JANTZI BERRIAK JOSIZ, TRAPU ZAHARRAK ERANTZI

  • Ameriketako Estatu Batuetan arrakasta handia izan duen antzezlana euskal antzokietara ekarri du Ados taldeak. "Las mujeres de verdad tienen curvas" umoreaz baliatuz etorkinen lan baldintza kaxkarrez mintzo den lana da. Barakaldon estreinatu zuten apirilaren 24an eta irailetik aurrera ikusi ahal izango da Euskal Herri osoan.

2003ko maiatzaren 23an
"Itxura marduleko aktore hegoamerikarren bila gabiltza", horixe idatzi zuten Adosekoek muntaia berrirako aktoreak bilatu asmoz Interneten zabaldu zuten mezuan. Lan taldea osatzearena ez zen lan makala izan. Josefina Lopezek idatzitako "Las mujeres de verdad tienen curvas" («Benetako emakumeek kurbak dituzte») antzezlaneko bost emakume protagonistek ezaugarri zehatzak behar zituzten eduki, baita komikotasunerako gaitasun berezi bat ere. Antzezlanaren zuzendari Garbi Losadak ongi oroitzen ditu hautaketa hark sortu zizkien buruhausteak: "Hasieran aktore euskaldunekin lan egitea pentsatu genuen arren, ikusi genuen obra honek errealitate dosi handia eskatzen zuela. Hortaz, muntaia aktore etorkinekin egitea erabaki genuen. Jende honekiko nolabaiteko konpromiso gisa ere egin dugu". Euskal Herriaz gain Espainiako Estatura ere zabaldu zuten deialdia eta bost emakume kubatar hautatu zituzten: Lilliam Kouri, Saskia Guanche, Edelweiss Hernandez, Maria Isabel Diaz eta Yeye Baez. Bost aktoreetatik bi Madrilen bizi dira eta gainontzekoak Euskal Herrian. Sara Cozar aktore euskaldunak Saskia Guanche ordezkatuko du hainbat emanaldietan. "Aktore guztiak kubatarrak izatearena kasualitatea izan da. Nik uste horregatik irten dela ikuskizuna hain karibearra", dio Losadak irribarrez.

"John Wayneren laguna" antzezlanarekin eskuratutako sarien zapore goxoa oraindik ere ahoan dutela estreinatu du Ados Teatroak "Las mujeres de verdad tienen curvas". Honetan, aurreko lan guztietan bezala, gai sozialak lantzen jarraitu du taldeak, beti ere umorea alde batera utzi gabe.

Josefina Lopez mexikarrak idatzitako antzezlana tailer klandestino umel batean kokatuta dago, sarri aire egokitua falta zaion tailer zaharrean. Udako bero itsaskorrean, protagonisten bizipozak soilik ekarriko du aire freskoa bertara. Fernando Gonzalez Ansak diseinatutako eszenografiak errealismo handia ematen dio espazio eszenikoari.


Autobiografikoa ia

Hein batean errealitatearekin fidela delako hautatu zuen Adosek antzezlan hau: "Josefina Lopezen biografia da ia. Berak ere jostun gisa lan egin zuen gaztetan tailer klandestino batean. Egoera barrutik bizitu duenaren testigantza da", dio zuzendariak. Dena dela, hainbat moldaketa egin behar izan dizkio Losadak jatorrizko testuari. Izatez Los Angeleseko tailer bateko langile mexikarrak ziren protagonistak hegoamerikar bilakatu ditu eta Europako hiriburu batean kokatu. Aldaketa nagusia, ordea, azken eszenan egin du: "Berezko gidoiaren amaiera oso amerikarra da, pertsonaia guztiek euren ametsak betetzen dituzte. Guri iruditu zitzaigun amaiera errealistago bat egokiagoa zela. Amaiera europarragoa bilakatu dugu".

Ana bere ahizparen tailerrera iritsi berri da. Eskola graduatua eskuratuta unibertsitatera joatearekin amesten du, idazle izatea baita neskatoaren nahia. Horretarako, baina, lanean hasi beharra dauka sosa batzuk eskuratzeko. Tailerrean lanean aritzen den amak ez ditu oso begi onez ikusten alabaren desioak eta tailerreko gainontzeko jostunek ere nahiko lan dute egunean eguneko eskariei erantzuten. Estela ahizpa ere ez dago bere mementorik onenean, oraindik ere "paperik gabe" dago eta beldur da edozein mementotan polizia tailerrean azalduko ote den. Legez kanpoko egoeran dagoen etorkinaren nahigabea islatzen du Estela pertsonaiak.

Aktoreek, lehen emanaldietan taula gainean ziurtasun pittin bat falta bazitzaien ere, lortzen dute emakumeen arteko harremana sinesgarri egitea eta euren artean duten laguntasun hunkigarri hori islatzea. Azken batean bizirauten saiatzen diren emakumeak dira guztiak, gogor lan eginaz, josten, etorkizun hobe baten alde. Horretarako euren arma bakarrak erabiliko dituzte: esfortzua, dignitatea, eta osasungarria den umorea. Egoerarik zailenean ere dantzatzeko eta kantatzeko beta hartzen dute, Joxean Goikoetxeak konposatutako doinuak airosotasun handiz kantatuz.


Mitxelinak ditut, eta zer?

Etorkinek bizi behar izaten dituzten lan egoera prekarioen kritikaz gain, badu Adosen lanak beste ageriko mezu bat, antzezlanari titulua ematen diona, hain zuzen ere. Bost emakumeek ez dute egungo gizarteak inposatzen dituen kanon estetikoekin bat egiten, gorputz mardulak baitituzte guztiek ere. Horregatik inposaketa honen kontrako aldarria egiten dute behin eta berriro: "Soberan ditudan kiloak mundua kaka egitera bidaltzeko erabiltzen ditut!", oihu egiten du Pancha izeneko pertsonaiak momentu batean. Ana gaztearen ekimenez arropak erantziz ere iraultza txikia antolatzen dute lantokian. "Biluztearen memento hori inpaktu handikoa da" -dio Losadak-, "jende perfektuaren biluziak ikustera ohituta baikaude. Pertsonaia hauek jende arrunta dira eta bateren bat nahiko lodia ere bada. Duen tamaina duela ere, edozein ederra izan daitekeela adierazi nahi dugu. Nazkatuta gaude argal egon behar horrekin".

Antzezlanaren izaera dela-eta, euskarazko bertsiorik ez du prestatuko Adosek. Hego Amerikan zehar bira bat egitea gustatuko litzaieke etorkizunean, baina taldearen baliabide ekonomikoei begiratu beharko diete erabaki hori hartu aurretik.

Euskal Herrian irailetik aurrera hasiko dira "Las mujeres de verdad tienen curvas" eskaintzen. Bitartean, maiatzaren 30ean, kale antzezlan bat estreinatuko dute Leioako Umorezko Kale Antzerki Azokan. "Sopa de Ganso" («Antzar zopa») izeneko ikuskizunean sei aktorez osatutako taldeak kaleak sukalde bilakatuko ditu, jendearen artean lehengai berezi bat bilatuz: barrea, alegia.

Kultura latinoaren defendatzaile
34 urte besterik ez dituen arren, Josefina Lopez idazle mexikarra Ameriketako Estatu Batuetan idazle latinoen artean ezagunenetakoa da. Genero ezberdinetako lanak argitaratu ditu, baina batez ere antzerki eta telebistarako gidoiak. Gaztetan, jostunen tailer batean lan egin behar izan bazuen ere, gaur egun Writers Guilt of America idazleen elkargoko kide da, eta berak sortutako CASA0101 erakundean gidoien sorkuntzari buruzko irakasgaiak eskaintzen ditu. Berak idatzitakoak dira "No place like home" («Etxean bezala inon ez»), "Confessions of the Rumba" («Runbaren konfesioak») eta "Real Women have curves" («Benetako emakumeek kurbak dituzte»), besteak beste. Azken lan honek zinera ere jauzi egin zuen. Iaz, Sundance zine jaialdian hainbat sari eskuratu zituen, eta Donostiako Zinemaldian ere jaso zuen saririk.
Ados taldekoek Lupe Ontiberos aktoreari esker ezagutu zuten idazlea. Ontiberosek Los Angeles eta San Franciscon "Real women have curves" antzezlanean aktore lanak egin zituen. Maiz hitz egin zien Adosekoei ikuskizun hartaz. "Aspalditik genuen buruan antzezlan hau hemen egitea, bat egiten baitu taldearen filosofiarekin". Josefina Lopezek Adosek Gijonen egin zuen emanaldi batera joateko aukera izan zuen duela gutxi: "Oso gustura gelditu zen" -dio Garbi Losadak- "nik eginiko moldaketaren kopia ere eraman zuen bueltan, zenbait ideia kopiatu egingo zizkidala esanaz".


Azkenak
2024-04-30 | ARGIA
Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

34.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

Israelek 40 eguneko su-etena eta preso trukea eskaini dio Gazari, baina akordioa lortu edo ez Rafah inbadituko dutela adierazi du Netanyahu lehen ministroak. AEBk eta Erresuma Batuak Hamas presionatzen ari dira Israelen eskaintza onar dezan. Astelehenean 47 palestinar hil zituen... [+]


2024-04-30 | ARGIA
Hil egin da Artzentalesen zauritu zen basogintzako langilea

Langilea larri zauritu zen apirilaren 24an, eta astelehenean, hilak 29, hil da. 22 urte zituen eta sektorean bi hilabete soilik zeramatzan lanean. 2024 urtean hildako 22. langilea da.


2024-04-30 | ARGIA
Eneko Bidegainen 'Bichta éder' eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria

Karmele Jaioren Maitasun kapitala-rekin lehiatu da finalean. 2023ko “libururik gogokoen” izendatu dute Bidegainen “bihurgune askotako” thriller politikoa 111 Akademia osatzen duten literaturazaleek.


Eguneraketa berriak daude