Sexuaren profesionalak

  • Prostituzioa munduko lanbide zaharrena dela dio topikoak. Gizarteak, ordea, bere moral bikoitzaren erakusgarri, ez du lanbidetzat hartzen, prostituzioan jarduten dutenei langileei dagozkien eskubide guztiak ukatuz. Bitartean prostituzioaren ezaugarriak asko aldatu dira azken urteotan Euskal Herrian. Kaleko prostituzioa murriztu ahala, klubak eta pisuak ugaltzen ari dira. Baina sexu langileen artean gehien ugaldu direnak etorkinak dira: %80a gainditu dute dagoeneko.
Bilboko Gorteetan gaude, Euskal Herriko kale prostituzioaren gunerik garrantzitsuenean. Etorkinak auzune horretan kontzentratu izan dira eta Bilbo portu garrantzitsua izaki, XIX. mende bukaeratik Bizkaiko prostituzioaren zati garrantzitsuena kale hauetan bildu izan da. Kalea zeharkatu ahala, ordea, prostituta gutxi ikusten da. Eguerdiko hamabiak direlako agian? Kluben paretik pasatzean, hala ere, sexu langile gehiago daude barruan, argi gorri artean. Gorteak kaleko 4. zenbakian, prostituzioaren inguruan lanean diharduen Askabide elkartean eman digute erantzuna: azken urteotan Bilbon bezala Euskal Herrian, eta oro har Europa guztian goitik behera aldatzen ari dira prostituzioaren mapa eta ezaugarriak. Kokapenari dagokionez, prostituzioa kaletik desagertzen ari da, klubak eta pisuak ugaltzen diren bitartean; dispertsioa gero eta handiagoa da. Sexu langileen perfilari dagokionez, berriz, bertakoek etorkinei eman diete bidea eta Europako Batasunaz kanpokoak %80 baino gehiago dira dagoeneko Hego Euskal Herrian. Gehienak dominikarrak, brasildarrak eta kolonbiarrak dira.

Bilakaera hau Bilbon da bereziki nabarmena, eta 1985etik lanean ari den Askabide elkarteak, bere ikuspegi pribilegiatutik garbi ikusi ahal izan du hori. Auzunearen gainbeheraren lekuko izan dira, degradazio urbanistikoa, segurtasun falta... eta prostituzio guneak erregulatzen dituen udal ordenantzaren ondorioak ere ikusi dituzte. Ordenantza horren arabera, klubek euren artean 500 metroko gutxieneko distantzia behar dute. Dispertsioa eragin du horrek eta etxebizitzetako prostituzioak gora egin du ondorioz. Aurten bakarrik Askabidekoek 100dik gora pisu berri lokalizatu dituzte Bilbon. Dispertsio hau Bilbon bakarrik gertatzen ez dela ikusteko, goiko koadroko datuak begiratu besterik ez dago. Datuok 2001eko abenduan Emakundek prostituzioaren inguruan argitaratutako txostenean agertu ziren («La prostitución ejercida por mujeres en la C.A.E»).

Nafarroan ere SOS Arrazakeriak azterketa bat aurkeztu du aurtengo martxoan «El oficio de la prostitución en Navarra: estigmas y modo de vida» izenburupean eta bertako datuak EAEkoen parekoak dira oro har. Zenbakiez gain, Nafarroan ere sexu langileen perfila aldatu da. SOS Arrazakeriako Maite Huarteren esanetan, «duela 10 urte Iruñean prostituitzen ziren emakume asko bertakoak ziren, droga menpekotasun arazoak zituzten, sozialki baztertuak ziren... orain etorkinak dira gehienak eta gehienek ez dute droga arazorik».

Topikoak hautsi behar dira

Askabideko Marianen ustez ere prostituzioa drogomenpekotasunarekin lotzen duen topikoa hautsi egin behar da, eta ez da bakarra. «Gizarteak prostitutak euren lanean gustatzen zaielako edo indarrez behartuta daudelako jarduten dutela uste du. Baina etorkinek, gehienek behintzat, badakite zertara datozen, ez datoz engainatuta». Hala ere, sarritan baldintzetan engainatzen dituztela dio Askabidekoak.
Etorkinek bi aukera dituzte nagusiki hona datozenean: prostituzioa edo etxe-zerbitzua. Eta prostituzioak baldintza ekonomiko eta ordutegi hobeak eskaintzen dizkie. Askabidekoen ustez, beste topiko bat sexu langile guztiek jardun hori utzi nahi dutela pentsatzea da. «Batzuek ez dute planteatu ere egiten, ezin dutelako. Etorkin askok zorra dute gainean, baita karga familiarrak ere. Lan merkatua dagoen moduan, haientzat ez dago irtenbiderik».Eta horrek Askabide bezalako elkarteen lana zail bihurtzen du, horregatik ez dute emaitzarik lortzen lan insertzio programek.

Prostituzioa lanbide dutenak laguntzeko Gizarterako elkartea sortu zen Araban 1986an. Gipuzkoan aldiz 1998 amaieran sortu zen Aukera elkartea. Bizkaian, esan bezala, Askabidek funtzionatzen du. Askabidek harrera zentro bat du bilgune eta formazio gune moduan erabiltzen dena. Etxe bat ere badu adineko eta osasun egoera kaxkarreko prostitutak hartzeko. Askarri zentroa ere badu, drogomenpekotasun arazoak dituztenentzat.

Nafarroan ez dago pareko elkarterik baina Osasungintzak badu atentzio programa bat prostituzioaren inguruan eta SOS Arrazakeria, Caritas eta beste elkarte batzuek esparru honetan ere lan egiten dute.

Baina esan dugu hauen guztien lana ez dela erraza. Alde batetik dispertsioa hor dago, eta elkarteak izan ohi dira prostitutengana hurbiltzen direnak eta ez alderantziz. Horregatik Askabidek interbentzio agenteen programa antolatu du, hurbilketa errazteko. Baina plaza sistema ere kontuan hartu behar da, hots, sexu langileek askotan ez dute hilabete baino gehiago toki berean pasatzen, eta mugikortasun horrek are gehiago oztopatzen du elkarteen eragina. Horregatik, askotan gutxienekoa egitearekin nahikoa dute: preserbatiboak banatu eta oinarrizko informazioa eskaini dituzten eskubide eta aukerak ezagutu ditzaten. «Erroldatuta egon daitezkeela, osasun txartela izan dezaketela, gizarte zerbitzuaren laguntzarako eskubidea dutela, dohaineko errebisioak dituztela... jakin behar dute» dio Marianek. «Guk ezin dugu salbatzaile moduan joan haiek erreskatatzera, ezin dugu jokatu haiek inozoak balira bezala». Hautsi beharreko beste topiko bat.

Atzerritarren Legea tartean

Gurean prostituzioan gehien eragiten duen legeak ez du zerikusi zuzenik prostituzioarekin. Sexuaren profesionalen gehiengo zabala atzerritarra izaki Espainiako Atzerritarren Lege atzerakoiak eragiten die bereziki. Elkarteekiko harremanetan eskakizun nagusiak bide horretatik joan ohi dira: paperak behar dituztela, kanporatze agindu bat dutela, turista bisa amaitu zaiela... Legeak mugak ixten dizkie, hauek gainditzeko zorretan sartzen dira eta diru behar horrek are eta arrazoi gehiago ematen die mundu horretan lanean hasteko. Bestela legearen arabera kontratu bat sinatu beharko lukete euren jatorrizko herrialdeetan, baina prostituzioa ofizialki lantzat hartzen ez denez, bide hori itxita daukate.

Horregatik Marianek zein Maitek garbi dute prostituzioa lanbidetzat jotzeak duen garrantzia. Baina erregularizazioa ez dirudi gertu dagoenik. Nafarroako zein EAEko parlamentuan agertutako asmoak, horretan geratu dira oraingoz, asmotan, besteak beste, gai honekiko konpetentzia Madrilek duelako. Instituzioen jarreraz galdetzerakoan Askabiden esan digute Emakundek elkarteei eskatutako txostena hor dagoela eta diruz ere laguntzen dituztela elkarteak, «baina askoz gehiago egin beharko lukete». Nafarroan ere elkarteak diruz laguntzen ditu Gobernuak, baina Maite Huartek gertaera esanguratsu bat ekarri nahi izan du gogora: «Txostena publikoki aurkeztu genuen egun berean Buñueleko klub batean sarekada egin eta hainbat emakumeri kanporatze espedientea zabaldu zieten. Zergatik eman ziguten erantzun hori? Ez zaie interesatzen prostituten eskubideez hitz egiten hastea. Sexu langileak antolatzen hasten badira, hainbeste etekin jasotzen dituzten horiek arriskua ikusten dute. Horrelako ekintzekin instituzioak ez dute prostituzioaren aurka egiten, prostituten aurka baizik. Haiek dira beti kaltetuak. Eta enpresarioak? Eta bezeroak?».

Datuez hitz egin dugu, dispertsioaz, instituzioez, baina oraindik ez dugu aipatu prostituzioaren arazo handienetakoa, gizartea bera. Moral bikoitzaren erakusle garbiagorik nekez aurki daiteke. Gizarteak mespretxatu egiten ditu prostitutak, bizkarra ematen die. Eskubideak ukatzen dizkie eta euren lanbidea ezkutatzera behartu. Eskaerak eskaintza kontsumitu eta baztertu egiten du. Gizonezko heldu bakoitzak, batez beste 1.200 euro gastatzen du urtean sexu langileen zerbitzutan, baina gero gizonezko horiek eta euren ingurukoek ez dute ahaleginik egiten sektorearen arazoak ulertu eta konponbideak bideratzeko. Prostituzio munduan diharduten elkarteen ustez prostituzioaren eztabaida gizarteratu egin behar da. Askabideko Marianen ustez «gizarteak batetik mundu hura ezagutu behar du eta bestetik sexu langilearekiko errespetuz jokatu behar du». Prostituzioa lanbide gogorra dela ukatzerik ez dago, baina Marianen ustez «lana azkenean mekanikoa da haientzat, eta arazoen zati handi bat prostituzioak dituen konnotazio sozial eta moral negatiboen ondorioa da».

Ez dirudi munduko lanbiderik zaharrena (eta zabalduenetakoa) egun batetik bestera desagertuko denik, errealistak izanda behintzat. Bitartean prostituten eskubide eta baldintzak hobetzea da erronka. Horretan zeresana izango dute enpresarioek, instituzioek eta gizarte osoak. Baina Askabiden eta SOS Arrazakerian garbi dute prostituten beraien ahotsa dela garrantzitsuena, edozein neurri hartzen dela ere, beti haien parte hartzea bermatu behar dela. Askabideren egoitza utzi eta Gorteetan gora egin dugu berriro, Marianen azken hitzak gogoan: «Guk kanpotik lagun dezakegu, baina haiek barrutik lan egin behar dute. Nekatuta nago gai hauetaz hitz egiteaz. Guk gutxiago hitz egin beharko genuke eta haiek hasi behar dute hizketan»

Berdin jarraitu, erregularizazioa ala abolizioa?
Gizarteak prostituzioaren aurrean duen jarreraz hitz egitean, zati handi batek besterik gabe ez ikusiarena egiten duela esan behar da, sektore honetako bezeroak, enpresarioak eta langileen zati bat gure gizartearen parte ez balira bezala. Egun prostituzioa ez da gurean delitu, baina ez dago erregularizatuta. Askori egoerak bere horretan jarrai dezan interesatzen zaio. Kontuan hartu behar dugu Espainiako Estatuan prostituzioak urtean 18.000 milioi eurotik gora mugitzen duela diru beltzean eta etekinak jasotzen dituztenak ez daudela pagotxa hau arriskuan jartzeko prest.

Gero eta ugariagoak dira ordea erregularizazioaren aldeko ahotsak. Bisitatu ditugun elkarteetan, Askabiden nahiz SOS Arrazakerian aukera honen alde agertu dira. Sektorea erregularizatuta sexu langileek gainerako langileen eskubideak eskuratuko lituzkete: gizarte segurantza, langabezia, erretiroa... Gainera sektorearen ordenatzea ere ekarriko luke horrek.

EAEn, Javier Madrazo sailburuak behin baino gehiagotan agertu du erregularizaziorako pausoak emateko asmoa, baina gai hau Madrilgo Gobernuaren konpetentzia den bitartean prostituten egoera hobetzeko bestelako neurrietara mugatu beharko dutela onartu du. Nafarroan aldiz 1999an EB-IUk lege proposamena aurkeztu eta UPNk ezik gainerako alderdi guztiek onartu zuten. Proposamena berriro tramitatu behar da, ordea, eta Nafarroan ere konpetentzien oztopoa dute.

Herbeheretan aspaldi erregularizatu zen prostituzioa, Alemanian 2002tik ari dira sexu langileak gizarte segurantzan kotizatzen eta Katalunian ere erregularizaziorako pausoak eman dira. Lehen bi kasuetan ordea, abantailak Europako Batasunako prostitutek soilik dauzkate, gutxiengoak, beraz. Eta Kataluniaren kasuan ahots kritikoak entzuten dira, sexu langileei baino enpresariei mesede egiten omen dielako legeak. Beraz, erregularizazioaren aldekoek, besteen akatsetaz ikasi eta, batez ere, etorkinak kontuan hartu beharko direla diote.

Bestalde, badira abolizionistak ere, hots, prostituzioa emakumearen esplotazio modu bat dela eta erabat desagertu beharko lukeela diotenak. Haientzat erregularizazio diskurtsoak arriskutsuak izan daitezke, prostituzioaren jarduera finkatzeko modu bat izan daitekeelakoan. Honen inguruan SOS Arrazakeriako Maite Huartek zera dio: «Ni ere abolizionista naiz, gizarte honetan ematen diren emakumearen esplotazio mota guztiak desagerraraztearen aldekoa. Baina gauza batek ez du bestea kentzen. Errealistak izanda, 50 urteko epean prostituzioa desagertuko al da? Zoritxarrez ez. Bada, bitartean bertan lanean daudenen baldintzak ahalik eta hoberenak izan daitezen saiatu beharko genuke eta horretarako bidea erregularizazioa da». Dena dela Askabideko Marianek kontuz ibili behar dela dio: «Erregularizazioak graduala eta optatiboa izan behar du, sexu langileen beraien aukera izan behar du». Izan ere, enpresarien eta gizartearen zati handi bat aurka egoteaz gain, prostituta batzuek ere ez dute aukera hori hain mesedegarri ikusten. Erregularizazioak nolabait euren jarduera publiko egitea suposatuko lukeela pentsatzen dute. Hots, legearen oztopoak gaindituta, onartzen ez dituen gizarte batekin egingo lukete topo aurrez aurre.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude