KOLDO IZAGIRRE: "MUNDUTAR IZATEKO EZ DA EZINBESTEKOA PARISTAR IZATEA"

  • Iaz hitzartu genuen hitzordua Koldo Izagirrerekin. Urte zaharra eta berriaren mugan zertu genuen solasaldia. Aurten ez duela elkarrizketarik emango gaztigatu digu, prentsan sobera agertzen dela esan ere. Ez da samurra berarekin ezer hitzartzea, behin hitzartutakoan oso da emankorra ordea. Emankorra, pertsona nahiz idazle modura. Berak ukatu egiten du. Badirela bera baino idazle emankorragoak esaten du. Alabaina, bere txikian -idazleaz ari naiz- idazle entziklopedikoa da Koldo Izagirre. XIX. mendeko poesia ulertzeko egin duen lana erraldoia da. Victor Hugok Euskal Herriaz utzi zuen lekukotasuna maisuki egokitu du. Agirre'tar Nikola «Metxa» pertsonaiaren ibilerak, berriz, Koldoren beraren ibilera konformagaitzaren isla dira.

2003ko otsailaren 16an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Pasaian bildu gara Koldo Izagirrerekin, Victor Hugok, behiala, Donostiatik ihesi-edo, ostatu hartu zuen herrian. Gure solasaldiaren aurreneko pasarte batean paisaia izan dugu hizketa gai. Orain, berriz, iragana dugu gogoan. Anartean, paisaia hitzak eta Pasaia herriak errimatzen dutela gogoratu diogu Koldori. Paisaia nahiz pasaia hitzen gainean jardun dugu:«Niretzat paisaia ez dago lotua Pasaiarekin, Altzarekin baizik, ni sortu nintzen herri harekin. Nik Pasaia pertsonekin daukat lotua, lehen lagunekin, oso inguru berezian. Paisaia baino gehiago, paisaia industrial bat. Pasaia gogoan pertsonak datozkit gehiago burura paisaia baino». Pasaia herria leku berezia, zentzu onean esanda... ‘bai berezia, hasteko ez delako herri bat, lau herri bateratuta baizik -Donibane, San Pedro, Antxo eta Trintxerpe-, itsasoa da lotzen dituena, elkarren urrun bizi dira, baina ez daude sobera hurbil ere, horregatik-edo konpontzen dira ongi pasaiatarrak. Edonola ere, oso ezberdinak dira laurak’.

Victor Hugo idazlea ekarri dugu gogora segidan, idazle frantziar erromantiko handiak Euskal Herrian aurkitu zuen mundua agertu baitigu Koldok «Idi orgaren karranka» (Euskal Herrian gaindi, 1843) liburuan (Elkar). Hugoren idazlanen nolabaiteko bertsio osatua da Izagirrerena.

«Idi orgaren karranka» «Les Pyrénées» liburuaren itzulpena ote? Egokitzapena agian?
Edizio bat da. Hain zuzen ere, Victor Hugo bizi zela ez zen sekula argitaratu liburu hori. Liburu hori bere oharretatik osatutako zerbait da, Hugo hil eta gero bere editoreak argitaratu zituenak biltzen dira «Les Pyrénées» liburuan. Titulua editoreak berak jarri zion:«Alpes-Pyrénées». Nik beste edizio bat egin dut, Victor Hugoren memoriaren baimenarekin. Bere apunteetan eta oharretan arakatu dut, handik eta hemendik materiala bildu eta edizio berri bat egin dut, ez da itzulpen hutsa edo ez da itzulpena bakarrik.

Askatasunez aritu bide zara, arazoak eta mugak planteatu al dizkizu horrek?
Bai, materiala bildu behar da, egituratu, hori ere egin dut kapituluka, ohar historikoak egin ditut, baina, dena dela, Joxe Azurmendik egin dio sarrera, eta horrek argitzen ditu garaia eta Hugoren portaera eta pentsamendua, baita idazteko bere modua. Nik esaten dut Victor Hugok paisaia ikusten erakusten digula eta Joxe Azurmendik aldiz Victor Hugo irakurtzen irakasten digula.

«Birkreazioa eginez baina leial jokatuz» esan du Joxe Azurmendik. «Idi orgaren karranka» izenburua bera horren lekuko. Pasaiatar zaren aldetik lehendik ere ezagutuko zenuen Hugo. Zein da zure harremana Hugorekin?
Idazle monstruo batekin harremanak zailak dira. Idazle frantsesek, galdetzen dietenean zein den haien ustez Frantziak eman duen idazlerik handiena, beti esaten dute: «Victor Hugo, tamalez». Idazle monstruo bat...

Zergatik?
Denetarik egin zuen, eta dena ongi. Ez da samurra Victor Hugorengana hurbiltzea... Entziklopedikoa da nolabait esatearren, eta horrek nekatu ere egiten du. Gero, genero guztietan asko eta luzaz idatzi zuen, ia XIX. mende osoa hartzen duela. Halako gotortasun bat dauka, ikara ematen duena.

«Idi Orgaren karranka», zure edizioaren izenburu nagusia, Hugok Euskal Herrian egindako ibilalditxoaren adierazlea da nolabait.
Hala uste dut. Euskaldunekiko izan zuen harremanaren adierazlea da behintzat. Victor Hugoren pasadizo honek argitzen digu esan nahi dudana: bera baino lehen hemen barrena pasatako bidaiari guztiek esaten zuten idi orgen karranka ezin zela pairatu, ezin eramana zela, belarriak zulatzen zituela. Théophile Gautierrek ahapaldi antologiko batean izugarriak eta bi esaten ditu gure idi orgaren karrankaren kontra:«Orgaren ardatza leuntzeko erabili beharrean, bere zopan botatzen du itzainak koipea». Hori topiko bihurtu zen. Badakizu, hainbat idazlek bere kabinetetik atera gabe idatzi izan zituztela bidaia liburuak, eta topiko hori behin eta berriz errepikatu izan da, hau da, «idi orgaren karranka pairaezina». Victor Hugok, berriz, topiko horri kontra-topiko bat egiten dio, eta orduan idi orga entzuten duenean esaten du:«Ah! Mozartek berak ez dit halako plazera ematen» (irriak).

Autorea turismo egitera jin omen zen eta gogoeta filosofikoa utzi zigun. Joxe Azurmendik sarreran dioenez, topiko hau ere hautsi zuen: «liberalak progresistak, karlistak erreakzionarioak». Bat al zatoz?
Bai, jakina, egia hori gure historialari askok baino zorrotzago adierazi zuen Victor Hugok, eta hori II. Gerra Karlista pasa gabe zegoela. Hugok lehen altxamenduan ikusi zuen zer zegoen atzean, oso ikuspuntu librea eta hurbila zeukan, bera ez baitzen paristarra, bera Frantzia sakonekoa zen. Etorri orduko Euskal Herria ezagutzen zuen, zerbait ezagutzen zuen, bazeukan euskal historiaren ezagutza sakon samarra.

Azpititulu gisa berriz, «Euskal Herrian gaindi, 1843» ipini diozu liburuari. Humboldt, kasu, Euskal Herrian gaindi ibili zen. Hugok eta berak ez zuten irakurketa bera egin.
Interesgarria da Humboldt-en bidaia eta Hugorena alderatzea. Alemana bisitari bezala etorri zen, bisita konkretu batzuk egitera, pertsona jakintsuekin egotera etorri zen. Hugo ez. Hugo herriarekin mintzatzera dator, bere kasa, eta inkognitoz. Ez du inork hemen barruan dabilela jakitea nahi, ordurako akademikoa zen, eta izugarrizko fama zeukan. Baina ez zuen halako deus nahi, eta beste edozein bidaiari arrunt bat bezala ibili zen hemen barrena. Hemen zebilela inork ez zekien nor zen.

Euskal Herrian gaindi, baina Espainiaz ari da.
Bai. Bidaiari guztiek Baionara iritsi orduko, frijitu oliotuen usaina aditzen zuten, «fritanga española» aditzen edo usnatzen hasten dira ere gaur egun Baionan: koloreak, piperrak, zezenak eta horrelako gauzak. Finean, topiko guztiak. Beharbada, garai hartan horretatik edukiko zuen gure Euskal Herriak, guk uste duguna baino espainolagoa izango zen Hego Euskal Herria, baina ez dago dudarik hori ere exajerazio bat dela.

Euskal Herrian gaindi ibili zen, eta bereziki Pasaian. Berak deskribatu zuen Pasaia horretatik aurkitu al duzu zuk zer edo zer?
Orduko Pasaia eta gaurkoa oso bestelakoak dira, noski. Inozentzia aspaldi galdu genuen (irriak), eta liburuan agertzen diren batelera horietatik deus gutxi gelditzen da. Baina, herri xehearekiko maitasun hori beti liluragarria egiten zaigu, jatorri popularrekoa garenontzat oso maitagarria egiten zaigu Victor Hugo.
Dena dela, esan dizudan moduan, Victor Hugok ikusten irakasten digu, egin liteke ariketa bat gaur egun ere: Victor Hugok deskribatu pasarteak hartu eta mendian barrena joan, Jaizkibel mendiaren arroka horietatik barrena, eta uste duguna baino gehiago deskubrituko dugu. Benetako eskulturak eta berak aipatzen dituen munstro horiek, haizeak harrian higatutako irudi horiek topatuko ditugu.

Donostia utzi zuen Pasaian finkatzeko. 150 urte pasa ondoren, oraindik ere, Donostiaren aldean hor dago Pasaia. Herri xehe eta naturalaren deskubrimendua egin zuen nonbait. Hugoren Pasaia sinbolo bat da.
Alegia, mundutar izateko ez dela ezinbestekoa paristar izatea. Uste dut hori dela Victor Hugoren ikaspena. Miarritzen gauza bera gertatzen zaio, eta miarriztarrei esaten die:«Zertarako nahi duzue Paris izan, itsasoa edukita?» Pasaian, berriz, itsasoa eta mendia zeuzkan, herri naturala, langilea, edertasunaren kontzientzia handirik gabe pozik bizi zena. Alabaina, donostiarrak izutu egiten dira Pasaiara joango dela esaten dienean. Donostia, Miarritze bezala, Paris txiki bat zen: ezin zuen bete Paristik ihesi datorrena.

«Basa herri horretara joango zara?» aditzera ematen diote nolabait. Eta hain da barrura joaten, Lezo herrira hurbiltzen dela. Lezo are basatiagoa ote? Pasaiatarrentzat, esan nahi dut.
Beno, badakizu auzo herriek beti liskarretan bizi behar izaten dute, eta Lezo eta Donibane horrela ibiliko ziren. Dena dela testuinguru batean ulertu behar dira kontu horiek, Hugo II. Gerra Karlistaren ondo-ondoan dator eta dena hondatua aurkitu zuen, hondamendi handia zegoen, bazterrak utziak. Eta hau donostiarren alde esan beharra dago, donostiarren izua horregatik ere bada, Donostia libratu zen bonbardatua izatetik, lehenago esperientzia zuten, hiria erre zutenekoa. Beraz, nahiko ongi geratu zen hiria Karlistadan, baina probintzia txikitua zegoen, eta probintzian barrena joatea arriskutsua edo zorakeria ikusiko zuten.

Euskal Herrian neska alaiak, politak aurkitzen ditu. Baina, nekazaritzak emakumeak higatu egiten ditu. Natura eta zibilizazioaren meditazio edo gogoeta egitea xede zuen. Krisi pertsonal batean iritsi omen zen, Euskal Herria eta Europa ere horrela ziren. Mende bat eta erdi luze joan da, eta egoerak pareka daitezkeela dirudi.
Bai, alde horretatik liburu hau oso modernoa da. Hugoren gogoeta eskaintzen du, ez da bidaia liburu bat, ez da oporretako kontuak kontatzen dituen liburu bat, hori ere bada, noski, baina beste zer edo zer ere bada. Pentsalari handi baten gogoeta da, eta gogoeta horretan fatalista samarra den arren, herri naturala ikusten du, Euskal Herria herri naturalen arketipoa da berarentzat. Euskal Herrian badagoela indar positibo bat, iraultzek eta printzipio handiek kontuan hartzen ez dutena.

Aitzindaria zen, tradizioa gustukoa zuen. Tradizioaren eta modernitatearen gogoeta kritiko bat gauzatu ote zuen Victor Hugok?
Ez zen iraultzailea, baina, herriarenganako lilura hori zeukan, jeneral baten semea zen eta askotan aristokratek salto egiten dute herriarengana, begiramen handiagoa diote burgesek baino. Telesforo Monzonen kasua izan dugu ere gurean, aristokrata bat herriak liluratua. Alde horretatik uste dut Victor Hugok pozik ikusiko lukeela Euskal Herria gaur egun, borrokan, tradiziora kondenatu duten horiengandik ihesean, tradizioan hil eta ito nahi ez duela eta moderno izan nahian ari den Euskal Herria.

Kontakizun literarioa, gure herriaren historiaren lekukotasuna... Zer utzi zigun oroz gain idazle frantziar honek?
Biak azpimarratuko nituzke, dudarik gabe. Fikzioa zer den ongi dakien idazle batek idatzia dago liburua, baliabide literarioez betea, bai pertsonaien aurkezpenean, bai elkarrizketetan. Beharbada, bizi zelarik ez zuen sekula argitaratuko, eta pasarte horiek erabiliko zituen bere nobeletarako, auskalo! Kontuan hartu beharko genuke bere nobeletan askotan azaltzen dela pertsonaia euskalduna, euskal pertsonaia han eta hemen azaltzen da, «L'homme qui rit» edota «Notre Dàme de Paris»en ageri dira euskaldunak eta beti era positiboan

Josu Landa: "Idazle bat deskubritzear"
Ez dut esango Koldo Izagirre promesa horietakoa denik, jakina (denok gara promesa, edo konforme gaude idazten dugunarekin?). Bai, ordea, bere literatur obraren on eta oparoak kontuan hartuta merezi duen neurrian baloratuta izan ez den idazlea dela.

Euskal literaturaren berrikusle lanetan (modu okerrean antologatzaile deitua) itzelezkoak egin ditu Izagirrek azken urteotan; XX. mendeko poesia kaierak ditugu horren erakusle bat. Antologatu lez, ordea, harrigarria izan da jaso duen begiramena. Eskasa, alegia. Adibidez, azken hamabost urteetan egin izan diren antologietan, poesiazkoak zein narratibazkoak, ez da aintzat hartua izan batzuetan, agertu ere ez dute egin maiz.
Kasuren batean gustu arazoa izango da, zertan dudarik egin. Baina kasu gehienetan sektarismo hutsagatik izan dela da nire ustea. Eta horrek egoera bitxi batera eraman gaitu, goiburuaren mezuarekin lotzera naramana: oraindik ere Koldo Izagirre deskubritzeko dagoen idazlea da.
Badakit Koldo bera ez dagoela nirekin konforme, hiperbaloratuta dagoela uste du berak. Nik arrapostu ematen diot berak aipatzen duen balorazio hori normalean ez dela poeta edo narradore moduan izaten, baizik eta itzultzaile eta aparatu kritiko sortzaile gisa: hitzaldiak, idazle ezagutu gabekoen argitaratzeak, antologiak, artikuluak, hitzaurreak. Askok eta askok desio luke Koldok egindako hitzaurrea norbere libururako.
Jirabuelta ugari eman izan zaizkio arrakastaren arrazoien gaiari. Euskal letretan, esango nuke -komunikabideen indar guztiahaldunaren gainetik- irakaskuntza dela giltzarria; neurri apalean (zirkuitu komertzial gatibu gisa) euskal literatura ia osoa ikastetxeen bitartez saltzen delako; neurri handiagoan, zirkuitu horretan zer sartzen den erabakitzen duten pope-en irizpideengatik. Irizpide horiek ezartzen dute, zer den transzendentea eta zer ez, zer goi mailakoa eta zer B seriekoa. Eta unibertsitateko jakintsuek ere sortzen dute, puxka handi batean, jendarteko iritzia.
Harrigarria da, halaber, amorrugarria esango nuke, Koldo Izagirreren obrari buruz hitz egiten denean, jendeak zein erraz jotzen duen, obrari berari izkin eginda, bestelako zertzelada, nola edo hala esatearren, pertsonaletara: bere zakartasunera edo purrustalari izaerara, politikoki idazle konprometitua omen delakora... Gaitz berberaren beste sintoma bat besterik ez da, horrelako «argudioak» obra deskalifikatzearren erabiltzearena.
Sekula ez dut oso ondo ulertu zein diren Koldok egindako bekatuak, sozialki eta literatur egile den aldetik halako estimu baxuan egoteko. Euskal literaturako jendeek noizbait aitortu behar lituzkete erabili ohi diren irizpide makartisten ajeak

«Gure literatura, gure paisaia bezalaxe, gailurrez eta ordokiez osatua dago»
Hasier Etxeberriarekin berbetan, «Bost Idazle» izeneko liburuan, idazle frantses surrealistak aipatzen dituzu, Guillaume Apollinaire, besteak beste. Apollinaire idazle kuttuna duzu...
Guillaume Apollinaire, nire gusturako, literaturaren Pablo Picasso da. Piccasok pinturan ekarri iraultza ekarri baitzuen literaturan, poesian bereziki. Bere surrealismoa maite dut, umorea eta transgresioa ekarri zituen poesiara, forman nahiz mezuan. Bai, biziki maite dut.

Irudika dezagun literatura margo baten gisara. Nola ikusten duzu euskal literaturaren paisaia?
Ni neroni paisaia horren parte izaki, nire erantzuna oso baldintzatuta dago, ez naiz orojakilea, ez nago gailur batetik besteek zer egiten duten begira, ni ere langintza horretan inplikatua sentitzen naiz. Dena dela ere, esan dezagun gure literatura, gure paisaia bezalaxe, gailurrez eta ordokiez osatua dagoela.

Alegia, denetik izan duela gure literaturak.
Bai. Margoa hizpide hartuta ari garenez, bada, batzuetan natura hila izan da eta beste batzuetan etxe-barne bizia, Xabier Lizardik esaten zuen moduan. Beste zenbaitetan marinak izan dira, abstraktuak izan dira, denetik daukagu. «XX. Mendeko Poesia Kaierak» lana gogoan, XX. mendeko poesia gure kontzientzia dela esaten dut, XIX. mendean bertsolaritza izan zen bezala, hau da, euskalduntasuna bertsoen bitartez islatu zuena. XX. mendean, poesiaren bitartez, gure premia nagusiaren erantzun bila aritu izan ginen euskaldunok. Ez da gutxi. Gure literaturak badu corpus interesgarri bat.

Paisaiak paisaia, nola ikusten duzu zure burua paisaia horretan?
Txiki!

XX. mendeko 40 poetaren antologiak bildu dituzu, eta Koldo Izagirre ez dago. Nolatan?
Konfiantzak bidea emanda, beste galdera batekin erantzungo dizut: nire burua antologatu, hitzaurrea ipini, neuk idatzi eta abar egin eta argitaratu izan banu?, galdetuko zenidake zergatik antologatzaile eta antologatua aldi berean. Beno, tira, kontuan hartu behar duzu ni berrogei horietan nagoela. Alegia, ale bakoitzean nago, eta hori izugarrizko saria da niretzat eta hau ez dut zurikeriaz esaten, benetan diotsut.

Burutu duzun lanarekin kontent orduan.
Berrogei poeta handiren hitzaurrea egin dut, eta haiek antologiarekin ados daude, hainbat gauzari buruz idazteko parada izan dut eta onartu egiten dute nik egindako sarrera. Hori izugarrizko saria da, ni ere hor nago, haien artean. Nik uste dut poesiatxo lerroren bat ere egin dudala, haien poesiaren goratze horretan... Tira, ez dut nire burua horren eskasian sentitzen.

Idazle polemista fama egotzi zaizu.
Ez naiz polemika zale. Baina uste dut gauza batzuk ezin direla isildu, esan behar direla, mingarriak baldin badira ere. Gure buruari begira beti gozo, euskararen onerako, edo zer esango duten dela-eta, halako estakuruak hartuta oso komodoa da isiltzea, baina uste dut luzera kalte egiten digula


Azkenak
2025-08-18 | Dabid Martinez
Metaren eta adimen artifizialaren kolonialismo digitala

Drop Site News hedabideak (botere-abusuak mundu mailan agerian jartzeagatik ezaguna) argitaratutako ikerketak interneten bilakaeran kezka sortu beharko lukeen joera baten adierazle den albistea argitaratu du. Facebook, Instagram eta WhatsApp-en jabe den Meta multinazionalak [+]


2025-08-18 | Sustatu
ZelaiHandi, euskarazko testuen korpus handi eta (ia) libre bat

Orain NLP hizkuntza teknologietako euskal enpresak euskarazko testuen korpus handi bat jarri du sarean, Hizkuntza Eredu Handien (LLM) eta Adimen Artifizialeko ekimenen biltegi nagusia den Hugginf Face baliabidean. ZelaiHandi du izena.


Denon lepotik barre egin dute beste behin ere Donostiako Piratek

Eta, honekin bai, honekin amaitu da Donostiako Aste Nagusia! Piratei aste bete motz geratzen zaiela eta, egun bat gehitzen diote Aste Nagusiari. Aurten hogeigarren urtez jarraian egin dute Irrikitaldia. 


Sozialismorako Mugimenduak Bolivian agintzeari utziko dio 20 urteren ostean, eskuinari lekua utzita

Igandean eginiko presidentetzarako hauteskundeetan berretsi da ezkerreko koalizioaren porrota eta eskuinaren gorakada: PDC Alderdi Kristau Demokratikoko Rodrigo Paz Pereira senatariak eta Jorge Quiroga presidente ohiak (2001-2002) lehiatuko dute presidentetza... [+]


2025-08-18 | Behe Banda
Autosalaketa

Komisaldegian paper batzuk eman dizkidate. Izerdi tanta bakarra dakit bekokian behera bularreraino, piztu aire girotua, mesedez. Parrandan ondoegi pasatzearen asuntoak, hurrengo goizean galdutakoak salatu beharra. Inozo aurpegidun munipa batek hurrengo asterako zita eman ahal... [+]


Urkulluk gogorarazi du Txikik eta Otaegik errespetua merezi dutela biktima aitortuak direlako

Iñigo Urkullu lehendakari ohiak adierazi du Txiki eta Otaegi Eusko Jaurlaritzak aitortutako biktimak direla, eta hala "errespetua" merezi dutela. Haien biktima izaera ezin dela zalantzan jarri azpimarratu du.


2025-08-18 | Leire Artola Arin
Salpress berri agentzia
El Salvadorko gerrillaren arma ezkutua

Kontatzen ez dena ez da existitzen. Oso barneratuta daukagu lelo hori, baita informazioa boterea dela eta eragiteko gaitasun handia duela ere. Are gehiago gerra edo gatazketan, batik bat oraindik tresna digitalak asko garatu gabe zeudenean, informazioa ez baitzegoen hain eskura... [+]


11 urteko mutil bat hil da, igandean Bilboko igerileku batean bero kolpea jasan eta gero

Bilboko Errekalde auzoko igerileku batean gertatu zen ezbeharra. Larrialdi zerbitzuek erreanimazio lanak egin zizkioten adin txikikoari, eta Gurutzetako ospitalera eraman zuten; hiru egunetara hil egin da.


Ostiraleko bileran Putinek su-etena onartu ezean, Trumpek dio “ondorio larriak” izango direla Errusiarentzat

Ostiralean Alaskan izango duten bileraren bezperan heldu da mehatxua. Friedrich Merz Alemaniako kantzillerrak deituta, gailur birtual bat egin dute asteazkenean Zelenskik, Trumpek eta Europako hainbat agintarik. Ukrainako presidenteak adierazi du Trumpen eta Putinen arteko... [+]


50 maliar inguru ari dira kale egoeran bizitzen Gasteizen asilo eskaera ebazten duten bitartean

Ostegunean eman dituzte asilo eskaera tramitatzeko lehen txandak: bederatzik lortu dute, irailerako. Eusko Jaurlaritzak ebazpena arintzea, eta migiratzaileak ostatzeko zentroetara mugitzea eskatu dio Espainiako Gobernuari.


Alberto Alonso (Gogora): “Txiki eta Otaegi ez dira erreferente; indarkeria, beldurra eta terrorea erabili zuten”

Aurten Txiki eta Otaegi fusilatu zituztela 50 urteko beteko direnean, Alonsok adierazi du ETAko bi kideek ez zutela nahi Franco osteko gizarte demokratiko bat: "Diktaduraren aurka borrokatzen ziren, baina diktadurak erabilitako tresna berberekin".


Jai eredua neurodibergentziatik aztertzen

Bilboko Aste Nagusia pertsona autistentzat irisgarriagoa izateko zenbait gako dakartzate Oihan Iriarte Eletxigerrak eta Iker Boveda Martinek, euren esperientziatik.


Ostiraletik aurrera berriz debekatuko dituzte nekazaritza jarduerak Nafarroan

Tenperatura igoera dago aurreikusita datozen egunetarako, eta, sute arriskuak ekiditeko, ostegun iluntzeko 20:00etatik aurrera debekatuta egongo da uzta lanak egitea. Aurretiaz ere neurriak hartuta zituen gobernuak, baina Zarrakazteluko sutea kontrolpean izanda, neurriak malgutu... [+]


Auzo ibilbideak
Atzoko eta gaurko borrokak gogoan

Ezagutu dezakezu Euskal Herria gure txoko eder eta famatuenak bisitatuta, Instagramerako edo postal baterako argazkiak aterata zure buruari, kostaldeko paisaietan edo monumentu bisitatuenetan irri eginez. Baina ez duzu Euskal Herria guztiz ezagutuko. Horretarako, hobe zenuke... [+]


Ipar Euskal Herriko 158 herritan ur murrizketak ezarriko dituzte, alerta egoeraren ondorioz

Ostiraletik aurrera ur murrizketak ezarriko dituzte Euskal Hirigune Elkargoak barne hartzen dituen eta alerta egoeran dauden 158 herritan, eta metereologia zerbitzuek abisu horia ezarri dute trumoien arriskuagatik. Hego Euskal Herrian, berriz, leku ugaritako termometroek 40... [+]


Eguneraketa berriak daude