Unai Iturriaga: "Plazan ez naiz ni izaten saiatzen, ni naiz"

  • »Iturriaga, iturria da» bota zuen Jon Sarasuak Bertso Egun batean Unai aurkezteko. Ubidez kanpotik datorrena da, inondik ere, bere ura: inoren burutan kabitzen ez den ideia jenialarekin harritzen gaitu noiznahi. Komikietako hizkera, eta baita !*%# ikurrak ere bertsotan jartzeko gai da. Bizkaieraz errimatzen ikasi zuen bere garaian. Gaiak eskatzen dion pertsonaiaren larruan sartu, eta karikatura bihurtzen da. Eta patilatik patilarainoko irribarrea, algara, ezpain hautsia... alegia, klase guztietako umorea eragiten du. Baita oilo azal beltzena ere. Gaxte garaiko zorion bete perfektu horren ondorengo Unaiekin egin dugu topo. Plazari bueltaka aritu den artean bizitzak eman dituen bueltak kontatu dizkigu.
Umetatik eragin diozu buruari?
Umetan bi urte egon nintzen ibili barik, "Pertes" izeneko gaixotasun bategatik. Ohean egiten nuen denbora asko hankak pisuari lotuta. Ikasturte bat galdu nuen eta etxean amak erakutsi zidan irakurtzen. «Teo»ren kolekzio guztia, «Asterix», «Kilikili», «Ipurbeltz» eta horrek komiki denak, goitik behera eta behetik gora irakurtzen nituen. Egun osoa bete behar zen, amak lagunduta asko, baina beste pila bat buru gaineko pilota neure erara lantzen.

Lopategiren ikasle izan zinen. Zertan da berezia Lopategiren eskola?
Lehenengotako eskola bat izan zen, bertsozaletasun asko ez zegoen tokitik bertsolariak atera zituena. Bera oso bizkorra izan zen, eta bazekien bi-hiru bertsolariren bila bakarrik joatea alferrik zela. Bertsolaritza harrotzeko garrantzitsuena inguru bat sortzea zela, giro bat, lagun arte bat. Horretan asmatu zuen. Eta gainera pixka bat burua erakusten hasi ginenok trebatzen oso ona izan zen.
Oso garbi zeukan rodajea zelan egin behar zen. 13-14 urterekin hasi eta 18 urtera arte asteazkenero kantatzen genuen edozein eskolatan, edozein adineko umeentzat... 17 urterekin plaza dezente egiten nenbilen kanpoko zirkuituan. Biak konbinatzen genituen.

12 urte daramatzazu plazan. Zer ikasi duzu? Zertan aldatu zara?
12 urtetan bilakaera bat egon da. Memento onekin eta txarrekin. Plazan asko ikasten da. Ikasten da bertsotan, eta ikasten da pertsona moduan. Ikasten duzu zure burua ezagutzen, zeintzuk diren zure mugak. Eta baita ere jendeagaz tratatzen, jende artean egoten. Euskal Herriko festa mapa be bai, santorala...
Jendaurreko alderdia eta pertsonala, denborarekin gehiago bereizten ikasten da. Hasieran ez genuen ondo bereizten, dena zen pertsonala.

Orain zergatik bereizten duzue pertsonala eta plazakoa?
16-17 urtegaz, ni joaten nintzen deitzen zidaten edozein lekutara, oso pozik, eta saioak besteko garrantzia zeukan han parrandan geratzeak, edo hango lagunekin egoteak, edo herri hori ezagutzeak... dena zaku berean sartzen zen, dena zen abentura bat. Orain abentura maila hori txikitxoagoa da. Nahiz eta oraindino Euskal Herriak mila sekretu eduki, batzuk ikasi egiten dira, eta ez du hainbeste erakartzen. Herri batera zoazenean bertsolaritza gehiago mugatzen hasten da bertsotara. Zure burua gehiago ikusten duzu bertsolari moduan, eta jada ardura dizuna bertsotan ondo egitea da. Gero eta kontzienteago gara lehen inertziaz egiten genuena "ogibide" bat dela, eta serio hartzen dugu.

Plazan zure mugak ezagutu omen dituzu. Zer mugez ari zara?
Konturatzen zarenetik bertsolari zarela, badaukazu ardura publikoari maila horretan erantzuteko. Pasatzen dituzu garai batzuk nahiko txarrak, eta bestetan hobe sentitzen zara eta gehiago arriskatzen duzu... Bertsotarako gaitasun mailaz kontzienteago zara. 18 urterekin honek burutapenak ez nituen, zorionez. Pozten naiz garai hartan gogoeta gutxi eta ekintza asko eduki izanaz. Askoz burukomin gutxiago edukitzen zen, bizipoz gehiago... Sasoi hori zoragarria izan zen.
Gaur egun iruditzen zait tente batek 18-19 urterekin lar gogoeta duela horren gainean.

Orain zuek zarete erreferentzia. Hortik gora zer dago?
Txapelketan hainbeste berba egin zen... Belaunaldi aldaketa hori esan daiteke plazan neurri batean eman dela. Has i ginenean, gure erreferentziak ziran, batez be, Egaña eta Sarasua. Jarraitzen dute izaten, eta apurka zabaltzen joan da nire eremua eta hasi naiz beste bertsolari batzuk eta beste bertsokera batzuk be estimatzen. Niri kostatzen zait sinesten euren ondoan gaudela. Onartzen dut nire papera, baina beti dut goragoko erreferentzia bat.
Orain borroka bakarkakoa da gehiago, norberaren buruaz. Saiatzen naiz ahal denik eta erregistro gehien edukitzen edo ondoen egokitzen giro ezberdinetara...

Noizbait pasatu zaizu zentzurik ez ikustea bertsotako jardunari?
Bai. Ziur asko ez da izango bertsolaritzako kontuengatik bakarrik, bizitzako boladak be izango dira. Bolada txar batean kateatzen badituzu saio txar asko, kontua korapilatu egiten da. Zure buruarengan konfiantzarik ez badaukazu ezin duzu bertsotan ezer esan, eta ezer esaten ez duen bertsoa patetikoa da. Askotan pentsatu izan dut bertso saio txar bat baino askoz gauza txarragorik ez dela egongo. Txarto inprobisatzen denean, eta baliabide eskematiko batzuen gainean, horren balioa zero da, ariketa estilistiko bat, edo hizkuntza ariketa bat baino ez da. Bertsolaritza uztea be pasa zait burutik. Txapelketak presio bat sortzen du. Burumakur banago, txapelketa bat etortzen denean, autodefentsa mekanismo gisa planteatzen dut bertsoa uztea, erronka horri aurre egitea gura ez dudalako.

Beste arte batzuetan justu krisi garai ilunenetan sortzen dira lanik onenak. Bertsotan ez?
Sorkuntza bakarka egiten denean. Pintore edo kantari bat bere estudioan zarratzea eta bere depresioari bide ematea gauza bat da. Norberaren egoera eskas hori azaltzen da obra batean eta gero beste testuinguru batean erakusten da. Baina gurea ez da hori, bertsoa jendaurrean gauzatzen da. Kasu horretan egoera txarrean egoteak ez du mesederik egiten. Gainera artista hori bere baloreei buruz ari da sortzen. Gu egon gaitezke bolada txar batean eta berba egin behar dugu Athletic eta Realari buruz.

Esaten da gaiek mugatu egiten dutela bertsolariak kantatu nahi duena...
Bertsolariak badauka bidea gauzak esateko. Kontua da gauzak non eta noiz esan. Politikari buruz berba egitea gura badu, edo bere egoera pertsonalari buruz, badauzka aukerak. Horretarako daude libreko plaza pila bat, bertso afari pila bat, eta bertso saio batean be gai bat ekarri dezakezu zeurera. Edo benetan barrutik zer edo zer esatea gura baduzu, gai bat ipintzean esan «ez, ez dut horri buruz kantatuko, eta kantatuko dut zelan sentitzen naizen». Gero kontua da ea hori publikoarentzat eta ondoko bertsolariarentzat interesgarria den edo ez! Guk zerbait esan gura badugu, ezin dugu gai hori jartzeko zain egon. Dauden baliabideak erabilita lortu behar du bertsolariak nahi duena esatea. Lekuak badaude, eta lekurik ez dagoenen sortzeko ardura neurri handi batean norberarena da. Zure barruan zer esan handia badaukazu, ez dut uste horretarako lekurik egokiena sei bertsolariko jaialdi bat denik, tarte gutxiago duzu-eta. Landu aparteko zerbait, sortu beste formatu bat, edo emanaldi berezi bat. Bertsolarioi ausardia pixka bat falta zaigu, eta beti inori gabiltza ardura botatzen. Norberak egin behar du bere autopista, bere mezuak botatzeko.

Zer funtzio betetzen du zure iritziz bertsolaritzak euskal gizartean?
Bertsolaritza gure herriko jardun kulturalen artean beste bat da, nahiko "autentikue". Oso artifizio gutxiren gainean eraikitzen da, eta oraindino jendea biltzeko gai da pertsona batzuk inprobisatzen ikusteko, euskaraz, hitza erabiliz, irudimena landuz... Nahiko motibo bada hor egoteko.
Iritzia ematen dugu. Gauza ezberdinak entzuten dira, eta gero eta gehiago gainera. Hori interesgarria da, entzuteko prest dagoenarentzat. Gure iritzia bera ez da apartekoa. Esateko moduan dago bertsolaritzaren muina. Hortik dator norberak konpartitzen ez duen iritzi bat botatzen duen bertsoa gustatu ahal dela eta txalotu. Bertsoen indarra eta gauzak esateko gaitasuna be badagoelako hor.

Noizbait sumatu duzu txalorik jaso ez izana esan duzunagatik?
Gehiagotan sentitu izan dut bertso txarra bota, eta esan dudana esateagatik txalo jotzea. Egoerak baldintzatu duelako, zugandik hori esatea espero zelako, eta jende bat iritziagaz bakarrik konformatu delako eta formari ez diolako begiratu. Baina hori asko aldatu da. Bertso zaleak bertsoa eskatzen du, gero eta gehiago. Eta ez da edozerekin konformatzen. Kontsignek gero eta indar gutxiago dute, eta esaldi handiek gero eta pisu gutxiago, giroa dagoen moduan dagoelako. Bertso entzulea ez da ardi koadrila bat.

Egoera politikoaz kantatzerakoan, Espainiako Estatuak salaketaren bat sartuko dizun beldurrik sentitu al duzu?
Memento zehatz batzuetan bai. Bada bertsolari bat omenaldi batean kantatzeagatik sumario batean sartuta dagoena. Gauzak neurtu egin behar dira, jakin egin behar da non gauden, eta arriskuekin aurrera egin edo ez egin norberak erabaki behar du. Baina hori oso presente dago memento honetan.
Plazetan giroa asko aldatu da. Politikari buruz gutxiago kantatzen da, edo beste modu batera enfokatzen dira gaiak. Denean dago euforia gutxi, etsipen puntu bat be badago, eta horrek nahiko baldintzatzen du. Ez da lehen besteko altu kantatzen.

Txapelketan ez dela plazan bezala kantatzen kritikatzen da. Txapelketan kantatzeko bertsokerarik ez al dago?
Gutxiago arriskatzen dela, kontzeptu potoloagoetara jotzen dela, errima aldetik estuagoa dela, eta neurria luzeagoa? Bai. Normalki txapelketan tematika serioa gehiago agertzen da, eta diskurtsoaren barruan arrazoiketak pisu gehiago hartzen du, eta hori be lantzera jotzen dugu. Jendea horren zain dago, eta hori demostratzeko leku bakarrenetakoa da. Jendeak uste du «segurola»ra jotzen dugula, baina guretzat aukera bakarrenetako bat da bertso luzeak botatzeko. Zeren plazan ez du neurri luzeak funtzionatzen normalki, eta ez da geu kobarde batzuk garelako bakarrik! Baina aldea badago plazatik txapelketara. Plazan inork ez du kantatzen puntuak lortzeko, eta txapelketa batean bai, edo gutxienez be bai.
Niretzat absurdu bat da jendeak esaten duenean "zergatik ez zoaz plazako jarreraz?", ezelako gauzatan inor ez doa plazako jarreraz. Lan elkarrizketa bat egitera zoazenean zergatik ez zoaz ogia erosteko jarrera berean? Inor ez doa.

Bertsolaritzaz idazten duten kritiko eta teoriko asko dago. Asmatzen al dute euren analisietan?
Batzutan iruditzen zait, ez ote den gura txapelketa bakoitzean, edo bertsolaritzako memento goren bakoitzean, horren gaineko iritzi bat sortzea eta mugarri modura planteatzea. Kritiko batek hori behar du. Baina uste dut bertsolaritza beste erritmo batean doala, ez dakit arinago edo astiroago.
Gauza batzuk deszifratzea nahiko ondo lortu da. Baina hori sistematizatzen denean, barregarria da. Bat-batekotasunaren irakurketa doktoralak egiten ikustea, "a" moldeko hasierako bertsoa eta "d" moldeko bukaeraduna... Zorionez, nik uste bertsolaritza oraindino askoz gauza bat-batekoagoa eta instintiboagoa dela. Guk barruan sartuta ditugun prozesuak ezin dira albo batera utzi. Baina argi daukat gero aukeraketa ez dela hain kontzientea. Jende batek zer edo zer esan behar du beti. Baina bertsolaritzak ez du ematen etengabe aritzeko tesi doktoralak idazten. Uste dut denboratxo baterako nahiko teoria betekada badaukagula. Eta ez dut uste bertsolaritzak 15 teorikorentzat ematen duenik. Nik uste batzuk errepikapen hutsean jausita daudela, eta ez daude 15.
Gainera teoria bat idatzi, inprimatu eta argitaratzen den bitartean, 300 saio egin ditu bertsolaritzak, bere bidea jarraitzen du. Bertsolaritza oso gauza dinamiko eta bizia da, eta errepika ezina eta bakarra da saio bakoitza. 300 saio horietan bat esperimentala irten daiteke afari batean patxaran botila falta izan delako. "Ardagai" hitzaren moduan, bere lekua edukiko ez duten 150 errima atera daitezke. Saiorik ez zegoen lekuan, goizaldera saio bat sortu da gitarra jole ingeles batekin... Eta aurrerapenak aztertuko bagenitu zientifikoki edo kronologikoki, mugarri izan beharko litzatekeena ez da inoiz mugarri izango, zeren horretaz ez da inor gogoratuko han egon ziren 50 pertsonetatik aparte.

Berritasunak nondik etorriko dira?
Bide berriak bertsotik etorriko dira. Horretarako bertsolariaren gogo eta konpromisoa behar da, baina ez kolektiboa. Normalean berrikuntzak ez datoz maila kolektiboan. Baten batek urratzen du bide bat, eta arrakasta dauka edo ez. Edo demonizatzen da, edo santu bihurtzen da. Hor dago Amurizaren eredua. Amurizak bere sasoian maitasun edo gorroto jarrera sortu zuen, bertsolaritza irauli zuen. Egaña izan da berritzailea, baina onartua eta konpartitua. Nire ustez Egañak alor batzuetan pausoa eman du muturreraino, baina inoiz halako hausturarik sortu barik. Era batera edo bestera egin behar dira gauzak, baina egin ahala. Absurdua da esatea "gauza berri bat egingo dut". Bertsolaritza, berria, aldiro berria da. Ez dakit zein den bidea, baina baneki ez nuke esango. Hartu eta neuk egingo nuke.

Estereotipoek nola funtzionatzen dute bertsolaritzan?
Diskurtsoaz gain, estereotipoak beti izan du lotura handia estetikagaz. Nik aurpegiaren alde bietara dauzkadan belarri eta patiletatik hasita. Garai batean, itxura hori aldarrikapen bat izan zen. Lotuta zegoen jarrera estetiko batez. Gero estereotipo bihurtu zen. Estereotipo horrek jarraitu nau, eta agian astiro-astiro patiletan dabil geratzen. Estereotipoak ezin dira saihetsi. Estereotipoak hor jarraituko du, baten batek espazio hori betetzen duen arte.
Memento batean estereotipoan preso geratu zaitezke. Eta kristoren karga bihurtzen hasten da. Gaia entzuterako jendeak espero duelako zerbait konkretua entzutea zugandik, eta ez duzulako askatasunik gaiari aurre egiteko. Bakoitzak lana egin behar du estereotipo horretatik kanpo errespetatzeko eta estimatzeko. Ni bertsotan saiatu nintzen bertsoa beste modu batean lantzen, azken kolpeko bertsolari bat baino zer edo zer gehiago izaten. Eta uste dut neurri batean lortu dudala.

Nola ikusten duzu Euskal Herriko gizartea?
Badira urte batzuk Euskal Herrian ezer ez dela planteatzen maila positiboan eta horrek jende asko ukitzen du moralki. Horrela oso zaila da ezeri buelta ematen. Gauzak positiboan planteatzen hasten ez bagara, erakargarritasuna galduko dugu euskaldunok. Eta gure moduko herri txiki batentzat erakargarritasuna galtzea arrisku handi bat da. Horrek mantendu izan gaitu urte batzutan, beste estatuei begira nahiko kontsiderazio on batean eta orain ez da horrela. Mundu mailako baldintza denak kontra daude. Eta egoerara egokitzen gara, Darwinek imajinatuko ez zuen moduan. Sorpresak 24 ordu bakarrik irauten du, kasurik onenean. Gu oso onak gara erantzuten, baina aurpegiko bat eman eta beste matraila ipintzea ezin da gerora begirako politika bat izan. Orain beste erremediorik ez dago, baina zaplaztekoak ematen geu be hasteko mementoa heldu beharko da.

Zein da zaplaztekoak emateko modua?

Ez dakit. Herri honetan egoera erabat normalizatu anormal batean bizi gara. Herri normal baten elementu batzuk dauzkagu: klase teknokrata, agintaria... Gizarte eredu honek badaroaz jada hogeita gehiago urte, eta gero eta pisu handiagoa dauka. Gero eta jende gehiagok jaten dugu gizarte eredu eta normalidade honetatik. Eta bestetik, egoera eskizofreniko dramatiko anormal bat bizi dugu. Hain ikuspuntu ezberdinetatik egindako irakurketak daude! Eta iruditzen zait gero eta distantziatuago daudela. Horregatik, nahiz beti politikariei errua bota, ez da eurena bakarrik. Gure anaitasun eta banaketa itzela da, eta onartzera heldu gara. Hori desastre bat da n

Nortasuna
«Bertsoa ez da botatzen dagoenarengandik independentea, jendeak noren ahotik datorrenaren arabera entzuten du, ezin da bereiztu. Ni saiatuko banintz txapelketa batean Mendiluzeren eran bertsotan egiten, nahiz eta Mendiluzeren bertso bera bota, puntu gutxiago lortuko nituzke, nik nire moduan kantatuta baino. Unai Iturriagaren bertso bat Unai Iturriagarena da. Ni ez naiz saiatzen ni izaten, ni naiz. Bertsotan, lehenengoa da kontatzeko zerbait izatea, eta kontatzeko ahots bat, zeurea».

Bertsoa
Doinua:
Aita izena

Hainbeste tesi, teorizatze
eta azalpen arraro,
zertaz seguru ez jakin arren
nork hitzegina badago.
"hau horrela da", "hori hala da"
aritzen dira luzaro,
zuk ez al duzu inoiz sentitu
"oraingoan bai akabo,
nere bertsoez denek dakite
neronek baino gehiago!"

Curriculuma
jaio: Durangon, 1974an.
bertsolaria
arte ederrak ikasia.

Ibilbidea
14 urterekin hasi zen Lopategiren bertso eskolan.
16rekin hasi zen plazaz plaza.
1994 eta 1996ko Bizkaiko txapeldun.
1990, 1992, 1998 eta 2002ko Bizkaiko txapeldunorde.
Euskal Herriko azken hiru txapelketetan finalean kantatu du.
Besteren artean Josu Zabalarekin eta Igor Elortzarekin «7 Eskale» taldea osatu, eta bi disko argitaratu zituzten: «Bertso berriak pobreziari jarriak» eta «Barrenkaleko bluesak».
Gidoigile eta itzultzaile lanak egin ditu.

Argitalpenak
»Berandu da gelditzeko» liburua.
Hainbat aldizkaritan idatzi izan du: «7K», «Euskaldunon Egunkaria», ARGIA...

«Betizu izar artean».
Irailean estreinatuko den marrazki bizidun film luzearen istorioa idatzi du Iturriagak. Nahiz eta, berak aitortzen duenez, «umeekin ez naizen oso ondo moldatzen». Harrigarria, komikien munduan adiktu eta irudimenean aditu denak umeak erakartzeko osagai asko baititu. «Umeekin puntu bat arte bakarrik balio du arrazoiketak, eta dialektikoki garaitu ezin ditudan pertsonatxo horiek deskolokatu egiten naute».

Umeekin zinemara doazen helduentzat ere idatzi du istorioa: «zer den umeentzat eta zer ez esatea, alferrik da. ‘Shrek’ marrazki bizidun filma denentzat da ederra, eta ‘Walt Disney’renak denentzat kaltegarri. Umeentzako dena ñoño egiteko joera baitute».

Bertsolarien lana, libre baina lotua.
«Memento batean eskizofrenia puntu baten jauzi zaitezke. Normalki zure inguru guztiaren kontrara zabiltza. Ez bazaude ondo antolatuta arriskutsua izan daiteke, eta ni nahiko bizitza desordenatua izan dut urte batzuetan. Bizitzako mementoen arabera da. Garai batean oso ondo dago, baina memento batetik aurrera desordena orden bihurtzen da, eta orden guztien moduan, potroak ikutzen dizkizu. Nik orain, lehen inondik inora esango ez nukeena, neure bizitzan orden pixka bat ipini gura nuke. Lanen bat egitea interesgarria iruditzen zait eta dena! Bai alde ekonomikotik, eta bestela. Jendeak pentsatzen du forratuta gaudela. Baina bertsotik bizitzen ez dago erraz».

Santi Belar, «begi».
Bertsotan hasi ginenean, Durangoko bertso eskolan elkartzen ginen harekin. 14-15 urterekin ostiraletan 22:00etan etxetik ateratzen ginen, bertso eskolara joateko. Horrek esan gura duen denagaz. Harek eroan gintuen Durangoko lehenengo plazatara, inoiz bertso eskolara joan ez eta kontzerturen batera eroan gintuen... Praktikan erakutsi zigun bertsolaritza eta beste mundu baten arteko gertutasuna. Niretzat tipo garrantzitsua izan da.
Oso pertsona autentikoa zen. Durangoko lehengo bertso eskolatik geratzen zen herri mailako bertsolari bakarretakoa izan zen. Hizkuntza ariketa eta guzti horren gainetik bertsoaren beste aurpegi bat ikusten lagundu zigun.


Azkenak
Bidegabekeriaren aurrean ez dela isilduko nabarmendu du Sarek bere hamargarren urteurrenean

Plataforma herritarrak gaur egun arte lortutakoaren balioa nabarmendu du, eta adierazi du gizarteak “bultzada bat” eman behar duela “oraindik erbestean eta deportazioan daudenak” etxeratzeko. Etorkizuneko belaunaldiei gizarte hobeago bat uzteko garrantzia... [+]


Jaurlaritza berria
Pradalesen sailburuak: Osakidetzako EPE irregularrean zegoen bat, ustezko prebarikatzaile bat eta hiru sailburu erdaldun

Inoizko sailburu gehien edukiko ditu Imanol Pradales lehendakari izango duen Jaurlaritza berriak: hamar EAJk eta bost PSE-EEk. Sozialisten hiru sailburuk ez dakite euskaraz.


Pascal Jocou ikastolaren aldeko hautagaia izango da Beskoitzeko auzapeza

Botoen %55 lortu du Pascal Jocouk Beskoitzeko hauteskundeen bigarren itzulian. Fabienne Etchegaray aurkariak bozen %44 atera du. Hemezortzi kontseilari izango ditu gehiengoak, eta bost oposizioak.


Inoiz baino gehiago, eskuin muturra boterera eraman dezaketen bozak

Eskuin muturreko RN izan zen Europako bozen gauean Emmanuel Macron presidenteak harturiko erabakiarekin poztu zen alderdi bakarra. Frantziako Legebiltzarra desegin eta hauteskunde berrietara deitu izanak kezka eragin zuen eskuinean zein ezkerrean. Europako bozetan garaile eta... [+]


2024-06-24 | Irutxuloko Hitza
Adarra saria jaso du Errobik

Anje Duhalde eta Mixel Ducauk osatzen duten Errobi euskal folk-rock taldeak Viktoria Eugenian jaso zuen saria Eneko Goia alkatearen eskutik.


Eguneraketa berriak daude