ORAINDIK INKOGNITA HUTSA DA IBERDROLAREN GEROA


2021eko uztailaren 19an
Litekeena da artikulu hau argitaratzen denerako egoera aldatzen hasi izana eta egoitza soziala Bilbon daukan Iberdrola euskal enpresa elektrikoaren geroa zertxobait argitu izana. Jakina denez, Gas Natural enpresak Neguriko Iñigo Oriol jauna buru deneko sozietate osoaren kontra egin zuen akzioak erosteko eskaintza publiko (EEP) etsaitasunezkoa, hots, aurrez ados jarri gabe eta jakinaren gainean izan gabe, eta, baldin bi enpresen fusioa gauzatuko balitz, Europako enpresa energetikoetan hirugarrena sortuko litzaiguke, ENEL italiarraren eta E.ON alemanaren ondotik. Bezeroak eta burtsako kapitalizazioa kontuan hartuta, berriz, bosgarrena izango genuke munduko sailkapenean. Dena dela, baldin Balio Merkatuen Batzorde Nazionalak (CNMV) operazioa onesten badu, litekeena da Gas Natural enpresak EEPa alde batera uztea, baita euskal enpresak berak edota Europako beste talderen batek, Iberdrolarekin bat, kontrako EEP bat egitea.

Nahiz eta Iberdrolako Administrazio Kontseiluak eta Iberdrolako akzionista garrantzitsu zenbaitek, hala nola Gas Natural enpresak berak, BBK-k, Repsolek eta BBVAk EEPa baztertu egin duten, aurrera segituko du prozesuak. Merkatu kapitalistan, merkatu librea eta haren legeak dira jaun eta jabe. Axola gutxiko gorabeherak dira gizarteko, lurraldeko eta abarretako ondorioak. Iberdrolaren kasuan, Hego Amerikakoak barne hartuta, 11.000 lagunetik gora enplegatzen dira enpresan, eta 2.500 inguru aritzen dira Hego Euskal Herriko zentroetan. Horrez gainera, gogora dezagun Bilbon kokatua dagoela Iberdrolaren egoitza soziala, eta horretatik dirua iristen dela hornikuntzako enpresetara nahiz instituzio foraletako kutxetara.

Bien bitartean, bada arras ardurako beste datu bat. Honako hauxe, hain zuzen: Eusko Jaurlaritza enpresa pribatu bat hautatzeko zorian dago, Naturcorp euskal holdingaren kontrola har dezan. Diotenez, prozesuan ez du izango ikustekorik, baina ez da erraza hori sinestea. Hautatzeko enpresen artean, Iberdrola, Enel Taldea, Gas Natural eta Hidrocantábrico ageri dira, eta, begirale batzuen iritziz, orain artean Iberdrolak zeukan aldeko gehien.


OPERAZIOAREN GILTZARRIAK

Lehenik eta behin, eta laburbilduz, Gas Natural enpresaren eskaintza da, zeinek EEP etsaitasunezko baten bidez erdietsi nahi baitu Iberdrolaren kontrola. Gas Natural enpresak 15.384 milioi euroko balioa izendatzen dio Iberdrolari. Hau da, 17 euro akzioko. Kontuak aterata, bada, Gas Natural enpresak 340 euro eta 29 akzio berri gehiago pagatuko lizkieke akziodunei, Iberdrolako 50 akzioren trukean. Bestela esanda, 6,8 euro dirutan eta Gas Naturalen 0,58 akzio, Iberdrolaren titulu bakoitzeko. Trukeak, hots, %40 dirutan eta %60 paperean, kapitala 521 milioi akzio berrirekin handitzera behartuko luke Gas Natural enpresa. Beraz, 17 euroko balioa ematen zaio Iberdrolaren akzio bakoitzari eta %0ko prima lortutako kotizazioaren gainean. Bestalde, baldin operazioa benetan gauzatuko balitz, hiru egoitza izango lituzke Gas Natural-Iberdrola enpresa berriak: Generazio Elektrikoa Bilbon, Gasa Madrilen eta sareak kudeatzeko holdinga Bartzelonan.

Bigarren alderdia, eta axolakoena beharbada, Gas Naturalen helburua da: Nolatan ekin dio era horretako operazio bat aurrera ateratzeari? Hasiera batean bederen, korapilatsua ematen du, operazioa etsaitasunezkoa baita izatez eta kontra baititu Iberdrola eta bertako akzionista garrantzizkoenetako batzuk. Ezbairik gabe, berebiziko negozioa egitea da xedea, zeren gaur gaurkoz hala dela diote gasarekin elektrizitatea produzitzea. Antza denez, Gas Natural enpresak integratu egin nahi ditu gasaren negozioa (dagoeneko merkatuaren %70etik gora du) eta elektrizitatearena (Iberdrolak merkatuaren %40 du), barruko merkatuan nahiz nazioartekoan arrakastaz konpetitzeko.

Erraldoi berriak Gas Naturalek merkatu elektrikoan duen posizioa aprobetxatuko luke (kuotaren %4 eskasa) eta Iberdrolak gasaren merkatuan duena (%7,2); 20.705 milioi euroko balioa izango luke merkatuan eta 33.301 milioi euroko balioa izango lukete aktiboek. Guztira, 24,3 milioi bezero izango lituzke: 13,4 milioi Espainiako Estatuan eta 10,9 milioi Hego Amerikan. Funtsean, bada, generazioko eta banaketako jarduerak integratu nahi ditu Gas Natural enpresak: generazioan, ziklo konbinatuko zentralak baliatuko lituzke; banaketan, berriz, gasa eta elektrizitatea eskaintzeari emango lioke lehentasuna, beste zerbitzu batzuekin batera.

Honetan guztian, gogoan izan behar dugu Espainiako Estatuan erruz hazi dela gas naturalaren kontsumoa: 1985ean, 23 milioi termia edo megakaloria kontsumitu ziren; hamar urte geroago, 150 milioi termiatik gorakoa zen eskaria. Ziklo konbinatuko teknologia hobetu ahala, zeinetan gasa baliatzen baita elektrizitatea generatzeko, ikatza alde batera geratzen ari da energia primario gisa. Errendimendu handikoa da ziklo konbinatuko planten eraikuntza, mozkin handiak ematen baititu epe laburrean. Izan ere, oso neurrikoak dira instalazioaren kostuak: 350.000 eta 500.000 euro artean, plantak produzi dezakeen megawatt bakoitzeko. Hamar aldiz gehiago kostatzen da planta nuklear bat eraikitzea, eta, energia eolikoari dagokionez, gutxitan jaisten da milioi eurotik produzitutako megawatt bakoitzeko.


EEP-REN FASEAK

Gas Naturalek aurkeztutako EPPak prozesu korapilatsu bat zabaldu du, eta oraingoz inork ez daki zein izango den azken ondorioa. Balio Merkatuen Batzorde Nazionalak (CNMV) hamabost eguneko epea izaten du dokumentazio guztia jasotzen duenetik ebazpena eman bitartean, eta egun hauetan-edo bukatuko da aldi hori. Baldin CNMV erakundeak EEPa onartzen badu, posible da kontrako beste bat planteatzea, hau da, lehen iragarki ofiziala prentsan iragartzen denetik hamabost eguneko epean lehiatzeko beste EPP bat egitea. Prezioak %5ean gainditu behar du gutxienez hasierako eskaintza.

Eskaintzaileak izendatzen du akzionista interesdunek EEPra aurkezteko izango duten epea, baina, dena dela, ezin da hilabetez beherakoa izan, ezta bi hilabetez gorakoa ere, lehen iragarki ofiziala prentsan atera den eguna kontuan hartuta. Bestalde, Gas Naturalek konbokatu egin behar ditu bere akzionistak, erosketa finantzatzeko kapitalaren handitzea onar dezaten.

Azkenik, Gas Naturalek kontzentrazioko txostena aurkeztu behar du Ekonomiako Ministerioko Konkurrentziaren Defentsako Zerbitzuan, eta departamentu horrek hilabeteko epea izango du EEPari eragozpenik jartzen dion adierazteko. Erantzungo ez balu, legez ez legoke arazorik operazioarekin aurrera egiteko. Nolanahi ere, ematen du organismo horrek Defentsako Auzitegira bidaliko duela heldu zaion txostena. Horrela balitz, erakunde horrek bi hilabete izango lituzke txostenaren gaineko txostena egiteko, eta hura Ministroen Kontseiluak onartu beharko luke azkenean. Prozesu guztiak, bada, lau bat hilabeteko iraupena izango luke

Euskal ekonomiaren kontrako efektuak
Baldin Iberdrolaren geroa beste enpresa batean integratzea bada, hots, Gas Naturalean kasu, haren EEPak aurrera eginez gero, edota Europako besteren batean, oso posible da euskal ekonomian ondorio bistakoak izatea. Afera horretan, erabakigarria izango da euskal enpresa Kataluniako edo Europako beste enpresaren batean integratzetik sortzen denaren egoitza soziala non kokatzen den. Horregatik, hala Euskal Herriko enpresa elkarteek, nola instituzioek, adierazi dute jada gaur egun Bilbon dagoen Iberdrolaren egoitza soziala aldatzearen kezka.

Bi alderdik sortzen dute egonezina. Batetik, Iberdrola bezalako enpresa baten egoitza soziala eta fiskala Bilbon izateak esan gura du, adibidez, ongi hornitzen direla euskal instituzio foraletako diru kutxak. Iazko ekitaldian, esaterako, 205 milioi euro inguru pagatu zituen sozietateen zergaren kontzeptuan. Bestalde, 70 milioi eurokoa izan daiteke galera diru sarreretan, PFEZ zergaren, sozietateen gaineko operazioen eta egintza juridiko dokumentatuen atxikipenen urritzearen ondorioz. Egoitza soziala eta fiskala aldatuz gero, Iberdrola eta Gas Natural enpresek ordainduko lituzkete zergak ogasun foraletan, baina betiere Hego Euskal Herriko jardueren bolumenaren ehunekoan. Gogora dezagun, bestalde, enpresa horiek Nafarroan ere badutela jarduna.

Aurreko alderdiez gainera, axolakoa izango litzateke, halaber, gainerako euskal enpresek Iberdrola bezalako enpresa motor bat galtzea. Gaur egun, 1.000 euskal enpresak baino gehiagok hornitzen dute Iberdrola halako edo honelako zerbitzuz eta operazioz. Egoitza soziala aldatuz gero, beste batzuk bihurtuko lirateke enpresa hornitzaile.

Ondorioekin jarraituz, gogoan hartzekoa da halaber enplegu zuzenean izango lukeen eragina: egungo egunean, 2.500 lagun inguru dabiltza lanean Iberdrolan. Orain arteko fusio guztiek berekin izan dute lanpostuen murriztea, dela lantokiak gutxitu dituztelako, dela sukurtsalak urritu dituztelako. Oraingoz, artikulu hau bukatu aurretik bederen, ez da ezer adierazi gai horri buruz. Iberdrolako langileek, ordea, barruan darabilte harra. Lehenagoko fusioa dute buruan, eta orduko egitateak gogorarazten dituzte. Ez da harritzekoa, kontuan izanik gainera, Iberdrolako oraingo zuzendaritzak berak eginak zituela aurrez enplegua pixkanaka murrizteko planak.

Esan gabe doa, Hego Euskal herriko mapa energetikoaren konfigurazioarekin ere zerikusi handia du operazio horrek, Naturcorp euskal holding publikoa pribatizatzeko zorian dugun honetan. Begirale batzuen iritziz, Gas Naturalek Naturcorp Iberdrolari eslei ez diezaioten egin du operazio hori (begikoena-edo enpresa hori delako), eta modu horretan gasaren merkatuan beste lehiatzaile bat indartzea galarazteko. Gas Naturalen operazioa onik ateratzen bada, Gas Naturalek kontrolatuko luke antzina ez dela Zierbenan inauguratu duten gasaren eta ziklo konbinatuaren plantaren %50


Azkenak
2025-05-02 | Mikel Zuloaga
Askatasunaren Ontzidiko Mikel Zuluaga ‘Mikelon’en adierazpena Maltatik

Deshumanizazioa barru-barruraino sartu da Mendebaldeko botereetan, eta axolagabekeriaz begiratzen diote Gaza pairatzen ari den holokaustoari; Gazan, bonbek hiltzen ez bazaituzte, goseak hilko zaitu.

Gure itsasontzia bonbardatu duten honetan inpotentzia erabatekoa da, gu ondo... [+]


Palestinaren aldeko Askatasunaren Ontzidia bonbardatu dute Maltatik gertu

Ostegunetik ostiralerako gauean dronekin egin diote eraso Gazako blokeoa apurtu eta genozidioa salatu nahi duen nazioarteko ekimenaren itsasontziari, Maltatik hamahiru miliara, nazioarteko uretan. Aktibisten artean Mikel Zuluaga Mikelon euskal herritarra dago. “Hemen hau... [+]


Immigrazioa eta sindikatuak, eskubide unibertsalak ala porrot kolektiboa

Gabezia guztiekin ere, sindikatuek gizateriaren alde inoiz egon den beste edozein giza erakundek baino gehiago egin dute. Duintasunari, zintzotasunari, hezkuntzari, ongizate kolektiboari eta giza garapenari beste edozein pertsona-elkartek baino gehiago lagundu... [+]


Harri-jasotzea
Harri eskolek emandako bultzada

Harri-jasotzearen gorakada nabaritu da azken urteetan, batez ere emakumeen artean. Gazteek harri eskoletan ikasten dute kirolean esperientzia dutenengandik. Crossfit-a, sare sozialak eta telebista faktore garrantzitsuak izan dira kirolaren piztualdian, harri eskolekin batera... [+]


Kanboko Marieneko lurrak irauli dituzte ELB, Lurzaindia eta Ostia sareak

Maiatzaren 17an bertaratu eta barazkiak landatzeko hitzordua jarri diete herritarrei. Karia horretara egun osoko egitaraua osatu dute, Marieneako lurrak laborantzarako atxikiak izatearen alde.


Itzalaldiaren biharamunean, Espainiako Gobernuaren eta Red Eléctrica de Españaren arteko tirabirak dira nagusi

Pedro Sánchezek hornitzaile pribatuei eta Red Eléctrica de Españari egotzi die itzalaldiaren inguruko informazio gutxi eskaintzea, baina azken honek jakinarazi du "gutxi gorabehera" aurkitu dutela Iberiar penintsula osoko argindarra joatearen arrazoia... [+]


Homo erectusek hitz egiten zekiten?

Rudolf Botha hizkuntzalari hegoafrikarrak hipotesi bat bota berri du Homo erectus-i buruz: espezieak ahozko komunikazio moduren bat garatu zuen duela milioi bat urte baino gehiago. Homo sapiens-a da, dakigunez, hitz egiteko gai den espezie bakarra eta, beraz, hortik... [+]


Iraultza, iraultza baino lehen

Böblingen, Germaniako Erromatar Inperio Santua, 1525eko maiatzaren 12a. Georg Truchsess von Waldburgek Wurtembergeko nekazari matxinatuak mendean hartu zituen. Handik hiru egunera, maiatzaren 15ean Filipe Hessekoak eta Saxoniako dukeak bat egin zuten errebelde turingiarrak... [+]


2025-04-30 | Jon Torner Zabala
Aramu + AimarZ
Bizirik bada, musikaren berotasunagatik da

Aramu + AimarZ
Noiz: apirilaren 26an.
Non: Zumarragako Zelai-Arizti frontoi irekian.

---------------------------------------------------------

Udalaren webguneak dio: "Bide Bizia marka turistikoa eta izen bereko jaialdia Zumarragaren arima munduari erakusteko,... [+]


Gorputz hotsak
“Oso literala naizenez, marrazten dudana ulertzea gustatzen zait”

Irudimentsua eta umoretsua da, eta marraztea bere pasioa da. Oihan Iriarte Eletxigerrak (Bilbo, 2001) Autismoa eta biok (Txalaparta, 2025) liburu ilustratua sortu du autismoa ikusarazteko. Bere bizipenetatik abiatutako liburua da. Arte figuratiboaz baliatu da batez ere:... [+]


2025-04-30 | OlatuKoop sarea
Maiatzaren Lehenerako proposamen bat: lan desiragarriak eta burujabeak denontzat

Maiatzaren Lehenaren kari, bere gogoeta partekatu nahi izan du Olatukoop Ekonomia Sozial Eraldatzailea sustatzeko sareak. Langileen egunari lotuta, lanaren izaeraren eta zentzuaren inguruko gogoeta egin dute, lan burujabe eta desiragarriak denontzako garatzeak gure bizitzak eta... [+]


Eguneraketa berriak daude