ENPRESABURUEN ESKAKIZUNEK NEGU BEROA EKARRIKO DUTE


2003ko otsailaren 02an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Datozen negua eta udaberria gerta daitezke ohi baino "beroagoak", baldin, ematen duen bezala, orain bezain kontrakoak badira enpresaburuek eta sindikatuek 2003. urteko negoziazio kolektiboaz dituzten tesiak. Halaxe da. Eskura ditugun datu guztiek erakusten dutenez, aurten, Euskal Herrian, enpresetako arduradunak eta langileak ez dira berehala bat etorriko hitzarmenen negoziazioan. Aurten, gainera, euskal sindikatu guztiek, hots, abertzaleek eta besteek (ELAk, LABek, ESK-k, CCOOk eta UGTk), bota dituzte atzera aho batez Confebask Patronalak EAErako egin dituen planteamendu orokorrak, zeinen antzekoak izango baitira ziur aski Nafarroako Patronalak egiten dituenak.

Patronalak bi eskakizun hauek egin ditu, azken batean: moderazioa soldatetan eta malgutasuna enpleguan. Sindikatuek aho batez baztertu dituzte bata nahiz bestea, eta ondoko hau eskatu dute: gutxienez %6ko igoera soldatetan eta kalitatezko enplegua, edota, bestela esanda, enpresa gehienetako prekariotasun laboralaren bukaera. Bistan denez, antagonikoak dira tesiak. Sindikatu batzuen iritziz, patronalak probokatu egin nahi izan du, eta erantzunak gogorra izan behar du. Dena dela, ikuskizun dago sindikatuek patronalaren tesiak baztertzeko kontuan erakutsi duten bat etortzeari edo jarrera bateratuari eutsiko dioten ala ez, benetan langileen erosteko boterea eta kalitatezko enplegua lortzeko garaia iristen denean. Datozen asteetan argituko dira inkognita horiek.


MODERAZIOA SOLDATETAN ETA MALGUTASUNA.

Behin behar eta, EAEko Confebask patronalak ondoko diskurtso eta katastrofismo honi heldu dio: soldatak mugatzea komeni da, enpresen irabaziak mantentzea edo handitzea eta enplegua egunez egun prekarizatzea, zeren, bestela, enpresa batzuek ezingo dute iraun. Bai, halaxe da. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako patronalak honako hau eskatu die sindikatuei: "Negoziazio kolektiboan, oraingo egoera ekonomiko gogorra kontuan duten eskakizunak egin behar dituzte sindikatuek, zeren, 2003an ere handiak izango dira zailtasunak, eta ezin dira arriskuan jarri enplegua mantentzea edo sortzea eta zenbaitetan enpresen beren iraupena". Horrelaxe mintzatu da EAEko patronala, eta esan behar da Nafarroakoak ere oso antzeko planteamendua duela.
Alabaina, zertan datza zehazki patronalaren eskakizun hori? Bada, erakundeko ordezkariek berek definitu dute erantzuna. Roman Knörr jaunak dioenez, zein, patronalaren buru izateaz gainera, BBVA banketxeko kontseilaria baita, "konkurrentziari eta enpleguari eusteko, beharrezkoa da soldatetan moderazio efektiboa lortzea eta enpleguan gradu handiko malgutasuna erdiestea". Testuinguru hori indartzeko, 2002ko ekitaldi ekonomikoko datuak eman dituzte. Adierazi dutenez, urte horretan %1,9 bakarrik hazi da ekonomia, zeren motelaldia izan baitzuen mundu guztian, eta, ondorioz, gutxitu egin ziren jarduera industriala, esportazioak eta inbertsioak. Guztiarekin ere, 17.000 lanpostu sortzeko adinako hazkundea izan omen da 2002koa; 2ko igoera, ehunekoetan adierazita. Baina, hori bai, ez dute zehaztu enpleguaren nolakotasuna. Ordea, artikulu honen bigarren partean azalduko dugun moduan, prekarioa eta tenporala izan da oso.
Aurtengoari dagokionez, Patronalak uste du lehen partea behintzat 2002koaren antzekoa izango dela, hau da, motel samarra, baina bigarren partean ekonomiak onera egingo duen itxaropena badute, izan. Hala ere, esportazioak ia urte osoan behar den mailara iritsi ezinik ibiliko ote diren diote, eta horren funtsa honako aldagai honetan ikusten dute: Hego Euskal Herriko produktuak Alemaniara, Italiara, Portugalera eta Frantziara igortzen dituzte batik bat, eta, hain zuzen ere, estatu horietako ekonomiak aski ahul omen daude. Kontuak horrela, enpresei ere egin dizkiete beren giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak optimizatzeko eskaerak. Patronalaren iritziz, "Batetik, produktibitatea hobetzeko estrategiak ezarri behar dituzte; bestetik, berriz, malgutu egin behar dituzte antolamenduko eta produkzioko egiturak, bestela ezingo baitiote aurre egin irabazi gutxiko eta errentagarritasun eskaseko beste urte bati".


SINDIKATUAK KONTRA, AHO BATEZ.

Hego Euskal Herriko sindikatu guztiek egin diete aurre patronalen adierazpenei. ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek atzera bota dituzte patronalen proposamenak, eta ñabardurak ñabardura, oro har ondoko eskaera hauek hartu dituzte ardatz, hurrengo negoziazio kolektiboetarako: langileen erosteko boterea defendatzea, lanpostu duin eta finkoen alde egitea eta laneko baldintzak hobetzea, laneko zoritxar gutxiago gerta dadin (iaz ere gehitu egin ziren ezbeharrak). Bestalde, hitzarmenetan soldatak bermatzeko klausulak gaineratzen ahaleginduko dira, inflazioak langileen diru sarrerari horrenbeste erasan ez dakion.
Sindikatuak argi eta garbi mintzatu dira patronalaren proposamenen kontra. Erakunde horiek uste dute ez dagoela ekonomiaren benetako krisirik, baizik eta moteltze edo hozte hutsa dela, eta horren adierazgarri omen da enpresek irabaziak izaten segitzea. Horregatik, gogor egiteko asmoa dute guztiek, baina are gogorrago batzuek, zeren Patronalak langileak probokatu eta iraindu egin dituela uste baitute. Orain, ikusi egin beharko da Patronalaren proposamenen kontrako iritzi sindikal bateratu hori ekintza sindikal bateratu konkreturen batean gorpuzten den, hau da, sindikatu abertzaleak eta besteak elkarrekin jardun zehatzen bat gauzatzen duten. Alde horretatik, ELAk adierazi du dagoeneko prest dagoela ekintza sindikal bateratuari heltzeko, baina horretarako helburuak eta laneko sistema finkatzea omen da ezinbesteko, eta berak baztertu egingo omen ditu itxurazko aliantzak. Erakunde politikoetan, artikulu hau bukatu baino lehen bederen Batasunak bakarrik egin ditu adierazpenak: sindikatuei eta sektore herrikoei egin die dei, "enpresaburu eskuindarren politika antisozialei aurre egin diezaieten eta lan munduko ezbeharrak gutxitzen ahalegin daitezen".
Gaur gaurkoz, sindikatuak eskariak aztertzen dihardute. Alde horretatik, ELAk, ordezkari gehien duen euskal sindikatuak, aurreratu du aurtengo negoziazio kolektiboan %6ko soldata igoerak eskatuko dituela. Hau da, 2002an %4an geratu zen inflazioa, eta zifra hori baino 2 puntu gehiago.


LANEKO EZBEHARRAK KEZKA NAGUSI.

Euskal Herriko enpresetan, etengabe ari dira ugaltzen laneko zoritxarrak, eta egitate horrek benetan kezkatu ditu sindikatuak. ARGIA aldizkarian azaldu genuen moduan (ikusi 2003ko urtarrilaren 5eko zenbakia), behin behar eta, 2002. urtean ere gehitu egin ziren laneko heriotzak (140 gehiago edo) eta laneko istripu larriak. Nahiz eta egoeraz ongi jabeturik egon, Patronala garrantzia kentzen ahalegindu da. Arduradunen hitzetan, istripuen %60 enpresetatik kanpo gertatu ziren, hots, "in itinere" deritzan egoeran (laneko joan-etorrietan) edota arazo kardiobaskularren ondorioz. Aurten, bada, laneko hainbeste ezbehar eragozte aldera, sindikatuek eskari zehatzak egingo dituzte negoziazioetan, bai laneko baldintzak hobetzeko, bai prebentzioko eta segurtasuneko planak aplikarazteko

Negoziazioak 300.000 langileri eragingo die
Hego Euskal Herriko oraingo negoziazio kolektiboek hainbat sektoretako eta enpresetako 300.000 lagunengan izango dute eragina. Sektorez sektore, ondoko hitzarmen hauek negoziatuko dituzte: eraikinen garbiketa, zementuaren deribatuak, ostalaritza eta metaleko merkataritza Araban; eraikuntza, osasun pribatua eta aurrez fabrikatuak Bizkaian; metala, eraikinen garbiketa, ostalaritza eta metaleko merkataritza Gipuzkoan; eraikinen garbiketa, grafikagintza eta konponketako lantegiak Nafarroan. Sektore publikoan, Eusko Jaurlaritzarekin eta administrazio lokalekin negoziatuko dute. Azkenik, beste 250 enpresa pribatu bainogehiagotan ere izango dira negoziazioak

Izenpetu 100 kontratuetatik 9 bakarrik izan ziren finkoak

Iaz, 2002. urtean, 2001ean baino are prekarioagoak izan ziren laneko baldintzak. Hala ematen dute aditzera, bederen, INEM erakundeak argitaratu datu ofizialek. Horregatik, aurtengo negoziazioko eskaeretan, sindikatuek oso bere egin dute enplegu finko eta iraunekoaren aldarria, bereziki gazteek eta emakumeek nozitzen duten prekariotasuna baztertzeko asmotan. Izan ere, iaz, Hegoaldean bertan, izenpetu 100 kontratuetatik 9 bakarrik izan ziren finkoak. Zehazkiago esanda, %7,96koa izan zen tasa EAEn eta %10,08koa Nafarroan. Datuak bestela adierazita, iaz Hego Euskal Herrian izenpetu ziren kontratuen %91,6 zen hitzarmen tenporala. Datu ofizialetan oin hartuta LAB sindikatuak oraintsu egindako azterlan baten arabera, 2002. urtean INEM erakundean erregistratu ziren 900.000 kontratuetatik 75.562 bakarrik izan ziren mugagabeak, hau da, 2001. urtean baino %4 gutxiago. Horrez gainera, hona hemen beste datu esanguratsu hau: iraupen jakineko kontratu tenporalen %75,8 hiru hilabetez beherakoak izan ziren, eta %98,8 urtebetez azpikoak.

Datuak lurraldeka aztertuz gero, Nafarroan gertatu zen jokabide onena: %10,08 tasara heldu ziren han kontratu finkoetan. Ondoz ondo, honela ibili ziren gainerakoetan: %10,05eko tasa Araban, %7,98koa Gipuzkoan eta %7,38koa Bizkaian. EAEri gagozkiola, 708.086 kontratu erregistratu ziren INEMen. Zifra horretan, 56.332 izan ziren mugagabeak. Datu horiek lurraldeka hartuta, 398.907 kontratu guztira eta 29.454 kontratu mugagabe egin ziren Bizkaian, 203.053 kontratu eta 16.212 mugagabe Gipuzkoan eta 106.126 kontratu eta 10.666 mugagabe Araban.
Sindikatuen iritziz, lan baldintza prekario horiek dira, besteak beste, lanpostuetan egunero gertatzen diren laneko istripuen iturri, eta oso bereziki eraikuntzako sektorean gertatzen direnen sorburu


Azkenak
2025-06-25 | Euskal Irratiak
Betharram ikastetxearekin lotutako bortizkeria kasuak ikertzeko, lekukotasunen bilketa abiatu dute

Betharram ikastetxearekin lotutako sexu eta bortizkeria kasuak ikertzeko asmoz, Batzorde Ikerketa Independenteko kideek lekukotasunen bilketa abiatu dute


Billabesa gidariek greba mugagabea eginen dute uztailaren 1etik aurrera

Hilabeteetako protesten ostean, TCC enpresako zuzendaritzak ez du aurrera urratsik egin eta langileek leher egin dute. Greba mugagabera doaz, baita sanferminetako ez ohiko zerbitzuetan ere. “Enpresak erantzukizunez jokatuko balu saihestu litekeen zerbait” dio langile... [+]


Sustrai Erakuntzak salatu du enpresa batek Nafarroako lau eremutan kobre meategiak ireki nahi dituela

Fundazioaren arabera, Aguilar de Codes eta Sorlada artean, Villamayor de Monjardinen, Villlatuertan eta Kasedan ustiatu nahi dute kobrea. Iberian Copper SL izan da Nafarroako Gobernuari lau eremu horietan prospekzioak irekitzeko baimenak eskatu dizkion enpresa. 


Ehunka herritar elkarretaratu dira Hernanin San Joan gaueko eraso arrazisten kontra

Hernaniko Txosna Batzordeak azaldu duenez, gutxienez hiru eraso arrazista izan ziren herrian ekainaren 23ko gauean, eta horren harira zabaldutako “bulo eta gezur arrazistak” salatu ditu. Udalak ere adierazpen instituzionala onartu du gertaturikoa gaitzesteko. Amher... [+]


Sánchezen NATOko tratuak hautsak harrotu ditu zenbait estatu kideren artean

Asteazkenean bozkatuko dute NATOra bideratutako diru kopurua, eta Pedro Sánchez Espainiako presidenteak kuoten igoeran lortutako salbuespenak haserrea piztu du AEBetako eta Europako zenbait herrialdetako gobernuetan.


Galdakao-Usansoloko eta Gernika-Lumoko ospitaleetako “prekaritatea” salatu du ESK-k

Sindikatuak adierazi du bi ospitale horietan behin-behinekotasunean daudela langile gehienak, eta ordezkapenak ez direla bermatzen; ondorioz, langileen lan-karga areagotzen dela. Gehitu du larrialdi zerbitzuetan “gainkarga” dagoela.


2025-06-25 | Castillo Suárez
Alferrikako bidaia

Lehengoan batera elkarrizketatu gintuzten Gonzalo Hermo poeta galiziarra eta neu. Kontatzen nion niri ere gustatuko litzaidakeela esatea nire aurrekoak marinelak izan zirela, baina nire familian denak dira galdatzaileak. Gainera, eremu industrial batean bizi naiz, itsasotik... [+]


2025-06-25 | Onintza Enbeita
Oihana Bartra. Bertsolaria
“Bertsolaritzan ere badago aurrerapenaren kontra dagoen korronte erreakzionarioa”

Lau urtero hiru txapelketa jokatzen ari da Oihana Bartra Arenas azken hogei urteetan. Bertsolaritza lehia baino gehiago dela jakitun da, baina lehia uzteak ekar lezakeen amildegiak beldurra ematen dio.


Israelek gerra hasi eta Mendebaldeak babestu

Wesley Clark AEBetako jeneralak azaldu zuen moduan, 2001eko plana zen bost urtetan zazpi herrialde hartzea: Afganistan, Irak, Somalia, Sudan, Libano, Siria eta Iran. Ez dira bost urte izan, baina denak, azkena Siria, erori dira, Iran izan ezik.

Iranek erasoak Sirian, Iraken... [+]


Oporrik ez elkartasunari

Prekaritateak prekaritate, Euskal Herriko ezkerreko militanteak, oro har, ez gara txarto bizi. Udako oporrak dira horren adibide, asko baikara atseden plan bikaina dugunok; ikastaldi aroko gure ekologismoari, ordea, keroseno kiratsa dario. Zein baino zein hegaldi garestiagoak... [+]


Ezusteko bila

Madrilgo presidente Ayuso faxistak itsuskeria egin dio EAEko lehendakari Pradalesi, euskaraz aritu delarik, harrokeriaz, aldibereko itzulpen sistema erabiltzeari uko egin eta alde eginda. PPko senatari batek ere “txorradatzat” hartu du “hogei... [+]


Marylen Serna, Kolonbiako aktibista
“Enpresak 200 pertsonari ematen die lana, baina lur horiek berreskuratuta 1.400 familia biziko lirateke”

Komite Internazionalisten bidez, gure artean izan dugu Marylen Serna (Cajibio, Cauca, 1965) Kolonbiako borrokalari soziala. Bizitza militantea lau ardatzen inguruan garatu du: nekazarien eskubideak, emakumeenak, lurraldearen defentsa eta gatazka armatuaren erresoluzioa... [+]


Eguneraketa berriak daude