Ramiro Arrue anaien artean gazteena zen. Alberto, Jose eta Ricardo anaiak ere artistak izan ziren. Alberto, anaia zaharrena, 1978an jaio zen Abandon. Antonio Maria Lekuonarekin hasieran, Arte eta Lanbide Eskolan eta San Fernandoko eskolan geroago, margolari bezala formazioa jaso zuen gaztetatik. 20 urte bete baino lehen Erroman jarri zuen bere tailerra eta urte batzuk beranduago Parisen. Madrid, Zaragoza, Londres, Buenos Aires... hainbat tokitan izan ziren ikusgai bere lanak.
1885ean jaio zen Jose Arrue. Honek ere Lekuonarekin ikasi eta Bartzelonatik pasa ondoren, Parisa joan zen bere anaia Albertorengana. Urte batzuk Milanen pasa ondoren, ordea, Bilbora itzuli eta bertan geratu zen hil arte (Ramirorekin batera Amerikan pasatako urte pare bat kenduta). Karikaturatik hurbil zegoen espresionismoa landu zuen Josek.
Ricardo 1892an jaio zen eta bere anaia Alberto izan zuen irakasle. 1904an Donibane Lohizunera joan zen bizitzera. Bospasei urtetara Bilbora itzuli eta Euskal Artisten Elkartean parte hartu zuen. Zeramika landu zuen batez ere.
Kasu bitxia da Arrue anaiena. Lauak artistak eta lauak euskal paisaia eta pertsonaietan oinarritutako eredu estetiko berdintsua landu zutenak (bakoitzaren izaera azpimarratzen duten berezitasunekin, noski)