ZUIA

  • Azken sei aste hauetan Zuiako Koadrilan zehar egin dugun ibilaldiari amaiera emango diogu aste honetako atalarekin, Koadrilari izena ematen dion udalerriarekin. Gure bisitaldietan Arabako iparraldeko bazter hauetan gordetzen diren altxor ugariak deskubritzen aritu gara. Baina Zuiako udalerriaren barruan altxorrik preziatuena dago, mendez mende eta gaur egun parke naturalaren barruan, bizirik mantendu den Gorbeia mendizerra zoragarria. Hango pagadi beltzetan barna galtzea ipuin batean sartzea bezalakoa da, Baias erreka liluragarriko lamiek belarrira xuxurlatuko diguten ipuinean, agian. Gorbeiako lilurak ez diezazkigula ahantzarazi Zuian bisita merezi duten beste lekuak: Oroko haitzak, Jugatxi, Ezti Museoa... aukera zabala eta joria benetan, lurralde honen aberastasuna erakusten duena.
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Gorbeiaren magalean antolatu ziren hamabiren bat herrixken bizilekua da Zuia. Gehienak nekazaritza girokoak eta asko ezezagunak dira, Murgia hiriburua eta bailarako bazter guztietarako abiapuntua izanik.

Murgiako erdigune zabalean udaletxea nabarmentzen da, haren etxabeetan informazio turistikoaren bulegoa gordetzen duena. Kanpandorre bitxia erakusten duen elizaren ondoan, erakusketak egiteko erabiltzen den Vea-Murgia etxea dago. Honen eta udaletxearen artean, oinaztarren gurutzea ikus dezakegu. 1450. urteko gurutze honek oinaztar eta ganboatarren arteko borrokak gogora dakarzkigu, Zuia oinaztar leinuaren sorlekua zelako. Handik hurbil Eztiaren Museoa topatuko dugu, eztigintzarako erabiltzen diren lanabesak eta tresnak berreskuratzeko eta zaintzeko sortua. Bertan, eztia eta honen eratorriak nola egiten diren erakusten da, antolatutako lantegiaren bidez.

Murgiatik hegoalderantz joz, Jugo herriaren ondoko muinoan altxatzen da Jugatxi baseliza, haritz eta pagoen artean. Bertako Ama Birjinaren irudia XII. mendeko taila erromanikoa da, garai barrokoko erretaulan dagoena. Baselizaren inguruan jarlekuak, mahaiak, iturria eta barbakoa badaude atsedenleku gisa. Jugotik aurrera jarraituko dugu Domaikiaraino San Bartolome elizako apaingarri erromanikoak ikusteko asmoz. Adituen arabera, eliza honen plateresko estiloko erretaula nagusia, zonaldean dagoen onenetarikoa omen da.

Domaikiatik berriro Murgiara itzuliko gara, oraingoan Lukiano eta Bitoriano aldera murgiltzeko. Herri hauetan Erdi Aroan eta Ahaide Nagusien borroketan zehar, leinu garrantzitsuenen etxeak defenditzeko eraiki ziren dorretxeak ikus ditzakegu, La Encontrada baserri-etxea Lukianon eta Agirretarren dorretxea Bitorianon, adibidez. La Encontrada Zuia eta Urkabustaiz arteko mugan dagoen errementeriaren aurri ikusgarria da. Zonalde honetan harizti ederrak mantentzen dira eta Baias ibaiak arrantza esparrurik hoberenak eskaintzen ditu.

Altubetik gertu egitura bikaina duen Jaundia zubia dago eta Gorbeiako bidean, Sarria herrian Iturrate jauregia, Señoritarena ere deitua, ikus dezakegu.

Jugatxin, Atxabalen edo Gorbeiako parkearen harreran dauden atsedenlekuak une lasaiak eta atseginak igarotzeko prestatuta daude inguru paregabe batean. Bestalde, Zuian bada Golf kluba ere, Gorbeiaren magalean kokatuta. Erabat laua den 17 hektareatako zelai zabal honetan, bederatzi zulo daude haritzez, pinuz, pagoz eta laku artifizialez zein naturalez inguraturik.

Baina Zuiako lurraldetik ezin gara joan Gorbeia mendizerrako bazterrak ezagutu eta bisitatu gabe. Goiko gailurretako ibilaldi luzeari ekin ala erreken alboko txangoa lasai dastatu, berdin da, Gorbeiak ez gaitu aiherga utziko.

Ibilaldi ertainak Baias ibaitik gora eramango gaitu. Burbona gailur hostotsuaren albotik iragan eta seinale horizko pistak Nafarkortara eramango gaitu, Bizkaiko mugaraino. Handik, Oderiaga mendiko hegoaldeko mazela zeharkatuz, ibai aldera jaitsiko gara Parkeko sarreraraino itzuliz.

Oroko Santutegia eta Atxabalgo Haitza
Atxabal izeneko haitzetan altxatzen da Oroko Santutegia eta Zuiako lurraldearen erdian kokatuta egonik, bailara osotik begi-bistan gelditzen da, muino erakargarria bilakatuz. Balore natural eta kultural handiko lekua da. Murgiatik eta Bitoriano iraganik, errepide bat igotzen da santutegitik 200 metrora dagoen aparkalekura. Santutegiak eta alboko haitzak eremu berezia, bitxia eta magikoa osatzen dute, bertatik Zuiako bailara osoa menperatzen delarik. Santutegia biziki handia da, eliza erromaniko baten gainean eraiki zen gotiko estiloko eliza bat daukana (XVI. mendekoa). Koroa errenazentista da eta zalditegia ere badauka Andra Mariaren Kofradiarentzat. Kofradiak 2.000 bazkide inguru dauka eta irailaren lehenengo igandean jaia egiten dute santutegiaren ondoko zelaian. Zuiako gurtza lekurik garrantzitsuenean gaude dudarik gabe. Baina santutegia antzinako bizileku baten gainean eraiki zen, Oroko kastro edo Brontze Aroko gotorlekuaren aurrien gainean, alegia. Jose Migel Barandiaranek 1918an aurkitu ondoren indusketa egin zen, Brontze garaiko aztarnak berreskuratzen. Gaur egun aztarna hauek Arabako Museo Arkeologikoan ikus daitezke. Natura aldetik, inguru honetako baso mistoa pagoz eta haritzez hornituta dago. Hegaztiak ere ugariak dira interes geologiko handiko kareharrizko haitz hauetan.

Gorbeiako Parke Naturala

Araba eta Bizkaia artean harro altxatzen da 1.000 metrotik gora Gorbeiako mendikate izugarria. Altuerak zehazten du mendi klima, neguan elurte ugariak direlarik. Aldiz, mendilerroak itsasotik datozen haize hezeak geldiarazten ditu, hegoaldeko isurialdean eurite ugariagoak eraginez.

Bere 20.016 hektareekin Gorbeia EAEko Parke Naturalik handiena bilakatzen da, hein handi batean pagadi sakonez estalita. Baso aberats eta ugari hauek erraztu dute oreina bertan bizi izatea, parkeko erregea eta ikurra bihurtuz. Garai batean, Gorbeia aldetik desagertu zen, baina duela zenbait hamarkada berriro hasi zen hemengo basoetan bizitzen, arrakasta handiz. Ikusgarriak izaten dira iraila aldera arren artean suertatzen diren borrokaldiak, eme taldeak bereganatu nahian. Oreinen araldian parke osoa betetzen da marrumaz arratsaldetan.

Oreinaz gain, 167 animalia mota bizi dira Parkean, gehienak eurosiberiar jatorrikoak, bakan batzuk mediterraneoko zonaldekoak badira ere.

Bertan aurkitzen dugu Euskal Herrian desagertzeko arriskuan dauden hainbat animalia, igaraba, esaterako. Animalia honentzat ezinbestekoak dira ur garbia eta egoera onean mantentzen diren ibai ertzetako basoak. Eta Gorbeiako ur gardenetan aurkitu du aterpe animalia maitagarri honek, Pirinioetako desman, buztanikara hori eta ur-zozoekin batera.

Ibai eta basoen artean hamaika anfibio espezie bizi dira Gorbeian, baso-igel iberiarra, esaterako. Baso beltzetan, aldiz, oreinarekin batera, lepahoriek eta basakatuek babesa aurkitzen dute, ibiltarien urratsen zelatari.

Basotik atera eta altuera handiagoko eremuetan txilar, ote eta iratzeen zonaldean sartzen gara, Gorbeiako tontorren bidetik. Gorbeia erreferentzi nabarmena da Araba eta Bizkaiko paisaian eta garrantzi handiko gertaera topografikoa. Kareharrizko gailurrak ugari dira, Nafarkorta, Oderiaga, Berretin eta Gorbeiagane bera, Euskal Herri osoan ospetsua den gailurra. Tontor honek harro erakusten du apaingarri gisa daraman gurutzea eta ikusmira paregabea eskaintzen digu, mendizaleen artean tradizio handiko gailurra izanik.

Parke osoan naturaren adierazpen basatia nabarmena bada ere, gizakiaren aztarna aspaldikoa da. Bai kobazuloetako biztanleek eta baita megalitoak eraiki zituzten artzainek ere, Gorbeiako goiko larreak erabili zituzten. Mendizerra osoa betetzen duten txabolek eta kortek artzaintzan tradizio luzeko lurraldea dela erakusten dute. Olagizonak eta ikazkinak ere hemendik ibili ziren, lehenengo burdinolak IX. mendean dokumentatuta egonik.

Hau guztia eta askoz gehiagoren informazioa jasoko duzue Gorbeiako Interpretazio Zentroan. Zentro honen helburu nagusia bisitariei harrera egitea eta Parke Naturalaren ezaugarrien eta aukeren berri ematea da. Erakustokia egokitu da Zentroan bertan, panelen eta sistema interaktiboen bidez Parkeari lotutako hainbat gaien arloak lantzeko: eztigintza, oreinen mundua edo bizimodu tradizionala… Gorbeiako Parkea hurbilagotik ezagutzeko aukera paregabea. Sarrera dohainik izaten da eta Zentroa urte osoan zabalik dago, astelehenetan izan ezik.

Informazio Praktikoa
Non lo egin:
- Casa del Patrón Hotela (Murgia)
945 462 528
- Altube Hotela (Altube) 945 430 173
- Goikuria aterpetxea (Sarria
94 470 0747
- Perrenku Nekazaletxea (Markina)
945 430 224
- Gorbea Bide Nekazaletxea (Sarria)
945 430 046
- Albertegi Nekazaletxea (Markina)
669 972 313

Non jan:
- Arlobi jatetxea (Sarria) 945 430 212
- Casa del Patrón jatetxea (Murgia)
945 462 528
- Izarra taberna-jatetxea (Bitoriano)
945 430 073
- Amaya taberna-jatetxea (Murgia)
945 430 109
- Areso taberna-jatetxea (Murgia)
945 430 220
- Iglesias taberna-jatetxea (Murgia)
945 430 142
- Piscinas taberna-jatetxea (Murgia)
945 462 434
- Txoko taberna (Murgia) 945 430 029
- Gorbea taberna (Murgia) 945 430 127
- Aldaia taberna (Murgia) 945 462 545

Oharra: Aurreko aleko Ihesi sailean, Zigoitiari buruzko artikuluan, ondorengo informazioa gehitzea falta zen:
Non lo egin:
- Izpiliku Nekazaletxea (Akosta)
945 464 154
- Lizardi Etxea Nekazaletxea (Zaitegi)
945 460 976


Azkenak
2025-06-19 | Sustatu
AA batek zenbat eta gehiago “arrazoitu”, orduan eta okerrago

Applen lan egiten duen ikertzaile talde batek adimen artifizialaren (AA) esparrurako egindako ikerketa baten emaitza argitaratu dute. Izenburu esanguratsua du: The Illusion of Thinking. Euskaraz, bere izenburu luzean, honela: Pentsatzearen ilusioa: arrazoitzeko ereduen... [+]


Desokupacyl enpresa Donostian dagoela ohartarazi dute

Desokupacyl desokupazio taldeak bideo bat argitaratu zuen atzo sare sozialetan, Luis Nuñez Mané burua eta beste hiru kide Donostian zeudela esanez. Bideoa, Kontxan grabatuta dago, eta “okupatutako” etxeak erostera bultzatzen du bertan Manék:... [+]


Ekialde Erdia
Mundua begira, Israelek eta Iranek elkarri erasotzen jarraitzen dute

Joan den ostiralean Israelek Iran eraso zuenetik, bi herrialdeek bata bestea erasotzen jarraitzen dute. Ali Khamenei Iraneko liderra hilko dutela diote Israeleko agintariek, AEBen parte hartze zuzena eskatzen dute, baina AEBetako lehendakari Donald Trumpek ez du oraindik erabaki... [+]


Langileen eskubideek okerrera jo dute azken hamarkadan, bereziki Europan eta Ameriketan

Nazioarteko Sindikatuen Konfederazioak (ITUC) urtero argitaratzen duen txostenak langileen eta sindikatuen egoera globala gero eta okerragoa dela adierazi du.
 


2025-06-19 | Axier Lopez
Banco Santanderrek armagintzan eta genozidioan duen parte-hartzea salatzeko ekintza egin dute Azpeitian

Azpeitiko Elkar-ekin taldeak protesta ekintza egin du asteazken gauean. 1.000 kilo obra-hondakin utzi dituzte bankuko sarreran, hildakoak irudikatzeko panpinak jarri eta porlanez zikindu dute egoitza.


Iruñeko eta Gasteizko gertakarien gaineko erantzukizuna aitor dezala eskatu diote Espainiako Gobernuari

78ko Sanferminak Gogoan plataformak eta Gasteizko Martxoak 3ko ekimenak bat egin dute espainiar estatuak gertakari latz horietan bere erantzukizuna onartu eta biktimen aitortza ofiziala egin dezan. 'Estatua Erantzule!' izena darama kanpainak.


Prostituzioa debekatzeko lege proposamena aurkeztuko du Espainiako Berdintasun ministroak irailean

Birritan saiatu da PSOE legea aurrera ateratzen. "Berriro ekingo diogu, beharra bertute bihurtu behar dela uste baitut. Benetan, unea dela uste dut", adierazi du Ana Redondo Berdintasun ministroak.


BVE talde parapolizialak gutxienez 40 lagun hil zituen 1975 eta 1983 artean, Iñaki Egañaren arabera

Iñaki Egaña historialak Impunes (Txalaparta, 2025) liburuan dio frankismoak talde parapolizialetara jo zuela errepresioa "itxurak mantenduta" ezartzen jarraitzeko, eta beren kideen "inpunitatea" azpimarratu du. Duela 50 urte sortua, bederatzi... [+]


Teresa Zavaleta 
“Euskararen bidez Euskal Herriko egoera politikoa ulertu nuen”

Argentinarra da, baina sustraiek errotzen dute. Euskararekin maiteminduta dago, 25 urterekin ikasten hasi zenetik. Arbasoetako batzuk Euskal Herrikoak zituen, Soraluzekoak eta Azagrakoak, eta bizpahiru urterekin hasi zen Arrecifeseko Euskal Etxera joaten; arbasoa sortzaileetako... [+]


PSNko idazkariorde Ramón Alzórrizen dimisioak ustelkeria eta krisi politikoa Euskal Herrian kokatu ditu

María Chivite Nafarroako Presidentearen "konfiantza galdu" duela eta, Ramón Alzórrizek PSNko idazkariorde nagusi eta Nafarroako Parlamentuko bozeramaile izateari utziko dio. Bere bikotekidea Servinabar enpresan lanean aritu zela publiko egin ostean eman du... [+]


Papax Fagoaga, mutil-dantzaria 1970eko hamarkadatik
“Ezin nuen ulertu emakumeok herriko bestetan ezin genuela mutil-dantzetan parte hartu, horregatik hasi nintzen dantzan”

Elkarrizketa ilustratzeko erabili dugun argazki nagusia 1970eko hamarkadan hartua da. Erratzuko plaza festetarako apainduta ageri da, ezpelez atonduriko ohiko eszenatokiarekin eta etxetik etxera zintzilik, dilindan dauden xingolekin. Urrunean bi soinulari agertzen dira, Maurizio... [+]


Faxismoaren aurka borrokan, munduan zein Euskal Herrian

Lanaren Ekonomia irratsaioan faxismoaren gorakada aztertu dugu, munduan eta Euskal Herrian gertatzen ari dena.


Aroztegiko Elkartasun Komiteak salatu du bi kidek jazarpenak eta irain matxistak jasan dituztela

Taldeko kideen aurkako eraso matxistak talde osoaren aurkako eraso gisa ulertzen dituela adierazi du Aroztegiko Elkartasun Komiteak. Komiteak salatu duenez, Aroztegiko epaiketara ikusle gisa sartu nahi zuen jendearen zerrendatik "Baztango mutil-dantzari talde... [+]


Aurten ere batxilergoko ahozkoa euskaraz pasatzeko aukera irekiko dute hainbat irakaslek

Ekainaren 23aren eta uztailaren 2aren artean iraganen da ahozko azterketa. Frantsesez pasa beharreko azterketa izanda, Seaskako, sail publikoko eta pribatuko irakasle batzuek publikoki jakitera eman dute euskaraz bideratzeko aukera eskainiko dietela ikasleei.


Umandi ikastolak 50 urte
Euskara, bizikidetza eta berrikuntza pedagogikoa ardatz

Gasteizko Umandi ikastola duela 50 urte sortu zuten hainbat familia aski ausartek –herri ekimena, orduan ere–, euskararen transmisioa ardatz hartuta. Mende erdia joan da, ikastola hazi egin da, belaunaldi berriak hezi ditu ez gutxi, komunitate baten erreferente ere... [+]


Eguneraketa berriak daude