PADDY REKALDE: "IDAZTEKO, LEKUAK USAINDU EGIN BEHAR DITUT"


2003ko otsailaren 02an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Irakaslea da lanbidez, bere garaian punkaren "zuk zeuk egin" filosofia bere egin zuen gizon hau, baina hainbat idazlan plazaratuak ditu dagoeneko Paddy Rekalde bezala izenpetuz, "Rebel Mayo Colorao" nobela da azkena. Idazteko orduan, bere bizitza propioan oinarritzen da, Aturri eta Ebro arteko giza paisajea eta kultur dinamika osoa aldarrikatuz, eta berdin egiten du maite dituen Irlanda bezalako beste bazterrekin. Adibidez, taberna batean kokatzen badu narrazioa -eta bere lanetan maiz agertzen den lekua da-, oso argi daukalako da zeintzuk izan daitezkeen hango jendearen kezkak, abenturak eta desbenturak, eta Paddy Rekalde bere pertsonaiak ahalik eta humanoenak egiten saiatzen delako.

Noiz ekin zenion zuk idazteari?
AEK-ko "Aizu!" aldizkarirako hasi nintzen ni idazten, duela sei-zazpi urte. AEK Egun batean esan zidaten narrazio erotikoak nahi zituztela. Arratsaldeko seiak izango ziren ordurako, apur bat mozkortuta harrapatu ninduten jada, eta nik normalean gauza guztiei baietza ematen diedanez, halaxe erantzun nien. Ekin nion lanari eta hiru-lau narrazio erotiko idatzi nituen, baina orduan konturatu nintzen nik idazten ez nuenean besteek ez zutela idazten halakorik, eta hori utziz bestelako narrazioak idazten hasi nintzen. Eta "Aizu!"koen gustukoak izan ziren nonbait, zeren memento batean haiek liburu batean biltzea proposatu zidaten. Beste narrazio luzeago bat gehitu nien, eta horrela atera zen "Aizu! Paddy", 1997an. Denetarik dago hor: ipuin oso urbanoak, Irlandakoak, Nafarroako mendialdekoak…

Zer alde dago liburu horretatik "Whiskey koloreko gauak" deritzanera?
"Aizu! Paddy"koak samurragoak izan ziren -ez indar gutxikoak, eh! Nire narrazioetan ahalik eta indar gehiena biltzen saiatzen naiz beti-. Baina "Whiskey koloreko gauak" liburuko narrazioak landuagoak direlakoan nago. Denetarik ukitzen dut hor ere, mutur bikoa bainaiz ni: memento batean barre egiten diot neure buruari ere, eta bestean, erromantiko samar jartzen naiz hainbat gauzekin.

Edariarengatik delako, edota pertsonaiak ametsen munduan murgiltzen direlako, errealitatearen mugak askotan hausten dira zure lanetan.
Bai. Irakurle bihurtu nintzenean, gozatu handia lortu nuen Latinoamerikako errealismo magikoarekin, Rulfo, García Márquez eta horien lanekin, eta neure lanetan ukitu hori sartzen saiatu naiz, batetik, niretzako goxoa delako, eta bestetik, aukera ematen didalako irrealak diren beste munduak edo egoerak ere tartekatzeko narrazioetan. Adibidez, "Whiskey koloreko gauak" liburuan, badira dagoeneko hilda dauden hainbat pertsonaia, Brendan Behan idazlea edo Espainiako Gerra Zibilean faxistak borrokatzeko Irlandak antolatu zuen brigada internazionalistaren burua izan zen Frank Ryan, kasu. Eta "Rebel, Mayo Colorao"n XIX. mendeko idazle irlandar abertzale eta opiozale baten figura erabili dut, James Manganena…

Omenaldi modura egiten al duzu hori?
Ez. Gehienez ere, ezagutzen ez dugun jende xume baina izugarri hori gurera ekartzeko era izan liteke, baina baita literaturan zehar sortuz bidaiatzeko aukera ematen didatelako. Brendan Behan orain dela gutxi arte ezezaguna zen gurean. Irlandako literaturan betiko izenak baino ez ziren ezagunak, James Joyce, edo Beckett bezalakoenak. Baina Brendan Behan oso interesgarria izan zen: literaturzalea, idazlea, IRAko kidea, borrokalaria, tabernazalea… Eta nik Brendan Behan bezalako jendea maite dut.

Eta nor dugu James Mangan?
Horrek gutxi idatzi zuen. Poema liburu luze-luze bat dauka, baina, batez ere, XIX. mendeko errepublikar aldizkarietan agertu zituen bere kolaborazioak. Oso gazte hil zen, orduko gaixotasun baten eraginez, baina alkoholikoa ere bazen, eta laudanomanoa ere bai…

Horrelako idazleak aipatzen dituzunez, Edgar Allan Poe ere maitea izango duzu?
Ez, bada! Niretzat Poe oso iluna da eta ez nau erakartzen. Badaude alkoholarekin halako mundu ilun batean sartzen diren idazleak, Poe edo Baudelaire bezalakoak, baina nik nahiago ditut Brendan Behanen tankerakoak. Autore ilun horiek ezin ditut irakurri. Badakit Kafka maisu bat dela askorentzat, baina niri depresioa eragiten dit.

Beste liburu bat ere kaleratua duzu, "Sex abaroa", alegia…
Sexoaren inguruan osatutako poema liburu bat da. Argazkiak sartu nituen, eta batzuek esan didate pornografikoa dela, baina nik ez dut erotismoa eta pornografiaren arteko bereizketan sinesten, niretzat etika kontua baino ez baita hori: gaur egun erotismoa ondo ikusia dago, duela laurogei urte txarto… "Sex abaroa"n sexuak ematen digun babesa, plazerra eta ona den guztia aldarrikatzen dut, nire ustez. Poema bakoitzarekin narrazio bat egiteko posibilitatea neukan, baina nekatu egin nintzen, narrazio erotikoak nahiko errepikakorrak direlako: ezagutzen dira bi (neska-mutila, mutila-mutila edo neska-neska) eta elkar ezagutze prozesu labur baten ostean, txortan hasten dira. Nireak, ordea, sexua norabide guztietatik harturik, hari buruzko flash moduko poema batzuk dira. Sexuaren gai horri seriotasuna kentzen saiatu nintzen hor. Poema batzuk egoera horri barre egiteko dira, beste hainbat erromantikoak, badira nazkagarriak ere, eta baita sexuaren gaineko miseria salatzen dutenak ere. Batzuek irakurriko dituzte zenbait poema eta seguraski heuren burua islatuta ikusiko dute; beste batzuekin barre egingo dute, hurrengoekin "zein nazkagarria den tipo hau" ere esan dezakete, eta handik gutxira "zein goxoa den", edota, "begira zer egoera tristean bizi garen, eta hala ere, memento honetan, biok hemen egonda, zeinen gustura gauden…!".

Zure azkena, "Rebel Mayo Colorao", nobela beltzatzat jo daiteke?
Hilketa bi daude bertan, ametsetan gauzatzen dena eta bestea, beraz nobela beltzaren ukitua duela esan daiteke. Egia esan, nobela horren bukaera hasieran dago, narratzailea Nafarroako herri txiki bateko tabernan sartzen denean eta leiho ondoan idazten ari den tipo bat ikusten duenean, hortik aurrera gertatzen dena tabernako idazle horrek idatzia baitu: nola protagonista joango den kanposantura, bere lagun minaren hilerria ikustera, eta gero, putetxera, hango nagusia hiltzera eta maite duen neska askatzera...

Nobela horren ia hiru laurdenak Irlandan gauzatzen dira. "Whiskey koloreko gauak"eko hainbat ipuin ere bai. Zer lotura duzu zuk Irlandarekin?
Beno, "Whiskey koloreko gauak"ek dituen bost narrazioetatik bi baino ez daude Irlandan kokatuak. Dena den, ezagutzen ditudan lekuetan kokatzen ditut nik normalean nire istorioak, lekuak usaindu egin behar ditudalako, eta horretarako haien usainak -jendeak eta ohiturak- ezagutu egin behar ditudalako. Zentzu horretan, Irlanda ezagutzen dut, eta aukera ematen dit hainbat istorio han kokatzeko. Gainera, berezko historia aberatsa eduki duen eta daukan irla bat da Irlanda. Eta "Rebel Mayo Colorao" han kokatu nuen, protagonista Euskal Herritik atera nahi nuelako eta beste inon ezin nuelako kokatu.

Euskal iheslari bat prezeski Irlandara joatea ez al da harrigarria?
Ni ez nabil iheslarien zuzendaritza taldean, baina ematen dira horrelakoak ere. Oraintxe gogoratzen naizenez Portugalen atxilotu zuten bat, Kanadan ere beste pare bat, Londresen ere izan ziren… Irlanda ez da ohiko helmuga, baina jaso izan ditu iheslariak Gerra Zibiletik aurrera, eta horretaz baliatu nintzen "Rebel Mayo Colorao"n. Nire narrazioko protagonistari ematen zaion babesa Errepublikan da, Dublingo langile auzo batean. Ezagutzen dut, oso auzo errepublikarra da eta leku ona horrelako babesa emateko. Gero, protagonista horrek Mayora alde egiten du, konderri nahiko ezezagun batera, Mayo Extremadurako Las Hurdes bezain ezezaguna baita, leku ona ezkutatzeko. Iheslaria hara doa ferryan ezagutzen duen lagun baten etxera, eta hori ere oso egoera tipikoa da han, Irlandan, non hainbat egoeratan egiten dituzun lagunak eta jada badauzkazu etxeak.

Adiskidetasunari eginiko kantua al da zure nobela hau?
Erabat! Oso indartsua da Irlandan adiskidetasuna. Dublin batean gutxiago, hiriburuak hotzagoak izan ohi dira-eta, baina Mendebaldean herri oso txikiak daude, denak elkarren ezagunak dira, eta edozein mementotan eskaintzen dizute beren etxea han lo egiteko. Niri hainbat aldiz gertatu zait: nire andrearekin pub batera sartu, pinta pare bat eskatu, eta handik bost minutura beste pinta pare batekin aurkitu aurrean. Esan zerbitzariari: "Aizu, guk ez dugu hau eskatu" eta hark erantzun, "ez, baina hor dagoen horrek egin du"; beste harekin berbetan hasi, eta berdin amaitzen duzu afaltzen bere etxean. Eta adiskidetasun puntu bera aurkitu izan dut Nafarroa ezezagun horretan, bihotz zahar baina goxoak dauden lekuetan.

Tabernak, pubak… asko azaltzen dira. Eta baita bertako kantuak ere. Zuk itzuliak al dira guztiak?
Poema pare bat ez beste guztiak. Joseba Sarrionandiak itzulitako poema ederra, non irlandar abiadore batek bere heriotza igartzen duen esanez: ni hemen nago, ez ditut gorrotatzen borrokatzen ditudanak, ez ditut maite ere defendatzen ditudanak, baina hemen egotea da nire patua, eta hemen itxaroten dut nire heriotza. Beste poema Garcia Lorcak gailegoz idatzi zituen bost poemetako bat da, Arestik euskaratua. Nik itzulitakoak, berriz, Irlandan rebel songs deitzen dituztenak dira, abesti matxinatuak-edo. Irlandarrak britainiarren aurkako gerran bizi izandako pasarteak gogoratzen dituzte. Batzuk berriak dira -The Pogues taldearen kantak, kasu-, besteak zaharrak -XX. mende hasierakoak-. Eta badira IRA Probisionalaren garaikoak ere, gose greban hil-hurren dagoen pertsona batek idatzitako poema, adibidez, oroitaraziz bera irlandarra dela eta mesedez eskatuz bere hilotza Mayora eramateko. Niretzat poema izugarria da hori


Azkenak
Israel Gazan “inoiz ikusi ez den sufrimendua” eragiten ari dela salatu dute Mendebaldeko 28 estatuk, baina neurririk iragarri gabe

"Oinarrizko premiak bilatzen dituzten bitartean zibilak, haurrak barne, anker hiltzea" salatu dute. Gazan hamabost pertsona hil dira gosez azken 24 orduetan, eta AFP albiste agentziako kazetariek ohartarazi dute euren lankideak gosez hiltzen ari direla zerrendan,... [+]


Subflubiala Ez plataformak protesta zaratatsua egin du Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean

Subflubialaren behin betiko proiektua onartu zuenez Aldundiak pasa den astean, eta dozenaka pertsona batu dira proiektua gelditzea eskatzeko.


71 urteko espetxe zigorra ezarri diote Hondarribiko surf irakasle bati, 11 adin txikikori sexu abusuak egitea egotzita

2011tik 2021era bitarte egin zituen erasoak, klaseak eman bitartean. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak sexu abusuen delitu bakoitzeko lau urte eta hilabete bat eta hamabi urte bitarteko kartzela zigorra ezarri dio. Horrez gain, 40 urteko gizonak adin txikiko bakoitzari 3.000 eta... [+]


Frankismoko dokumentu klasifikatuak argitaratuko dituen legea onartu du Espainiako Gobernuak

Bide parlamentarioa egin beharko du orain. Lege testu honen arabera, 30 urteko epea ezarriko dute sekretuak desklasifikatzeko, eta 45 urtekoa "goi mailako" sekretuendako. Bakoitza hamabost urtez luza daiteke.


Espainiako Auzitegi Gorenak Loiolako kuartelari babes berezia ematen zion epaia bertan behera utzi du

2022an EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen kuartela Hirigintza Ondare Eraikia Babesteko Plan Berezian sartzea, Voxek jarritako helegite bat onartuta. Gorenak baliogabetu egin du epai hori, eta bidea ireki dio Donostiako Udalari eremu horretan 1.500-1.700 etxebizitza... [+]


Galizieraz egiteagatik eraso egin diote espainiar batzuek turismo-gida bati Galizian

Inguratu, iraindu eta besotik heldu eta bultzatu ere egin zutela salatu du Galiziako gida gazteak. Valladolidekoak dira sei pertsona galegofoboak.


Legazpiko Udala eta Sidenor kalte ordainak ordaintzera zigortu dituzte langile bat amiantoaren eraginpean jartzeagatik

Langileak amiantoak eragiten duen minbizi mota bat dauka eta 376.305 euroko kalte ordaina eman beharko diote, EAEko Auzitegi Gorenak zigorra berretsi baitu. 


Zabaltzen ari den morofobiaren azken adibidea, Gasteizen

Gasteizko hainbat auzotan ezarri dituzten “Moros fuera de España” kartel eta pegatinak ikertzen ari da Ertzaintza. Irun, Hernani, Barakaldo… Ez dira kasu isolatuak, eta “etorkinen kontura jarraitzaileak irabazi nahi dituen ideologia” ikusten du... [+]


Donostiako auzitegi batek ebatzi du zaharren egoitzako langile denek ez dutela euskarazko B2 maila eduki beharrik

Euskarazko B2 maila dutela ez ziurtatzeagatik Eibarko Egogain zaharren egoitzako lan eskaintza publikotik kanpo utzi zituzten bi langileen alde ebatzi du Donostiako Lehen Auzialdiko 3. Epaitegiak, CCOOk jakinarazi duenez. 2024ko urrian, Gonzalo Pérez Sanz epaileak... [+]


Jesus Maria Gomez Ezkerro preso iruindarra aske geratu da zigor osoa beteta

Jesus Maria Gomez Ezkerro 'Txutxo', 2001eko urtarrilean atxilotu zuten, 2021ean hirugarren gradua ezarri zioten, eta 2023ko otsailean baldintzapeko askatasuna eman zioten. 24 urte geroago aske geratu da. 


2025-07-22 | Estitxu Eizagirre
Frutazaintza ekologikoa ezagutzeko txangoa deitu du Biolurrek

Biolur laborantza ekologikoaren aldeko elkarteak frutazaintza sustatu nahi du eta horretarako egun-pasa ederra antolatu du uztailaren 29rako; hiru proiektu ezagutuko dituzte bertatik bertara: Erroak mintegia Ahatsan (Nafarroa Beherea), Kibbi Sat Donezteben (Nafarroa) eta... [+]


2025-07-22 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Japoniar nazionalismoa hasi da berragertzen mozorrorik gabe

Japoniako goi-ganberaren erdia berritzeko uztailaren 20an egindako hauteskundeek berretsi eta ondu egin dituzte aurreikuspenak: Alderdi Liberal Demokratikoak eta haren ia betiereko aliatua den Komeito konfesional eskuindarrak galdu egin dute Aholkularien Batzar horretan zuten... [+]


2025-07-22 | Mara Altuna Díaz
Haien hizkuntzak hiltzen uzteko prest ez dauden zortzi gazte grinatsu

Uztailaren 14tik 18ra munduko hizkuntza gutxituen hiriburua izan da Gasteiz. HIGA, hizkuntza gutxituetako gazte hiztunen topaketetan, lau kontinenteko dozenaka gazte elkartu ziren esperientziak eta estrategiak trukatzeko. Hizkuntza “txikiak” babestea dute helburu... [+]


2025-07-22 | Kote Camacho
Aurtengo baraualdirako jada hamalau lagunek eman dute izena

Barau kolektiboak beti erdaraz izaten ziren, baraualdi bat euskara hutsean antolatzen hasi ginen arte. Irakurketa dramatizatuak taldean, abestu, dantzatu, arnasketa kontzientea, masaje trukaketa, Bergarako igerilekura jaistea, kanten liburuxka... eta pilota partiduak.

Aurten,... [+]


2025-07-22 | Bertsozale.eus
Bertsolaritzaren dokumentazio bilketa sendotzeko aurrerapausoetan

 Xenpelar Dokumentazio Zentroak dokumentazio bilketan sakontzeko aurrerapausoak eman ditu: Bertsozale Elkarteko egitasmoen bilketa prozesuak berrikusi dira eta tokian tokiko eragileekin harremanetan jarrita, eremu horretako jarduna aztertu eta hobekuntzak bideratu... [+]


Eguneraketa berriak daude