Ibarretxe Plana eta alderdien ezintasuna

Juan Jose Ibarretxe lehendakariak herri normalkuntza bideratzeko egitura politiko berri baten oinarriko proposamenak ez du sorpresarik ekarri, baina, alderdietako buruzagi batek baino gehiagok aitortu duen moduan, denbora politiko berri baten aurrean gaude. Alde batetik, EAEko Legebiltzarra osatzen duten alderdien gehiengoak Gernikako Autonomia Estatutua etorkizuneko tresna moduan bukatutzat eman dutelako, eta bestalde, Euskal Herriaren eta EAEaren normalkuntza eta bake-bideratzea lortzeko helburuarekin prozesu politiko ezberdin bat ireki delako. Alderdi politikoek osaturiko mapak ez du zerikusirik ez Ajuria Eneko Itunarekin ezta Lizarra-Garaziko Akordioarekin ere. Gizartean ere, maiatzaren 13az geroztik, erdigune berri bat nagusitzen da, aipaturiko eszenatoki politikoaren adierazle.

- Proposamenaren nondik norakoak eta eztabaidaren zailtasunak. Ajuria Eneko hitzarmenak ETAren biolentzia onartzen ez zuten guztiak bildu zituen. Baina, ETAren biolentziaren auzia konpontzeko ETA gainditzen duten arazoei ere aurre egiteko adostasunik ez zegoen. Lizarrako hitzarmenak ez abertzaleak kanpo utzi zituen eta ETAk bere burua prozesuaren zaintzaile egiteak epealdi jakin batekin amaitu zuen. Ibarretxek aurreko esperientziak aztertuta hirugarren egitasmo bat aurkeztu du hiru oinarrirekin: euskal gizartearen erabakimena, abertzale eta ez abertzaleek lekua izango luketen Espainiarekin adostutako egitura politikoa eta jokabide demokratikoa ariketa politikoan. Maiatzaren 13ko erdiguneari forma politikoa ematea ez da batere erraza. Lehendakariak iniziatiba hartuz gainontzeko guztien mugimendua sortu nahi luke bi modutan: legebiltzarreko alderdien arteko eztabaida politikoaren bidez eta, gizarte zibilaren eta antolatuaren lidergoa bitarteko, eszenatoki politikoan aldaketa eraginez.

Eztabaidak ingurune konplexua du oinarrian: Espainiako hauteskundeak, ETAren biolentzia, alderdi politikoen jarrerak... Lehendakariak estrategia politiko bat baino gehiago jarri beharko du martxan. Gizarteari begira eta alderdiei begira. Sukaldeko lanean, legebiltzarra osatzen duten muturreko jarreretan dauden alderdiekiko komunikazioa irekitzea beharrezkoa da eta, bigarrenik, gizarte zibila eta antolatua dinamika geldiezin honetan sartzeko egitasmoak gauzatu behar dira. Ez da egun batetik bestera egin daitekeen lana. Alderdien arteko komunikazioak elkarrizketarako jarrera baikorraz gain, elkarrizketa edukietan ere, aldaketak eskatzen ditu eta gizarteak prozesu hau bereganatzeak ere orain arte izan ez duen gaitasun bat eskuratzea behartuko du Lehendakariak. Euskal gizarteak sentitu eta barneratu egin behar du Lehendakariaren konpromiso etiko eta politikoaren gurpila geroz eta handiagoa, gorpuztuagoa eta eraginkorragoa dela, indarra eta nagusitasun funtzionala hartu dezan.

Legebiltzarreko eztabaidan gizarte politikoan dauden zailtasunak berehala jarri ziren agerian. Proposamenak legebiltzarraren gehiengoa bereganatzea zaila du. Baldintza hauetan, hirukoaren eta Batasunaren arteko hitzarmena ez da batere erraza. Biolentzia tartean dagoelako eta Lehendakariak Lizarra antzeko prozesu baten arrakastan sinesten ez duelako. Prozesuaren amaierak Espainiako estatuaren adostasuna ere eskatzen du eta hori, ekimen soberanistaren bidez zaila da. Ikuspegi honek EAko eta EAJko sektore garrantzizkoekiko adostasuna krisian sartzen du baita ere. Lehenengo krisia beraz etxean bertan egon daiteke. Alderdi konstituzionalistetan berriz, PPk eta PSOEk Espainiako hauteskundeen joko zelaian, garbi adierazi dute beraien jarrera: Konstituziotik kanpo ezertxo ere ez.

Alderdi konstituzionalistek Konstituzioaren subiranotasun osoarekin apurtzeko prest ez dauden moduan alderdi abertzaleetan gauzak zerbait nahasiago daude. Lehendakariak, ez zailtasunik gabe, gobernuko alderdiak beren helburuak momentuz alde batera uzteko prest agertzea posible egin du, baina hortik lortu nahi diren helburuak lortzeko alderdi guztiak prozesu berean integratzea distantzia handiegia dago. Ibarretxek EAEko erabakimena euskal gizartean kokatu du eta ez herrian. Espainiarekin adostasunera iritsi nahi luke. Alderdiekin baino gizartearekin konfiantza gehiago izanda, gizartea trakzio lanetara jartzea ez du lortu ordea. Eztabaida honetan politikaren krisi garrantzitsua jarri da agerian: gizartera iritsi eta mugimendua sortzeko ezintasuna eta, pluraltasun egoeran, alderdi politikoek hitzaldiaren eta praktika politikoaren planoan oinarriko adostasunetara iristeko dituzten gaitasun exkaxak. Bakoitzak bere erara ulertzen du demokrazia eta kasik gehienetan baldintzaz jositako negoziazio zakua eskaintzen dio aurkakoari.

- Eszenatoki politikoaren krisiak eta erronkak. Egoera honek alde guztietan uzten ditu galdera ikurrak. Arnaldo Otegirentzat eta ezker abertzalearentzat prozesua Euskal Herri osoan jarri behar da martxan. Ez soilik EAEn. Ezker abertzalea gainontzeko alderdi abertzaleetara zuzendu da tira eginez; bereziki, EAJra. Baina, eremu politiko hau ordezkatzen duten arduradunek jakin beharko dute eszenatoki berri baten aldeko apustu abertzale bateratuak EAJ Lizarra aldera eramateko esfortzuaz gain beste zerbait ere eskatzen duela: ezker abertzalearen eraldaketa sakona. Eraldaketa hori sistema barruan aktore politiko sendo bilakatzeko premiara loturik dago. Konstituzionalistak berriz, Espainiar estatuko nazio aniztasunari baliozko erantzun iraunkor bat emateko geroz eta gaitasun gutxiago erakusten ari dira. Konstituzioa geroz eta nazio bakarrekoagoa bihurtzen ari dira. Eta, Lehendakariaren proposamenak abertzaletasun klasikoaren eremuan ere eztabaida bat baino gehiago jarri du martxan. Alderdi abertzaleen oinarrien mapa dantzan jarri du, bere proposamenak ez baitu hitz egiten Euskal Herriaren subiranotasun bakarrean oinarritutako proposamenaz, euskal gizarteaz hitz egiten du. Behartu egin ditu alderdi abertzaleak, maila batean, beren asmoak berrantolatzera epe batetara behintzat. EAJk ere hurrengo urteetan jarraitu beharreko bidea erabaki beharko du. Josu Jon Imazen eta Joseba Egibarren artean bada ezberdintasunik. Alderdi guztiek beraz, esfortzu bat egin beharko dute egoera honi irtenbidea topatzeko: «demokraziaren» inguruko benetako eduki guztietan adostasun batera iritsi beharko dute, etika politikoaren eta egitura politikoaren eraikuntzan jarraitu beharreko prozeduren inguruan. Gainontzean zereginik ez dago. Gizartea mugitu daiteke, bere egin ditzake proposamenaren oinarriak baina ordezkari politikoak dira azkenean gizartearen adostasuna adostasun politikoan bilakatu beharko dutenak.


ASTEKARIA
2003ko urriaren 12a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Nola landu desirak, aniztasun sexuala edota identitatea 12-18 urteko ikasleekin?

Gorputzak, identitateak, desirak, justizia soziala, ahalduntzea eta memoria: sei arlo horien bueltako unitate didaktikoak kaleratu dituzte, DBH eta Batxilergoko ikasleekin lantzeko. LGBT+ pertsonen testigantzak, diskriminazioa eta aldarrikapenak oinarri, “armairuan... [+]


2024-04-29 | ARGIA
Aldatu Gidoia-k euskara ez zokoratzea eskatuko dio Eusko Jaurlaritzari maiatzaren 18ko protestan

Maiatzaren 18an, Gasteizen, egingo da mobilizazioa Aldatu gidoia euskararen alde lelopean. Kanpainan parte hartzen ari diren eragileek Eusko Jaurlaritzari eskatu diote euskararen aldeko politikak ezartzeko ikus-entzunezkoetan, eta EITBn beharrezko baliabideak jar ditzala... [+]


Pedro Sánchezek karguan jarraituko du

"Joko garbia" eskatu du Espainiako Gobernuko presidenteak, eta "hausnartzeko" deia egin: "Munduari erakutsiko diogu nola defendatzen den demokrazia". Ulertzera eman du "indartsuago" itzuliko dela.


2024-04-29 | Sustatu
Makusi jaio da, EITBren haur eta gaztetxoentzako plataforma

Donostiako Kursaal aretoan egindako ekitaldi batean aurkeztu du EITBk ostiralean Makusi, haur eta gaztetxoentzako euskarazko plataforma. Makusi.eus webgunean ikusgai dago jada, eta app ere ere eskuragarri dago. Doako haurrentzako euskarazko lehen plataforma... [+]


Eguneraketa berriak daude