Prestige 2003-11-19

  • Prestige ontzia azaroaren 19an bitan zatitu zen eta 3.600 metroko sakoneran hondoratu. Bertatik etengabe isuritako fuel olioak itsasoa lehen zegoen baino beltzago utzi zuen. Koadro beltza galiziarrek ikusi zuten lehenengo eta ondoren Frantziaraino bidaiatu zuen, bidean arrastoak utziz. Bizkaiak, Gipuzkoak eta Lapurdik «oparia» jaso zuten. Urtea betetzear dela, gure kostak jasan duena eta jasango duena azaltzen saiatu gara. Bide batez, hurrengo baterako »ez dadila hurrengorik izan» prest al gauden galdetu dugu.
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Joaquin Araujo idazle, zine zuzendari eta naturalistak Prestige ontziaren hondamendia anekdota bat besterik ez dela dio. Itsasoari segundoko 500 tona kutsatzaile toxiko heltzen omen zaio. Azken hogeita hamar urtetan Prestige bezalako hamar bat gertatzen omen dira egunero.

Galiziarrak, asturiarrak, kantabriarrak, eta euskaldunak, ordea, ez gaude egunero itsasoa beltz ikustera ohituta. Iazko azaroaren 19tik aurrera hasi zen kostaldea belzten. Hondamendia etxeko leihotik ikusteko moduan. Urtebete geroago etxe aurreko zikinak garbitzen jarraitzen dugu. Fuelaren zikinak baino gehiago eragin dituen edo eragin ditzakeen kalteek kezkatzen gaituzte.

Urtebetetzeko «opariak»

Gipuzkoa eta Bizkaian fuelak egindako kalteak neurtu nahian Eusko Jaurlaritzara jo dugu. Hondamendi honen erantzukizun zuzena beraiek izan ez arren, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek bideratu dute krisia. Segidakoa da urtebete ondorengo panorama.

Frantziako eta Espainiako ratioak erabili dituzte arrainek jasandako kalteak zenbaterainokoak diren jakiteko, eta irizpide horien arabera, arrainengan, oraingoz, ez dago eragin txarrik. Mojojoiek edo muskuiluek ordea, ez zuten azterketa gainditu uda aurretik eta argi gorria piztuta geratu da. Arreta berezia jarriko dute horiengan. Arrainen ordez, hegaztiek ederki jasan dituzte fuelaren ondorioak. 3.800 ale (hilda eta bizirik) jaso dituzte ornitologoek (asko martin arruntak eta lanperna-musuak). Ornitologoen kalkuluen arabera, 3.800 jaso izanak esan nahi du, Bizkaia eta Gipuzkoako kostaldean 38.000 hegazti kaltetuko zituela fuelak. Jasotakoetatik bizirik diren aleak ez dira hogeira iristen. Orain ornitologoak hegazti migratzaileei begira daude. Fuelak ez ditu bete-betean harrapatu, baina urria aldera etorri direnak nola moldatu diren ikusi behar da. Algak eta angulak debekupean dira, hau da, Eusko Jaurlaritzak bien kanpaina bertan behera utzi du.

Hondartzak eta itsaslabarrak

Josu Erkiaga, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko Biodibertsitate zuzendariak dioenez, zorionez marea goreneko gunean eragin du fuelak eta ez da hondoratu. Gune kaltetuak zientifikoki gune estresatuenak dira, beraz, asimilazio gaitasunik handiena dutenak. Ondorioz, balio ekologiko gutxien dutenak. Maiatzetik hona, Euskal Herriko Unibertsitateko Biologia Katedrako ikasleak kostaldea aztertzen ari dira eta hamabostero egoeraren berri ematen dute.

Kostako guneak ez dira modu berean kaltetu. Otsailean adibidez, ipar mendebaldeko haizea eta olatu handiak izan dira eta udan ipar haizea nagusitu da. Neguan eta udaberrian Sopelak, Bakiok, Muskizeko La Arenak, Zumaiako Itzurunek eta Donostiako Kontxak sufritu dute eta udan berriz, Gorlizek, Barrikak, Hondarribiak eta Donostiako Zurriolak.

Dena den, neurriak hartzeko orduan, hondartzen eta itsaslabarren artean banaketa nabarmena egin du Jaurlaritzak, eta ekologista talde asko haserretu da hartutako erabakiengatik.

Hamar hondartzatan metro bateko hondoraino sartuta laginak atera dira, eta behin fuela garbitutakoan, kutsadurarik ez dagoela baieztatu dute. Gainaldea zein hondar azpia garbi dago. Ez da gauza bera gertatzen itsaslabarrekin eta haitz askorekin. Garbitu arren, segituan zikintzen dira. Josu Erkiagak dioenez, hondartzak garbitzen jarraituko dute egindako lanak merezi duelako, baina itsaslabarrak garbitzeak oraingoz, ez du zentzurik, segituan berriz zikintzen direlako.

Hegaztiak, arrainak eta hondartzak aipatu ditugu, baina udaz geroztik fuelak gizakiarengan eragindako kalteen zurrumurruak asko izan dira. Erkiagak baieztatu digunez, fuelak azalean zuzeneko kalteak eragin ditzake, hau da, azaleko gorrituak eta irritazioak. Bestelako ondoriorik ez da identifikatu oraingoz.

Nork ordainduko ditu kalteak?

Bi auzi daude martxan. Bata Corcubion-eko auzitegian eta bestea, Estatu Batuetako Houston-en dagoen ABS (American Bureau of Shipping) Prestigeren sailkatze elkartearen kontra. Corcubion-eko kasutik ondorio penalak gehiago espero dira zibilak baino eta beraz, kalte-ordainik ez du espero Eusko Jaurlaritzak. Bigarrenari ordea, 50 milioi dolarreko kalte-ordainak eskatu dizkie Jaurlaritzak, Gipuzkoa eta Bizkaiko foru aldundiek eta Donostiako Udalak eta kalte-ordainik helduko den esperantza badute.

Espainiako Gobernuaren jarrerari dagokionez, egoera ez da aldatu. Gastatutakoa gastatuta dago, baina Erkiagak dioenez hau da Gobernuaren jarrera: «Zuek ordaindu eta gero hitz egingo dugu». Adibide moduan, Europako Batasunetik 57 milioi euro lortu ditu Espainiako Gobernuak eta Euskal Autonomia Erkidegoan urrirako 55 milioi euro gastatuko zirela aurreikusita zegoen. Europako diru laguntzak Gipuzkoa eta Bizkaiko orain arteko gastua kitatuko luke, baina, noski, diru hori Prestigek eragindako kaltetu guztien artean banatzeko da.

Hemendik aurrera zer?

Okerrena pasa dela uste da. Fuela ez da orain arte bezala iritsiko kostaldera. Tartean behin ukituko gaitu fuelak eta unean uneko neurriak hartu beharko dira. Horrek ez du esan nahi Prestigeren hondamendiaren krisia amaitu denik eta hemendik aurrera ezer egingo ez denik. Itsasoan oraindik 3.000 tona dabiltza bueltaka. Txalupa batzuk jarraituko dute uretara ateratzen, baina zatikatutako fuela jasotzea zaila da. Kostaldera datorrena jaso beharko da eta horregatik, hondartzako garbiketa zerbitzuak ez dira etengo oraingoz. Itsaslabarrak garbitzeko asmorik ez du Jaurlaritzak garbiketak zerbaitetarako balio duela ziurtatu arte. Ikerketa batzordean lanean ari den Aztik (arrantza eta elikadura alorretako ikerkuntza zentroa) egunero egiten du egoeraren analisia eta datu horien arabera hartuko dituzte neurriak. Azti krisiari aurre egiteko sortutako informazio eta jarraipen batzordearen barnean ari da lanean. Batzorde honek lanean jarraituko du, egoeraren diagnosia egin eta irtenbideak jartzen. 2003, 2004 eta 2005 urteetan lau milioi eta erdi euro gastatuko dituela aurreikusi du Jaurlaritzak.

Hurrengo baterako eskarmentua

«Ez dadila berriz horrelakorik gertatu gure kostaldean!» diogu, nahiz eta segituan Araujoren hitzak gogoratu: egunero hamar Prestige planeta honetan. Josu Erkiaga, Biodibertsitate alorreko zuzendariak esan digu ez dela horrelakorik berriz gertatuko. Ez da Galizian gertatuko, ez da fuel mota bera isuriko, ez da neguan izango... Gerta daiteke horrelako hondamendiren bat, baina agian Bilboko superportuan hondoratuko da ontzia eta fuelaren ordez gasolio orbanak agertuko dira... Hondamendia errepikatuko balitz ehuneko ehunean jakingo litzateke nola erreakzionatu, baina ez da horrela izango. Baina, noski, eskarmentuak balio du. Adituek dioten bezala, protokoloak finkatu dira, hau da, araudi bat ezarri da larrialdi egoeran nola lan egin jakiteko. Araudiak gastuak, egiturak, baliabide materialak eta giza baliabideak, lan taldeen antolaketa, segurtasuna... jasotzen ditu.

Protokoloak zehazteaz gain, lana hain gaizki ez dela egin adierazi digu Erkiagak. Frantziarrak aho zabalik geratu omen dira Jaurlaritzaren erreakzio gaitasunagatik. Metodo arkaikoak erabiliagatik (arrantzaleen salabardoak) ez Erikako eta ez Exon Valdeseko hondamendian ez omen zuten lortu hain egun gutxitan hainbeste fuel itsasoan jasotzea. Frantziarrekin ez, baina Gipuzkoako zein Bizkaiko hainbat ekologista talderekin ez dira hain ondo moldatu erakundeak. Kritikak gogorrak izan dira. Josu Erkiaga zuzenean aritu da talde hauekin lanean eta ondorio bat atera du garbi: gizarte zibila oso sendo dagoela, aste bitan 3.000 boluntarioko zerrenda egin zelako. Beste kontu bat da gero nola bideratu parte hartze hori.

Batzuk harro daude egindako lanarekin, beste batzuen ustez, inprobisazioak egun batetik bestera belztu den itsasoa garbitzeko ez du balio.

Denbora gutxian ikus dezagula Kantauriko kostaldea beltz eta ez itsasoa betirako hilobi.

Nortasun agiria
Armadorea: Coulouthros sendia. Grezia.
Kapitaina: Apostolos Mangouras. Grezia.
Jabegoa: Mare Shipping inc. Liberia.
Pleita edo kargaren jabegoa: Crowm baliabideak. Suitza.
Kudeatzailea: Universe Maritime. Grezia.
Sailkapen agentzia: American Bureau of Shipping. ABS.
Aseguru-etxea: London Steamship Owners. Mutual Insurance Association.
Erresuma Batua.
Pabilioia: Bahamas.
Erregistro gordina: 44.000 tona.
Pleita edukiera: 100.813 tona.
Eraikia: 1976an, Japonia.
Luzera: 243 m.
Ur sakonera: 14 m.
Kroskoa: Sinplea.
Klasea: Aframax.

Gertaeren kronika
2002-11-14: Ekaitza bete-betea. SOS bat jaulki eta ordu batzuetara, Prestige Muxia herritik lau miliatara dago. Atoian eramateko aukera bertan behera gelditu da. Fuela galtzen hasia dago. Agindu bat jaso du: motorrak piztu eta itsasoan gora joan dadila, ipar-mendebaldera.
2002-11-15: Prestige itsasertzetik 110 kilometrora doa, jitoan; eskifaia ebakuatu dute.
2002-11-16: Lehen petrolio orbanak ageri dira Galiziako itsasbazterretan.
2002-11-17: Prestige Portugalgo uretako mugetatik hurbil dago. Espainiako Arrantza ministro Miguel Arias Cañetek honela dio: "Prestige nazioarteko uretara eraman ondoren, hondamendi ekologiko bat saihetsi dugu. Horrela jokatu ezean arrantzaren sektoreak ez zukeen burua altxatuko urte luzetan".
2002-11-19: Prestige bi zatitan puskatu da eta 3.600 metrora hondoratu. Espainiako presidenteorde Mariano Raxoik honela dio: "Gauzak arrazionalki egin ditugu. Itsasontzia distantzia arrazional eta egoki batean hondoratu da".

Zenbakiak
45,7 milioi euro: Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundiek eta Donostiako Udalak abuztuaren 31 artean gastatu dute. Urriaren 31rako 55 milioi eurotara heltzea aurreikusi zuten.
3.000 langile: garbitzaile profesionalak, Gurutze Gorriko eta DYAko boluntarioak, sorosleak eta erakundeetako langileak.
215 itsasontzi eta 1.000tik gora arrantzale aritu dira fuela garbitzen.
21.000 tona fuel itsasoan: kopuru hori jaso dute EAEko arrantzontziek. Itsasoko fuelaren %60 jaso dute Gipuzkoa eta Bizkaiko arrantzontziek, hau da, Galizian jasotakoaren bikoitza baino gehiago eta Kantabrian jasotakoa baino lau aldiz gehiago.
3.000 tona fuel Gipuzkoako eta Bizkaiko hondartzetan jaso da.

Amaigabeko eskarmentua
Prestigeren hondoratzeak, Urquiola (1976) eta Aegean Sea (1992) ontzien katastrofeen ondoren, petrolioaren hirugarren marea handia ekarri zuen Galiziara, eta orobat Bizkaiko edota Gaskoiko golkora. Bien bitartean, beste bi ontzien petrolioak Europako itsas ertzak zikindu zituen: Erika (1999) eta Baltic Carrier (2001).

Alfonso Caño, Gernikako Ekologi Lan Taldeko kidea: «Eusko Jaurlaritzak ez du kontuan hartu jendearen erreakzioa»
Zein ondorio atera duzue urtebete ondoren?
Batetik, agerian geratu da boluntario gisa aritzeko jende asko dagoela prest. Kasu honetan Prestigen hondoratzea gertatu delako, baina bestelako egoeretan ere herritarrak borondate itzela erakutsi du. Bestetik, Eusko Jaurlaritzak ez du kontuan izan jendearen erreakzioa, ez da gutaz fidatu.

Zein egoeratan?
Boluntarioek izena eman zuten zerrendetan eta datu asko eskatu zitzaizkien. Jende hori lanerako prestatzeko ahaleginik ez zen egin eta ez zaigu ezertarako deitu. Itsas txoriak ornitologoek bildu dituzte eta zaindu. Jaurlaritzaren kopuruek eta ornitologoek emandakoek ez dute bat egiten. Gai honetan dominak arrantzaleek jaso dituzte eta ez boluntarioek. Arrantzaleek egindako lanagatik kobratu dute (eta ez diet ezer kentzen) eta ornitologoei egindako lana ere ez diete onartu.

Ekologista eta boluntario taldeak ez zarete ados jarri.
Ez. Talde batzuk prest geunden Eusko Jaurlaritzarekin hitz egin eta garbiketa eta gainerako lanetan laguntzeko. Talde batzuen iritziz lan horiek ez ziren boluntarioek egitekoak, Frantzian adibidez, Erikarena gertatu zenean osasun arazoak agertu zirelako. Iparraldean esate baterako, berdeek lana egiteari uko egin diote.

Orokorrean, nola baloratzen duzu erakundeen erreakzioa?
Espainiako Estatuak zein Eusko Jaurlaritzak lanaren zati handiena egin gabe utzi dute. Horrelako egoeratan ezin da inprobisatu eta ezin dira gauzak egin bakoitzaren borondatearen arabera.

Hondartzen eta itsaslabarren garbiketa dela-eta ika-mika izan duzue.
Hondartzak garbitzera mugatu dira. Hondartzak ekosistema hilak dira, baina eragin soziala dutenak. Hegoaldean sikiera garbitzen jarraitzen dute, Iparraldean uda amaituta garbiketari utzi diote. Itsaslabarretan garbitzen ez digute guri utzi, arriskutsua zela-eta...


Azkenak
Mingain urdina

Odolustea uztailaren 10ean hasi zen. Hamar buru hil zaizkigu harrezkero: hazarkume bat, ahari bat eta zortzi ardi. Odol analisiek baieztatu dute mingain urdinaren gaitzaren ondoriozko heriotzak izan direla denak ere.


2025-09-01 | Jakoba Errekondo
Pagatza, bizitza, sutza

Ez naiz aparretsia, orraztearen aparretsia, ezta gutxiagorik ere. Baina ikasturte berriari ekiteko, zer den ez den, lakarra zuzen-zuzen ederki asko eginda nator zuregana.


2025-09-01 | Garazi Zabaleta
Gidari artzain eskola
Artzainen hurrengo belaunaldiaren bila

Historikoki, artzaintzari eta abeltzaintzari guztiz lotuta egon den bailara da Erronkaribarrekoa, baina azken hamarkadetan nabarmen eraldatu da eta turismoa bihurtu da jarduera nagusia. “Ekonomia horrela aldatu da, eta hamarkadaz hamarkada ardi, behi eta behor kopurua... [+]


2025-09-01 | Irati Diez Virto
Satitsua
Burmuina txikituta bizirauten duen ñimiñoa

Bizitza azkar pasatzen dela entzun eta esaten dugu maiz. Hala ere, gizakiok urte dezenteko bizi-itxaropena daukagu. Hainbat urte izan ohi ditugu ongi garatu, bizi eta ugaltzeko. Badira, ordea, hori guztia denbora askoz ere laburragoan egin behar duten gu bezalako ugaztunak:... [+]


2025-08-30 | Patxi Aznar
Beste urrats oker bat

Duela gutxi, Netanyahuren gobernuak, AEBen baimenarekin, legez kanpoko jarduerarekin jarraitzea erabaki du Gazan, eta zerrenda osoaren kontrola hartzea. Historia pixka bat egingo dut ez zaidalako zuzena iruditzen komunikabide edo kazetari batzuek Gazan gertatzen ari dena 2023ko... [+]


2025-08-29 | Egiari Zor
Elkarbizitza demokratikoak begirunea eta neurritasun instituzionala eskatzen ditu

Abuztu honetan polemika berri bat piztu digute, beste behin, belarrondokoa ematea baino larriagoa izan dena. Azken hamabost urte baino gehiagoan, Glen Cree ekimenetik hasi, Estatu bortxaren biktimei aitortza legala emateko mekanismoen sorreratik segitu eta herri honetan ireki... [+]


Caparrosoko Valle de Odieta makroetxaldea epaituko dute lurrak nitratoz kutsatu dituelakoan

Irailaren 2an izango da epaiketa Iruñeko Zigor Arloko 2. epaitegian, ustez 2021ean makroetxaldeak haren inguruko lurrak minden hondakinekin kutsatzeagatik. Sasoi hartan Valle de Odieta makroetxaldeko administrazio kontseiluan ari ziren bost pertsona epaituko dituzte.


Maila altua

Fitxa: Musika Hamabostaldia. Gewandhausorchester Leipzig.
Zuzendaria: Andris Nelsons.
Bakarlaria: Isabelle Faust (biolina).
Egitaraua: Pärt, Dvorak eta Sibeliusen lanak.
Lekua: Kursaal Auditorioa.
Data: abuztuaren... [+]


Eskoletako euskalduntzea “arriskuan” ikusita, Aiaraldeko dozena bat ikastetxek konpromisoen dekalogoa adostu dute

Gordin esan dute Aiaraldeko ikastetxeok: euskalduntzea “arriskuan dago” eta ikastetxeek, bakarrik, ezin diote aurre egin “egoera larriari”. Autokritika egin, eta hamar konpromiso hartu dituzte, hezkuntza komunitateek praktikara eramatekoak. Era berean,... [+]


Atlantikoko korronte baten kolapsoa adituek uste baino gertagarriagoa da

Ikerketa batek ondorioztatu du adituek uste baino AMOC korrontearen kolapsoa egoteko aukera handiagoak daudela. Korrontean aldaketa handiek eta azkenengo kolapso batek euri tropikaletan eraldaketa handiak eragingo lituzke, Europan negu oso hotzak eta uda lehorrak izango... [+]


Gutxienez 23 hildako izan dira Errusiak Kieven egin duen aire erasoan

600 misil eta dronetik gora bota ditu Errusiak Ukrainako hiriburuaren aurka. Gerra hasi zenetik egindako aire eraso handienetakoa da. Zelenskik nazioarteari eskatu dio erantzun dezala, Putin Trumpekin bildu eta bi aste eskasera.


2025-08-29 | Joan Mari Beloki
Trump bake bila?

Abuztuaren 15ean Vladimir Putin eta Donald Trump Alaskan bildu ziren. Ofizialki, Ukrainako gerrari amaiera emateko bidean beste urratsen bat emateko. Baina Gazan milaka pertsona hiltzeko gupidarik ez duen politikariak serio esan al dezake penagarria eta tristea dela Ukrainan... [+]


Poligono eolikoak: oportunismo gutxiago eta plangintza demokratiko gehiago

Duela egun gutxi 6.000 alegazio baino gehiago aurkeztu dira Azantzan eta Sarbilen poligono eoliko berri bat eraikitzeko proiektuaren aurka. Antzeko beste proiektu batzuetan bezala, herritar eta talde antolatuen ahaleginari, antolaketari eta lanari esker egin da alegazioendako... [+]


Nafarroako informazioaren arloko profesionalek Gazako kazetarien sarraskia salatu dute

Informazioaren arloko dozenaka profesional bildu dira ostegun arratsaldean Iruñeko Gazteluko Plazan, Gazan kazetari lanetan ari direnen aurka Israelgo armada egiten ari den sarraskia salatzeko.


Eguneraketa berriak daude