AINGERU EPALTZA: «GIZONOK EZ DAKIGU EMAKUMEEKIN TRATATZEN»

  • "Rock'n'Roll" nobela Joseba Jaka II. Literatur Bekako sariduna izan zen. 2000ko abuztuan amaitua, Elkarlaneanek argitaratu zuen. Bi urte luzeren ondoren gaztelaniaz ikusi du argia, Ttarttalo argitaletxearen eskutik, Aingeru Epaltzak berak itzulia. Egileak «belaunaldi bateko erretratua» eta «bere barne kontuak garbitzeko ahalegin» bat bezala aurkeztu zuen bere lana. Nobelak lanketa prozesu luzea izan zuen. Epaltzak 500 folio idatzi zituen, gerora, 400 bat orrialdeko liburua plazaratzeko. Bi istorio gurutzatu omen zitzaizkion buruan, bere kazetaritza denborak eskaini zion pertsonaia baten harian, batetik: »Kazetari desastrearen pertsonaia eraikitzeko nahia nuen, soslaia bereziko kazetari bat». Era berean, bazuen istorio bat, egiatzat saldu ziotena: opor bidaietan hiltzen eta autoan etxeratzen duten amonena. Hau da, bidaiako geldialdi batean, autobidearen zerbitzuguneko beharrak ase ondoren, familia kideak autora itzuli eta maletategian zegoen guztia ebatsi dieteneko istorioa, amona barne: «Ez dakit ez ote den hiriko legenda gisako bat», esan digu autoreak. Bi istorioak lotu eta nobela gotorra mamitu zuen idazle iruindarrak. Umore beltzezko narrazio bipila, tragediazko nobela baina egilearen ohiko ironiaz zipriztindua. Eleberriaz eta euskal literaturaz, oro har, aritu gara Aingeru Epaltzarekin, Iruñean.

2021eko uztailaren 19an

"Rock'n'Roll" nobela hirian girotuta dago, hiria Iruñea izan liteke. Ez duzu kokapena zehaztu nahi izan, ordea.
Bai. Iruñea baino meta-Iruñea litzatekeelako. Hori Iban Zalduari aditu nion eta gustatu zitzaidan. Konparaziorako, hiriaren izena aipatzeak ezaugarri etniko batzuk ematera behartzen zaitu. Badira ezaugarri batzuk, koadrilaren zentzu hori adibidez, oso hemengoa dena, baina oro har, ezaugarri horiez gabetzen saiatu naiz, ez baitzitzaidan leku zehatz batean kokatzea interesatzen. Hala ere, iruindar batek leku eta giro ezagunak aurkitu ditzake nobelan. Iruindarrendako Iruñea izanen da, eta beharbada, liburuak balio gehitu bat izanen du, baina funtsean, gertatzen dena berdin-berdin gerta zitekeen Mendebalde aberatseko bertze edozein hiri ertainetan: Donostian, Zaragozan, Nantesen edo Birminghamen.



Nobelako pertsonaiak karrikan gurutzatu ditzakegun pertsonak al dira? Pertsonaia estereotipoak al dira?
Batzuk bai. Pertsonaia nagusietan ez dago izena eta abizenarekin izendatu daitekeenik, baina neroni gisa horretako jendearekin topatu naiz. Ez hain putakumeak, beharbada, batzuk, edo ez hain patetikoak bertze batzuk. Estereotipotik hurbil egon daitezke, baina nik horrelako jendea ezagutu dut, auskalo ni ez ote naizen halako bat.



Eduardo Saragueta, protagonista, galtzaile, antiheroia da. Adiskidetasunaren kritika al da nobela?
Adiskidetasunaren kritika egin baino areago, protagonistak nolabaiteko distantzia batetik ikustea zen nire nahia. Maiz, adiskidetasunaren moduko laudorio txoro bat egin ohi dugu gure artean. Nik adiskideak baditut, handiak gainera, baina adiskidetasuna nolabaiteko distantzia eta hoztasun batetik ere ikus daiteke. Adiskidetasunaren sakralizazio hori oso lotua egoten da gaztetasunaren laudorioarekin edo gaztetasunaren sakralizazioarekin berarekin eta nik gaztetasuna goratzeko joera ergel horren kontra ere jo nahi nuen. Beharbada, zahartzen ari garenez, autoterapia baizik ez da.



Lagunen arteko deskripzio krudela, patetikoa, maitekorra, baina ez nostalgikoa egiten duzu. Pertsonaiak gure miseriaren isla dira, nolabait.
Baliteke. Batzuetan lagunen arteko egoerak edo bizipenak modu esperpentiko batean eman ditut, gu geu ere pixka bat horrelakoak garelako. Finean, protagonista nagusia, Eduardo Saragueta, gizagaixo bat da. Gauzak txukun egiten saiatzen da, badauka kontzientzia eta morala. Hautu batzuk egiten ditu, senez eta intuizioz, baina ez daki zehazki zergatik. Eta nahiz eta saiatzen den, oso tipo desastrosoa da. Horretan ere bagara islatuak. Funtsean, pertsonaia horrengandik ez gaude hain urruti.



Iban Zalduak sexuaren gaia aipatzen du liburuari eginiko kritikan. Liburua maskulinoa ote?
Sexu harremanak ikuspegi oso maskulino batetik kontatuak dira, baina ez dut uste liburu matxista denik horregatik. Pertsonaia nagusiak bizi dituen miseria andanaren gainean gaur egungo gizasemearen patua agertzen da. Hau da, gizonok ez dakigu emakumeekin tratatzen. Alde batetik, hezibidez etorri zaigun matxismoa utzi nahi dugu, progresistak sentitzen gara, baina ez dakigu benetan nola jokatu. Hori islatu nahi izan dut.

Belaunaldi baten isla egin duzu baina egoera politikoan sartu gabe. Nekeza al da bizi dugun egoera sozio-politikoa deskribatzea?
Nahita egin nuen horrela. Donostian ez dakit, baina Iruñean -nik ezagutu nuen jende gehiena behintzat- gehiengoa ez zegoen politizaturik, ez deus ere. Politizatua gutxiengo bat izan da, baina gutxiengo hori da literaturara eraman ohi dena.
Alabaina, memento batean, faktore politikoa ukitzeko tentazioa izan nuen, Iruñean kokatu gabe ere, faktore hori eransteko tentazioa-edo. Nobelako lagun koadrila, fraide ikastetxeko ikasle ohiak, Ikastolako lehen promozioko ikasle ohiak lirateke! Pentsa nola aldatuko litzatekeen istorioa! Horrek egitura problema handiak ekarriko lituzke ordea, hizkuntzaren gaineko aipuak egitean, kasu.
Nobela gaztelaniarik ez balego bezala kontatuta dago, istorioa euskaraz bizitakoa da. Bide hori hautatuz gero, bertzalde, ezinbertzekoak izanen ziren politikari buruzko aipuak. Orduan, protagonista nagusi bakoitzari zein etiketa politikoa erantsi beharko nioke? Trapitxeroari ezker abertzalearena, enpresari zerriari UPNrena eta lanbide liberala duenari sozialistarena? Zergatik? Hori niretako asotsa edo harrabotsa zen, zarata. Ez zen hori kontatu nahi nuena.



Demagun ausartzen zarela gure giro politikoa, soziala eta gatazkatsua idazten. Ausartuko al zinateke oraingo liburuan azaltzen den belaunaldi hori deskribatzen?
Alde batetik, egina dut honezkero «Ur uherrak» nobelan. Bertzalde, gaiari berriz ekinen banio, saiatuko nintzateke beharbada zeharbideren bat bilatzen. Genero historikoak, konparaziorako, aukerak ematen ditu horretarako.



Nobelaren bilakera

Liburuak bi urte luze bete ditu karrikan. Harrera epela izan zuela erran duzu inoiz, zarata handirik gabe pasa izan zela.
Neurri batez edo bertzez, idazle guztioi gertatzen zaigu hori. Lana beltz egiten dugu, esperantza handiak jartzen ditugu liburu berrian, eta emaitzak, gehienetan, ez dira esperantzen heinekoak izaten. Ustekabe atseginak gutxitan izaten dira. "Rock'n'roll" liburuari inoiz baino denbora eta lan gehiago eskaini nion, eta itxaropena ere handiagoa nuen bertzetan baino.



Liburua Bilbon izandako literatur jardunaldietan hizpide izan da berriki. Jarraitzen duzu berdin pentsatzen?
Gaur egun, lasai pentsatuta eta gauzak bere lekura etorriak, ez naiz noski hainbertze kexatzen ahal. Baina salmentak dira, tamalez, liburu baten arrakastaren neurria. Eta liburu honek badauzka oso salgarri egiten ez duten halako ezaugarri batzuk. Batetik, liburu potzoloa da eta izenburua nahasgarria izan zen. Batzuek ez zuten liburua nobelatzat hartu. Badira saiotzat edo musika liburutzat hartu zutenak. Halaber, ezohiko edizio batean atera zen, garestiago. Horrek nonbait ez zuen lagundu.



Bilbon liburuak zer esana eman du berriz ere. Zer ondorio atera duzu?
Euskal literaturan minoritarioa naizen sentsazioa edo pertzepzioa daukat, ez dut uste oker nagoenik. Liburua Bilboko jardunaldietan kontuan hartu zutenean, pentsatu nuen: «Ez nuen oso garbi hildakoen berpizkundearena. Baina baliteke ‘Rock'n'roll’ nobela berpiztu ahal izatea» (Irriak).



Nobelaren itzulpena

Nobela gaztelania ez balego bezala kontatuta dagoela esan duzu, euskaraz bizitakoa dela. Zer suposatu dizu horrek itzulpena egitean?
Nire iduriz, ez euskaraz ez erdaraz irakurleak ez dio inolako mementoan bere buruari galdetzen zer hizkuntzatan ari diren, benetan, liburuko protagonistak. Euskal literatura horrenbertze aitzinatu da azken hogei urteetan! Gero, bigarren plano batean, istorioa niretzat Iruñean edo Iruñea bezalako hiri batean gertatzen denez, ez zait batere zaila gertatu nire pertsonaiak erdaraz imajinatzea.
Beraz, kontu horrek ez dit zailtasunik ekarri alde horretatik, izatekotan alderantziz. Kasu batzuetan neronek ere sumatu dut pertsonaiak beren giro naturalera ekartzea bezala izan dela itzulpena, nolabait ere, nobelak euskaraz fikzio-karga erantsia izan eta, gaztelaniara bihurtuta, horretaz arindu banu bezala.

Bestela, nola moldatu zara liburua itzultzeko?
Memento batzuetan amesgaizto bat izan da. Ia urte eta erdi egin dut liburua itzultzen. Lan honek buruan edo zirriborroetan nituen bertze egitasmoak atzerarazi dizkit eta horrek halako urduritasuna sorrarazi dit hondarrean. Nolanahi ere, gaztelaniaz idazteko ohitura badaukat, itzultzaile bainaiz lanbidez, baina zure burua itzultzea neketsua da batzuetan.



Zergatik?
Zu zara liburuaren egilea, lana zurea da, eskubidedun sentitzen zara aldaketak egiteko eta, nahigabean ere, nolabaiteko birsortze lanean hasten zara. Horrek arras puntu nekagarrira eramaten zaitu, inoiz gelditzen ez den zirrikari bueltaka ari bazina bezala. Ez dakit berriz ere eginen nukeen! n

Nobelaren luzera auzitan
Nobela hizpide honela esan du orain gutxi Unai Elorriagak: «Nobela luzeak idaztea irakurlea gaizki tratatzea da, nobela luze oso onak daude, baina horiek orrialde gutxiago izan balute, askoz hobeagoak lirateke». Epaltza ez dator bat Elorriagarekin.
«Egia da batzuetan nobela luze bat irakurtzean neronek ere izan dudala halako sentsazioa: ‘adreilu honek 100 orrialde soberan ditu’. Unaik errandakoa orokorkeria bat da, eta ez dut uste nobela luze bat idaztea irakurlea gaizki tratatzea denik. Ni, irakurle gisa, inoiz baino mimatuagoa sentitzen naiz nobela luzea eta ona denean. Jakina, nobela zenbat eta luzeagoa egin, halaberean ugaritzen dira kontakizuna behera etortzeko, hanka sartzeko edo zure tranpatxoak agerian uzteko arriskuak, eta horrek hondora eraman dezake nobela bat. Luze eta txarra bada irakurlea are gehiago gogaitzen duzu».

«Periferiako idazlea sentitzen naiz, baina ez dut gehiago nire burua zigortzen»
Demagun euskal literatura paisaia gisa irudikatzen dugula, hots, liburua margo edo koadro baten gisara so egiten dugula. Nola ikusten duzu euskal literaturaren paisaia?
Paisaia izatekotan, koadro puntilista baten gisan irudikatzen dut euskal literatura. Hau da, urrutitik begiratuta kolore masa batzuk ikusten ditut koadroan, kolore grisa izanen litzateke nagusia. Alabaina, koadrora hurbildu ahala, puntuak nabaritzen hasten dira eta orduan koloreak ikusten dira. Ziur aski, kanpotik ikusten dena baino aise ere kolore gehiago du gure literaturak.



Idazle gisa berriz, nola ikusten duzu zure burua paisaia horretan?
Ni puntu horietako bat izanen nintzake, koadroaren bazterrean-edo. Baina ez nintzateke ausartuko erratera zer koloretakoa den puntu hori. Nik atsegin nuke -hantustea ere izan daiteke nire aldetik- euskal literaturaren paisaiaren kolorea biziagotzea eta kanpotik ikusten den kolore gris hori jantziago agertzea.

Bazterrean izate horrek, periferiako idazle izatearekin zerikusirik ba al dauka?
Bai, periferiako idazlea sentitzen naiz, neurri batean. Baina ez dut gehiago nire burua zigortzen horregatik. Nafarra izateak, nolabait, zentro kulturaletik kanpoan ezartzen nau, idatz moldetan ere ez naiz hagitz estandarra eta ez dakit estandarra izateko borondaterik dudan ere. Horrek periferian ezartzen nau gisa batez. Hala ere, batzuetan, zortea izan dut, zentroa periferiatik hobeki ikusten delako, zentrotik beretik baino.



Ez zara idazle estandarra. Erabiltzen duzuen estiloa, lexikoa edota erregistroak jende gehiagorengana iristeko muga ote dira?
Baliteke, irakurleak murrizten dizkit behintzat. Alta, bada, gure baitatik ahalik eta gehiena eman behar dugula uste dut. Liburu bakoitzarekin nire buruari galdetzen diot ea nire ezaugarriak aldatu beharko ote nituzkeen. Mementoz nire horretan ari naiz, liburuak epe luzeko perspektiba batekin egin behar direlakoan bainago, epe luzeko apustuak egitea ona da.

Desliluraren isla eta esperantzazko nobela
Nobela krudela izan arren maitasunetik gehiago dauka gorrototik baino. Egilearen aburuz «Rock'n'Roll» deslilura handiaren isla da, baina, esperantzazko nobela ere bada. Lou Reedek hori transmititzen du «Rock'n'Roll» kantuan: «...Badakizu? Rock and rollak bizia salbatu zion. Anputazio guztiengatik ere, dantzatzen ahal zinen rock and roll irrati batekin...». Epaltza oso rock zalea da. Berarentzat Lou Reed bada norbait rock munduan. Nobelaren izenburua «Rock'n'Roll» kantuaren erreferentzia da, Aingeruk eta koadrilako lagunek anitzetan aditzen zutena: »Liburua LP bezala ulertu behar da ordea, mota guztietako kantak biltzen dituena, arinak batzuk, gogorrak beste batzuk, baladaren bat ere tartean». Bilbon kritikari batek esan zuen «Rock'n'rol» baino areago, Lou Reeden «Berlin» diskoa antzeman zuela liburuan. Izenburu horrek ere balio zezakeen, beraz.
Aingeru Epaltzaren «Ur uherrak» nobelak bluesa iradoki zigun, «Tigre ehizan»ek folka. Euskal gatazkaz idatzitako nobela batek iradoki beharko ligukeen musikaz galdetu diogu: «Ez dakit! Batzuetan punk edo triki-punk jarri beharko genioke, bertzetan makina hutsez eginiko musika».

Azal ezberdineko liburua
Euskarazko edizioaren azalean Lou Reed agertzen da, gaztelaniazko bertsioan berriz, Iruñeko karrika bat:«Lou Reed agertzeak irakurle mota bat ez ote zuen nahasi pentsatu izan dugu, atera zen mementoan musikari buruzko liburutzat hartua izan ez ote zen. Horregatik azala ezberdina ezarri diogu. Karrika ilun bat da, ostatu bat agertzen da aitzinean eta gibelean Iruñeko San Zernin elizaren dorrea, baina dena buelta emanda, hau da, irudimenean baizik existitzen ez den perspektiba batetik hartuta, nolabait Iban Zalduak aipatzen zuen meta-Iruñea horren idurira».


Azkenak
2024-09-22 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia. 2.eguna
Ondo kiribilduta


Sail Ofiziala. 2.eguna
Mus jarraituan

Bai, aste honetan Chill Mafiak agur esan du eta zer eta musean jokatzen. Mus Corrido kantuan, metaforka hegan. Hordago batzuk bai bota dituela taldeak iraundako hiru urteotan. Jaso gabeko enbidorik geratuko zen bidean,  jakina, baina momentuz, nahiko; jaso... [+]


2024-09-21 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia. 1.eguna
Zerk egiten duen pertsona

Urduritasunaren alarmak mugikorrekoak baino ordubete lehenago jota hasi da niretzat Donostiako 72. Zinemaldia, edo halabeharrak edo oparitu didan rol honetan. Goiz gosaldu eta akreditazioaren bila joan ostean, Victoria Eugenia antzokira hurbildu naiz 9:00etarako saiora, Emilia... [+]


Bonba-jostailuen oroimena oraindik bizirik da Libanon

Ekialde Erdia dantzan jarri dute pertsona-bilagailuak eta walkie-talkieak lehergailu bihurtu dituzten erasoek. Israel isilik da, baina inork gutxik jartzen du zalantzan erasoen atzean hura dela. Besteak beste, iraganean aritu delako jada jolas hilgarri horietan, eta akusazio... [+]


2024-09-20 | Sustatu
Euskarabildua topaketa urriaren 17an: “Artifiziala ez den teknologia”

Aurtengo Euskarabildua topaketa teknologikoa (iAmetzak antolatzen duena urtero) urriaren 17an izango da Donostian, San Telmo Museoan. "Artifiziala ez den teknologia" jarri diote goiburu gisa, adimen artifizialaren oldarraldi garai honetan "inoiz baino... [+]


Sail Ofiziala. Irekierako filma
Apar gutxiko desioa


2024-09-20 | Gedar
Aurten ere, udako erailketa matxisten %15 egin dute poliziek edo polizia ohiek Espainiako Estatuan

Uda honetan, gutxienez hemeretzi erailketa matxista izan dira, eta horietatik gutxienez hiru kasutan, poliziak edo polizia ohiak dira hiltzaileak. Donostian, gainera, erailketa saiakera bat ere izan da ertzain baten partetik: bere bikotekidea hiltzen saiatu zen abuztuan.


2024-09-20 | George Beebe
Ez dago irismen luzeko misil nahikorik Mendebaldean Ukrainako egoera aldatzeko

(Baina Kievek Errusiari eraso egiten uzteak gerrara eraman gaitzake zuzenean).

George Beebe CIAko Errusiako analisi zuzendari ohia da eta bere artikulu hau Rafael Poch kazetariaren blogean argitaratu dute gaztelaniaz eta Brave New Europe webgunean ingelesez.


Edmundo González Venezuelako “presidente legitimo” gisa aitortu du Europako Parlamentuak

Europako Alderdi Popularrak ultrakontserbadoreekin eta eskuin muturrarekin landuriko ebazpenak aldeko 309 boto, kontrako 201 eta hamabi abstentzio jaso ditu. Ekaineko Europako hauteskundeez geroztik, lehen aldia da eskuina eta eskuin muturra baturik agertzen direla Estrasburgon.


Mozal Legearen erreforma eskatu du Nafarroako Legebiltzarrak

Foru Legebiltzarraren arabera, “oinarrizko eskubideak eta askatasunak murrizten dituen legea da, eta zigor-atal neurrigabea du, demokrazia aurreratu bati ez dagokiona”.


2024-09-20 | Euskal Irratiak
Maider Mourgiart eta Paul Laborde
“Pastoralari esker Xarnegu eskualdeko herritarrak elkar lotu gira”

Azken aukera asteburu honetan 'Inexa de Gaxen' pastorala ikusteko.


Internet demokratiko eta burujabe baten alde lanean

Internet hasieran askatasunaren espazio izan zen, baina gaur egun enpresa handien esku dagoen lurralde kontrolatu bihurtu da. Testuinguru honetan, teknologia burujabetza eta ongizate komuna lortzeko Internet berreskuratzeko beharra gero eta premiazkoagoa da. Egile eta aktibista... [+]


Eguneraketa berriak daude