Betirako loturik bizitzera kondenatuak zeuden, baina agian beste egoera edo baldintza batzuetan jaio izan balira, kirurgialari batek banantzea lortuko zuen. Horixe izango zen, seguruenik, siames zaharrenak izan diren Masha eta Dasha ahizpen ametsa (ikus argazkia).
1950. urtean jaio ziren Moskun, eta jaio zirenetik erabat zapuztuak eta baztertuak izan ziren familia giroan. Amak ezin izan omen zuen onartu bere alabak gerritik lotuak ikustea, eta psikiatriko batean ingresatu behar izan zuten. Aitak ere ez zuen alabez ezer jakin nahi izan, eta diru laguntza edo pentsio ekonomiko bat lortu ondoren, zientziaren eskuetan utzi zituen. Horrela, jaio eta egun gutxi batzuetara, Dasha eta Masha Zientzien Akademiako Pediatria Institutuan sartu zituzten, eta bertan era guztietako ikerketak eta azterketak egin zizkieten arren, ez zuten erabateko konponbiderik aurkitu nonbait ahizpa txikientzat.
8 urte zituztela Ortopediako Institutu Zientifiko Zentralera joan ziren (eraman zituzten, hobe esateko) eta bertan "soberan" edo "faltan" zuten hirugarren zangoa erauzi zieten, bakarra utziz siames bakoitzari. Geroztik beren bizitza osoa egoitzetan igaro dute, baldintza kaskarretan itxura denez: ume egoitzetan hasieran, bertakoen iseka eta burla gaiztoak jasaten, eta 20 urte inguru zituztela, zahar etxe batean aurkitu zuten aterpea, Moskun bertan.
Bizi artean ziurtatua zuten pentsio ekonomikoari esker eman dituzte ordudanik beste 32 urte, baina joan zen apirilaren 14an Masha bat-batean hil egin zen, bihotzeko infartu batek jota. Medikuak gertatuaren berri ezkutatzen saiatu ziren Dashari, koman zegoela esanez, baina 17 orduren barruan, bere ahizparen gorputzaren "deskonposizioak" bihotza pozoitu zion eta bera ere hil egin zen.