IGOR ESTANKONA: "IDATZITAKOA GEHIEGI AZTERTZEN EZ DUEN IDAZLEETAKOA NAIZ»


2003ko otsailaren 09an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Igor Estankonak Durango atarian argitaratu zuen "Tundra", bigarren poema liburu duena. Oraintxe dela lau urte kaleratu zuen "Anemometroa" bezala, Susa argitaletxearen eskutik nahi izan du plazaratu. Adinez gazte, paperak zipriztintzen ditu eta koadernoak betetzen. Poema sorta heldu denean, berriz, batu egiten du, atondu, eta argitaratu.

Hiruzpalau hilabete dira "Tundra" kalean denetik. Irakurleak liburuari egin dion harrerari buruz hasi gara hizketan, gidoian ez bazegoen ere.
Sentsazio onak ditut. Kalderapekoko errezitala izan nuen lehenengo termometroa. Inguruan dituzun lagunek ez dizute beti egia esaten, uste izaten duzu zer edo zer ezkutatu egiten dizutela, fio izaten zara, eta poztu ere bai gustatu zaielakoan, baina nahiago izaten duzu hurrekoak ez dituzunen harrera ezagutu. Hortaz, Kalderapekon egin nuen emanaldiaren ostean, gustura geratu nintzen. Bestalde, liburua argitaratu eta aste pare batean norbera izan ohi da protagonista, baina euskal literaturaren zurrunbiloan galtzen gara gero. Dena dela, hitz onak jaso ditut, eta horrixe eusten diot.

Andolin Eguzkitzak, Felipe Juaristik, Iñaki Mendizabalek eta bestek egin dizkizute "Tundra"ren iruzkinak. Ontzat eman dute zure lana...
Bai, nork bere aldetik. Andolinena ez dut kritikatzat hartu. "Euskaldunon Egunkaria"n idatzi zuen, horretarako ez zen iritzi zutabe batean, baina eskertzen diot poesiari leiho egitea munduari buruzko gogoeta edo egoera politikoaren gaineko oharrak egiteko tartean. Gutxitan sartu da literatura zutabe horietan. Bestalde, gainezka egin zidan apur bat, "Seiko urrea" izeneko tartean, Igor Estankonaren izena ikusteak...

Aitortu behar dizut Eguzkitzak egin zuen ariketa bera egin nuela nik. Alegia, "Tundra", definizio bila joan nintzaizun: eskualde polarretako estepa belardia da bere esanahia. Eremu latza etorri zitzaidan gogora. Azalean bertan, halakoxe irudia dugu.
Nik izenburu hotza nahi nuen. Ez nintzen abiatu geografia hotz baten bila, hala ere. Hotza, interpretazio tarte handirik utziko ez zuen izenburua, orri zuri baten sentsazioa eman zezan gura nuen: liburua irekitzeko irrika eragiten duen orri zuria, alegia, dena esaten dizuten titulurik gabe. Zirriborro txiki bat nahi nuen izenburuan, irakurlea galdezka hasteko jakin-minez: "Zer dago honen ostean?".

Nirekiko, lortu duzu, hein batean bederen. Beraz, esan duzunaren arabera, izenburua, azaleko ilustrazioa barne, eta barruan gorderik dagoen poesia ez datoz eskutik...
Ez, berez ez. Prozesu ezberdin bi izan dira, gainera: poemak alde batetik, eta titulua bestetik. Dena dela, behin titulua aukeratu eta justifikazioa dator, kointzidentzia denak eta abar. Baina bi bide ditut nik. Ohitura dut ene koadernoan, poemak idatziz batera, izan litezkeen tituluen zerrenda egiteko.

Beste titulurik izatekotan, zein?
Amilotza. "Txamilotzea" esaten dugu. Neguan zalaparta handia ateratzen digun txoria dugu. Arrazoia? Izenak dakarzkidan oihartzunak gogoan: amildu, hotza. Tundra, finean.

Liburua irakurtzean ez nizuke atalik bereiziko. Felipe Juaristik, hiru "leiho" aipatu zituen, hiru aparte egin baituzu liburuan.
Editorearen aholkua izan zen. Eta eskertzen diot esana. Jaka beka eskatu nuenean, erreka baten antzera joango ziren poemak nituen gogoan, bata bestearekin kateaturik, A-n hasi eta B-n bukatuko zirenak. Baina hori polita da proiektuan, nahiz eta gero ez bideragarri izan. Horretan, Gorka Arrese editoreak, hiru zedarri ezartzeko aholkua eman zidan; atalik bereizten ez bazuten ere, irakurleari pausalekua emango lioketenak, liburuan bere irakurraldia kokatzen lagunduko lioketenak. Halaxe egin nuen.

Inondik ere, ez zen "Anemometroa (bis)" egiteko garaia.
Ezta pentsatu ere. Ez niokeen neure buruari barkatuko. Areago, irakurleak ere ez zidan barkatuko. "Anemometroa" ez besterik egin nahi nuen. Uste dut irakurleak berak ere, "Anemometroa" kaleratu eta joan den lau urte honetan, nora edo nora aurrera egingo zuela. Orain dela lau urteko ikuspegia baino, egun egiten ari naizen poesia eskaini behar nuen. Eta irakurlea eta biok "Anemometroa"n bezala "Tundra"n berriro batzen bagara ondo, eta batzen ez bagara ere, aurrera.

Poesiaren bidean, beti ere...
Aginduz egindako narrazio batzuk ezik, beti poesia. Eta narrazio horiek berak ere, nahiko poetikoak egin izan ditut. Beharbada, etorriko da beste zer edo zer. Halako batean.

Zein bide egin nahiko zenuke literaturan.
Lehenengo aldiz egin didate galdera. Ibilian nabil. Literatura, meta dut, belar-meta. Hondo-hondotik hasi, eta gora jaso, urteen poderioz. Nik koadernoak betetzen ditut, idatzi eta idatzi, batzuetan inozentekeriak, besteetan lan duinak... eta, noizean behin, liburuan atontzen ditut. Nik ez diot literaturari besterik eskatzen: argitaratzeko aukera. Epe laburragoan bada hobe, baina konformatuko nintzateke lau urtetik behin argitaratuko banu. Liburu asko argitaratuko nuke bizitzan.

Titularra egin didazu: "Konformatzen naiz lau urterik behin argitaratuko banu".
Horrela esan dut? Ez gero besterik gabe ebaki! Ni konformatzen naiz lau urtetik behin argitaratzen uzten badidate, baina horrek esan nahi du lau urtetik behin lanak atontzeko aukera dudala, urteetan egindako lanaren balantzea egiteko, alegia.

Koadernoak betetzen dituzula diozu. Jaka beka lortu zenuen eta horren babesean lanari lotu zinen alai zu ere.
Bekarako proiektua aurkeztu nuenean, lagina ere erakutsi behar izan nuen. Ez nuen lan handirik hartu behar izan, zeren ordurako hainbat eta hainbat poema nuen idatzirik. Orain, dena dela, lotsa ematen dit lagina ikusteak berak. Hura erakutsi eta esaten dizutenean: "Ez, hori ez da lagina, bihar-etziko liburua baizik". Bazeneki hori entzun eta zelan beldurtzen zaren! Testuak ontzen, ordenatzen, orrazten, atontzen hasi nintzen, eta horixe kosta zitzaidan batez ere. Materiala banuen, berria ere idatzi nuen, baina "Anemometroa"n ez bezala, poemaren alderdi teknikoa, erritmoa, hizkuntza... hobetzen jardun dut batik bat.

Poetaren bakardadean jardun duzu, ala badituzu laguntzaileak.
Gorka Arresek laguntasun handia eman dit. Alternatibarik onenak eskaintzen dizkizu, esandakoa hobetzeko bidea, alegia. Gainerakoan, hurreko ditudanei ematen diet. Haietaz fio naiz. Muturra okertzen badute, zer edo zer ondo ez dabilen seinale. Eta ez dira ari edukiari buruz, formari buruz baino. Gehienbat. Irakurtzeko erosotasuna falta zaiolako testuari-edo.

"XXI. Mendeko Idazle Berriak" izeneko erakusketan, zuri eskainitako tartean diozu: "Bizipenek eta irakurraldiek gainezka egiten didatenean idazten dut". Zertan da idazle izatea?
Detaile txikietan gara idazle. Halako esaldi bat entzun, irudi bat piztu edo dena delakoa, eta paperaren bila doana da idazle. Ez, beraz, zera hori buruan gorde eta bihar-etzi, halako batean, zer edo zer egin uste duena. Paperaren bila behar du. Ni, berriz, idatzitakoa gehiegi aztertzen ez duen idazleetakoa naiz. Badira dena utzi eta gelan sartzen direnak. Nik, oraintxe, beste ardura batzuk ditut, baina, hala ere, hori ez da inoiz izan nire idazteko estiloa. Idazterakoan benetan eskertzen dira zipriztindu dituzun orri zatiak. Hori ere bai.

Idazle zaitugu, eta gazte, baina ez zarete bi izenok uztartzearen aldeko: idazle gazte.
Eta beste izen bat ere bada horiekin batera: belaunaldia. Beti ukatu dugu hori guk. Seguruenik, bata bestearen oso ezberdinak ikusten ditugulako geure buruak. Beste belaunaldi batzuk ez bezala, guk ez dugu izan katarsirik, zedarri historiko garrantzitsurik, jendea identifikarazten duen zer halako bat... Idazle gazteen egunak eta antolatu izan ditugu, baina "belaunaldi" asmo barik.

Liburu kritika egiten duzu "Deia" eta "Gara" egunkarietan. Liburu onak irakurtzeko aukerarik bai?
Bi egunkarietan ere, poesiak du lehentasuna nirekiko. Bestalde, poesia zail da sistematizatzen eta 3.500 karakterretan errenditzen. Baina horrixe eskaintzen diot tarterik gehiena, seguru, neu ere poesia idazle naizelako.

Kritikak egiterakoan kontuz ibili behar...
Kontuz ere ez. Nire izaeraren arabera jokatzen dut: ez zait gustatzen gatazkan ibiltzea. Esango dute kritikoak koldarrak garela. Baina ez, ni neu naiz koldarra, kritiko jardun edo ez. Pax vobis egiten dut. Irakurtzen ari naizen liburuan okerrak bilatu arren, edo idazlearekin bat ez etorri arren, ez nabil zaurian ekinean. Azaletik esango dut ez zaidala gustatzen, eta aurrera.

"Tundra" argitara zaharra ez, noiz izango duzu proiektu berriren bat abiarazteko sasoia?
Poesia gosea ez galtzea da kontua. Orriak zipriztintzen, koadernoak betetzen jarraitu nahi dut. Horrela, egun batean iritsiko da ordua paperak hartu eta atontzeko. Lau urte barru-edo...

Jolasari uko egin gabe
Hotz dator Igor Estankonaren liburu berriaren izenetik. Hotz, haren anaia Borjaren azaleko iruditik. Eta, egiatan, barruan ere ez da epeltasun handirik. Ez gozo, ez ezti da Estankonaren poesia berria, lehen lanekoa ez bezalakoa. "Anemometroa"n, adibidez, jolas egiteko gogo handiagoa ageri da, edertasunaren bila itsu-itsuan ibiltzeko gura: edertasuna, hotsa, irudia... "Tundra"n, aldiz, horiek denak mezu baten zerbitzura jarri nahi izan ditut. Teknika mezuaren mende jarri dut eta, ondorioz, poesiak ezin izan horren jolasti eta ludiko. Ostera, mekanikoago eta hotzago behar, nahitaez. Igarriko dela uste dut. Jakina, ez diot jolasaren bideari uko egin erabat. Edertasunaren bideari eta jolasari aterik itxi barik jardun dut". Zuzen ari dela esan besterik ez dago. Badira zenbait ale horren erakusgarri. Adibide dira "Ulises" izenburu daramana, "Argi txikia", "Bigarren forma" izenekoa... "Askok esan dit halako poema gustatu zaiola, beste halako... nik, neure kautan, bateren batek "Begi bik"... aipatzea nahi nuen. Lan gehiago du poema horrek. Kontuz, hala ere, zeren lanak ez du beti emaitza hoberik ematen poesian. Batzuetan, emaitzarik batere ez, lanak. Besteetan, berez atera zaizun zer edo zer, horixe gustatu jendeari!».
BIGARREN FORMA
Begi bik bihotz bati esan zioten
hain zirela euren artean lotura bakoak
isurtzen zituzten malkoak,
non sorginorratz berdeak hurbildu
eta edaten zituzten.
Eta begi bik bihotz bati esan zioten
hain zirela euren artean lotura bakoak
isurtzen zituzten malkoak,
non malkoak baino
tantakada hutsak irizten zieten,
euria ari duela konturatu ez den
orri batetik behera


Azkenak
2025-07-18 | Mara Altuna Díaz
Noelia Sánchez Jenkins, gales irakaslea Patagonian
“Galesak bizirik dirau Patagonian”

Zerk lotzen ditu Galesko muino berdeak eta Patagoniako basamortu hotzak? Bada, hil nahi ez duen hizkuntza batek. Noelia Sánchez Jenkinsen arbasoak 1865ean lehorreratu ziren Patagonian (Argentina). Galesetik iritsi ziren, britainiarrek inposatutako zapalkuntzatik ihesean... [+]


2025-07-18 | Gedar
SAPAri 2,3 milioi emango dizkio Espainiako Industria Ministerioak

Gipuzkoako enpresak hainbat kontratu sinatu ditu Israelgo industria militarrarekin, eta diru publikoa jasotzen du ibilgailu elektriko bat garatzeko, Espainiako Gobernuak finantzatutako proiektu baten bidez.


Massive Attack musika taldeak Gazaren aldeko musikarien aliantza sortu du

Ingalaterrako Massive Attack taldeak artisten arteko aliantza sustatu du, hasi berri diren artistei edo Israelen aldeko erakundeen zentsura pairatzen dutenei babesa emateko.


Euskara, katalana eta galiziera Europar Batasuneko hizkuntza ofizial gisa aitortzea babestu dute hainbat unibertsitatek

Espainiako Gobernuak Europako Batzordeari egindako eskaerari Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako 28 unibertsitatek babesa eman diote. Salvador Illa Kataluniako Generalitateko presidenteak eta Imanol Pradales lehendakariak eskutitz bat sinatu dute eskaerari babesa... [+]


Aurreakordioa erdietsita, Eskirozko BSH enpresa abenduan itxiko dute

Bilera akigarria izan zuten asteazkenean Eskirozko BSHko lan batzordeko kideek eta multinazional alemaniarraren zuzendaritzako kideek: aurreakordioa lortu zuten UGT, CCOO, ATTIS eta Solidarik (17 ordezkaritik gehiengoa dute 12 kiderekin) eta ez dute mahai gainean jarritakoa... [+]


Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat hondartza desagertzeko arriskuan daude

Gaztetape (Getaria) eta Muriola (Barrika) hondartzak 2050. urterako desager daitezke Greenpeaceren txostenaren arabera. Itzurun (Zumaia), Karraspio (Mendexa), Isuntza (Lekeitio) eta Azkorri (Getxo) hondartzek hedaduraren erdia gal dezakete.


Iruñeko espetxeko osasun arreta “urria” dela salatu du Salhaketa Nafarroak

Nafarroako Gobernuak espetxeetako osasun zerbitzuaren eskumena eskuratu zuenetik, baliabideak “indartu” dituzten arren, presoek nabarmendu dute ez diela sobera eragin egunerokoan.


‘Eskumenlagoa’

Hezkuntza Sailak 2025-2026 ikasturtearen antolaketa bigarren hezkuntzako ikastetxe publikoetan ebazpena argitaratu du. Urteroko agiria da, uztail hasierakoa; ikasturte-hasierako ebazpena esaten diogu.

Aurtengoan, hauxe jasotzen du euskarazko bertsioak:... [+]


2025-07-18 | Aiaraldea
Gorrotozko delitu salaketa jarri dute Artziniegan eta Udalak “irain arrazistak” gaitzetsi ditu

Artziniegako Udalak mezua zabaldu du gertatutakoa gaitzesteko eta elkartasuna adierazteko irainak jaso dituzten herritarrei.


2025-07-18 | Elhuyar
Neandertalak San Adriango koban maiz ibili zirela berretsi dute, Aizkorrin

Duela bi urte Aranzadi Zientzia Elkarteak neandertalek egindako harrizko tresna batzuk eta haiek jandako animalien hezurrak aurkitu zituzten San Adriango koban. Horrela jakin zuten neandertalek duela 40.000 urte koba hori erabili zutela. Aurten egin duten indusketa-kanpainan... [+]


2025-07-18 | Sustatu
Fitxategi handien transferentziarako alternatibak (WeTransferrekoa ikusita)

WeTransferren baldintza berri gaiztoen aurrean, alternatibarik? Bai, pare bat, edo bien arteko konbinazioa. Enkriptazioa edo/eta Tori.eus zerbitzu euskalduna erabiltzea.


2025-07-17 | ARGIA
Europan espetxean denbora gehien daraman preso politikoa
40 urteren ostean Georges Abdallah askatuko dute uztailaren 25ean

Georges Ibrahim Abdallah, Frantzian 40 urteko espetxealdia igaro ondoren kaleratuko dute. Palestinaren askatasunaren aldeko militantea, Libanoko Frakzio Armatu Iraultzailearen sortzailea izan zen, eta diplomazialari israeldar eta amerikar bana hiltzeaz akusatu zuten. Inoiz... [+]


2025-07-17 | Piztu Donostia
Ez dakigu ahoa ixten

Azken sei urteotan Piztu Donostia eragile sozialaren talde motorra osatu dugunoi txanda pasatzeko unea iritsi zaigu, mila gai eta beste mila fronte zabalik geratzen diren arren.

Duela sei urte Eneko Goiak, PSOEren laguntzarekin, osaturiko Donostiako Udalak bideratzen zuen... [+]


2025-07-17 | Joan Mari Beloki
Ekialde Hurbila sutan

Ekainaren 13an hasi eta 24an amaitu zena “12 Egunetako Gerra” bezala ezagutuko da aurrerantzean. Gauza harrigarri batzuk gertatu ziren bertan, pentsaezinak ordura arte. Nahiz eta lerro hauek idaztean egun gutxi igaro diren bukatu zenetik, ondorio batzuk atera... [+]


Eguneraketa berriak daude