Teoria betekada". Bertsoaren betelana behar zuena bukaera bihurtu zen aspaldi bateko ARGIAren azalean. Eta pentsatu nuen: «Zeozer idatziko juat, ala ez?». Ezezkoarekin geratu nintzen, aspaldion baiezkoa baino lagunagoa dudan horrekin. Gero, Jexux Mari Irazuk idatzitakoa irakurri nuen eta eman beharreko azalpen guztiak emandakotzat jo nituen. Ados erabat. Kitto.
Lerrook Bertsozale Elkarteak antolatutako "Ahozko inprobisazioa munduan" jardunaldietatik idazten ditut, teoriatik franko eta praktikatik beste hainbeste ikasten eta ikusten ari garen espazio-denbora honetatik. Munduaren puska batzuk Donostiara bildu baitira egunokin, etxeko eta atzerriko zenbait inprobisatzaile eta teoriko tartean. "Hau berriz ere euren burua ederresten!", pentsatuko du norbaitek. Eder edo pizti, hamaika lagunen lanak inprobisazioaren gainean inoiz egin den topaketarik aberatsenaz gozatzeko aukera eman digu hemen. Amen.
Bertso munduko "korporatibismoaren" trufak eta ez hain trufak bolo-bolo dabiltza askoren ahotan: norbanakoa kolektiboaren mende ikusten du zenbaitek; ahots propiorik ez. Kontuak kontu, bertsogintzak jaso ditu azkenaldion barneko frankotiratzaileen inpakto gehienak, izan bolbora bustia edo gezi zehatza. Eta horrek harritu nau gehien, botatakoek izan dezaketen egia edo uste dosiek baino gehiago. Azken finean, gauzak izan baitaitezke berez hala direlako edo baita hala izatearen ustea dagoelako. Nire aburuz bietarik bada guri dagokigunean, esan nahi baita, izatetik eta ustetik. Kolektiboak ez ditu norbanakoen aferak konponduko, gauza jakina da hori, baina ez dut onartzen norbanakoaren (ustezko) presentziarik eza kolektiboaren eraginaren ondorio denik. Arrazoi konkretu bategatik hil artean bizarra moztu gabe irauteko erronka joko duenik ez da izango beharbada, baina ahotsak egon badaude, inoiz hainbeste egon diren dudan jartzeraino gainera. Baina entzuten al gaituzte?
Ezker eskuma begiratzen dut auzo alorretara eta ez dut zurrunbilo ozenaren erditik bereizten den ahots garbirik aditzen. Ahots zaurituak, ahots gordinak, ironikoak, konformistak eta erreformistak bai, baina gutxi gehiago. Hori bai, bizkitartean, euren jardunean txukun eta emaitza onak plazaratzen ari diren hainbat (zenbait?) begiz jo ditut. Literaturaren inguruko eztabaida nagusia tropelaren bueltan dabilen honetan, kontzeptuaren proposamena egin zuen hark, nire gusturako, bere lanetan onena eman du argitara: "Hodei berdeak". Beste beterano batek (ez dakit tropelean sartzen den jaiotza dataz edo argitalpen dataz), Edorta Jimenezek, 36ko Gerrako argazki albumik ederrenetakoa osatu du "Kilkerren hotsak" lanean, baina frankotiratzaileek bestelako lekuetan dute euren begi puntuaren xedea. Durangoko Azokaren urteroko kritikalariak azkazalak jaten ariko dira Atxagaren azkeneko nobela noiz agertuko zain. Eta ez naiz Atxagagatik ari, frankotiratzaileengatik baizik.
Musikarekin ere beste hainbeste gertatzen ez ote den nago. Xabier Montoiak azkeneko diskoa argitaratu zuenean gehiago hitz egin zen Klaudio Landaren aferaz Montoiaren diskoaz baino: Hemen dago tomatea! Horixe da dagoena. Odolez mozorrotzen saiatu arren, hemen dagoen bakarra tomatea baita. Tomatea latan, frijitua eta "consumer" erara, Ketchupa… inpostura. Plastikozko aizto gehiegi airean egiten den eskaintzari erreparatzeko. Gaixoak gu gure gaitza ortodoxian zegoela uste genuenok! Heterodoxiari egunak eta asteak doazkio ustez axolarik ez duten gaietan, Top zerrendetaz eta auzoaren bizio ezkutuetaz berriketan. Eta idazketan. Egunkariren batek argazki eta guzti argitaratzen badu hainbat hobe.
Baina ez dakit nola iritsi naizen Donostiatik heterodoxiara. Errima kontsonante eta asonanteez darabilgun saltsa-maltsagatik izango da. Edo Ruperren azkeneko diskoko esaldi horregatik beharbada: "Iratzarri gogo lokartu hori / argia den mira hadi!". Izan ere, ilunetakoa izan bainaiz ni beti, baina nago, ez ote naizen ari aspaldion gauzak inoiz baino argiago ikusten. Hemen dabilena badabil eta geldi dagoena geldi dago edo bestela banderillero ketchuparen ferian. Olé!