Bixente Serrano Izko: «Askatasunaren gauzapena ez da inon, ibilbidean baizik»

  • 2001eko Juan Zelaia Sarian Jon Alonsoren «Agur Darwin» eta Joxe Manuel Odriozolaren «Euskal Intelligentsiaren ideologia zantzuak» saioek lehen eta bigarren sariak erdietsi zituzten. Bixente Serrano Izkoren «Beldurra bera zaldi» (uhalik gabeko askatasuna) liburua saririk gabe geratu zen, alta bada, Pamiela argitaletxeak argitaratu zuen. Liburu honen egilea historia irakaslea da. 1948an Saratsan jaioa; Iruñerriko herrixka batean. Askatasunaren aldeko borrokan aritua izaki urte luzetan, bere esperientziatik eta berezko jakintzatik ondu du saio hau. Askatasuna helburu izanagatik, helmuga izan beharrean, Bixente Serrano Izkok eguneroko ibilbidean aurkitu beharreko nahi gisara proposatzen digu askatasuna.

2003ko uztailaren 27an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Zer gogoeta egiten duzu zure liburuaren gainean, gaurdanik ikusita?
Generoa nahiz gaia zein den kontuan hartuta, argi daukat ez dela halako moda baten araberako best-seller bihurtzeko liburu bat. Hausnarketak egitera gonbidatu nahi duen zerbait da, pixkana dastatzeko zerbait izan nahi du, irakurleari interesa pizten baldin badio behin baino gehiagotan irakurtzeko, agian osorik, agian zatika. Bertzalde, denbora pasa ahala irakurle berriak lor ditzakeen liburu bat delakoan nago. Baina batik bat, berrirakurri ala ez, ideia edo sujerentzia berriak erein nahi ditu irakurlearengan, hau berau gero, agian jakin gabe ere nondik datorkion irudikapen berri hori, hortik abia dadin bere kabuz bertze hausnarketa berrietan barna.

Zergatik liburu hau?
Uste nuelako zerbait errateko nuela eta, aldi berean, argitaratzeko aukera nuelako. Zerbait errateko hori zer den? Bada, askatasuna eta handitasuna edo heroismoaren arteko lotura ohiko hori, oro har Mendebaldean baina bereziki Euskal Herrian, ezbaian jarri behar dugula.

Norentzat idatzi zenuen liburu hau?
Irakurleria zehatz bat baino gehiago, buruan nuena bertze hauxe zen: gai horretaz interesik duen edozein irakurleri nola eskaini dakizkiokeen ikuspegi berrietarako aukerak. Noski, kultura maila bat izan behar du liburu honen irakurleak, baina ez zentzu akademiko batean. Hiritar politikoki edo kulturalki edo sozialki aktibo denak, esperientziak dituenak, dudarik gabe bere burutazio propioak eta kezka bereziak ditu askatasunaren inguruan. Nire ahalegina hau izan da, plantamendu teoriko anitz gure gizarteko egunerokotasunean bizi ditugun hainbat kezkarekin lotzea. Ez dut uste irakurleak, bere esperientziak baldin baditu, aditua izan behar duenik nik aipatzen ditudan filosofoez, hauen ideiak bere bizipen eta kezkei lotzeko, eta bere kabuz sakonago pentsatzeko gero.

Esperientzia eta jakintza uztartu dituzu zure bizitzan. Askatasunaren bila hasi zinen borrokan gaztetatik eta askatasuna da zure liburuaren ildo nagusia. Zer da askatasuna zuretzat?
Funtsean zerbaitetik hanka egiteko nahi bat. Bigarren mailako kontua da nora joan nahi dudan, zeren bila nabilen. Gainera, inoiz ez gara heltzen helmuga ustez aske batera, baina bidean bertan libre ibiltzen gara. Utopia erakargarri edo iman-utopia batek baino gehiago, liburuan arku-utopia deritzodanak mugiarazten nau: hau da, askatasunaren gauzapena ez da inon izanen, mundu berri batean edo, ihesean bertan, ibilbidean bertan baizik.

Frankismoaren garaian, «zertarako libre izan?» galdera planteatzen zen. Gaur egun aldatu al da galdera hau planteatzeko modua?
Gaur egun guztiz libre garela datu funtsezkotzat, naturaltzat, har dezagula nahi da. Sakratua egin dute askatasuna, jainkosa ukiezin bihurtu dute, aldare batean jarri, dela konstituzioaren aldarean, dela Europa ekonomikoaren aldarean. Jainkosa horien gorputzak libreago uzteko edo erabat aldatzeko nahia, askatasunaren, naturaren kontrako bekatu gisa ikustarazi nahi digute.

Askatasunak beldurra du akuilu. Askatzailea eta ekintzailea izan zara. Agertu zer den zuretzat beldurra.
Gure-gurea da beldurra, denon kontua. Eta beti, historia hasi zenetik, zerbaiten beldur mugitu dira gizakiak; gehienetan, bertze zerbaiten bila abiatu dira, baina inoiz ez dute lortu amesturiko bertze zera hori; halarik ere, askapen bidean ibili dira. Beldurrak, noski, amildegi batera eraman gaitzake, baina aurreko egoera beldurgarri bati ihes egitera bultzatzen gaitu. Edo horrela dela aitortzen dugu, edo askatasuna lau heroiren kontu bat dela aitortu beharko dugu. Baina askatasuna gutariko bakoitzaren kontua da, geure beldurrak eta guzti. Maiz entzun zaizkio ustezko eta une bateko heroi askori erratea beraiek ez zutela ezer berezirik egin, ez direla heroiak izan. Eta egia da. Beldurrak berak eraman ditu, funtsean, ezusteko bat, ustezko ekintza heroiko hori egitera.

Askatasuna nahimenaren gauza bat da, ez beharraren kontu bat. Paradoxa bat da beraz. Zuk nahimenean kokatzen duzu askatasuna, ez arrazoian edo adimenean.
Guk libre nahi dugu izan, eta arrazoiari, gehienez jota, aholkuak eskatuko dizkiogu nahi hori asetzeko. Askatasuna arrazoian kokatzea libre izateko behar logikoa onartzea da, kontraerrankorra hortaz. Nahimenaren eremuan kokatzean askatzen dugu askatasuna paradoxa horretatik.

Azken hamarkadetako euskal gizartearen bilakabidea ezagutzen duzu, heroismoa ez duzu guztiz arbuiatzen, baina kritikoa zara.
Heroien kontua, nire planteamenduan, garai bateko abangoardien kontuaren antzekoa da. Paper bat bete dezakete lau «heroik» une historiko batzuetan, baina askatasun bila ibiltzen badira konturatu behar dute inor ez dela libre izanen ez badu nahi. Edo gutariko bakoitzak, gure koldarkeria eta guzti, nahi dugu libre izan, edo inork ez digu askatasunik emanen.

Gure gizarteak beldurren edo beharren eskasik ote dauka, libreago izateko?
Kontsumismoaren moldeko ongizatearen eta konformismoaren beldurgarritasunaz ohartu beharko da gure gizartea libreago izanen bada.

Uhalik gabeko askatasuna ez al da utopia bat?
Jakina. Baina orain arteko iman-utopiak deitzen ditudan horiek, helmuga bat planteatzen zuten horiek, gaur egun indarra galdu egin dute. Ez aldiz arku-utopiek, abiapuntutik etengabe ihes egin nahi dutenak.

Nahia eta ihesa dira askatasunaren motorrak. Gizakiok naturatik ihes egin genuen. Gaur egun, askatasuna lortzeko gizartetik ihes egin beharko genuke, naski. Norantz? Askatasunari helbururik jarriko zenioke bilakabide horretan?
Jar daitezke helburu batzuk, eskubide anitzen lorpena, noski. Baina lortu ezkero, indar berriez berriro ihes egiteko nahiari esker jarraituko dugu libre izaten. Bertzela, kate berriak bihurtuko zaizkigu lorturiko helburu horiek.

Askatasunaren bidean legeak gizartearen kontuak dira. Naturan ez dago legerik, naturan beharrak daude. Zure iritziz gizartearen legeak naturaren beharren antzean bihurtu nahi ditugu, gure legeak naturaren kontuak balira bezala, eta hori tranpa hutsa da. Sakondu aspektu hori amiñi bat.
Garai batean, gizarte baten legeak finkatzeko, jatorri erlijiosoa eman ziguten gizabanakooi. Ukiezinezko legeak ziren, betiko legeak. Gero, arrazionalismoarekin, iusnaturalismoa teorizatu egin zen, hau da, naturak berak emandako agindu gisa aurkeztu ziren legeak. Baina gizarteak berak, gizarte bateko nagusiek edo nolabaiteko botere duten sektore desberdinen arteko itunek egiten dituzte legeak. Eta unean uneko boteredunek ukiezinezkoak nahi dituzte lege horiek. Naturaren legeak, lege fisikoak deitzen ditugunak, zientifikoki, bertze kontu bat dira: gure adimenaren kategoriak dira naturaren osagai aunitz guk geuk ulertu, sailkatu eta erlazionatzeko. Grabitate-legea ez da lege bat, baizik eta lurrera erortzeko orduan hainbat baldintza betez gero guk geuk ikusten dugun gauzen portaera bat. Gizartezko itun edo inposaketei eta naturaren portaera jakin aurreikusgarri horiei «lege» deitzen badiegu, zubi eder bat eraikitzen dugu gizarteko legeak, bidegabeak izanda ere, agindu natural bezala, ukiezinak beraz, ikustarazteko.

Askatasuna eguneroko gauza sinpleenetan finkatzetik abiatu behar bide dugu. Gaurko gizartea nola ikusten duzu zeregin honetan?
Konformismoa da nagusi, baina kontu berri batzuen beldur dago gizartea: globalizazio ereduaren ondorio batzuez, gerrez, hondamendi ekologikoaz, matxismoaren arriskuez... ohartzen doa Mendebaldeko gizartea neurri batean. Autoritarismoak bere mugak izan ditzake.

Desobedientzia zibila, gizateriaren bilakaeraren ondorio bezala ikusten duzu. Hasieran gizateria bera sortu zen naturatik ihesi, desobedientzia naturala izan zen hura. Askatasunaren bidean, gizarteak hainbeste hierarkizazio eraiki dituen honetan, zertatik ihes egin behar du gizakiak?
Ihes egin beharko luke, libre izan nahi badu. Zertatik? Globalizazioa deitzen dugun honetan, autoritarismoa da estatuari boteredunek ematen dioten funtzio bakarra: legeak errespetarazteko, zergak biltzeko eta beren nahierara banatzeko, diru publikoa enpresa handien interesen arabera gastatzeko, esku hartze militarrak egiteko... Eredu horretatik ihes egin beharko luke.

Eguneroko politikara etorriaz desobedientzia zibilari aukerarik ikusten diozu?
Ez ote zen izan koldarren kontu bat intsumituena? Gaur, langile gisa baino gehiago kontsumitzaile eta zergadun gisa sostengua ematen badiogu indarrean dugun eredu horri, eta lau heroirena ez, guztion kontua baldin bada askatasuna, horretan datza ihesbidea, nire irudikoz. Frommek erran zuena: «Desobedientzia-ekintza batekin hasi zen gizateria, ea ez ote den bukatzen obedientzia-ekintza batekin. Beldurgarriegia da perspektiba hori ihes egiten ez saiatzeko».

«Ezkerreko abertzaletasunak astindu eder bat behar du»

Markos Zapiain literatur kritikoak «Askatasunez inor ez da sekula Bixente Serrano Izko bezala mintzatu», esan berri du «Berria» egunkarian. Zer iradokitzen dizu bere esanak?
Biziro eskertzeko iritzia da, dudarik gabe. Borondatea nuen, eta kontzientzia ere bai idatzi ondoren, ikuspuntu ezohiko batetik hurbildu naizela gaiari. Beldurra ere bai, bertzalde, irakurle batzuek ez ote duten hartuko bitxikeria huts gisa. Baina sinetsita nago nire ikuspuntu honek aukera berriak irekitzen dizkigula askatasuna eta askapen bideak bertze era batean planteatzeko, gure artean ohituta gauden era «heroiko» horiek baztertze aldera, adibidez.

Alfonso Sastrek «herri honek ezkerreko intelektualak falta ditu», esan du ARGIAn orain gutxi. Zer deritzozu?
Egia da «intelektual» hitzaren zentzu ohiko eta estuan, baina nik erranen nuke herri guztien hutsune bat dela. Gurean, euskaraz, badaude hausnartzeko aukera aberasgarriak ematen dizkigutenak, nahiz eta gutxitan garatu dituzten preseski beren planteamenduak. Merkatu kontua da, neurri batean. Bertzalde, noski, intelektualen oihartzuna eskasa baldin bada oro har media handietako erranetara jartzen ez direnean, are apalagoa da euskaraz egiten dena. Dena dela, «intelektual» hitza zentzu zabalago batean hartuta, gizarte eta kultura mugimendu asko eta aberasgarriak ditugu Euskal Herrian, Europako herri gehienetan, guztietan ez bada, baino gehiago. Hauetako partaideak ere intelektualak dira, dudarik ez. Ezkerreko abertzaletasunari bereziki dagokionez, astindu eder bat behar duelakoan nago, kultura politiko berri baten beharra du.


Azkenak
Bikotekidea mugikorretik kontrolatzea gazteen artean ohikoa dela frogatu du EHUren ikerketa batek

Maitasun erromantikoari lotuta, nerabe askok normalizatuta eta barneratuta du bikotekideak mugikorraren eta sare sozialen bidez kontrolatu nahi izatea. “Inportantea da ziberbiolentzia gisa identifikatzea, eta ez maitasun seinale gisa”, gogorarazi dute ikertzaileek.


Sexu erasoei lotutako zenbait epaitan bost gizon zigortu dituzte azken egunetan

Sexu erasoei lotutako epai ugari eman dira azken egunetan, eta bost gizon zigortu dituzte. Tuteran izandako bortxaketa batengatik, bi gizoni 9,5 urteko kartzela zigorra ezarri diete. Gasteizen gizon bati bost urteko kartzela zigorra ezarri diote emakume bat bortxatzeagatik... [+]


Dagoeneko 400 gazatar hil dituzte Israelgo soldaduek, laguntza humanitarioa jasotzera bidean

3.000 zauritu ere utzi dituzte Israelgo armadaren erasoek. Maiatzaren bukaeran berrekin zioten laguntza humanitarioari, GHF fundazio estatubatuarraren eskutik; eta ordutik, bertaratutakoei tiro egin diete soldadu israeldarrek.


Oiher Urrutia. Marra gorriak argi
“Erabiltzen gaituzte herriok folklorismorako: landa, animaliak edo euskalkia bera”

Grabagailuari stop eman eta segituan galdetu dit Oiherrek: “Transkribatzean mantenduko duzu euskalkia?”. Baietz nik, batuaren mugek uzten didatenaren barruan baietz. “Arras inportantea da niretako”. Dutxa hartu eta Elizondora eginen du berriz, Aroztegiko... [+]


Amiantoaren biktimentzako konpentsazio-funtsa martxan jartzeko araudia onartu du Espainiako Gobernuak

Legea onartu eta ia hiru urte igaro direnean jarriko da martxan neurria. Espainiako Ministro Kontseiluak onartutako dekretuak dio biktima bakoitzak 32.000 eta 96.000 euro artean jasoko dituela kalte-ordain moduan.


Teknologia
“Bestea”

Bestea”-k gogaituta du gizateria, duena kenduko dio, duena eraldatuko du, kutsatuko du... “Bestea”-k definitzen gaitu... baina “bestea” denok izan gaitezke.

Egun, nor da “bestea”? Nork seinalatzen du izan behar ez dena?

Zapalduen... [+]


Itsas hondoen ustiapena: zientzialariak alarma jotzen, baina moratoriarik ez zerumugan

60 bat estatu eta gobernu buru elkartu dira Nizan (Frantziako Estatua) Ozeanoei buruzko Nazio Batuen Konferentziaren kari. Donald Trumpek itsas hondoen esplorazio eta erauzketa komertziala baimendu eta TMC enpresa kanadarrarekin tratua bideratu berri duen honetan –baita... [+]


Salbuespenak

Hainbeste jainko, arima, teontzi… beren izatea frogatu ezinik, eta jendeak ez ditu sinesten zientziak, kazetaritzak… ahal bezala, baina geure espezieaz harro egoteko moduan, frogatutakoak. Batzuek Lurra laua dela diote, eta debekatuta dagoela Antartikara... [+]


Zein ama ospatu?

Maiatza Birjina Mariaren hilabetea den bezala, amak ospatzeko aukera da Mendebaldeko jendartean. Kasualitatea? Ez dut uste. Frantses lurraldean, Vichyko gobernuak besta hori instituzionalizatu zuen. Helburua bertuteko eta sakrifizioak egiteko prest den pertsona hori handiestea,... [+]


Kantua gidari

Joan den maiatzaren 23an iragan da, Baigorriko elizan, aparteko kontzertu bat: 180 haurrek, 7 eta 15 urte artekoek, maila handiko kantu emanaldia eskaini diote eliza mukuru bete zuen jendeari. Haur horietarik batzuk Donazaharre eta Baigorri aldean kokatua den Iparralai musika... [+]


2025-06-18 | Jesús Rodríguez
PSOEren kea

Ekainaren 6an Presidente Autonomikoen Konferentzia egin zen Bartzelonan, Pedro Sánchez eta Felipe VI.a erregea –emeritu ustelaren oinordekoa, beti da ona gogoraraztea– buru zirela. Isabel Díaz Ayuso faxistak uko egin zion Salvador Illaren eta Imanol... [+]


Sodomia zigortua

Ascension uhartea, 1725eko maiatzaren 5a. “Holandar ontziteriako komandantearen eta kapitainen aginduz, ni, Leendert Hasenbosch, uharte bakartu honetan lehorreratu naute, nire zorigaitzerako”.  

Herbeheretar marinela, 1695ean Hagan jaioa, Ekialdeko... [+]


Eguneraketa berriak daude