Ezpalak


2003ko irailaren 14an

«Euskonews & Media»k bost urte

Badira bost urte «Euskonews & Media» kultura aldizkari elektronikoa sortu zela. Hain zuzen ere, irailaren 8an izan zuen urtebetetzea Eusko Ikaskuntzako agerkariak. Ospatzeko hainbat ekitaldi prestatu dituzte irailaren 11rako Miramar Jauregian. Besteak beste, Jose Mari Velez de Mendizabal Eusko Ikaskuntzako gerenteak bost urte hauetako garapenaren erradiografia egingo du eta Yahoo Europako zuzendari eta Eusko Ikaskuntzako Euskomedia Fundazioko kide den Javier Etxebestek Interneten aldizkari eta egunkariek duten etorkizunaz mintzatuko da. Horrez gain, Arantza Cuesta Euskomedia Fundazioko kudeatzaileak hemendik aurrera aldizkarian egingo diren berrikuntzak aurkeztuko ditu. Izan ere, irailaren 11ko aletik aurrera aldizkariaren edozein aletako informazioan modu errazago batean sartu ahal izango da irakurlea. Orain artean, «Euskonews & Media»k 250 elkarrizketa eta 2.300 artikulu argitaratu ditu. Eta 6.000 harpidedun, 25.000 irakurle astero eta zazpi milioi sarrera izan ditu azken ehun zenbakietan.


Bideoa eta errealitatea

Gero eta gehiago erabiltzen da bideoa errealitatea grabatzeko. Hain zuzen ere, jende xumearen espiritura heltzea eta norbanakoak, taldeak, belaunaldiak, giroak eta aurpegiak ikusgai jartzea da Donostiako Arte Ekinbideak eta Artelekuk irailean hasi eta azarora arte antolatu duten «Kanpoaldearen zinema: erretratuaren espiritua» proiektuaren helburua. Bideosormenari eskainitako ekimena da honakoa. Horretarako mundu osoko artistek eginiko bideoak ikusi ahal izango dira Donostiako Arrasate kaleko Kutxa aretoan. Ekitaldietan artisten bideoak ikusteaz gain, egileak euren lanaz mintzatuko dira.


Sei euskal talde Tarregako Ferian

Nazioarteko konpainien eta programatzaileen topagune garrantzitsu bihurtu da Tarregako (Lleida) Antzerki Feria azken 23 urteetan. Dagoeneko burutzen ari da aurtengo edizioa eta, urtero legez, bertan dira euskal taldeak. Aretoetan izango dira Ados, Markeliñe eta Kukai-Tanttakaren lanak. Trapu Zaharra eta Deabru Beltza taldeek, berriz, kalean antzeztuko dute. Eta Hortzmuga antzerki taldeak, herriko plazako kioskoa izango du ez ohiko orkestra emanaldia eskaintzeko.


Dimisioa San Telmoko krisian

. .

Noraezean egin du denbora luzea Donostiako San Telmo Museoak. Politikoen arteko desadostasunak eta hirian sortu diren beste guneek bertan behera utzi dituzte aretoaren proiektuak. Euskal Kulturaren Museoa bilakatzea hitzartu zen 1994an; 2001ean Donostiarako museo izatea proposatu zen; eta 2002an Donostiako Arte Ederretako museoa, Etnografia eta Arkeologia gunea bihurtzea pentsatu zen. Aurrerapausorik gabe, Rafael Zulaika hamar urteotan Museoko zuzendari izan denaren dimisioa etorri da. Jakin berri dugu Manu Narvaezek hartuko duela bere lekua. Narvaez Donostia Kulturako arduraduna eta Kultur eta Turismo Ekintzetxeko zuzendari izana da.


Aldaketei aurre

Aldaketa handiak izan dira azken urteetan arte eszenikoetan. Egun, kudeaketa eredu ezberdinak daude, aurrekontuen arteko aldeak, programazio modu ezberdinak... Garapenari erantzuteko Titulartasun Publikoko Espainiako Antzokien, Auditorioen eta Zirkuituen Sareak, Bilboko Udalak, eta Bizkaiko Foru Aldundiak sinatutako hitzarmenaren bidez, datozen hiru urteetan, Arte Eszenikoen Nazioarteko Foroa burutuko da Bilbon. Programatzaileak, politikariak, enpresak, konpainiak, eskolak... bilduko dira azaroaren 18tik 21era egingo den lehen Foroan. Biltzarra, erakustazoka eta antzezpenak egingo dira. Eta aurtengoan bi gai aztertuko dira Biltzarrean: Antzerkiko Plan Orokorra eta Publikoarekiko harremana.


Berriz gertatu da.

Oraingoan Fermin Muguruzari egokitu zaio. Musikari euskalduna Manu Chaorekin batera ari zen bira bat egiten. Baina Terrorismoaren Biktimen Aldeko Elkarteak Muguruzak «Euskal Herriari buruzko ideia nahiko erradikalak dituela» eta «Batasunako kide deklaratua» dela adierazi zuen eta ondorioz, bertan behera geratu dira bai Malagako bai Murtziako kontzertuak. Antolatzaileek Chaori kontzertuak bakarka eman zitzan eskatu zioten. Ezezkoa ematean, bertan behera geratu ziren kontzertuak.


Bertsolari asko, gazteak eta banaka.

Horiek dira irailaren 26an hasi eta abenduaren 14an amaituko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren ezaugarri nagusiak. 70 bat bertsolarik eman du izena eta hauen batez besteko adina 25 urtekoa da. Aurreko ekitaldian ez bezala banakako saioak egingo dituzte. Bi fase izango ditu. Eskualdeka jokatuko da lehena. Final laurdenak eta final erdiak egingo dira gero. Finala Irunen izango da.


CDtan kanona.

Hemendik aurrrera %35 gehiago balioko dute cd birjinek, Espainiako Autoreen Elkartearen (SGAE) eta informatikako materiala egiten dutenen arteko akordioaren ondorioz. Pirateriaren arazoari aurre egiteko neurria dela diote hauek. Kontsumitzaileen elkarteak eta ingeniarienak ordea kexatu egin dira, cd-etan musikaz gain, beste material asko grabatzen baita.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude