ERAKUNDEAK ENPRESAK BAINO BAIKORRAGO


2003ko urtarrilaren 12an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Litekeena da munduko eta Europako ekonomia hasi berria dugun urte honen bigarren seihilekoan suspertzen hastea, eta, haiekin batera, baita Euskal Herrikoa ere, oro har. Iaz, nolabaiteko motelaldia izan zen gurean, ondoko bi arrazoi nagusi hauek tarteko. Batetik, irailaren 11ko New Yorkeko gertaerek izan zuten eragina; bestetik, Estatu Batuen Iraken kontrako interbentzio armatu posibleak ziurtasun eza ekarri zuen etengabe, eta ekartzen ari da oraindik ere. Jakina, Euskal Herri osoak nozitu du nazioarteko egoera hori, baina Hegoaldeak bereziki, zeinetan aski handia baita esportazioa. Batez beste, ondorio horixe ispilatzen dute, dela erakunde nazionalek, dela internazionalek, 2003 eta 2004 urteetakoa aurreikusteko egin dituzten analisiek. Horrekin batera, adierazgarria da, halaber, nazioarteko erakundeen jokabidea: 2002ko azken seihilekoan denek beheratu zituzten ekonomiaren hazkundeko eta inflazioko aurreikuspenak, munduko eta Europako ekonomiei zegokienez. Bestalde, oso antzera ibili ziren estatuko edo erkidegoetako gobernuetako erakundeak.

Adibidez, OCDE Ekonomi Lankidetza eta Garapenerako Erakunde nazioartekoak 2002ko azaroan adierazi zuen ez zitzaiola iruditzen munduko ekonomia motelduko zenik, baina, bien bitartean, nabarmen aldatu zituen herrialde industrializatuen aurreikuspen hazkundezkoak. Hau da, 2002ko lehen seihilekoan, %2,1eko hazkundea eta %3,3koa aurreikusi zituen 2002 eta 2003 urteetarako; bigarren seihilekoan, ordea, %1,5eko eta %2,2ko hazkundera murriztu zituen aurreikuspenak, ondoz ondo. Europako Banku Zentralak (EBZ), berriz, ziurtzat jo zuen abenduaren bukaeran 2004. urte arte ekonomia ez dela benetan suspertuko, eta, ondorioz edo, beherago jarri zuen Barne Produktu Gordinaren (BPG) hazkundea, euroaren zonari dagokionez: %2,1ean eta %3,1ean ipiniak zituen 2002ko lehen seihilekoan, baina %1,1ean eta %2,1ean utzi zituen bigarrenean.

OCDE-REN ETA EBZ-REN AURREIKUSPENAK.

Bi erakunde horien aurreikuspenei erreparatuko diegu, erreferentziazkoak baitira munduko nahiz Europako egoera ekonomikoa ebaluatzeko. OCDE erakundeak, zeinetan biltzen baitira munduko herrialde industrializatuenak, uste du, nahiz eta ekonomiaren suspertzea udaberrian aurreikusi baino duda-mudazkoagoa eta gutxiago hedatua izan, nekez luzatuko dela motelaldia. Alabaina, ikusi dugu nola beheratu dituen datuak, Europako hazkundeari dagokionez, eta OCDEren beheratze horren barruan dago, halaber, Espainiako Estatua. Beherako errebisioa, hiru eta zortzi hamarrenen artekoa da. Erakunde horren datuen arabera, iaz %2,1 zen haztekoa BPG (hala zioen apirilean), baina azkenean %1,8an geratu da. Aurtengorako, 2003.erako, %3,3tik %2,5era jaitsi du aurreikuspena. Inflazioaren kontuan, berriz, OCDEk %3,5ekoa aurreikusten zuen 2002rako eta %2,6koa 2003rako, hau da, udaberrian kalkulatu baino zazpi eta lau hamarren gehiago.
OCDEko txostengileen iritziz, agente ekonomikoek konfiantza eza erakutsi dute urtearen bigarren seihilekoan, eta jarrera hori bi aldagaitan funtsatzen da. Batetik, gero eta egoera geopolitiko zalantzazkoagoa izan dute (AEBek Iraki erasoko ote zion beldur zen jendea), eta, bestetik, burtsako indizeen beste gainbehera bat egokitu zaie. Hala ere, badute nolabaiteko itxaropena aurtengorako, eta ondoko adierazgarri hauetan oinarritzen dira horretarako. Beren ustez, orain ikusiko dugu hainbat herrialdek aplikatu politika fiskalen eta monetarioen emaitza, eta, horrekin batera, baita informazioaren teknologien arloko abiada ere. Bestalde, Japoniakoa eta Errusiakoa izan ezik, ongi hazten ari omen dira Asiako ekonomia guztiak.
Europako Banku Zentralak, berriz, azaldu du beheratu egin dituela Europako hazkunde ekonomikoari buruzko zifrak, lehengo ekainean eman zituenekin konparatuta, eta murrizte horrek esportazioen %1,25eko gutxitzea eta euroaren kanbio efektibo altuagoa islatzen dituela. Aurten, esportazioetako urteko batez besteko kanbioa %2,4 eta %5,6 artean haziko omen da. Europako banku horrek beheratu egin du barruko eskariaren hazkundea, eta, bistan denez, aurreikuspen horrek berez erakusten ditu finantza merkatuen ahuldadea eta ekonomiaren duda-mudazko egoera. Bestalde, inbertsioen indartzea ere atzeratu egingo dela aurreikusi du, zeren ez baitu uste kanpoko eskaria behar adina haziko denik. Kontuak kontu, banku horrek adierazi du 2004an BPGaren hazkundea %1,9 eta %2,9 bitartekoa izatera iritsiko dela.

DENAK EZ DATOZ BAT EUSKAL EKONOMIAREN GEROAZ.

Hegoaldeari dagokionez, pronostikogileen araberakoak dira aurreikuspen ekonomikoak. Oro har, baikorrago ageri dira gobernu autonomikoak eta finantza erakundeak enpresa erakundeak baino. Euskadiko Kutxako azterlan zerbitzuan, zeinetan Hegoaldeko ekonomia guztiaren analisia egin ohi baitute, uste dute hurrengo hilabeteetan suspertuko dela munduko ekonomia. Dena dela, adierazi dute hazkundea ez dela izango esan zen "bezain handia", baina aldagai guztiek "munduko ekonomiaren suspertzea" iragartzen dutela. Horrez gainera, azaldu dute Euskal Herriko ekonomia "gainerakoak bezalatsu" bilakatuko dela, eta, bestalde, gogorarazi dute gure ekonomia "gai dela baldintza zailei aurre egiteko". Alde horretatik, iaz, ekonomiaren desazelerazioa zela kausa, Euskal Herriko esportazioak nabarmen gutxitu ziren, eta, jakina, aurten dezente ugaritzen badira, aurreikusi ekonomiaren hazkundearen seinale onena izango dira.
Eusko Jaurlaritzak uste du iaz %1,8 arte hazi zela BPG eta 2003an iritsiko dela %2,2 arte haztera. Nafarroari dagokionez, oso antzeko aurreikuspenak ikusten dira, halaber. Aurten, bestalde, oso litekeena da langabezia iazko %7tik %6,7 arte jaistea. Adegi Gipuzkoako enpresaburuen elkarteak, aldiz, irizten dio, aurten, "gogor ez izan arren", "zertxobait okertu egingo dela" ekonomia. Elkarteko arduradunen ustez, iaz industriako sektoreko enpresek emaitza okerragoak izan zituzten, eta, beren analisien arabera, ez dute ikusten aldaketa handirik aurtengorako. Emaitzak okertzeko arrazoien artean, salmenten gutxitzea, enpresen irabazien marjinaren murriztea eta lehengaien prezioen igoera markatu dituzte.
Arabako enpresaburuen SEA elkarteak, bestalde, dio ekonomia geldirik dagoela orain, ez dela "susperraldiko sintomarik" igartzen, eta ekonomia ez dela bere onera etorriko 2004-2005 aldia arte. Ondorioz, uste dute litekeena dela 2003ko ekitaldia iaz baino are hazkunde gutxiagorekin ixtea. Adierazpen horiek 2002ko lehen seihileko datuen analisian funtsatzen dituzte. Aldi horretan, %5 gutxitu ziren esportazioak eta %3,1 inportazioak. Euskal Autonomia Erkidegoko Confebask enpresaburuen erakundeak, berriz, uste du Euskal Herriko ekonomia Espainiakoa baino gutxiago haziko dela, funtsean ekonomia industriala delako, zeren izaera horrek esan nahi baitu hazkunde ekonomikoen garaian gehiago hazten dela eta, alderantziz, erkindu egiten dela errezesio ekonomikoen garaian

Kontsumo pribatuak eboluzio ona izan du Euskal Herrian
Hegoaldeko Aurrezki Kutxen Federazioaren (FCAVN) azken txosten hiruhilekoan, joan deneko hilabeteetan Euskal Herriko kontsumitzaileek izan duten jarreraren azterketa ageri da, eta, dokumentuan kontrajarriak diren bi pertzepzio markatzen dira: alde batetik, kontsumitzaileek gero eta konfiantza gutxiago dute ekonomian; bestetik, ordea, kontsumo pribatuak gora egin du azken hilabeteetan. Beraz, kontsumoaren igoera hori egia izatera, esan liteke arrazoi dutela munduko ekonomia bezalaxe Euskal Herrikoa ere hurrengo hilabeteetan suspertuko den tesiari eusten diotenek.

Ekonomia atzeratzen ari zen pertzepzioa eta egoera ekonomikoari buruzko duda-mudak tarteko, iazko laugarren hiruhilekoan -14 puntuko balio negatibora arte jaitsi zen Kontsumitzailearen Konfiantzaren Indizea (KKI), eta gero eta bizkorrago jaitsi ere. Ondorio horixe ateratzen da, bederen, FCAVN erakundeak hiru hilez behin kontsumitzaileen egoera ekonomikoaz egiten duen txostena irakurrita. Lehenbizikoz ageri da euskal kontsumitzaileen konfiantza espainiarren eta europarren konfiantzaren azpitik, nahiz eta haiena ere gero eta murritzagoa izan. Europako kontsumitzaileen indizea 8 eta 11 punturen artean gutxitu zen; espainiarrena, berriz, berdin mantendu zen laugarren hiruhilekoan, hots, -12 puntuko atzerapenean.
Euskal kontsumitzaileen konfiantzaren galerak zerikusi handia du langabeziarekin. Izan ere, alderdi horrek azken urte hauetako balorazio negatiboena jaso zuen (-29 puntu). Hurrena, langabeziaren ondotik, baina alde handi samarrez, ondoko puntu hauek ageri dira: egoera ekonomiko orokorra (-18 puntuko galera konfiantzan), aurrezteko kapazitatea (-6 puntuko galera) eta egoera ekonomiko familiarra (-5 puntuko galera).
Aurrezki kutxen txostenean, hala ere, beste datu harrigarri hau dator. Nahiz eta testuingurua hain kontrakoa izan, kontsumitzaileek hurrengo 12 hilabeteetan balio ekonomiko handiko ondasun iraunekoak erosteko asmoa azaltzen dute. Esaterako, etxebizitza edo automobila (inkestatutako kontsumitzaileen %7k esan zuten etxebizitza erosteko asmoa zutela). Era berean, FCAVN erakundearen txostenean jaso dutenez, nahiz eta horrelako itxaropenak izan (txarrak, alegia), kontsumo pribatua, zein baita Barne Produktu Gordinaren osagai nagusia, eskariaren alderditik aztertuta behinik behin, "gora ari da egiten" azken hilabete hauetan, eta, funtsean, "jarduera ekonomikoa sustengatzeko" determinantea ari da gertatzen. Aurrezki kutxen txostenean datorrenez, aldeko bilakaerak hainbat faktorerekin du zerikusia. Besteak beste, honako hauekin zehazki: "Lanpostu garbien sorrerarekin, laneko ordainsarien edo soldaten igoerarekin eta interes tipoen jaitsierarekin"


Azkenak
Bizkaiko Golkoa ia bi aldiz azkarrago ari da berotzen munduko batez bestekoa baino

Naturklima fundazioak kaleratutako Itsasoko eta kostako txostena-k argitara eman ditu klima aldaketa euskal kostaldean izaten ari den ondorioak: Bizkaiko Golkoko uren tenperatuta 0,22 gradu igo da hamarkada bakoitzean, 1981tik 2023ra, munduko uren tenperaturen batez besteko... [+]


Protesta egingo dute Los 40 Summer Live jaialdiaren aurka, Zarautzen

Beste urte batez Los 40 Summer Live jaialdia ospatuko dute Zarautzen, eta horren kontra agertu dira herriko hainbat eragile, haien ustez, garrantzi handiagoa ematen zaiolako ekitaldi horri herriko jaiei baino: "Argi erakusten du gure herrian zeinentzat dauden erraztasunak... [+]


Azterketa %90ek suspenditu dute eta Zupiriak esan du: “Ertzain izateko ikasi egin behar da”

3.600 pertsona aurkeztu dira ertzain edo udaltzain izateko lan eskaintza publikoko deialdira, eta 2.800 hautagaiek ez dute proba psikosoziala edota atal teorikoa gainditu. Segurtasun sailburuak defendatu egin du Polizia izateko "exijentzia maila".


CAF-Elhuyar sariak etetea erabaki dute, “baldintza egokirik” ez daudela arrazoituta

Zientzia-dibulgazioa saritzeko erreferentziazko sariak izan dira CAF-Elhuyarrekoak. Antolatzaileek 31. edizioa martxan zegoela etetea erabaki dute, "sariketa behar bezala egiteko baldintzarik ez dagoelako".


Nila Heredia
“Evo Moralesek ingurune toxikoa du, eta ezinbestekotzat jo du bere burua”

Boliviako ezkerreko militante historikoa da Nila Heredia, bi aldiz Evo Moralesen Osasun ministro izandakoa. Abuztuan hauteskunde orokorrak izango dituzte, eta herrialdearen egoera politikoa aztertu du elkarrizketa honetan.


Guggenheim Urdaibai Stop plataformak museoaren proiektua bertan behera uzteko eskatu die instituzioei

Joan den astean aurkeztu ziren proiektuaren inguruko entzuketa prozesuaren emaitzak, eta Guggenheim Urdaibai egitearen kontrako iritziak gailendu ziren. Busturialdearen beharrei "arduraz" erantzutea exijitu die plataformak, eta proiektuaren inguruko informazio eta... [+]


Indarkeria matxista gisa ikertzen ari dira 78 urteko emakumearen hilketa, Zizur Nagusian

Emakumea hilda aurkitu dute bere etxean. Senarrak, 85 urteko gizonak, emakumearen heriotzaren berri eman du, Polizia bertaratu denean diskurtso inkoherentea zuela ohartu eta atxilotu egin dute. 


Konfrontaziora pasatzeko garaia da

Euskararen normalizazioaren motorrak herri dinamikara bueltatu behar du aurrera egin nahi badugu


2025-07-30 | Sukar Horia
Dominatzaile pobreak

Bolo-bolo dabiltza gugandik zenbait kilometrotara gertatutako pogromoak, hamarkada luzetan −mendez mende− zilegituriko arrazismoa oinarri dutenak. Palestinan, Torre Pachecon eta Hernanin, arazoa antzekoegia da, intentsitate ezberdinez bada ere. Moroak dira behe-laino... [+]


Barkamena inprimatzen eta saltzen

Mainz (Alemania), 1454. Johannes Gutenbergek eskala handian inprimatutako lehen liburua argitaratu zuen, Berrogeita bi lerroko Biblia izenez ezagutzen dena. Gutenbergek ez zuen inprenta asmatu; dakigula, Txinan, 1040an, Bi  Shengek asmatu zuen inprimatzeko lehen makina... [+]


Migrazioei buruzko jarrerak gurean

Diskurtso erreakzionarioen gorakadaz ari gara azken urteetan. Dela migrazioei buruz, dela feminismoa, euskara eta abarri buruz. Testuinguru horretan, garrantzitsua iruditzen zait jarrera erreakzionarioak edota migrazioei buruzkoak aztertzeko ez gelditzea titularretan, eta gaiari... [+]


Euskarak Euskal Herria behar du

Euskararen balizko etorkizunari buruzko ikerketa bat ezagutzera eman da berriki, eta zalaparta eragin du bertan irudikatzen den paisaia beltzak. Asaldamendu hori auzitan jarriz abiatuko dut nire ekarpena. Zergatik da harrigarria datu hori? Zein mundutan bizi gara, gure egoeran... [+]


Ergelkeria

Liburuak hasi, utzi… begietatik garunera nagi doaz esaldiak, eta itzali ezin dudan tik-tak bat entzuten dut. Ikus-entzunezkoak pikatzen ari naiz.

Entzun dut burpee, eta Llados, eta body count, eta nahi duzulako zara pobrea, eta Milei, eta Thiel, eta unibertsitatea... [+]


2025-07-30 | Inma Errea Cleix
Kaka

Uda honetako erronka omen sare sozialetan: kaka egitea igerileku publikoetan. Ohikoak dira jokabide zikinak sare horietan, eta batzuek beren gorotz fisikoa libratzea, ororen begi-bistan eta eskura, honezkero gaina hartu digun zikinkeria digital erraldoia hezurmamitzea besterik... [+]


Eguneraketa berriak daude