MUNITIBAR

  • Munitibar, Aulesti, Gizaburuaga, Amoroto, Mendexa, Ispaster eta Lekeitio udalerriek osatzen dute Lea ibaiaren arroa. Zazpi udalerri hauetatik bostek ezaugarri geografiko eta sozioekonomiko antzekoak dituzte eta arrazoi hori dela-eta Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoa sortu zuten duela hogei urte. Datozen bost asteetan Lea ibaiak bustitzen dituen Munitibar, Aulesti, Gizaburuaga, Amoroto eta Mendexa herrien berri emango dugu orriotan.

2003ko ekainaren 15ean
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
1986an hartu zuen Arbatzegi-Gerrikaitzek Munitibar izena. Arbatzegi elizateak, Gerrikaitz uriak eta hainbat auzo txikik (Berreño-Aldaka, Uriona, Gerrika eta Totorika) osatzen dute egun Munitibar. Lea ibaiak bustitzen ditu lurrok, eta Munitibartik igarotzerakoan, Oiz mendian sortutako erreka txikiak batzen ditu. Oiz, Motrollu, Atxagana, Gastiburu eta Gautiribel mendiek inguratzen dute Lea Artibairako, Busturialderako eta Durangalderako bideak batzen dituen herria.
Arbatzegi eta Gerrikaitzen batzetik dator berez Munitibar. Izan ere, historian zehar Munditibar eta Monitibar izenak izan ditu, eta hasiera batean Gerrikaitzen barruan zegoen. Lehenago Arbatzegin egondako parrokia bertara eraman zutenean hasi zen herri bezala garrantzia hartzen. Don Tello Bizkaiko XXII. Jaunak sortu zuen Munitibar 1366an. Sortu zituen hirietako hamazazpigarrena izan zen, eta hamaseigarren jezarlekua zeukan Gernikako Batzarretan.

Arbatzegik, egun Munitibarko auzoa denak, hogeita zortzigarren lekua zeukan Batzar Nagusietako elizateen artean. X. mendean, Bizente martiriaren parrokia eraiki zuten Arbatzegi tontorrean Bizkaiko Jaunaren menpeko nekazariek. Elizateko lehenengo parrokia izan zen. 1550ean, Ziortzako kolegiataren botereari pisua kentzearren, Munitibarko jaunak Munitibar auzora aldatu zuen parrokia. Horretarako, Aldaka, Totorika eta Berreño auzoen laguntza izan zuen. Santua Arbatzegitik jaitsi zutenean, Arbatzegi, Uriona eta Gerrikakoek borroka latza izan zuten beste auzokoekin. 1554tik aurrera, Mikel deunaren baseliza izan da Bizente martiriaren parrokia.

Gerrikaitzek hiru edo lau sarrera zituen (ez da segurua). XIX. mendean, Gerrikaitz hiriak eta Arbatzegi elizateek desamortizazio legearen eraginak igarri zituzten.

Herri bakoitzak bere parrokia zeukan, eta 1851n, parrokia bakoitzeko apaiz kopuruak mugatu ziren. 1867ko errege dekretuak 200 bizilagun baino gutxiagoko udalek auzo-herriren batekin elkartu beharra zeukatela agindu zuen. Arbatzegin 157 lagun baino ez ziren bizi, eta Gerrikaitzen 72. Bien artean 229 bizilaguneko herria egin zuten.

Ordura arte ere bakarka konpondu ezinezko arazoak Zubialde zubian batuta konpontzen zituzten. Garai haietan herriak lur jota zeuden guden ondorioz. Foru Aldundia ere, ez zegoen herriei asko laguntzeko moduan. Herri txikiek zailtasunak zituzten eskoletako irakasleak ordaintzeko ere. Estuasun horiei aurre egiteko elkartu ziren herri biak, eta azkenean, herri bakarra osatzea erabaki zuten. Gobernu Zibilaren baimena lortu ostean, batzarra egin zuten Zubialden. Alkate biek berba egin zuten, eta 1883ko apirilaren lehen egunaren eguerdiko hamabietan egin zuten elkartu ondorengo lehen batzar ofiziala. Egun, Munitibar izenarekin ezagutzen da herria eta 400 biztanle inguru ditu.

Ikustekoak
Arbatzegiko San Bizente parrokiak 100 oineko luzera eta 39ko zabalera ditu. Patroiarentzat egindako hilobi bereziaz gain, 52 hilobi daude elizaren barruan, eta hiru aldare ditu. Parrokia eliza horretan kokatzeko hainbat istilu izan ziren herrian Erdi Aroan, baina geroago ere, guden lekuko izan da San Bizente parrokia. Gernika bonbardatu baino egun bat lehenago, guda hegazkinek bonbak jaurti zituzten Munitibarren, parrokiaren inguruetan dagoen bidegurutzea apurtu asmoz. Teilatuko gailurrera erori zen bonbatako bat, eta gain-haga apurtuta, barruan egin zuen eztanda. Eliztarrek ahalegin berezia egin zuten kalterik handienak konpontzen, baina nazionalak sartu zirenean, haien aurka botatako obus batek hegoaldeko aldarea zatitu zuen eta beste batek elizpea.

Arbatzegiko Gerrika auzoan, Gontzogarain izeneko gunean, Santa Luzia ermita dago. Diotenez, Ziortzako kolegiata baino zaharragoa da baseliza hori. 12,50 metro ditu luzeran eta 12,15 metro zabaleran. 1960an berrituta dago, eta egun, terrazozko lauzak dauzka zoruan. Berriztu aurretik, lur egosiz egindako hartzabalezkoak ziren. Mozarabe estiloko leihoa dauka Santa Luziak, hiru argikoa. Gainera, balio artistikoak ezezik, izugarrizko bista dauka bere inguruan. Munitibar inguruko hainbat leku eder ikus daiteke bertatik.

Lehenago parrokia izandako Mikel Deunaren baseliza, izen bereko auzoan dago. San Bizente santuaren irudia Munitibar auzora jaitsi zutenean, parroki izaera galdu zuen, eta egun baseliza da. Hilobiak ere izan zituen garai batean barruan, baina egun, bistan behintzat, ez dago halakorik. 8,95 metro luzeran eta 7,10 metro zabaleran dauka.

Arbatzegiko Berreño auzoan, Kanpona mendiaren magalean, Salbatore baseliza dago (8,80m. x 6,30m.). Alde bitarako teilatua dauka eta ez dauka kanpandorrerik. Ermitaren barruan kanpai txiki bat dauka, eta harrobitik oso gertu dago. Egun, geldirik dago harrobia.

Gerrikaitzeko parrokia, Andra Mariarena da. Calahorrako gotzainak 1459ko urtarrilean hala erabakita, hiru apaiz egoten ziren parrokian. Bertako patroi Arteagak eta eliztarrek, parroki berria egitea erabaki zuten 1550ean. Arbatzegitarrek ez zuten ondo ikusi hori, baina 1847an, lehengoa zabaldu eta berriztu ostean, egungo itxura eman zioten Andra Mariaren parrokiari.

Santa Eufemiaren ohorezko baseliza ere badago Munitibarren. Arbatzegik eta Mendatak muga egiten duten lekuan dago, Gola auzoan. Txikia da, 8,64 x 6,40 metrokoa. Sarreran, hormari josita, antzinako harrizko aldarea dago, eta inguruan, harrizko hilobiak. Gerriko mina daukatenak joaten omen dira bertara, eta baserritarrek ere, egiten dute erregu haizeteetan. Toki hau sorgin-leku izan omen zen inoiz, eta, kondairek diotenez, baseliza egin zenean ihes egin zuten sorginek Golatik.

Ez da baina, dena eliza eta baseliza Munitibarren. Oiz mendiaren hegalari jarraituta Uriona auzora joanez gero, XVI. mendeko baserrigintzaren lekuko biziak aurkituko ditugu. Izan ere, mende horretan sortu zuten auzoa, eta orduan zutabe egitura sendoko baserriak egiten ziren. Orain ere, egitura hori mantentzen dute hango baserriek.

Totorika auzoan berriz, Lea ibarrean baserriek zein bilakaera izan duten jakiteko pista guztiak ditugu. Bertako baserri gehienak ezberdinak dira estiloari eta egiturari dagokienez. Garai ezberdinetan egindako baserriak dira, eta bakoitzak bere berezitasunak gordetzen ditu. Auzoan bertan San Joanen ohorezko baseliza dago. Trapezio itxurako hilarria dauka gurutz irudiko apaingarriarekin.

Herririk gehienetako moduan, sasoi batean, Arbatzegi eta Gerrikaitzen ere errotak zeuden. Gerrikaitzen dago Elortza errota, bere eguneroko martxarik ez badu ere. Gerrikaitz hiria zen garaian, bertako errota bakarra izan zen. Olatxu edo Olaetxea deitutako errotan, burdinolak eta errotak zeuden 1745ean. Orain geldi dago. Bizkaiko begiratokiak, aldiz, sekulako ikuskizuna eskaintzen du. Errepide ondoan dago; Ganbe auzoan. Urdaibai osoa, eta Bizkaiko beste eskualdeak ikusten dira bertatik.


Aisialdia

Oiz mendia da Munitibar inguruko lekurik famatuena. Goraino igotzeko gogorik ez daukanak baina, lasaigunea dauka 791 metrora. Bertara heltzeko, Ganbe auzotik dago biderik errazena. Ganbe auzoa berriz, Bizkaiko begiratokiaren inguruan dago. Muxikatik Munitibarrerako bidean. Tontorreraino heldu gura duenak, lasaigunea utzi eta gorantz egin beharko du. San Kristobal baselizara heldu arren, gora egin behar dugu; tontorra EITBko antenak dauden lekua baita. Illuntzar, Bedartzandi, Urregarai, Udalatx, Anboto, Untzillatz, Errialtabaso, Aramotz, Gorbeia, Zaraia, Aizkorri eta Sollube mendiak eta Urdaibaiko Biosferaren Erreserba ikusten dira Oiz puntatik. Beherantzakoan, Gerrikaitzera jaitsiko gara Astoagako galtzadatik. Bidean, Mendata, Muxika eta Munitibar banatzen dituen munarria ikusiko dugu horrela.

Nola heldu

Gernikatik Arratzurako bidea hartu, eta ez daukagu galbiderik Munitibarreraino. Muxikatik joaten bagara berriz, Dudoleta-Montekalboko bideari segi, eta Urrutxu auzoan, Munitibar jartzen duen bideari ekingo diogu. Lekeitiotik joanez gero, Aulestirako bidea hartu, eta aurrera egingo dugu Munitibarko erdiguneraino heldu arte. Bilbon atera, eta Galdakaoko ospitaletik Lekeitiora doan Bizkaibus zerbitzua eta Munitibartik Etxebarrira doan autobusa geratzen dira Munitibarren.

Jateko
- Herriko taberna (Basualdo jatetxea): herriko plazan dago.
- Ondamendi taberna-denda: herriko plazaren parean.

Lotarako
- Garro landetxea. San Migel auzoan. Tlf.: 94 616 41 36.
- Astorki Goikoa landetxea. Berreño auzoan. Tlf: 946252356 edo 696545528.
turismoruralastorkigoikoa@msn.com.


Azkenak
Eduardo Ibero (Yala Nafarroa)
“Eskerrak eman nahi dizkiogu Iruñeko jendeari, beraien bultzadarekin heldu gara txupinazoa botatzera”

Eduardo Ibero, Lidon Soriano eta Dyna Kharrat, Yala Nafarroa Palestinarekin plataformako kideek, 2025eko sanferminei hasiera eman dion suziria piztu dute.

 


2025-07-07 | Imanol Muro
Zergatik Joxe Azurmendi euskal gazteontzako?

Euskaraz hitz egiten duen gure herriak zortea izan du azken mende erdi luzean zehar gure herriari buruz pentsatzen aritu den figura bat edukitzegatik. Joxe du izena eta Azurmendi abizena. Oharkabean pasa daitekeen izena da. Bere obra milaka eta milaka orrialde emankorrek osatzen... [+]


BBCk Israelen alde egitera behartzen dituela salatu dute bere langileek

BBCko 100 langile baino gehiagok gutun bat argitaratu dute hedabideak Israelen alde duen jarrera salatzeko. Modu anonimoan egin dute, bestela "ondorio larriei" egin beharko lieketelako. Erresuma Batuko kultura eta komunikazio arloko beste 300 pertsonek ere sinatu... [+]


Martutenek emandako ihesaldi dantzagarrienak 40 urte

Astelehenean, 40 urte beteko dira Joseba Sarrionandia eta Iñaki Pikabea presoek Martuteneko kartzelatik ihes egitea lortu zutenetik. Egiako pisu batean izan ziren ezkutaturik bi iheslariak, eta oraindik milaka eztarrik abesten dute «kristoren martxa dabil!».


“Zazpi sendabelar ukendua”-ri zor dioguna

Ukenduak egiten dituen orok solstizio bueltako data hauetan zeruari begiratu dio: bateko beroa eta besteko ekaitzak, sendabelarrak noiz bildu erabakitzen komeriak izan dira. Ikusten denez, San Joan eguna ez da edozein egun, indar eta sinbolismo bereziko eguna dugu. Edozein... [+]


2025-07-07 | Iñaki Sanz-Azkue
Hegoaldeko suge leuna: ehiztari bat ilunpean

Sugea eta eguzkia: pertsona askoren buruan banandu ezinak diren bi hitz. Sugea entzuten dugun aldiro, egun bero eta argi bat irudikatzen dugu. Buruak hala funtzionatzen baitu: asoziazio horiek egiten ditu duen informazioarekin. Eta ez da arraroa, bestalde; izan ere, sugeak... [+]


2025-07-07 | Jakoba Errekondo
Joan deneko usain bete ekain

Eguna mozten hasten den hilabetea, ekaina. Festa aparretan gabiltza baina xorro-xorro, hau esku artean duzunerako dagoeneko hamalau minutu moztu da egun argia. Gu gure eroan, batzuek bere txoroan, ez gara jabetzen baina landareak bai ederki asko! Eguna mozten hasi da eta ez dio... [+]


2025-07-07 | Garazi Zabaleta
Larrinbarri
Ahabi ekologikoak Anbotopetik

Aramaioko Beñat Ibarguren Arrizabalaga da Larrinbarri ahabi ekologikoak ekoizteko proiektuaren bultzatzailea, eta 2012tik ari da Anbotopeko bere lursailetan fruitu gorri landareak eredu ekologikoan lantzen. “Lagun batek eta biok sortu genuen proiektua, hasiera batean,... [+]


Kneecap, Last Tour eta protestaren merkatua

Kneecap taldea BBK Liven egoteak eztabaida piztu du makrofestibalek protesta politikoaz egiten duten instrumentalizazioaz eta kultura-eredu nagusiaren kontraesanei buruz.


Baionako fiskaltzak ikerketa abiatu du Ane Lindanek EHZn egindako emanaldiaren harira

Espainiako Abokatu Kristauen Fundazioak Bilboko artista salatu du arrazoi beragatik, “eskarnio delitua” egin duela argudiatuta. EHZk barkamena eskatu die artistaren emanaldiak mindu dituenei, baina egoera gorrotoa sustatzeko baliatu dutenengandik “urrun”... [+]


Munduan 220 milioi tona plastiko sortu eta %10a baino ez dira birziklatzen urtero

220 milioi tona plastiko sortzen dira munduan eta %10a soilik birziklatzen da, zifra hori hamar urtez mantendu da bere horretan. Hainbat talde ekologistek salatu dute egoera uztailaren 3an, plastikozko poltsarik gabeko nazioarteko egunean.


Eguneraketa berriak daude