IÑIGO URKULLU: "TERRORISMO KONTZEPTUA EDOZER ESTALTZEKO BALIATZEN ARI DA"


2003ko martxoaren 30ean
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Azkenean lortu da EArekin koalizioa lotzea. Zer iritzi duzu negoziazio prozesu korapilatsuaz eta lortutako emaitzaz?
Hauteskunde bakoitzak bere ezaugarriak ditu eta egoera ere aldatu egiten da. Orain dela lau urte hasi genuen EArekin koalizioan joateko esperientzia eta testuingurua asko aldatu da tarte honetan. Egungoak ez du zerikusirik 1999ko su-eten egoerarekin eta, beraz, prozesuak eta prozedurak horren arabera aztertu behar dira. Oraingoan, prozesua luzea eta nekeza izan da eta EAJtik beti agertu dugu koalizioan joateko asmoa eta ilusioa. Duela lau urteko esperientzia ez zen oso onuragarria izan emaitzen aldetik, baina bai abertzaletasunaren esparru berean bizi garen bi alderdiok elkarrekin joateko joera bat zabaldu zuelako. Egoera politikoak berak azal ditzake prozesuaren neketsua ulertzeko gako batzuk. Dena den, akordioa itxi eta gero ilusio hori gauzatzeko gai izango garela uste dugu. Koalizioaren esparrua nahikoa delakoan gaude, EAEn populazioaren %80 hartzen baitugu. Nafarroan, hala ere, egoera bestelakoa da eta posible ikusten genuen koalizio akordioa herri gehiagotara zabaltzea.

Bizkaiko akordioa nahikotzat jotzen duzue?
Bizkaian dauden 111 udalerrietatik 86etan elkarrekin joatea eskaini genion hasiera batean EAri. Azkenean, 31etan lortu dugu akordioa, populazioaren %85 bilduz, baina prest geundeke koalizioarekiko konpromisotik abiatuta hori zabaldu ahal izateko. Duela lau eta bi urte eskaini genuen formula aproposa da hautesleriari etorkizunera begira ditugun egitasmo egonkorrak eta konpromiso serioak aurkezteko.

Dena den, zenbait lekutan EAko herri batzordeek ez dute ontzat jo akordioa. Kezkatuta?
Kezkatu egiten gaitu batez ere horrelako gauzak publikoki agertzeak. Uler dezakegu alderdi bakoitzak errealitate eta ikuspuntu ezberdinak dituela barruan, eta horrek tentsioak sortzen dituela, baina harrituta gaude koalizioaren gainean eragiten duten gaiak publiko egiten direlako. Negoziazio prozesuan EAk beti esan digu nazio mailako negoziazio batzordeak (aberri batzordeak) zuela euren aldetik akordioak ixteko ahalmena eta hitzarmenaren barruan dagoena beteko dela espero dugu. EAren aldetik, koalizioaren onuragarritasuna azalduko diegu herritarrei.

Honek guztiak koalizioaren eraginkortasuna higatu dezake?
Herritarrek orokortasunari erreparatzen diote eta ez herri batean edo bestean gertatzen denari. Bizi dugun egoera politiko honetan jendeak jakingo du baloratzen zer-nolako ahalegina egin dugun akordioa lortzeko. Alde horretatik lasaitasuna adierazi nahi dut.

Etorkizunari begira koalizioa iraunkor egitearen aldekoa al zara?
Koalizio akordioan idatzita dago EAJk eta EAk proiektu propioak dituztela eta, beraz, errespetu horretatik abiatu behar dugu. Etorkizunak berak esango du zer gertatuko den. Memento honetan alderdiotatik gaur egungo egoerak baino ezin ditugu aintzat hartu, hain da korapilatsua testuinguru politikoa. Beste kontu bat da zein gogoeta egiten duen alderdi bakoitzak indar metaketaren inguruan eta guk, zehazki, uneon horren beharra badagoela uste dugu herri bezala dauzkagun erronkei aurre egiteko eta, Ibarretxe lehendakariak egin duen legez, irtenbideak bideratzeko. Aberri zentzua bera dago jokoan gaur egun eta egitasmo ezberdinetatik komunean lan egiten jarraitu beharko dugu. Gero gerokoak.

Maiatzaren 25eko hauteskundeak Ibarretxeren planari egindako azterketa bilaka daitezke?
Beste esparru bateko hauteskundeak izan dira orain arte eta ez dut uste Ibarretxe lehendakariaren egitasmoa aztergai izango denik, nahiz eta batzuk hala planteatu nahi duten. Estatuaren erasoa izango da aztergai, duela bi urte jazo zen legez. Mayor Orejak dioenean PPk eta PSOEk elkarrekin joan behar dutela ez dio zerrendak osatzeko zailtasunengatik edo askatasun ezagatik, helburu politiko batzuekin baizik. Udal eta foru hauteskundeek ohiko ezaugarriez gain beste hau ere izango dute.

Estatuaren erasoen artean kokatzen duzu «Egunkaria» itxi izana?
Bai, jakina. 1997an Katalunia eta EAEko PPk sinatutako dokumentu batzuk eskuratu eta publiko egin genituen eta haietan hurrengo bospasei urteetarako zituzten asmoak eta planteamenduak zehazten ziren eta erabili beharreko baliabideak ere. Nortasun ikurrei, hizkuntzari eta beste arlo batzuei zegozkien bertan esaten zirenak. Beraz, aurretik planifikatutako zerbait dela uste dut. Jazotakoa PPren gobernuaren erasoa dela esan liteke...

Botere judizialarekin bat eginda?
Baita. Eta hor Estatua sartzen da. Politikaren judizializazio eta justiziaren politizazio ikaragarria dago. PP eta Espainiako gobernua ahalegin horretan sartuta daude. «Egunkaria»ren kasuan Barne Ministerioaren eta Entzutegi Nazionalaren ohar bateratua kaleratu zen. Botere judiziala ere jokoan sartu da eta gobernuaren erasoaz baino gehiago estatuaren erasoaz hitz egin genezake.

Barne Ministerioak kereila jarri die tratu txarrak salatu dituzten «Egunkaria»ren aurkako operazioko atxilotuei. Zer irizten diozu?
Terrorismo kontzeptuak edozer estaltzeko balio duela ematen du. Estatu Batuetan Guantanamoko esparruan dituzten presoei buruz ere eskubiderik ez dutela eta antzeko astakeriak esan dira. Ustez torturatu dituztenak salatuko dituztela adieraztea edozelango logikatik kanpo dago. Tratu txar salaketak aztertu beharko lituzkete. Izan ere, giza eskubideak errespetatzeko ardura denok daukagu baina inork horretan argi jokatu behar badu hori estatua da. Bestela dena zalantzan jar daiteke.

Erasoaldi horren aurrean ba al dago indar abertzaleen arteko erantzun bateratua emateko aukerarik?
Alderdi abertzaleen indar metaketari buruzko iritzi garbia azaldu dugu beti. Abertzale hitzaren atzean edozerk ere ez du balio. Egia da herri bezala sentitzen dugun erasoari buruz hausnarketa egin behar dugula, baina joko arau batzuk errespetatuta. Aniztasuna errespetatu behar da eta konpromisoa hartu behar da ildo horretatik. Memento honetan ez dut uste batzuk konpromiso hori hartzeko gai direnik. Ondo dago abertzaletasuna defendatzea, baina bateragarria denean eta herriaren osotasuna aintzat hartzen duenean.

Azkarate sailburuak «Egunkaria» baino euskarazko kazeta zabalago baten beharra azpimarratu berri du. Bat zatoz asmo horrekin?
Bai, guztiz. Jaurlaritzak argi hitz egin du eta euskararen munduko beste zenbait eragilek ere bai. Euskara guztion ondarea da eta, orain arteko esperientzia baliatuz, eta bizi duguna bizi dugulako, egitasmo bateragarriak behar ditugu, gizartetik sortutakoak baina erakundeak atzetik dituztenak babesa emanez.

Auzitegi Gorenak ontzat jo du Alderdien Legea eta Konstituzionalak Batasuna legez kanpo utzi du. Zer irizten diozu jarraitu den prozesuari eta Batasuna datozen hauteskundeetan ezin egoteari?
PSOEren ekimenez eta PPren atxikimenduarekin Terrorismoaren aldeko Ituna deritzana abian jarri zenean argi ikusi zen abertzaletasunaren aurkako egitasmoa zela. Alderdien Legea Batasunaren ilegalizazio prozesua martxan jartzeko erabili izan da eta kezka agertu dugu beti abertzaletasuna higatzeko baliatzen ziren bitartekoen aurrean. Honek guztiak helburu politikoa du, mapa elektorala aldaraziz EAEko erakundeetan agintean dauden indarrak hortik kendu nahi baitituzte. Batasunaren ilegalizazioa pentsaera adierazpide bat ukatzea da, nahiz eta ez gatozen bat adierazpide horrekin, eta herria bera kaltetzen du aukera bat kentzen diolako eta normalizaziorako bideak oztopatzen dituelako. Ona izango litzateke Batasuna bezalako proiektu batek aukera izatea joko politikoan parte hartzeko. Gizartea bera izan behar da arrazoia eman eta kendu behar diguna, duela bi urteko hauteskundeetan ikusi zen legez. Herriaren erabakiak normalizaziorako bide gisa ikusten ditugu

Patxi Lopezen aroan aldaketarik ez
Gipuzkoako sozialisten buru Manuel Huertasek abertzale eta ez abertzaleen arteko komunikazio falta amaitzeko garaia dela adierazi du. Ba al dago maiatzaren 25etik aurrera PSE-EErekin nolabaiteko akordioak lortzerik?
Akordioak oso urrun ikusten ditut, baina badago hitz egitearen beharrizana. Zenbaitzuk ez dute EAJrekin hitz egin nahi izan, zerbait pozoitsua bagina bezala. Beharbada, PSE-EEk bere gogoetak egin beharko ditu PPk eurekiko izan dituen asmo politikoez, sozialistek barrura begira izan duten egoeraz eta beste hainbat kontuez. Estatuari begira Euskal Herritik ezin da gaur egun askorik espero PSE-EErengandik, baina datozen hauteskunde orokorrak direla-eta arduratsu ari beharko dira eta abertzaleekin kontatu nahi badute hori zelan landu ikusi beharko dute.

Hauteskunde orokorrei begira PSOEn aldaketarik egon daitekeela uste al duzu?
Hasi beharko dela uste dut. Baina zail dauka, badakielako PPk Euskal Herria erabiliko duela bozak irabazteko. Orain arte sozialistek PPren jokabide bera baliatu dute baina jendeak nahiago izaten du originala kopia baino.

Patxi Lopez idazkari nagusi denetik aldaketarik atzematen duzue?
Ez, ez dugu atzematen. Normalizaziorako konpromisoaz, euskal gizartearen borondatearekiko errespetuaz eta aniztasunaz hitz egin beharko genuke PSE-EErekin, baina ez du ematen arlo horietan euren aldetik bideak jorratzerik dagoenik. Nicolas Redondo dimititzera eraman zuten arrazoiak ikusita, harrituta gaude gero etorri denarekin. Dena den, sozialistek indarkeriaren ondorioz dituzten mugetaz ere jabetzen gara

PSE-EEn haustura sor lezake
Aski Da! bezalako mugimenduek oihartzun zabala lortu dute PSE-EEren baitan. Horrek inolako zatiketarik edo mendekotasunik eragin al dezake?
Ez dut uste Aski Da!-k PSE-EEren buruzagitzan inolako mendekotasunik sortzen duenik eta, gainera, horien planteamenduetatik at egoten ahalegintzen direla irizten diot. Adibidez, hauteskundeetara PPrekin aurkezteko aukerari ezezkoa eman diote. Dena den, Aski Da!-ko zenbait buruzagi PSE-EEkoak direla kontuan izanda, horrek nolabaiteko haustura sor lezake edo, agian, haustura baino gehiago, pertsona batzuek alderdi sozialistatik alde egitea

«Kontsultarena auzian dagoen kontzeptua da»
Legegintzaldi hau amaitu aurretik Ibarretxe lehendakariak proposatutako kontsulta egingo al da?
Kontsultarena auzian dagoen kontzeptua da. Herri bezala urteetarako izan beharko dugun proiektu berri bat abiarazteko kontsulta batetaz ari gara, eta hori indarkeri adierazpiderik gabe egin behar da. Legegintzaldi honetan indarkeria amaitzerik izango al da? Hori da erronka, baina ez dago ez lehendakariaren ez EAJren esku. Elkarbizitzarako proposamen berri bat eskaintzen diegu herritarrei, guztiontzat den proiektua, eta alde horretatik indarkeria bazter utzita jo behar da aurrera. Hori legealdi honetan gauzatzea da helburua.

Zaila ematen du epe laburrean indarkeria amaitzea...
Ez daukagu itxaropenerako daturik baina egoera oso aldakorra da.

Xabier Arzalluzek laster utziko du Euzkadi Buru Batzarreko lehendakaritza. Alderdiaren ildoan aldaketarik ekar lezake horrek?
Ez. Xabier bera da bere egoeraz erabakitzen duena eta nik horretan ez dut ezer esaterik. Norabideari dagokionez, 107 urteko alderdi batek oinarri sendoak ditu. Lau urtetik behin alderdia bera da bere ildoaz erabakitzen duena eta ez dut horren inguruko kezkarik. Pertsonak aldi baterako gara baina EAJren oinarrizko planteamenduak argi daude eta mementoan mementoko praktika politikoa egiten dugu. Argi dugu zer garen eta nora joan nahi dugun.

Zure burua ordezkoen artean ikusten al duzu?
Alderdikideak dira horren inguruan hitza dutenak eta dagokionean ikusiko da zer gertatzen den. Argi daukat zeintzuk diren nire konpromisoak eta uneon beste kezka batzuk ditut buruan.


Azkenak
Itsas salbamenduak 236 pertsona erreskatatu ditu Kanaria Handitik 429 kilometrora zegoen txalupa batetik

Sahara hegoaldeko gizonak, emakumeak eta adin txikikoak zeuden txalupan. Merkataritza ontzi batek jitoan zebilen txalupa ikusi, soka bat lotu, eta laguntza eskatu zuen.


2025-08-25 | ARGIA
Dani Larrea euskaltzalea hil da, Emun kooperatibaren sortzailea

Gaixoaldi baten ondorioz, 65 urterekin hil da Daniel Larrea Mendizabal. 


Gazte boluntarioak frankismoko memoria berreskuratzen

Azken zortzi urteotan 30 bunker inguru berreskuratu dituzte dozenaka gazte boluntariok; Baztanen, Otsondon, izan da azkena. Ana Ollo kontseilariak bisitatu du auzolandegia eta gazteen ezinbesteko lana txalotu eta eskertu du.


2025-08-25 | Euskal Irratiak
Zigor Akixo
“Euskal Herriari, Miarritzeko herriari eta itsasoari atxikia zitzaion Maite Maniort”

95 urte bete zituela zendu zen Maite Maniort Hennebutte, 2025eko uztailaren 10ean.


Jose Manuel Gorospe zendu da, Euskadiko Filmategiko sortzaileetako bat

Jose Manuel Gorospe Meagas aktore eta kultur ekoizle donostiarra zendu da, 81 urterekin, Madrilen. Bizitza osoa antzerkiarekin eta ikus-entzunezkoen munduarekin era batera edo bestera lotuta pasatu zuen Gorospek, eta, besteak beste, Euskadiko Filmategiaren sortzaileetako bat... [+]


Hegazkinez bidaiatzea trenez baino 26 aldiz merkeago izan daiteke Europan

Europa barruan hegaldiak hartzea trenez bidaiatzea baino 26 aldiz merkeagoa izan daiteke, 31 herrialdetako 142 ibilbidetan oinarritutako Greenpeaceren ikerketa baten arabera. Hegaldien zerga pribilegioei egotzi die desparekotasuna, eta trenbidea merketzeko neurriak eskatu ditu.


Belfasteko Kneecap musika taldea jo-puntuan: epaiketak, zentsura, jazarpena...

Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurkako mezuak adierazteagatik mota askotako errepresioa jasan du Irlandako Kneecap musika taldeak: Liam Óg Ó hAnnaidh kidea asteazkenean epaitu zuten, Londresen emandako kontzertu batean Hezbollah miliziaren bandera... [+]


Gutxieneko soldata propioaren alde 138.495 sinadura lortu dituzte sindikatuek

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek aurkeztu dituzte Herri Ekimen Legegilearen sinadurak Eusko Legebiltzarrean. Orain pilota alderdien teilatuan dagoela esan dute, eta herritarren borondatea kontuan izatea eskatu diete.


Gazako genozidioan hildakoen %83 zibilak dira, Israelgo armadaren datuen arabera

Israelgo armadaren barne agiri batean agertzen diren datuek diote Gazan hil dituzten sei palestinarretatik bost zibilak direla, azken hamarkadetan aurrekaririk ez duen sarraskia izanik. Israelgo zerbitzu sekretuek maiatzean zioten armadak Hamaseko eta Jihad Islamikoko 8.900... [+]


Sexu erasoak “kopuruz eta intentsitatez handitu” dira Bilboko Aste Nagusian

Bilboko Konpartsek elkarretaratze jendetsua egin dute Arriaga Antzokiren aurrean azken egunetako eraso sexisten aurka egiteko. Konpartsek adierazi duten arabera, erasoak kopuruz eta intentsitatez handitu dira. Aste Nagusiaz gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak, eta... [+]


Kartzelan jaioa eta Israelek eraila adin nagusitasunera iritsi aurretik: Youssef Al-Zuqen historia

Youssef Al-Zuq munduko preso gazteena izandakoaren bizitza Gazako zigor zikloaren ikur da. Al-Zug 2008an jaio zen kartzelan, ama atxilotu eta epaiketarik gabe espetxeratu ondoren. Uztailaren 12an hil zuten Israelen bonbardaketa batean.


Oporrak ere gaixotasun?

Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]


Txikiren eta Otaegiren mural bati eraso egin diote Durangon

Durangoko Ernaik salatu du Txiki eta Otaegiren muralaren kontrako erasoa. Ostegun arratsaldean murala berregiteko dei egin dute.


Eguneraketa berriak daude