Mixel Bidegain: «Mespretxuak irauten badu, Baterak beste molde bateko ekintzetara pasa beharko du»

  • Batera plataformako Mixel Bidegain kidearekin mintzatu gara. IUT unibertsitateko irakasle honek Ipar Euskal Herriko unibertsitatea lortzea du xede behinena, gainontzeko aldarrikapenekin batera: euskararen ofizialtasuna, laborantza ganbera eta departamendua. Bere ustez, larunbat honetan Baionan izanen den manifestazioak ziklo berri bat ekarriko du, edo behinik behin, gizarte mugimenduan aldaketa bat. Aurtengo otsailaren 1ean, Baterak Baionan burutu zuen manifestazioa ziklo baten hasiera izan zela esan zenuen prentsan. Urriaren 11ko manifestazioaren atarian, zer balantze egiten duzu Baterak eginiko bideaz?

2003ko urriaren 12an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Urriak 11ko manifestazioa ziklo baten bukaera da, baina zikloa ez zen otsailaren 1eko manifestazio hartan hasi. Prentsan agertu zen hori gaizki ulertze bat izan zen. Niretzat ziklo hau duela 20 urte hasi zen, nahiz orduan Batera ez zegoen. Baterak lau eremu horietako eskaerak elkartzeak mobilizatzeko beste garai bat ekarri zuen. 1999ko urriaren 9ko data mugarri bat izan zen eta otsailaren 1ekoa beste bat.
Baterak eginiko bideaz ondorio bat atera dugu: honezkero ez du balio sei hilabetetan behin manifestazio handi bat egiteak. Manifestazioek soilik ez dute emaitzarik ekarriko. Beraz, Baterako xedea larunbateko manifestazioa azkena izatea da. Ziklo baten bukaeran gaude, manifestazio honek ikaragarrizko garrantzia dauka eta orain arteko mespretxuak edota trufak irauten badu, Baterak beste molde bateko ekintzetara pasa beharko du. Anartean, ordea, manifestazioaren ondoren Parisek zer erantzunen duen ikusi nahi dugu. Mobilizazioa bera gakoa izanen da eta jendea mobilizatzen bada zerbait izanen da. Zer? Ikusiko dugu. Suprefetak Frantziako Gobernua manifestazioaren aiduru dela erran du.

«Urriaren 9a» delakoa egungo mugimenduaren abiapuntutzat jo izan da. Zer aldatu da ordutik hona?
«Urriaren 9a» delakoa ekimen katalizatzaile bat izan zen. Abertzale mundutik at dagoen mundu bat karrikara atera zen, hautetsiak barne. Ordura arte, hautetsiak ez ziren molde horretara behin ere plazaratuak izan. Garrantzi handiko egun bat izan zen, indar asko eta ezberdinak elkarganatu ziren. Gure galdeak ez zirela soilik mundu abertzale txiki eta mugatuaren eskakizunak ikusi zen, haren ondorioz sortu zen Batera.

Nola daude Baterako barne harremanak, abertzale eta ez abertzale direnen artean konkretuki?
Otsailaren 1eko azken manifestazioaz geroztik, abertzale ez den beste mundu hori gibelka ari dela uste dut. Hautetsi handiek -Parisen diputatuak direnak, bereziki- desinformazio lan handia egin dute. Jean Pierre Raffarinen gobernuaren ezetzaren aitzinean etsipen gisako bat zabaldu nahi izan dute. Ez duela engoitik balio bide honetatik jarraitzeak edota bide honetatik ez dela deus etorriko sinestarazi nahi izan diote gizarteari.

Hautetsi handiek amore eman dute nolabait, baina Kontseilu Nagusiko zortzi hautetsik Sarkozyk Korsikarentzat erabili duen formula eskatu dute Iparraldearentzat; Jakes Abeberri tarteko. Nola baloratzen duzu hautetsi hauen jokamoldea?
Hautetsi hauek Korsikako eredua aipatu dute. Hots, kontseilu bat eratzea eskatu dute. Bi ataletan banatua, bat Baionan eta beste bat Pauen. Abeberri horien artean dago, Intxausperen gibeletik joana, naski. Niri, zorigaitzez, eskaera hori astakeria iruditu zait. Hemen inork ez du deus eskatu, hemengo hautetsi handiek ere ez dute ezer galdetu, kontra daudelako. Finean, eskaera horrek ez du ondoriorik ukan.

Testuinguru honetan, Garapen Kontseiluko zuzendaritzako 13 kidek «aitzinamendu zehatzak» eskatu dituzte Batera-ren lau aldarrikapenen inguruan. Erantzunik ukan ez dutenez greba burutzen ari dira. Zer iritzi duzu horri buruz?
Garapen Kontseiluko kide hauek zuzen eta argiki jokatu dute, ez dute bat-batean horrela jokatu. Aitzinamendurik izan ezean kontseilua utziko zutela iragarri zuten urte hasieran, quoruma baldintzatzeko. Ez da ustekaberik izan. Dossier batzuetan aitzinatu da, AEKren txostenean, adibidez. Baina, beste batzuetan blokeo handia dago. Kide hauek zinez lan baliagarria egin dute Garapen Kontseiluan, baina funtsezko eskakizunei arraposturik ez diotela eman ikusirik, beren desadostasuna jakinarazi dute grebaren bidez.

Garapen Kontseiluko Beñat Darretxe lehendakariak eta Frantxua Maitiak ez dute erabakia ulertu. Kexu daude, nolabait. Zer deritzozu?
Darretxek zer erran zezakeen? Herritarrei eta gobernuari begira zer besterik erran dezake? Betiko hitzak: «Garapen Kontseilua Frantzian dagoen esperientzia bakarra da, egitura berritzailea da, biziki laudoztua. Parisen denak guri so dira». Hauek, kontseiluko ordezkariek laudorio horiekin nahiko izanen zuketela uste zuten. Baina ez. Frantxua Maitiaren haserrea eta ezin ulertua ere normala da. ELBko, unibertsitateko edota beste eremuetako ordezkariak eta eragile onenak joaten badira kontseilutik, Maitiak badaki oso zaila izanen dela esparru dinamiko horietarako ordezkari berriak aurkitzea.

Larunbat honetako manifestazioaren ondoren, prozesu berri bat ireki liteke edo egungo egoera segituko al da?
Egungo egoera edo statu quo segitzea ezinezkoa da, gure hizkuntza hiltzeko egoeran baikara. Ofizialtasunik eta babesik gabe euskarak ez du gerorik. Euskarak 15.000 hiztun galdu ditu azken hamar urteetan. Horrela jarraitzen badu, Iparraldea euskararen basamortua izanen da. Zer egin behar dugu, egonean gelditu? Gure hizkuntza «Goian Bego» erran? Ez. Neke bada neke, zaila bada zail, zerbait eginen dugu. Nik ez dut bereziki departamendua galdatzen. Departamendua euskaldunon eremuaren ezagupena litzateke, horregatik galde egiten dugu, baina, ez badugu gure instituzioen eta gure eskubideen onarpena lortzen, ez dugu deus handirik lortuko.

«Merezi ditugun hautetsiak ditugu»

Bateraren aldarrikapenak lortzeko, hautetsi handiek (diputatuak) jokatzen duten rola baitezpadakoa da. Zer iritzi duzu hautetsi handiei buruz?
François Bayrou departamenduko kontseilari nagusia zelarik, hemengo hautetsiak gizon horren menpeko edo eraginpean zirela pentsatu nuen luzez. Baina oker nengoen. Ez dut gehiago horrela denik uste. Bayrou joan zen eta hautetsi nagusien jarrerek berdin segitzen dute. Badago zerbait sakonagoa. Kulturalki, horiek denak -Michelle Alliot-Marie, Jean Grenet, Alain Lamassoure, Nicole Pery eta abar- jakobinista dira, zentralistak. Politiko hauentzat Frantziako lurraldearen batasuna eta Frantziaren iraunkortasuna eta egonkortasuna ezin hautsizkoak dira. Prest daude Frantziako menpe diren uharteei independentzia emateko, baina Frantziari fisikoki lotuak diren lurraldeei ez diete deus eman nahi. Are gehiago, Iparraldearen kasuan ez da Hegoaldeari beldurra diotelako. Frantses espiritua da nagusitzen dena. Alabaina, nik ez diet hautetsi hauei espiritu honen eragile bakarrak izatea aurpegiratzen, ez ditut hautetsiak gaitzesten hautesleak baizik. Merezi ditugun hautetsiak ditugu. Haatik, hautetsi hauek funtzionalista eta oportunistak dira, hau da, hautesleen gehiengoa aldatzen bada, honen alde izanen dira. Beraz, guri dagokigu, Batera-ri dagokio -edo edozein gizarte mugimenduri- gure eskakizunek etorkizun hobeago bat ekarriko dutela gizartea konbentzitzeaz.

Inkestek diotenez, hautesleen gehiengoa departamenduaren alde dago.
Baiki. Baina ni zalantzan nago hori horrela denentz. Jendeak hauteskundeetan nola bozkatzen duen ikusirik, kontraesan bat dago. Adibidez, Donibane Lohizuneko hautesleen gehiengoa departamenduaren alde dago eta Michelle Alliot-Marieri boza ematen dio, hau departamenduaren arras aurkakoa delarik. Orduan kontraesan hori aztertu eta gainditu behar dugu. Hori aldatzen bada aldatuko da gure egoera. Bestela nekez.


Azkenak
Hegazkinez bidaiatzea trenez baino 26 aldiz merkeago izan daiteke Europan

Europa barruan hegaldiak hartzea trenez bidaiatzea baino 26 aldiz merkeagoa izan daiteke, 31 herrialdetako 142 ibilbidetan oinarritutako Greenpeaceren ikerketa baten arabera. Hegaldien zerga pribilegioei egotzi die desparekotasuna, eta trenbidea merketzeko neurriak eskatu ditu.


Belfasteko Kneecap musika taldea jo-puntuan: epaiketak, zentsura, jazarpena...

Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurkako mezuak adierazteagatik mota askotako errepresioa jasan du Irlandako Kneecap musika taldeak: Liam Óg Ó hAnnaidh kidea asteazkenean epaitu zuten, Londresen emandako kontzertu batean Hezbollah miliziaren bandera... [+]


Gutxieneko soldata propioaren alde 138.495 sinadura lortu dituzte sindikatuek

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek aurkeztu dituzte Herri Ekimen Legegilearen sinadurak Eusko Legebiltzarrean. Orain pilota alderdien teilatuan dagoela esan dute, eta herritarren borondatea kontuan izatea eskatu diete.


Gazako genozidioan hildakoen %83 zibilak dira, Israelgo armadaren datuen arabera

Israelgo armadaren barne agiri batean agertzen diren datuek diote Gazan hil dituzten sei palestinarretatik bost zibilak direla, azken hamarkadetan aurrekaririk ez duen sarraskia izanik. Israelgo zerbitzu sekretuek maiatzean zioten armadak Hamaseko eta Jihad Islamikoko 8.900... [+]


Sexu erasoak “kopuruz eta intentsitatez handitu” dira Bilboko Aste Nagusian

Bilboko Konpartsek elkarretaratze jendetsua egin dute Arriaga Antzokiren aurrean azken egunetako eraso sexisten aurka egiteko. Konpartsek adierazi duten arabera, erasoak kopuruz eta intentsitatez handitu dira. Aste Nagusiaz gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak, eta... [+]


Kartzelan jaioa eta Israelek eraila adin nagusitasunera iritsi aurretik: Youssef Al-Zuqen historia

Youssef Al-Zuq munduko preso gazteena izandakoaren bizitza Gazako zigor zikloaren ikur da. Al-Zug 2008an jaio zen kartzelan, ama atxilotu eta epaiketarik gabe espetxeratu ondoren. Uztailaren 12an hil zuten Israelen bonbardaketa batean.


Oporrak ere gaixotasun?

Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]


Txikiren eta Otaegiren mural bati eraso egin diote Durangon

Durangoko Ernaik salatu du Txiki eta Otaegiren muralaren kontrako erasoa. Ostegun arratsaldean murala berregiteko dei egin dute.


Nazien kontzentrazio esparruetan palestinar zapia ezin dela jantzi ebatzi du Alemaniako epaitegi batek

Turingia estatuko Auzitegi Gorenak ebatzi du Buchenwald konzentrazio esparruko memorialak eskubidea duela kufija daraman edonori sarbidea ukatzeko, "judutar ugariren segurtasuna" arriskuan jarri baitezake.


AEBek beltzez margotu dute Mexikoko mugaren hesia haren tenperatura igo eta migratzaileak pasatzea saihesteko

Mexikoko mugako hesia beltzez margotu du AEBetako Gobernuak. Lehenengo brotxakadak ematera bertaratu da Segurtasun Nazionaleko idazkaria bera, Kristi Noem. Neurri horren bidez, hesiaren tenperatura igo nahi dute, eta horrela migratzaileen pasabidea zailtzeko.


Ibai Iturria Garmendia, mendi gidaria
“Jende asko ez da modu egokian joaten mendira, kezkagarria da”

Garmendi mendi gidaritza zerbitzuaren bitartez zeharkaldi eta ateraldiak antolatzen ditu Ibai Iturriak. Argitara eman diren datuekin kezkatuta, mendian "kontzientziaz eta arduraz" jokatzearen beharra azpimarratu du.


2025-08-21 | Gedar
Zumaiako Bedua jatetxeko esplotazioaren testigantza gehiago bildu dituzte

Ez kobratzea, nagusiaren senideen etxeak garbitu behar izatea, lantokian lo egin behar izatea, irainak... Luxuzko jatetxeko esklabotza-baldintzen lekukotzak argitara ateratzen jarraitzen dute Urola Kostan.


Israelek Gaza hiria okupatzeari ekin dio, Hamasek azken su-eten proposamena onartuta ere

Erakunde palestinarrak astelehenean jakinarazi zuen ohar batean Egiptoko eta Qatarreko bitartekariek proposatutako su-eten akordioa ontzat jo duela. Israelgo armadak, ordea, dagoeneko inguratuta dauka Gaza hiria, eta han dauden palestinarrei urriaren 7ra arteko epea eman die... [+]


Eguneraketa berriak daude