskararen indarberritzea gelditzen ari dela agertzen dutela irizten bada, EAEra mugatutako estrategia batez ari ote gara? Izan ere, Iparraldean nola Nafarroan argi gorri gehien-gehienak aspaldi daude piztuta. Testuinguru horretan, hasteko, egoeraren azterketarako gutxieneko zorua komunean jarri eta konpartitu zein Euskal Herri osoan baliatu ahal den estrategia aproposerako habeak zehaztu behar izango ditugu. Izan ere, ustezko nazio mailako estrategia zuzena ez da aldarrikapen eta estrategia komunak toki eta egoera guztietarako mimetikoki erabiltzea, errealitate desberdinak aintzat, haietatik eraikitako estrategia, diskurtso zein taktikak eratzea baizik. Alabaina, halakoetarako, euskararen lurraldeen egoera soziopolitikoa, soziolinguistikoa eta kulturala gogoan, autonomia osoz aritzen den mugimendu zibila behar du euskarak. Euskararen aldeko mugimendu zibilari zentraltasuna eta zeharkakotasuna ematea eginkizun ditugu oraindik.

Euskara, jokabidez, pentsaeraz eta jatorriz askotariko herritarren sostengua, esku hartzea eta babesa arian-arian landu gabe, asmo onenez egindako dekretu eta egitasmoen bidez bada ere, ezin berreskura daiteke. Aldi berean, zuzenean edo zeharka alderdien pean dagoen, alderdikeriaz jokatzen duen mugimendu zibilak ere askotariko pertsonak ezin bil ditzake, hizkuntza biziberritzeko era askotako erabakiak har daitezen zein eremu guztietan eragiteko ahalmena nahikoa makalduz edota neutraltzea gertatuz. Kontua ez da eraso baten aurrean dei egilea zeinahi delarik kalera ateratzea, protagonismo antzuetatik ihesi, bolanderen edo ilusionisten taktikak alboratuz, etorkizuna irabazi ahal izateko, beste ibilbide bati ekitea baizik. Nahi den da kontua!


ASTEKARIA
2003ko azaroaren 23a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude