AZKENAURREKO HATSA


2003ko urtarrilaren 19an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Lagun maitea, atzo gezurra esan nizun. Zuhurra izan beharra nuen, ez baitut ezerk nire buruaz beste egitea eragozterik nahi. Gutun hau jasotzen duzunean hilda egongo naiz (huts egin ez badut behintzat). Asko abusatu dut nireaz eta besteenaz, eta hori konponezina da. Agur". Hauek izan ziren Henri Roorda idazle suitzarrak, 1925eko azaroaren 6an, bere buruaz beste egin baino lehen lagun min bati idatzi zizkion hitzak. Eta ez zuen huts egin.

Hil aurretik idatzitako «Mi suicidio»n izkiriatu zituen bere burua akabatzeko zituen arrazoiak. Egiatasun sakoneko testua da, norbanakoari zein gizarteari buruzko gogoeta zorrotzak azaltzen dituena.
Orain, bakarrizketa bilakatuta ezagutarazi dizkigu Tanttakak Roordaren ideiak, eta horretarako antzerki munduan eskarmentu handiko gizona eraman du oholtza gainera: Mario Gas.
Suizidioa egun tabu bilakatu den ekintza da. Inork bere bizitzarekin akabatzeko erabakia hartuz gero, gertakaria ezkutatu egiten dute hedabideek, amoraltzat jota-edo. Baina, gizartea sortzearekin batera sortu zen suizidioa. Garaiaren arabera, baina, suizidioak konnotazio ezberdinak eduki ditu. Hala uste du Mario Gasek ere: "Roordak testua idatzi zuen urtean, 1925ean, erdi mailako klasea oraindik inperio austriar-hungariarretik zetorren, eta ohoreari buruzko beste ikuspuntu bat zuen. Suizidioarena norberak bere burua salbatzeko modu bat ere bazen, ekintza heroiko bat".
Matematika irakasle izateaz gain, hainbat entsegu pedagogiko eta filosofikoren egile da Henri Roorda. Lausana herrian jaio zen 1870ean. Prestigio handia eskuratu zuen garaiko intelektualen artean, besteak beste, «Le roseau pensotant», «Mon internationalisme sentimental» eta «Le pedagogue n'aime pas les enfants» lanei esker.
Antzezlanaren zuzendari Fernando Bernuesek «Mi suicidio» testuarekin ustekabean egin zuen topo: "Liburu denda batean aurkitu nuen. Hasieran ezin nuen sinetsi hain gaurkoa iruditzen zitzaidan hura 1925.ean idatzia izan zenik".
Zuzendari donostiarrak lehen unetik garbi izan zuen antzezlan bilakatuko zuen testuaren protagonista nor izango zen: "Zerbait irakurtzen ari naizenean aktoreen aurpegiak burura etortzen zaizkit. Kasu honetan Mariorena nerabilen buruan. Egia esan, deitu nionean ez nuen espero baiezkoa emango zidanik. Opari bat izan da niretzat".
Izan ere, Bernuesen aburuz testua ederra da, gogoetez kargatua, "baina era berean badu esentzialtasun bat, eta aktoreak hau transmititu ezin bazezakeen testuak tuntun samarra gelditzeko arriskua zuen".


Bizitzeko irakasgaia.

Ikasgela huts bat. Kristalezko leihoetan euria etengabe ari da joka. Garbi irakur daiteke gelako arbelean "El pesimismo alegre" klarionaz idatzita. Eskuineko atetik Henri sartzen da, dotore jantzita, zigarroa eskuan duela. Bakarrizketak aurrera egin ahala, beste hainbat hitz ere idatziko du arbelean. Bere bizitzako azken irakasgaia ematera doan irakaslea ez dago bakarrik ordea: aurrean ditu ikusleak, ikasle bilakatuta, eta baita urteetan zehar lagun izan duen ardo botila ere. Euria ere, nolabait, bakarrizketa guztiaren zelatari isila da. "Nire eskola garaiak oroituz", dio Bernuesek, "lehenengo etorri zitzaidan irudietako bat euriarena izan zen. Gertutasunagatik edo, malenkonia eragiten dit". Azken batean, Henri Roordak benetan eman nahi izango lukeen irakasgaia da bakarrizketa hau.

Gasen ustez antzezlanaren ia indar guztia testuan dago: "Etengabeko dialektika baten bidez bere argumentua eraikitzen doa, eta nire ustez emozioa, hein batean, pentsamenduaren askatze horretan biluzten da". Bere buruaz beste egiteko hautua egin duen arren, ironiaz, umorez eta argitasunez beteriko pertsonaia ageri da oholtza gainean. "Hainbesteraino nago bizirik, ez dudala heriotzaren gertutasuna nabari", dio pertsonaiak obraren istant batean.
Antzokira drama existentzialista ilun bat ikustera joandako ikusleak ez du esperotakoa topatuko. "Nolabaiteko tratamendu brechtiarra eman nahi izan diogu pertsonaiari, esaten duenari garrantzia emanaz batez ere. Diskurtsoak berak nahiko indar dauka, ez da ia apaindu beharrik izan", gaineratzen du protagonistak.
Ibilbide luzeko bakarrizketa izango da ziur asko Tanttakak muntatutako «Mi suicidio», bere zuzendariak aitortzen duen moduan, "Mario eszenategi gainera itzultzeak morbo handia sortu baitu". Hori dela eta, emanaldi andana egiteko asmoa dute. Oraindik ere datak zehazteke dituzte ordea. Mario Gasek berak emanaldi asko egiteko gogoa azaldu du: "Irizpidearekin sortutako halako gogoeta umil, barruko, xume eta sentiberan oso gustura parte hartu dut, batez ere gure artean ergelkeria hain hedatuta dagoen garai hauetan". Zuzendari eta aktorearen iritziz antzerkian probokazio formal hutsa egiten duen proposamen hutsal ugari dago, "eta baita ere bulevar generoko tentelkeria asko. Denetarik egon behar duela uste dut, baina gaur egungo antzerki ekoizpenean antzerki mota hau hartzen ari den garrantziak kezkatzen nau", dio.
Behin emanaldien martxa hartuta, Fernando Bernuesek bakarrizketa hau eskoletan egiteko asmoa du: "Benetako ikasgela batean antzeztea asko gustatuko litzaidake, oso leku aproposa iruditzen zait bakarrizketa hau egiteko»

«Talde gehienak arrakastaz hiltzen dira»
Konpainia ezberdinetan aktore jardun ostean 1983an Tanttakarekin hasi zuen zuzendari lanbidea donostiar honek. Ordutik konpainia berean jarraitzen du gelditu gabe. Zuzendutako azken lanetan aipatzekoak dira «El florido pensil», «Ez da hain erraza» eta «Ekaitz txorien eskua». Tentazioa ekoizpen etxearen sortzaileetako bat ere bada. Azken sei hilabeteetan oso lanpetuta ibili da eta orain deskantsatzeko gogoz dagoela aitortu digu.

Gurean ez dugu bakarrizketa asko ikusteko betarik izaten.
Bakarrizketekin karta bakarrean gauza asko jokatzen dituzu, oso zorrotza izan beharra dago. Mozorrorik gabeko antzerkia da. Gainera, edozein aktore ez da bakarrizketa bat egiteko gai. Ordu betez erantzunik gabe, energia mantenduz maila ematea ez dago edozein aktoreren esku. Dena dela, baditu bere abantailak ere: beste ikuskizunak baino errazago mugi daiteke.

Tanttaka euskal antzerkigintzan enpresa indartsutzat dugu. Nola ikusten duzu egoera arlo honetan?
Oso gaizki. Egia da profesional gisa daramatzagun 25 urteetan asko ikasi dugula, baina, bestalde, azpiegiturek beti bezain ahul jarraitzen dute. Azken urteetako bilakaerari so eginaz konturatzen zara ekoizpen artistiko interesgarri batera iritsi diren enpresa guztiak desagertu egin direla, euren ibilbidearen mementorik hoberenean. Arrakastaz hil dira gehienak.

Eta hori zergatik gertatzen da?
Konpainia bat behin maila batera iristen denean asko eskatzen zaio: funtzio kopurua handitzea, maila tekniko txukunagoa eskaintzea... eta noski, saltzeko garaian lan guztiek ez dute arrakasta bera izaten. Hainbeste dimentsionatzen dira azpiegiturak denbora gutxian bertan behera erortzen direla. Karraka, Tarima, Geroa eta Orain taldeen kasuak adibide garbiak dira.

Eta zein irtenbide ikusten duzu?
Ekoizpen teknikoa eta artistikoa banandu egin beharko lirateke. Azpiegitura batzuk sortu beharko lirateke, irekiagoak izango direnak, eta edozein antzerki talderentzat eskuragarri egongo direnak. Egia da baita ere antzerkiko agente ezberdinen artean gero eta harreman hobea dagoela, baina antzerki politika zehatz bat falta da


Aitortu behar dut beldur pixka batekin egin niola Mario Gasi elkarrizketa. Entzuna nuen komunikabideetan adierazpenak egitea ez zuela oso gustuko. "Nahiko urduri dago eta ez dakit zurekin hitz egin nahi izango duen", esan zidan Fernando Bernuesek ere, biak elkarrizketatzeko asmoz Donostiako Antzoki Zaharrera joan nintzenean. Entseguaren tartean, ordea, Gasek ez zuen inongo arazorik jarri elkarrizketa egiteko. Eta berriro ere aurreiritziak bertan ziplo erori zitzaizkidan: serio eta hotz irudikatu nuena, umoretsu eta atsegin agertu baitzitzaidan.

Batez ere antzerki zein opera zuzendari gisa egindako lanengatik goraipatua izan denari estreinaldian nola sentitu zen galdetu nion: "Aktoreak ez du inoiz lotsarik sentitzen publikoaren aurrean, oholtza bakardade partekatuaren gunea da, aktorearentzat leku erosoa", erantzun zidan, "askoz ere urduriago jartzen naiz entsegu batean egon daitezkeen lau pertsona ezezagunen aurrean, gune intimo bat erasotzea bezala da". Eszenan hogei urtetik gora daramatzanak 2002.ean Pucciniren «Madama Butterfly» opera eta Jean Geneten «Las Criadas» antzerki lanak zuzendu zituen. Dena dela, aktore lanetan ari denean zuzendari grina alboratzen badakiela dio Gasek: "Bi arloetan lan egiten duenak jakin behar du memento bakoitzean bere lekuan egoten. Aktorea izaki sentibera eta inteligente bat da eta, hortaz, aukera ezberdinak eskaini diezazkioke zuzendariari, baita harekin eztabaidatu ere. Baina beti egongo da zuzendariak irudikatu eta sortu duen mundu horren zerbitzura".
Elkarrizketa amaituta ulertu nuen Mario Gasi buruz Bernuesek egin zidan deskribapena: "Bizitzari modu hedonista, irrazional, erradikal eta era berean aristokratikoan aurre egiten dion gizona»


Azkenak
2025-07-23 | Euskal Irratiak
Battitta Boloki: «Kanakian deskolonizazio prozesu bat abiatu dute, eta bidean da»

Joan den astelehenean, Paris inguruko Bougival herrian izenpetu zen "oinarrizko akordioa", Kanakiaren etorkizun politikoari buruzko dokumentu garrantzitsua. Testuinguru honetan, Kanakiako Nazio Askapenerako Fronte Sozialistak bere lehen adierazpen ofiziala plazaratu... [+]


Pestizidak baimenduko lituzkeen legearen kontra 1,5 milioi sinadura batu dituzte Frantziako Estatuan

Duplomb Legeak hiru neonikotinoide baimenduko lituzkeela salatu du ELB sindikatuak. "Aberrazio zientifikoa, etikoa, ingurumenezkoa eta osasunekoa" dela salatu du legearen kontrako sinaduren biltzaileak. 


Sergio Ayucar: “BSHri oso merke atera zaio Eskirozko lantokia ixtea”

ELAk eta LABek ez dute lan batzordearen gehiengoak erdietsitako eta langileen gehiengoak onartutako aurreakordioa sinatu: "Ez da 1.000 familiarentzako irtenbiderik planteatzen. Finean, lanpostu askoren galera eta fabrikaren itxiera dakar", adierazi du LAB sindikatuko... [+]


Israel Gazan “inoiz ikusi ez den sufrimendua” eragiten ari dela salatu dute Mendebaldeko 28 estatuk, baina neurririk iragarri gabe

"Oinarrizko premiak bilatzen dituzten bitartean zibilak, haurrak barne, anker hiltzea" salatu dute. Gazan hamabost pertsona hil dira gosez azken 24 orduetan, eta AFP albiste agentziako kazetariek ohartarazi dute euren lankideak gosez hiltzen ari direla zerrendan,... [+]


Subflubiala Ez plataformak protesta zaratatsua egin du Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean

Subflubialaren behin betiko proiektua onartu zuenez Aldundiak pasa den astean, eta dozenaka pertsona batu dira proiektua gelditzea eskatzeko.


71 urteko espetxe zigorra ezarri diote Hondarribiko surf irakasle bati, 11 adin txikikori sexu abusuak egitea egotzita

2011tik 2021era bitarte egin zituen erasoak, klaseak eman bitartean. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak sexu abusuen delitu bakoitzeko lau urte eta hilabete bat eta hamabi urte bitarteko kartzela zigorra ezarri dio. Horrez gain, 40 urteko gizonak adin txikiko bakoitzari 3.000 eta... [+]


Frankismoko dokumentu klasifikatuak argitaratuko dituen legea onartu du Espainiako Gobernuak

Bide parlamentarioa egin beharko du orain. Lege testu honen arabera, 30 urteko epea ezarriko dute sekretuak desklasifikatzeko, eta 45 urtekoa "goi mailako" sekretuendako. Bakoitza hamabost urtez luza daiteke.


Espainiako Auzitegi Gorenak Loiolako kuartelari babes berezia ematen zion epaia bertan behera utzi du

2022an EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen kuartela Hirigintza Ondare Eraikia Babesteko Plan Berezian sartzea, Voxek jarritako helegite bat onartuta. Gorenak baliogabetu egin du epai hori, eta bidea ireki dio Donostiako Udalari eremu horretan 1.500-1.700 etxebizitza... [+]


Galizieraz egiteagatik eraso egin diote espainiar batzuek turismo-gida bati Galizian

Inguratu, iraindu eta besotik heldu eta bultzatu ere egin zutela salatu du Galiziako gida gazteak. Valladolidekoak dira sei pertsona galegofoboak.


Legazpiko Udala eta Sidenor kalte ordainak ordaintzera zigortu dituzte langile bat amiantoaren eraginpean jartzeagatik

Langileak amiantoak eragiten duen minbizi mota bat dauka eta 376.305 euroko kalte ordaina eman beharko diote, EAEko Auzitegi Gorenak zigorra berretsi baitu. 


Zabaltzen ari den morofobiaren azken adibidea, Gasteizen

Gasteizko hainbat auzotan ezarri dituzten “Moros fuera de España” kartel eta pegatinak ikertzen ari da Ertzaintza. Irun, Hernani, Barakaldo… Ez dira kasu isolatuak, eta “etorkinen kontura jarraitzaileak irabazi nahi dituen ideologia” ikusten du... [+]


Donostiako auzitegi batek ebatzi du zaharren egoitzako langile denek ez dutela euskarazko B2 maila eduki beharrik

Euskarazko B2 maila dutela ez ziurtatzeagatik Eibarko Egogain zaharren egoitzako lan eskaintza publikotik kanpo utzi zituzten bi langileen alde ebatzi du Donostiako Lehen Auzialdiko 3. Epaitegiak, CCOOk jakinarazi duenez. 2024ko urrian, Gonzalo Pérez Sanz epaileak... [+]


Jesus Maria Gomez Ezkerro preso iruindarra aske geratu da zigor osoa beteta

Jesus Maria Gomez Ezkerro 'Txutxo', 2001eko urtarrilean atxilotu zuten, 2021ean hirugarren gradua ezarri zioten, eta 2023ko otsailean baldintzapeko askatasuna eman zioten. 24 urte geroago aske geratu da. 


2025-07-22 | Estitxu Eizagirre
Frutazaintza ekologikoa ezagutzeko txangoa deitu du Biolurrek

Biolur laborantza ekologikoaren aldeko elkarteak frutazaintza sustatu nahi du eta horretarako egun-pasa ederra antolatu du uztailaren 29rako; hiru proiektu ezagutuko dituzte bertatik bertara: Erroak mintegia Ahatsan (Nafarroa Beherea), Kibbi Sat Donezteben (Nafarroa) eta... [+]


Eguneraketa berriak daude