EUROPAKO 40 MILIOI LANGILEK PAIRATZEN DU LANEKO ESTRESA


2003ko apirilaren 13an
Estres laborala ez da txantxetako kontua: pertsonen jokabidea nabarmen aldaraz dezake eta bizi kalitatea nahiz osasuna kalte ditzake. Azken hamar urte hauetan, Europako Batasunean behin eta berriro identifikatu da estres laborala lantokiko kezka iturri nagusi bezala, eta, gaur egun, aldagai erabakigarria da, hala langileen osasunean, nola enpresen ongizatean. Europako Agentziaren Zentro Tematikoak argitara emandako txosten batean ageri dira datu horiek, eta, hain zuzen, Laneko Osasunaren eta Higienearen Europako Agentziarentzat eginiko lan batean funtsaturikoak dira. Azken erakunde horrek iaz Europa osoan egin zuen estresaren kontrako kanpaina, eta ekimen horretako datuak dira aipatutako praktika, sistema eta programa berriei buruzko txostenean datozenak.

Europako Fundazioak 1996an eta 2000n inkestak egin zituen lan baldintzei buruz. Bada, aldi horretan langileen %28k adierazi zuen estres arazoak zituela, hots, 40 milioi langile europarrek, alegia. Laneko eritasunetan, giharretako afekzio eskeletikoek bakarrik hartzen diote gaina (%30). Bestalde, Europako Batasunean eta beste hainbat lekutan egin diren estudioen arabera, estresarekin zerikusia omen dute galdutako lanegunen %50-60k, erdiek alegia. Adituek diotenez, laneko estresak Europako Batasunean urtero 20.000 milioi euroko kostua du.

EZ DA SAMURRA ESTRESA KUANTIFIKATZEA.

Zaila da Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko estresa kuantifikatzea. Euskal Herriari dagokionez, irakaskuntzako apunteren bat edo beste salbu, guk dakigula bederen ez dago azterketa estatistikorik. Egitate horrek esan nahi du beharrezkoa dela organismo nazional batez hornitzea, baldin laneko eritasun laboralekin zerikusia duten analisi estatistiko orotarikoak izango baditugu. Material gabezia hori dela kausa, Espainiako Lan Ministerioak landutako datu estatistikoetara jo behar dugu nahitaez, zeinen artean galtzen baitira, bistan denez, euskal datuak, Hego Euskal Herriari dagozkionak bakarrik baitira, eta Madrilgo irizpideen arabera osatuak. Bada, Laneko Bizi kalitatearen gaineko IV. Inkesta Nazionaleko datuek erakusten dutenez, Espainiako Estatuko langileen %5ek bakarrik jasaten dute estresa.

Laneko Seguritatearen eta Higienearen Europako Agentziak eta Espainiako Ministerioak metodo ezberdina erabili zuten. Lehenak, "Baduzu estresik?", galdetu zuen. Ministerioak, aldiz, estresarekin zerikusia duten sei sintoma garbiko inkesta bat baliatu zuen, eta langileak sintoma horiek bazituela erantzun zuenekoa bakarrik hartu zuen kontuan. Nolanahi ere, Espainiako Lan Ministerioak onartzen du, metodoak berdinak izanez gero, Espainiako Estatuak ere Europako %28ko batez bestekoa emango zuela. Batez besteko horren erakusgarri izan daiteke ondoko datu ofizial hau: 2002. urtean, 35 milioi kaxa antsiolitiko saldu ziren Espainiako Estatuan (errezeten bidez saldutakoak soilik kontatuta).

Zifraren argitan, bistan da erruzkoa dela kaltea, bai alderdi humanoan, bai errendimendu ekonomikoan. Estres laboralaren erasana agerikoa da "antolaketako sintometan", hau da, langileen absentismo eta txandatze handian, segurtasunaren arloko errendimendu apalean, enplegatuen animu faltan, berrikuntzarik ezean eta produktibitate apalean.


EUSKAL IRAKASKUNTZAKO DATUAK.

STEE-EILAS sindikatuak helarazi dizkigun datuen arabera, 97-98 ikasturtean, Bizkaiko irakaskuntza publikoan, estresarengatik hartu zuten baja gehien irakasle ez unibertsitarioek. Baja egunei erreparatuta, %19,62ko zifra ateratzen da. Ikasturte horretan, 34.178 lanegun galdu ziren Bizkaian, estresa zela kausa, eta batez beste 82 eguneko bajak izan ziren. Araban, berriz, 4.777 egun galdu zituzten irakasleek arrazoi horrengatik; lanegunen %18,62, hain zuzen. Bajen arrazoietan, bigarren ageri da estresa, eta 71 eguneko iraupeneko bajak izan ziren batez beste. Nafarroari dagokionez, baja arrazoi lehena izan zen 1998an: 12.826 lanegun galdu ziren horregatik. Zerbitzu mediko eskasagoa tarteko, ez dago Gipuzkoaren gaineko daturik. STEE-EILAS sindikatuaren ustez, datu horiek irakaskuntza pribatura estrapolatzekoak dira.

Kalkuluek erakusten dutenez, EAEren esparruan, irakaskuntza publiko ez unibertsitarioan, 50.000 lanegun galtzen dira urteko, eritasun profesional horrekin zerikusia duten patologiak direla kausa, berebiziko erasana baitu irakasleengan. Eritasun laboral horren kostu ekonomikoari gagozkiola, berriz, badirudi 1.000 milioi euro pagatu behar direla urteko, irakasle gaixoen ordezkoen lan sariak estaltzeko bakarrik.

Irakaskuntzako sindikatu horren berorren datuen arabera, Hezkuntzako Departamentuko prebentzio zerbitzuko medikuek irizten diote bajako parteetan maiz ezkutatzen dela estresa beste diagnosi batzuen bidez, hala nola, sintoma somatikoen bidez, bereziki sistema osteomuskularra, sistema digestiboa edo sintoma orokorrak aitzakiatzak hartuta, eta, horrenbestez, benetan askoz handiagoa dela eritasun horren eragina

ZER DA ESTRES LABORALA?
Ez da kontu samurra estresa definitzea. Zenbat definitzaile, hainbat definizio egokitu zaizkigu. Guk, hemen eta orain, Europako Batasunaren definizio ofizialaz jardungo dugu. Hona hemen definizio ofizial hori: "Laneko edukiaren, antolamenduaren edo inguruaren alde adbertsoen edo txarren kontra gertatzen diren hainbat erreakzio emozionalen, kognitiboen, fisiologikoen eta jokabidezkoen multzoa da estres laborala, eta urduritasun nahiz angustia handiak eta jeneralean egoerari aurre egin ezinaren sentsazioak ezaugarritzen dute estresatua".

Adituen iritziz, emakumeak, gazteak eta adinekoak berez dira estres laborala nozi dezaketen taldeak. Badirudi emakumeek gizonek baino hiru aldiz arrisku handiagoa dutela estresak erasateko, oraindik ere gehientsuenek bi lanegun osatzen baitituzte, etxekoa eta lantokikoa. Gazteen kasuan, lanpostuko esperientzia ezak ekartzen du estresa, eta horretatik errendimendu falta segitzen da. Adinekoen kasuan, berriz, teknologia berrietara moldatu ezina da estresaren kausa.
Saia gaitezen orain estresaren kausak zehazten. Ikertzaile gehienek laneko faktore jakin batzuk izendatzen dituzte enplegatuen estres laboralaren eragile gisa. Bitan banatzen dira faktore jakin horiek: arrisku fisikoak (biologikoak, biomekanikoak, kimikoak eta erradiologikoak hartzen dituzte barne) eta arrisku psikosozialak. Artegatasunarekin dute zerikusia laneko arrisku fisikoek, eta, aldi berean, urduritasun hori bera da estresaren motorra. Arrisku psikosozialak, aldiz, testuinguru sozialari eta ingurumenezkoari ez ezik, lanaren diseinuari, antolaketari eta gestioari daude lotuak, eta kalte psikologiko, sozial edo fisikoren bat sor dezakete. Arrisku horien hainbat efektu estresaren ondoriozkoak dira bete-betean.


ARRISKU FISIKOAK ETA PSIKOSOZIALAK.

Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Europako Agentziak hamar kategoriatan taldekatu ditu estres laboralaren arrisku edo efektu ezagunak. Erakundearen kultura eta funtzioa kategorian, ondoko hauek dira testuinguru laboraleko arriskuak: komunikazio txarra, arazoak konpontzeko laguntza eskasa, harreman pertsonalen ezartzea eta erakundearen helburuen definizio eza. Erakundearen funtzioaren kategoriaren barruan, berriz, beste hauek: funtzioen anbiguetatea, funtzioen arteko konfliktibitatea eta pertsonei erantzukizuna ematea. Progresio profesionalaren kasuan, aldiz, profesioan atzentzea eta segurtasun eza, nahi baino postu handiagoa edo apalagoa izendatzea, lana izateko segurtasun eza, soldata apala eta lanaren balio eskasa.

Erabakien eta kontrolaren esparruan, honako arrisku hauek ageri dira izendatuta: parte hartze gutxi erabakiak hartu behar direnean eta lanaren gaineko kontrol eza. Langileen laneko harremanei dagokienez, bakartze soziala edo fisikoa, goi karguekiko harreman txarrak, pertsonen arteko gatazkak eta babes sozial eza. Lana-etxea bikoaren erlazioan, laneko eta etxeko eskakizun kontrajarriak dira arrisku: babes gutxi etxean, bi karrera profesionalen arteko gatazka...

Laneko ekipamenduen eta laneko inguruaren arloan, ondoko hauek dira arazo iturri: ekipamenduaren eta instalazioen fidagarritasuna, disponibilitatea, egokitasuna eta mantenua. Lanak izendatzeko garaian, berriz, lan errepikakorra, laneko ziklo laburrak, zatituak edo zentzu gabeak, gaitasunak ez baliatzea eta segurtasun falta handia. Lanaren bolumenaz edo lantokiaz, arazo da lan gutxiegi izatea, baina baita sobera ere; eta arazo dira, halaber, lanaren erritmoaren gaineko kontrola eta denborari buruzko presio larriak. Azkenik, laneko ordutegiari dagokionez, estres iturri omen dira hauek guztiak: txandakako lanegunak, lan ordutegi zurrunak, aurreikusi gabeko orduak, lanegun luzeegiak edota bizimodu soziala eragozten duten ordutegiak.


EREDU ALDAKORRAK LANEAN.

Lan mundua etengabe eta nabarmen ari da aldatzen: telelana eta lantokian informazioko eta komunikazioko teknologien erabilera handiagoa, lan autoarautua eta taldekakoa, enplegatzeko moduen aldaketa (lanpostuen murriztea, enpresen urruntzea, azpikontratazioa eta globalizazioa, langile malguen eskea, funtzioen eta trebetasunen arabera; ohiko ordutegiz kanpoko lanorduak eta txandak, zerbitzuetako sektorean gero eta biztanle aktibo gehiago izatea...). Bada, esan dezagun praktika laboral berri horiek ugaldu egin ditzaketela laneko eta osasuneko arriskuak edota gerta daitekeela aurreko arrisku batzuk are indartsuagoak izatea


ASTEKARIA
2003ko apirilaren 13a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Azkenak
2024-04-23 | Euskal Irratiak
Indarrak biltzeko eguna antolatu du Erdiz Bizirik-ek Elizondon

Erdizko meategiaren kontrako plataforma herritarrak aldarrikapen eta besta eguna antolatu du joan den larunbatean Elizondon. Heldu diren asteetan epaiketa ukanen dute Magnesitas Navarra enpresaren kontra. Hain zuzen, auziak eraginen dituen gastuei buru egiteko sustengu... [+]


2024-04-23 | ARGIA
Instagram da EAEko gazteen sare sozial gustukoena

TikTok eta BeReal dira azken urteotan gehien hazi diren sare sozialak. Gazteen artean, %40ak esan du euskara ere erabiltzen duela. Gaztelania 97,9ak erabiltzen du, eta ingelesa %62,4ak. Datuok Gazteen Euskal Behatokiak egindako Gazteak eta sare sozialak. Euskadiko gazteen... [+]


Oskar Zapata (Topagunea)
"Euskarak aurrera egin dezan aliatu berriak behar ditugu"

Nafarroa Garaian euskararen aldeko jarrera gero eta handiagoa izan dadin ildo diskurtsibo berriak proposatu ditu Euskaltzaleon Topaguneak


2024-04-23 | Gedar
Berriz lortu dute Berangoko Otxantegi Herri Lurren hustea geratzea

Apirilaren 18rako zegoen ezarrita desalojoa, eta lurrak defendatzeko asmoz bertaratu ziren hainbat pertsona. Ertzaintza, baina, ez zen joan, eta auzitegiek jakinarazi dute atzeratu egin dutela huste saiakera. Desalojoa gelditzea lortzen duten bigarren aldia da.


Eguneraketa berriak daude