ikasleen azterketak azter-tzeak (zuzentzea esaten zaio, oker) harribitxiak ematen ditu batzutan. Esamineko galderaren bati erantzuten ari zela, abiatu jarri nahi eta habiatu jarri zidan behin ikasle batek. Hasieran, inoiz ikusi gabeko ortografi akatsek sortzen duten irribarrea eragin zidan. Baina akats hura zirudiena baino potoloagoa zen.
Despiste zorionekoa, nolanahi ere. Azterketako nire galderak arruntagoak ziren, baina giza-esperientziaren korapilo bat azaltzeko eskatu banio nekez topatuko zuen dilema azaltzeko modu egokiagorik. Abiatzen hasi eta habiatu, alajaina. Horixe da, adibidez, ezker abertzaleak jeltzaleei egozten diena: balizko marko berrirantz abiatzeko aski kemenik ez eta autonomismoaren habia erosoan etsitzeko aukera egin dutela, beste behin. Abiatzearen eta habiatzearen arteko dilematik hautsi zen, ikuspegi honen arabera, Lizarra-Garazi prozesua. Zenbateraino arriskatu behar zen esperimentu politiko ziurgabeetan, eta zenbateraino baliatu behar ziren martxan zeuden botere-guneak? "Ezker abertzalea abiazale eta jeltzaleak habiazale", esan liteke. Baina inoiz ez da guztiz hala izaten, izan ere, abiatze-habiatze dilema etengabe antzaldatzen da gure baitan. Ia beti bietatik daukagu denok. Zenbat eta nola, hor dago aldea. Ezker abertzaleak ere, aitaren etxea altxatzea du ipar. Habiatzeko da abiatzen. Eta jeltzaleek esango dute etorkizunaren bila abiatzeko direla autonomian habiatzen.
Gizakiaren jarrera existentziala da, itxura denez, kabian laketzea, etxean babestea. Etxearen errotik (oikos) datoz eko-nomia eta eko-logia, egungo gizarte-diskurtsoen bi iparrak. Baina animalia ustela da habiatutako gizakia, eta gizakitik pertsonarako aldea beste horrek jartzen du: abiatzeak. Etxea uzten du gizakiak, batzutan, inoiz, tarteka, nolabait beti, eta tokirik ez duenaren bila doa: u-topiaren, bidearen, Habiaren, jainkoaren, bestearen, beraren.
Oreka ezinezkoa izango gara. Jarreraren eta joeraren arteko oreka ezinezkoa. Milaka urtetan barruan izan dugun ehiztariak bilatzera bultzatzen gaitu, seguruasko. Bilatzaile egiten gaitu. Baina ez beti halaber barrutik bizi gaituen nekazariak etxea zaintzera bultzatzen gaituena baino gehiago. Eta hala gara bilatzaile eta zaintzaile, ar eta eme, zoro eta zuhur, ausart eta bigun. Hemen buka zitekeen artikulua.
Baina niri behintzat, hoskide, ez dit balio bikoiztasunean gelditzeak, hotz uzten nau yin-yang orekaren deskribapen jakintsuak. Zainetan odola dirakionari hautabideak jar-tzen dizkio bizitzak, eta hautabide horietatik beti daude deika habia eta abia. Biak deika, biak orekaren kontra. Abia eta habia gure muineko izateak dira, eta barre egiten digute paradoxa larritik: muinekoa zaigun zerbait urratuta bakarrik izan gaitezke muineko. Ez da erraza hautatzea, eta ez da beti hautatzen. Hautu edo hautugabezia horietan usteltzen da herri bat, galtzen da lanpostu on bat, irabazten da proiektu bat, eraikitzen da amets bat, argitzen da zorionbide bat.
Zirrikitu guztietatik ageri zait oraintxe ikaslearen akats ortografiko zorionekoa. Hik ere, hoskide, horri kantatu hioan Belodromoko azken finalean, orekatu eta ferekatu errimatu hituen hartan. Zerbait jakingo duk nire gaurko bi hitzen hoskidetasunaz. Baina utzi horri bakean. Beste bi hitz hoskideren gainean jardutea tokatzen zaik hurrengoan. n