Donostia plato bihurtuta


2003ko uztailaren 13an
Bulego honen bitartez, administrazio kudeaketa zerbitzuak, informazio kudeaketa zerbitzuak eta bertako ikus-entzunezko esparruko enpresei buruzko informazioa ematea ahalbideratuko da Donostian filmaketa edo grabazio bat egin nahi duen orori.
Antza, Donostia euren dekoratu bezala aukeratzen zuten produktore askoren eskakizunarekin betetzen du Film Commission honek, hiria ezagutzen ez duenari asko errazten baitizkio gauzak horrelako bulego bat izateak. Gainera, era honetan ere, orain artean maiz asko gertatu izan diren gaizki ulertuekin bukatzeko itxaropena dago.


Angel Amigoren arazoak Udalarekin

Beharbada azkenaldian ezagunenetakoa izan den "gaizki ulertua" Patxi Barcoren "El Final de la Noche" filmaren grabaketan gertatu zen. Donostian bertan filmatu zen eta grabaketan arazoren bat edo beste izan zuten film honetako produktoreek Udalarekin. Angel Amigo filmaren produktoreak, Donostian film bat egiteak ekartzen zituen gastu eta buruhausteak plazaratu zituen komunikabideetan. Aparkatzeagatik, udaltzaingoaren zerbitzuak izateagatik, trafikoa gelditzeagatik edota beste hainbat kontzepturengatik Donostian filmatzea garestiegia ateratzen dela zioen Amigok eta hau horrela izanik beste lekuren batzuetara grabatzera joatea pentsatzen ari zirela. Euskal Herritik kanpo, Donostian ez ezik gainontzeko euskal hiriburuetan ere grabaketa bat burutu nahi duenarentzat gauzak ez omen daudelako erraz.

Donostiako Udalak, dena den, aspaldidanik izan du hiria telebista, zine edota publizitate errodaje desberdinen leku izateko nahia. Asko izan dira gainera, bertan egindako telebista saio, pelikula edota iragarkiak. Zentzu honetan, Miarritze, Salamanca, Santiago de Compostela eta Oportorekin batera, Zine-Hirien Sarearen Film Commissiona izeneko bulegoa osatzeko nahia izan da azken urteetan. Europako Batasuneko Intereg III programaren laguntza jasotzeko itxaropenarekin jaio zen Film Commission berezi hau, baina mementoz laguntzarik jaso ez dutenez proiektua indarra galtzen joan da.

Miarritzeko Udalak, haatik, beren film commissiona martxan jartzeko, Zine-Hirien Sarea iniziatiban jarriak ditu itxaropenak. Europako Batasunak proiektua beste bide batetik lagundu dezakeelakoan. Donostiako Udalak ordea, bulego honen beharra premiazkoa dela ikusi du eta bere kabuz aipatutako Donostia-San Sebastián Film Commission bulegoa irekitzea erabaki du, Zine-Hirien Sarea Film Commissionetik atera gabe.

Film commission honen bitartez, Donostiako eraikin, kale eta espazio naturaletan grabatzea orain artean gertatzen zena baino errazago egiteko asmoa dago, udalak enpresa ekoizleei filmaketak egiteko behar dituzten udal baimenak eskuratzen lagunduko baitie.

"Bulego honekin adar publikoak ikus-entzunezko sektorean lan egiten dutenei beren lanerako erraztasunak ematen dizkie. Hemendik aurrera, errodaje bat burutu nahi duen edonork leihatila batera baino ez du joan beharko baimenak eskatzera. Beraz errodaje bat burutu nahi duenak bertara etortzea besterik ez dauka errodajerako beharrezkoak dituen baimen guztiak lortzeko. Bulegotik beharrezkoak izango zaizkien baimen guztiak gestionatzen zaizkie, doan"
dio Donostia Film Commissioneko Lorea Hernandezek.

Miarritzen horrelako bulego bat laster izan daitekeen arren, gainontzeko euskal hirietan oraindik ez da horrelako bulegorik martxan jarri. Dena den, gainontzeko hiriek ere etorkizunean horrelako bulego bat izatearen aukera ez da baztertu behar, azkenaldian leku askotan jartzen ari baitira horrelakoak. Espainiako Estatuan gaur egun 35 film commission daudela esanguratsua da, batik bat orain dela bost urte bost baino gutxiago zeudelako.

Zabaltze honen arrazoiak agintariek horrelako bulegoak izateak euren hiri eta eskualdeetarako ekar ditzakeen onurak ikustean egon daitezke. Donostia Film Commissionaren aurkezpen ofizialean irakurri zen hitzarmenean entzun ahal izan zen bezala, "Ikus-entzunezkoen industriak, egun, gure eskualde eta hiriak garatzeko ahalmen eta gaitasun handiak ditu, ekonomi jardueraren eremu moduan, berez sortzen dituen aberastasun eta enpleguagatik ez ezik, negozio aukerak sortu eta beste ekonomi sektoretara helarazten dituelako ere".

Odon Elorza Donostiako alkateak esanda, "Udalak interes estrategikotzat jotzen du zinea eta ikus-entzunezkoen sektorea bultzatzeko udal politika gauzatzea eta hori bultzatzeko hainbat ekimen abiarazteko desioa dago. Azken finean, bertako industria garatzeko eta sendotzeko eta hirian graba litezkeen pelikula eta bestelako ikus-entzunezko ekoizpenak erakartzeko nahia dago sortu berria den bulegoarekin". Ikus-entzunezkoen sektorea modu eraginkorrean bultzatzeko nahia, azken finean.


Gastuak

Sortu berria den bulego honek gestio guztiak debalde egingo ditu. Produktoreak ordaindu beharko duen diru bakarra baimen konkretu batengatik ordaindu beharrekoa izango da. Hau, normalean, autoak aparkatzeagatik ordaindu beharrekoa izaten da, bestelako ordainketak apartekoak bezala hartzen baitira. Donostian, 24 ordutan aparkatzeko baimena izateagatik, sei euro baino zertxobait gehiago ordaindu behar izaten da metro karratuko.

Gainontzeko hirietan ez dago hain zehaztua udalaren jarrera errodajeekiko. Kostuari dagokionean, normalean ez da ezer ordaindu behar izaten aparkatzeagatik, leku oso berezietan aparkatzeko nahia ez badago behintzat. Horrelakoetan, lekuaren arabera, diru kopuru bat edo beste eskatuko zaie produktoreei horren truke. Ez dago kasu guztietarako balekoa den ez tarifa ez legerik.
Bilbon, Carmen San Emeterio hiriko zirkulazio departamenduko ordezkariak esan digunez, "Bilbon errodaje bat egin nahi duenak lehenik eta behin udaletxeko erregistro orokorrean egin behar du eskaera. Hemendik eskakizunak inplikatzen dituen sailetara bidaltzen da hau. Sail bakoitzak, bere arrazoien arabera, baimena ematea edo ez erabakiko du. Erabaki hau, nola ez, Bilboko hiritarraren eskubideak kontuan hartuz hartzen da. Hau da, logikoa denez, ezin dugu baimendu errodaje edo grabaketa bat honek hiriaren ordena aztoratzen badu edota izugarrizko trafiko buruhausteak sortzen baditu".

Hiri guztiek ikusten dute azken finean errodaje edota grabaketak egiteak onurak ekarri ahal dizkiola hiri bati, adibidez, eta besteak beste, euren turismo programak bultzatzeko eta hiria kanpoan ezagutzera emateko. Baina horren gainetik, salbuespenak egon daitezkeen arren, hiritar guztien eskubide orokor bat izanagatik, hiritarren eskubideak daudela kontsideratzen da udal politiketan.

"Errodaje bat leku oso publiko batean egiteko nahia badago eta leku hori jendez gainezka badago, lehenik gauza guztien gainetik errodaje horrek jendean zein eragin izan dezakeen ikusi behar da gero erabaki bat hartu ahal izateko" dio San Emeteriok.

Herri txikietan errodajeak burutzeak, nahiz eta herritarren artean jakin min handia sortzen duen, ez dizkie ez produktoreei ezta baimenak eman behar dituztenei hainbesteko buruhausterik sortzen. Bertan egin beharreko tramitazioak kultur departamenduak eraman ohi ditu eta ez da arazo handiegirik izaten grabaketa baimenak lortzeko. Hortaz ez da bulego jakin baten beharra ikusten horretarako herrixketan.
Dena den, Euskal Herritik kanpo, hainbat herri txikik osaturiko eskualde batzuk euren film commission propioak sortzen hasiak dira. Gertuen daukagun kasua Pirinioetako herrixka batzuek sortutakoa. Hauek bertan errodajeak egin nahi dituztenei gestio eta informazioan laguntza ematearen truke, zinegileen partetik herrialdearen publizitatea lortzen dute. Bai errodaje oso esanguratsu bat delako, artista edota zuzendari ezagunekin, edota baita filmean euren herriak ikusteko parada izango delako ere.
Herriak eta hiriak promozionatzeko bide ere badela zinea, eta hau horrela izanik, promozioa debalde egiten duten profesional hauei laguntza ematean datza bulego berri hauen sorrera. Hurrengo urteetan diru-sarrera garrantzitsuak eta enplegua sorraraziko duen industria bati laguntza eskaintzeaz aparte, jakina.

Bulego hauen zerbitzuak eskatzen dituzten produkzio enpresa guztiei ez zaie laguntza berdina emango beti. Izan ere film labur bat egin nahi duenak ziurrenik baimenak gestionatzeko laguntza baino ez du eskatuko, kanpotik etorritako produktora batek berriz, baimen horiek gestionatzea eskatzeaz gain, ekoizpenerako zerbitzuen enpresei (kamerak, jantziak, animazioak, argiztapenak, aktoreak, etxegileak...) buruzko informazioa, ekoizpen ondoko enpresei buruzko informazioa edota ekoizpenaren inguruko logistikaren informazioa eska dezake, besteak beste.

Informazio kudeaketa zerbitzuekin, tokiko edota nazioarteko ekoiztetxeei edozein filmaketa egiteko baliagarri eta interesgarri gerta dakieken informazio guztia eskaintzen zaie. Gehien eskaturikoa, filmaketak egiteko kokalekuen ingurukoa izan ohi da, horregatik joaten baitira hain zuzen kanpoko produktorak grabaketa lekura. Bulego hauetan, eraikin, gune berde, hondartza, monumentu, eskultura, industria eta era guztietako paraje desberdinei buruzko informazioa izan nahi dute hauek, behar beharrezkoa duten informazio osoa euren lana errazteko.

Donostian sortu den Film Commission honen antzekoak mundu guztian zehar zabalduak daude. Eta ez dira beti hiri bati loturiko bulegoak. Australian edota Zeelanda Berrian, Australian Film Commission eta New Zealand Film Commission daude, eta Espainiako Estatuan, Galizia Film Commission eta Andaluzia Film Commission, besteak beste. Euskal Herrian izan da Hego Euskal Herri osoa batuko lukeen Film Commission bat sortzeko ahaleginen bat, baina orain arte ez da bulego hau martxan jartzeko akordiorik lortu.

Historia
Oraingoz gainontzeko euskal hirietan ez da horrelako bulegorik martxan jarri. Baina Donostiako Udalaren aspaldiko nahia izan da Miarritze, Salamanca, Santiago de Compostela eta Oportorekin batera, Zine-Hirien Sarearen Film Commission izeneko bulegoa osatzea. Europako Batasuneko Intereg III programaren laguntza jasotzeko itxaropenarekin jaio zen Film Commission berezi hau, baina mementoz laguntzarik jaso ez dutenez proiektua indarra galtzen joan da.

Datu bilketa
Gaur egun ez dago ikus-entzunezko sektorea bultzatzeko egiten ari diren iniziatiba hauek sorrarazi ditzaketen diru sarreren inguruko informazio zehatzik, baina Film Commissionen beste zereginetako bat datu horiek jaso eta kontrolatzea izaten da. Azken finean bulego hauen inguruan mugitzen diren proiektuek hiriari onura handiak ekartzea aurreikusia baitago, eta horren inguruko kontrol bat egotea beharrezkoa ikusten da.

Produkzio guztiak
Printzipioz bulego hauetara produkzio handi zein txikiak joan daitezke. Hau da, ateak irekiak daude bulego hauetan bai Hollywoodeko produkzio batentzat eta baita film labur batentzako ere, nahiz eta, jakina, batek zein besteak hiri edo herriaren irudiaren zabaltzean izan dezakeen zeresana oso desberdina izango den.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude