Joanmari Larrarte: «Haiek 10 urteko estrategia diseinatua dute, gu gaurtik biharrera ari gara»


2003ko azaroaren 02an

Euskal Herriaren eraikuntza lan nekeza da. Euskalgintza eremu ahula da, kolokan ari den sektorea. Euskalgintza Madrilgo malefizioren batek joa ote dagoen pentsatu du lipar batez, artikulu honen egileak. Otsailean «Egunkaria» itxi zuten, eta urrian berriz, Martin Ugalde Kultur Parkearen bederatzi enpresen kontuak blokeatu dituzte. «Postariak beti bi aldiz deitzen du» filmaz gogoratu naiz Joanmari Larrarterengana nindoala, gaur egungo malefizio bat bailitzan. Segidan, gure arbasoen beste malefizio bat berritu zait: «Biaren ondotik hirua dator». Ez dakit malefizio hau beteko ote den. Artean, ageriko errealitate bat dugu begien aurrean: Espainiako Estatuaren kolpe judizialek euskalgintzaren enpresa proiektuak ito ditzakete. Kontseiluko Iñaki Lasak, euskalgintzak «Damoklesen ezpata» bere gainean duela aipatu zidan joan den astean. Joanmari Larrarterekin solastatu ondoren ordea, bestelako begizko batek joa atera nintzen Martin Ugalde Kultur Parketik: «Agian, euskararen aurkako erasoek sorrarazten duten nahigabea ondo artikulatzeko gauza bagina ezpata hori bi ahoko arma bihur lekieke Madrildik malefizio eta estrategia diseinatu dutenei».

Bien bitartean, eta abiapuntu bezala, Juan del Olmo epaileak agindutako azken operazioaren inguruan «herritarren errugabetasun printzipioa hautsi eta Zuzenbide Estatuaren errugabetasuna printzipioa nagusitu izana» komentatu diot Joanmari Larrarteri, baita estatuko hedabideek Euskal Herriari buruz informatzean egiten duten estatu apologia ere: «Hedabideak estatuaren laugarren boterea dira, gainontzeko botereek bezala beren funtzioa betetzen dute. Espainiako Estatuan, agi denez, fronte bakoitzak bere zeregina ondo baino hobeto betetzen du. Haatik, errugabetasun printzipioa gure kasuan bakarrik urratua izan dela pentsatuko banu, oker jokatuko nuke. 36 urte ditut eta atxiloketa masikoak ezagutu ditut betidanik. Badirudi gu bakarrik pasa garela ataka honetatik. Gu eraman baino aste batzuk lehenago 40 lagun atxilotu zituzten eta gehienak libre daude».

«Egunkaria»ren itxiera kanpoan zinela bizi zenuen. Bigarren operazio hau, barruan. Alderatuko al zenituzke biak?
Egoera oso diferenteak dira baina puntu komun bat dute, bietan zerbait falta zaizula. Otsailean ez genekien zer gertatzen zen barruan zeudenekin. Gero, ustekabeko latza hartu genuen haietako batzuk torturatuak izan zirela jakitean. Barruan zaudenean berriz, ez dakizu kanpoan zer gertatzen ari den, nola bizitzen ari den egoera. Jakinnahiak bi egoerak lotzen ditu nolabait.

Galdeketetan enpresa hauen finantzaketaz galdetu dizute. Prentsan azaldu duzunaren arabera, Madrilen ez diote antzik ematen proiektu hauen finantzatzeko moduari. Azaldu iezaguzu aspektu hori apur bat gehiago, arren?
Bi teoria daude horren gainean. Bat: ez gaituzte ulertzen. Ez dute ulertzen hemen jende bat ari dela beste enpresetan baino gutxiago kobratzen edota enpresa hauek aurrera ateratzeko jendeak dirua musutruk jartzen duela. Ez dute kultura hori ulertzen. Bi: oso ondo ulertzen gaituzte. Oso ondo ezagutzen gaituzte. Euskal Herria ondo ezagutzen dute. Dirudienez, euskalgintzan ari diren enpresa hauen finantzazioaren aitzakian estrategia bat antolatu dute, Euskal Herritik kanpora begira ondo funtzionatzen ari zaiena. Nik bigarren teoria hau hobesten dut.

Euskalgintzaren aitzakian, Espainiako Estatua asmo politikoez ari da, agian?
Madrilen epe luzerako dinamika bat antolatu ote dutelakoan nago. «Egunkaria» ixtea izugarria iruditu zitzaigun eta bigarren operazio hau berriz ikaragarria. Baina, baliteke operazio hauek ondo diseinatutako estrategia bateko tanta batzuk baino ez izatea. Eta gu tanta horretan murgilduta gauzkate, nolabait esateko. Operazio hauen ondoren mobilizazio handiak egiten ditugu, baina desabantaila bat dugu haiekiko. Beraiek hamar urteko estrategia bat diseinatuta daukate eta gu gaurtik biharrerako lanean ari gara.

Irtenbiderik ikusten al diozu egoera honi?
Zaila da irtenbide bat aurkitzea, baina gauza bat begi-bistakoa da. Eraso etengabea da eta horren ondorioz, denok galdera bat egiten dugu: «Hurrengoa noiz eta nola izango da?» Denok egiten dugun galdera da, bidezkoa eta logikoa. Ordea, galderak «Zer egin behar dugun hurrengoa gerta ez dadin?» izan beharko luke. Hor dago gakoa. Jakina, hori galdetuta ere erantzunik ez dugu, arazoa ez dugu hilabeteko prozesu batean konponduko. Gauza hauek gerta ez daitezen prozesu luze bat landu behar dugu, eta ondorioz, egoera eta giro egoki batera iritsi.
ARGIAko azken azala begiratzen badugu, otsaileko kaleko argazki bera zortzi hilabeteren ondoren errepikatu dela konturatzen gara. Bertan Euskal Herriko sektore ugari ordezkatuta daude, gizarte zabaleko nahiz mundu politikoko sektoreak. Iritzi askotariko jendea biltzen da argazki honetan. Hauek guztiak elkartu baldin badira, ez behin, baizik eta bi aldiz zortzi hilabeteren buruan, horrek Euskal Herriaren oinarrian elkartzen gaituen zerbait badagoela adierazten digu. Oinarri horretatik abiatu behar dugu eta beste eraso bat etor ez dadin estrategia komun bat artikulatu.

Argazkiaren buruan «Gora Euskal Herria euskalduna» lema agertzen da. Nola baloratzen duzu berau?
Oso egokia da. Madrilen egin zizkidaten galdeketetan hauxe esaten zidaten: «Baina Euskal Herrian jende askok ez daki euskaraz!» Eta nik, berriz, hauxe erantzun: «Baina horrek ez du euskaldunak ezin daitezela izan esan nahi». Europako edozein estatu batek milaka eta milaka etorkin jaso ditu, baina horregatik ezin da bertakoak ez direnik esan. Euskal Herria euskalduna izatera prozesu baten barruan iritsi behar dugu eta prozesu horren helmugan hizkuntza bat, bi, hiru edo lau ere hitz egin daitezke. Hemen ez du inork uste Euskal Herrian euskaraz bakarrik biziko garenik, baina, hasteko eta behin, euskaraz bizi nahi dugun jende asko gaude.

Lemak euskalgintzaren helburua adierazten du. Hara iristeko euskalgintzako sektoreen arteko estrategia komun bat artikulatzeko modua ikusten al duzu?
Bai. Euskalgintzatik kanpo ari diren beste sektoreetatik ikasi behar dugu. Metalgintzatik, adibidez. Enpresa lehiakorrak dira haien artean, ez dira gauza guztietan ados, baina metalaren plan estrategikoa denen artean lantzen dute. Enpresa bakoitzak berea egingo du, baina plan estrategikoa elkarrekin adosten dute. Euskalgintzan ere horretara iritsi behar dugu. Euskalgintzan konplexu asko ditugu. Hasteko, daukagun baino indar ahulagoa daukagula uste dugulako. Baina ez gara hain txiki eta ez gara hain gutxi ere. Bestalde, hainbat urtetan bakoitza bere munduan ibili da, harreman handirik izan gabe ondoko munduekin, eta oraindik ez dugu ikasi elkarrekin lanean aritzen. Ahuldade hauek prozesu baten barruan gainditu beharko ditugu, baina ez bi urteko prozesu batean, hamar urteko prozesu bat beharko dugu, agian.

Aipatutako argazkian dauden eragile politikoek nola lagundu dezakete prozesu horretan? Bizi dugun gatazkaren parametro hauetan izan ordez, konfrontazio demokratiko zabalago batean errazago gara al liteke euskalgintza?
Eragile politikoek babesa emanez lagundu dezakete, eta batez ere, elkarrekin lana eginez, eta ez manifestazioetan elkarrekin joaten bakarrik. Beste egoera politiko batean euskalgintzak errazago egingo zuela bere lana? Nik ez dut zalantzarik, ezta inork ere. 1998tik eta 1999ra bitartean beste egoera politiko bat ezagutu genuen, denontzat erosoagoa. Gaur egun beste egoera politiko bat bizi dugu, errazago litzateke bestelako egoera politiko batean aritzea. Artean, zer egin dezakegu? Bada, egoera politiko hori irits dadin lagundu, gizartetik saiatu behar dugu indar eta alderdi politikoek beste bide bat har dezaten, gizartetik beste presio bat eragin behar dugu. Errazena beste egoera politiko batean errazago ariko ginatekeela esatea da. Baina bien bitartean zer? Pentsa dezagun orduan, ea gure zereginak nola lagundu dezakeen beste egoera politiko bat ekartzen. Eta hori ez da euskararen politizazioa egitea. Kendu dezagun hori burutik. Euskalgintzak egiteko handi bat dauka ere zentzu honetan.

«Barruko duda gogoratzen dut oraindik: kartzelara noa edo kanpora?»
Hernanin bizi naiz, baserri batean. Gurasoak beheko solairuan eta ni bigarrenean. Urriaren 16ko 01:30etan, builak eta izu-laborriak esnatu ninduten. Ateak ireki eta lurrean jarri ninduten. Buruan nahaste handia nuela gogoratzen dut. Etxea goitik-behera miatu bitartean sukaldean eduki ninduten, miaketa nahiko txukuna izan zen. Epaitegiko idazkariak autoa eman zidan, baina, ez nuen garbi operazioa zeren kontra zen. Idazkariak eta guardia zibilez jantzitako batek aurpegia agerian zeramaten, kaleko arropaz zeudenek, aldiz, burua kaputxaz estalita.
Martin Ugalde Kultur Parkeko bulegora ekarri ninduten jarraian. Ondoko gela batean ere miatzen ari zirela ohartu nintzen, Mikel Sorozabalen gelan. Beste lankideren bat ere atxilotuta zegokeela pentsatu nuen, baina ez nuen antzeman operazioaren tamaina. Inkomunikatua nengoen, guardia zibilen eskuetan, beldurrak eta ezinak jota. Begiak tapatu zizkidaten, eskuburdinak jarri, autoan sartu eta Madrilera bidean jarri ninduten. Bidean «Egunkaria»ren aurkako operazioaz gogoratu nintzen, lagunek eginiko torturen salaketez.
Ostegun goizeko 01:00etik hurrengo astelehen arratsaldeko 17:00ak arte, Auzitegi Nazionalera eraman arte, ziega batean izan ninduten. Ondoan beste pertsona batzuk nituela sumatzen nuen, baina ezin nituen ikusi. Lehen gauean bi itaunketa pasa nituen, bigarrenean bat eta larunbat arratsaldean lehen aldiz deklaratu nuen ofizioko abokatu batekin guardia zibilen aurrean. Artean, ez nekien gaua edo eguna zen. Forentsearen bisitak laguntzen zidan denboraren jarraipena egiten. Honek tentsioa hartu zidan egunean behin, tentsio altua dudalako.
Goizetan, baso bat esne eta magdalenak hartzen nituen. Bazkari edo afari delakoetan, berriz, txorizozko eta mortadelazko ogitartekoak, fruta eta ura. Bost egunetako ziega aldian argi artifizialarekin egon nintzen, eta handik ateratzean begiak itxiak izatea agintzen zidaten. Ez nintzen behin ere dutxatu. Etxean arropa poltsa bat hartzeko aukera eman zidaten arren, denbora guztian arropa berberaz egon nintzen.
Guardia Zibilaren egoitzatik Auzitegi Nazionalera eraman ninduten. Bakarrik. Artean ez nekien nortzuk ziren beste atxilotuak. Juan Del Olmo epailearen aurrera pasa nintzen. Deklarazioa idatziz jaso ordez, arin egiteko-edo, grabatuko zidatela esan zidan. Lehen galdera «Egunkaria»ren inguruan izan zen, bere egituraz, funtzionamenduaz, nire funtzioez. «Egunkaria»ko aferan atxilotutakoen gaineko zeharkako galdera batzuk ere bai. Baina, batez ere, Martin Ugalde Kultur Parkeari buruzko galderak egin zizkidan. EKTSAko eta «Berria»ren gainean ezer ez. Asteleheneko eguerdi aldean, bi ordu luzeko galdeketaren ondoren, gainontzeko beste atxilotuen deklarazioak ezagutu ondoren, bere erabakia emango zidala esan zidan epaileak. Berriz ziegara. Handik ordu batzuetara berriz, gora. Orduan bildu ginen atxilotutako guztiak lehenengo aldiz.
Denok elkarrekin ginela hasi zen fiskala eskariak egiten. Lau lagunentzako neurri berezirik gabeko askatasuna eta beste bostentzat kartzela eskatu zuen. Inkomunikatua egon nintzen bitartean ezin izan nuen ofizioko abokatuarekin hitz egin. Orduan, lehen aldiz, ofizioko abokatuak ez zegoela arrazoirik kartzelan egoteko esan zuen eta fidantzapean libre ateratzea eskatu zuen. Del Olmo epaileak onartu zuen. Alegazioren bat egiteko aukera eman zigun. Guk, berriz, nahi zuenean etortzeko prest ginela esan genion, ez genuela ihes egiteko arrazoirik, alegia.
Kalean, senideen, lagunen eta lankideen harrera hartu genuen. Hurrengo bi egunetan, omenaldiak. Gaur goizean, berriz lanean hasita, bost egunetan zulo beltz batean egon izanaz ohartu naiz. Barruan egon naizeneko duda gogoratzen dut oraindik: kartzelara noa edo kanpora? Epaileak ateratzeko aukera ematen dizula jabetzen zarenean, sekulako poza hartzen duzu. Beldurretik eta ezintasunetik sekulako babesa jasotzera pasatzen zara. Jendea zure inguruan dagoela ikusten duzu eta horrek indartu egiten zaitu. Atxilotuta egon naizen bitartean ez dut ezer txarrik egin izanaren ustea, baina bost egunetan, egiten duzun guztia txarra dela entzun behar duzu, manipulatua zaudela, erabili egiten zaituztela. Ez duzu zalantzarik egiten ari zarenaz, baina, bat-batean, zure mundura itzultzean indartu egiten zara. Animoa hartzen duzu eta aurrera.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude