Goizean behin


2003ko irailaren 21ean
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu
Bost urte egin nituen Euskadi Irratian lanean, irratia sortu berritan, 1983an hasi eta 1988ra arte. Orain, hogei urte gehiago bizkarrean, bizpahiru lanbide probatu eta hamaika eskarmentu hartu izanak ematen duen urrutiramendutik, esan dezaket ez dudala batere damu irratian jardun izana, eta are gutxiago irratia garaiz utzi izana. Probatu orduko maiteminduta, maiteminduek ohi duten moduan jardun nuen nik irratian: herio batean, hezur muinetarainoko inplikazioaz. Eta horrela jarduteak badu alde txar nabarmen bat: ez daitekeela luzaroan horrela jardun, eta, beraz, entusiasmoa, ezinbesteko osagarria bada ere, ez daitekeela izan irratigintza normaldu baten oinarri bakarra.

Euskarazko irratigintza normalduaren aurre-historia zen gurea, eta guregatik izan balitz, apenas inoiz iritsiko zen normaltzera. Zorionez, berehala sartu zen irratian normalizaziorako urrats hori egingo zuen gazte jendea, larunbat goizetan aurrena, eta berehala goizero. Gurearen pareko edo areagoko entusiasmoari metodoa erantsi zioten gazteok, talde-lana oinarri zutela.

Eta halaxe, goizean behin eta berriz mailari eutsiz, euskarazko irratigintza normaldua atera zuten patrika-zulotik uhinen plazara. Euskarazko komunikabideen historian toki gorena merezi du, beraz, dudarik gabe, "Goizean behin" magazina sortu eta hamabost urtez eutsi dion lan-taldeak. Eta seguru nago merezi duen hori aitortu ere aitortuko zaiola goiz edo noiz, nahiz merezi baino isilagoko amaiera izan duen.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...