LAN ISTRIPUAK, DIRU TRUKE, EZ DIRA EPAITEGIETARA IRISTEN


2003ko urtarrilaren 05ean
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Hil honen amaiera arte ez dituzte aditzera emango datu ofizialak. Hortaz, urgentziazko balantze hau behin-behinekoa da, eta litekeena da datu errealak are gordinagoak izatea. Dena dela, orain berean esan dezakegu iaz 140 langile baino gehiago hil zirela Euskal Herri osoan honelako edo halako istripu laboraletan, 700 lagunetik gora zauritu zirela (nor larriago, nor arinago), eta 59.000 lagun baino gehiagok izan zituztela zauri arinak. Ezbairik gabe, eraikuntzako sektorean gertatu zen ezbehar gehien: 30 langile baino gehiago hil ziren, eta beste hainbat dozena lagun zauritu ziren oso larri. Ezbeharren zergatiei dagokienez, esan behar da zenbat eta prekarietate laboral handiagoa, hainbat eta siniestralitate handiagoa gertatzen dela, eta, hain zuzen ere, subkontratazioak direla kausa, eraikuntzan hartzen duela gaina prekarietateak.

Egia da, izan, gero eta kontzientzia sozial handiagoa dutela produkzio katean parte hartzen duten agente politiko, sindikal, ekonomiko eta enpresarial guztiek, baina egia da, halaber, hainbeste langile hilko ez bada eta beste hainbat bizi guztirako elbarri geratuko ez badira, aplikatu egin beharko dela zenbait neurri efikaz eta aurrerago jo beharko dela. Joan deneko aspaldian, lan istripuz norbait hiltzen den aldi oro mobilizatzen dira sindikatuak. Dena dela, haratago joatea dagokie, zeren beren erantzukizunekoa baita enpresa bakoitzean prebentzioko plana eskatzea, baita enpresa bakoitzeko langileei segurtasuneko eta prebentzioko neurriak aplika ditzaten eskatzea ere.
Beste hainbat esparru politiko, ekonomiko eta sozialetan bezala, eta betiere Euskal Herri osoari gagozkiola, honetan ere ez dugu fidatzeko moduko estatistika nazionalik. Siniestralitate laboralaren kasuan, oraingoz EAEko eta Nafarroako estatistikak bakarrik ditugu eskura; Iparraldeari dagokionez, ez dugu inolako datu ofizialik. Geografia horretako datu zenbait prentsa abertzaleak jaso ditu, eta guk baliatuko ditugu artikulu honetan, baina, esan gabe doa, datu mugatuak dira. Testu honi erantsi diogun taulan, adibidez, Hego Euskal Herriko datu ofizialak soilik markatu ditugu, eta horiek 2002ko urtarriletik urrira bitartekoak dira, zeren urte osokoak ez dituzte jakinaraziko hil honen amaiera arte. Bestalde, eta dagoeneko, Iparraldeko beste lau heriotza gaineratu behar zaizkie datu ofizial horiei. Horrez gainera, badakigu jakin Hego Euskal Herrian 8 heriotza behintzat gertatu zirela azaroan. Kontuak horrela, 134 langile behinik behin baziren zenduak urteko lehen 11 hilabetetan, eta ziur aski 140 langiletik gorakoa izango da urte osoko konputua. 2001. urtean, 121 heriotza laboral gertatu ziren urte osoan; zifra ofizial horixe eman zuten behintzat, azkenean.

HAMAIKA HERIOTZA HILEKO.

Oso kezkatzekoa da Euskal Herrian 2002an lan munduan gertatu den ezbehar kopurua. Bai, ardura sortzen du behin-behineko balantzeak, baina are gordinagoa izango da urteko balantze ofiziala. Batez bestekoa egiten hasita, ondoko datu hauek ateratzen dira: iaz, 11 langile hil ziren hileko lan istripuz, edota, bestela esanda, hiru langilek galdu zuten bizia urteko aste bakoitzean. Produkzioko ia sektore guztietan gertatu ziren honelako edo bestelako istripu laboralak, baina, nolanahi ere, eraikuntzan eta metalurgian kontabilizatu zen laneko heriotza eta laneko zauritu larri gehien. Sektore horietan ez ezik, garraiokoan, arrantzakoan eta nekazaritzakoan ere gertatu ziren laneko heriotzak.
Eskura ditugun behin-behineko datu hauen argitan, beharbada otsaila izan zen urteko hilik beltzena: 17 heriotza gertatu ziren guztira, eta, gainera, Euskal Herri osoan zendu ziren langileak. Ipar Euskal Herrian, adibidez, Lapurdiko Milafrangan galdu zuen bizia subkontratazioan zebilen elektrikari batek. Bestalde, laneko joan-etorrietako heriotzak ere aski ugari izan ziren hilabete horretan. Hain zuzen, otsailaren 12an hil ziren Irango Jarramabad hirian Fagor enpresako lau enplegatu: Olazabalaga, Azkoaga, Goikoetxea eta Ibarra. Hil bereko 6an, berriz, Getariako bi arrantzale zendu ziren itsasoan: Miren Itziar Gil eta Benito Gil.

ERAIKUNTZA, SEKTORERIK ERASANENA.

Ondo bistan denez, iaz ere eraikuntzako sektorean gertatu zen siniestralitate laboral handiena. Sektoreko ezbehar guztien artean, ondoko hauxe da beltzena, agian: joan den azaroan, Andoainen, Luis Ruano eta Luis Montecelo langileak eraikitzen ari ziren etxean hil ziren, eta haiekin batera ziharduen Antonio Cuadrado oso larri zauritu zen. Bi langile zenduak seigarren solairutik behera erori ziren, igogailuaren zulotik barrena, behar bezala segurtatu gabe zeuden ohol batzuk zapaldu zituztenean. Osalan erakundearen txostenaren arabera, honako alderdi honengatik gertatu zen istripua: "Neurri indibidualak eta kolektiboak aplikatu gabe zeuden".
Eraikuntzako sektorean horrenbeste istripu gertatzeko, bi kausa nagusi daudela dirudi. Batetik, arrisku handiko lana da izatez; bestetik, berriz, laneko baldintzak ere besteetan baino prekarioagoak dira. Sektore horretan, bestalde, gainerakoetan baino askoz subkontratazio gehiago egiten da: inolako esperientziarik gabeko gazte ugari hasten da lanean sektore horretan, eta gero halakoxeak dira ondorioak. Adinaren kontua horrela dela frogatzeko, aski da Euskal Herrian eraikuntzaren sektorean hildako langileen zerrendari erreparatzea: gehienak gazteak dira, esperientzia gabeak eta kontratu prekariokoak. Horri guztiari lanegunen luzea erantsi behar zaio gainera. Zenbaitetan, 11 ordu baino gehiagoko lanegunak izaten dira eraikuntzan. Beste sektore batzuetan ere gertatzen da lanegun luzeen kontu hori, baina, faktore hori eta beste guztiak metatuta, eraikuntzaren sektoreko arriskua bista-bistakoa da.
Hori horrela da izan, eta, horregatik, egoera hain larria delako, argi gorri guztiak piztuta daude sektore horri dagokionez. Alde horretatik, Andoaingo istripua gertatu eta gero, Eusko Jaurlaritzak, esaterako, adierazi zuen eraikuntzaren sektoreko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresa guztiak txertatuko dituela Osalan erakundearen Arrisku Laboralak Prebenitzeko Planaren barruan. Orain arte, lantokian gertatzen ziren istripuen arabera (zenbat istripu) aplikatzen zen plan hori, baina aurrerantzean, enpresa guztiak ikuskatuko ditu, Jaurlaritzak eraikuntzarako plan berezi bat osatu baitu. Besteak beste, babes ekipo kolektibo eta indibidualak erdiesteko diru laguntzak emango ditu Jaurlaritzak eta tamaina handiagoko enpresen sorrera lagunduko du sektorean.
Azkarraga sailburuak adierazi zuenez, ongi egiaztatu omen dute ezen, prebentzioko planak aplikatzen direnean, erruz murrizten direla istripu laboralak. Baieztatu zuenaren arabera, plana aplikatu den enpresetan, %21 gutxitu omen dira istripuak oro har; laneko heriotzak, berriz, %60 beheratu omen dira. Sindikatuek, bestalde, ondoko hau jakinarazi diote administrazioari: "Ondo dago prebentzioko planez hitz egitea, baina plan horiek aplikatzea edo ezartzea da egin beharrekoa". Horrez gain, obren adjudikatzaile administrazioa bera denean ere prebentzio planak oso kontuan hartzeko eskatu diote.

ZIGOR EKONOMIKOAK ETA PROZEDURA PENALAK.

Joan den urtean, Bizkaiko Laneko Ikuskaritzak bi zigor ekonomiko ezarri zituen, Bizkaian gertatutako laneko bi heriotzetan segurtasuneko neurri zuzengarriak aplikatu gabe zeudelako. Langileetako bat, 21 urteko Gorka del Horno gaztea, La Naval enpresan gas garraioko itsasontzia eraikitzen ari zela zendu zen. Bestea, 31 urteko Jose Luis Fernandez Bolado langilea, «El Correo Español» egunkariaren errotatibako obretan ziharduela hil zen. Langile biek subkontrataturiko enpresentzat egiten zuten lan. Biak muntadurako lanetan ari zirela hil ziren: bata 8 metrotik jauzi zen; bestea, berriz, 10 metrotik. La Naval enpresari eta hark subkontratatu zuenari 12.020 euroko zigor bana ezarri diete. Errotatibak kontratatuak zituen hiru enpresei, berriz, Gizarte Segurantzako prestazioetan ezarri diete errekargua.
Gipuzkoako Fiskaltzak, bestalde, antzina ez dela eskatu dio Donostiako zaintzako epaitegiari jar dezala abian prozedura penala Hernaniko Atofina enpresaren kontra. Joan deneko 12 urte hauetan, enpresa horretako 27 langile hil dira minbizia dela kausa, eta prozedura penalaren bidez enpresan erabili produktu toxiko eta kantzerigenoek zer ikuskizun duten ikertu behar da. Fiskaltzaren ustez, litekeena da enpresak langileen eskubideen kontrako delituren bat egin izana

Akordioak akordio, mantendu egin behar da akusazio judiziala
Laneko heriotzen gaineko arras kasu gutxi heltzen da epaitegietara, eta are gutxiago mantentzen dira prozesua bukatu arte. Batetik, hala epaileek, nola fiskalek, orain arte bederen, ez dute izan errealitate horren kontzientzia handirik, eta, ondorioz, ez dituzte kasuak abian jarri izan, ofizio fiskalak agintzen dien legez. Orain arte, prozedura judizialari hasiera emateko, beharrezkoa izan da langilearen familiaren denuntzia, enpresako komitearena edota sindikatuena. Behin prozesuari hasiera emanda ere (eta gutxitan gertatu ohi da), kasuak ez dira bukaeraraino heltzen; maiz artxibatu egiten dira denuntziak eta diligentziak. Kontuak horrela, ez da harritzekoa istripu laboralei buruzko epai judizialak urri izatea.

Eta, hori zergatik? Arrazoi nagusia ez da froga eza. Izan, bada nahikoa froga laneko istripu larria edo heriotza gertatu deneko enpresaren kontrako akusazioari eusteko. Benetako arrazoia bat da funtsean: oro har, dirutan ixten dute tratua enpresak eta langilearen familiak. Akordiora heltzeko, enpresak denuntzia judiziala erretiratzeko eskatu ohi du, eta prozesu judiziala artxibatzeko. Era horretan, enpresak diru ordain bat pagatzen du, baina inork ez dio ezartzen zigor penalik edota paktatu baino diru gehiagoko zigorrik. Zenbait sindikatuk ere badu bere errua gorabehera horretan, zeren, maiz, enpresarekin tratua dirutan egiteko aholkua eman baitiote familiari. Horretarako arrazoia? Justizia motela omen da eta epaiak eta emaitzak ezin aurreikusi direnak.
Luze gabe-edo, badirudi onerako aldaketaren bat ezagutuko dugula gai horretan, zeren aurreko hilabeteetan izan baita ardurako bileraren bat Euskal Autonomia Erkidegoan. Hain zuzen ere, fiskaltzako hiru buruak, Laneko Ikuskaritzako ordezkariak, sindikatuetakoak eta Confebask erakundekoak elkartu dira. Bilkuran, fiskalek ondoko konpromiso hau hartu zuten: istripu laboralengatiko prozesuetan, nahiz eta enpresa eta langilearen familia akordioren batera heldu, mantendu egingo dute akusazio judiziala. Ikuskizun da konpromiso hori beti beteko duten, baina hala izan bedi. Alde horretatik, bilkurara agertu ziren sindikatuek dute berebiziko erantzukizuna, haiek arduratu behar baitute hitza kasu guztietan bete dadin. Azkenik, nahiko genuke Nafarroan nahiz Ipar Euskal Herrian fiskalek konpromiso bera hartzea eta aplikatzea. Ez litzateke kalterako izango


Azkenak
Iturengo arotza eta arte birziklatua

Ituren (Nafarroa), 1777. Erramun Joakin Sunbil (1755-1821) arotza Donamariako Joana Mari Ezpondarekin ezkondu zen. Ia 40 urte eman zituzten ezkonduta, Joana Mari 1806an hil zen arte. Eta tarte luze horretan, noizbait, Iturengo arotzak santu baten kobrezko estatua urtu omen zuen... [+]


2025-07-25 | Julen Orbea
Bilbon euskara jira ta Bira

Euskara badago Bilbon, baina non? Eta zertarako? Nork sortzen du euskarazko kultura, eta nork sostengatzen? Galdera horien aurrean, udalaren azken urteetako erabakiei begira, argiago ikusten da euskara eta kultura bizirik nahi ditugunontzat kezkagarriak diren erabakiak hartu... [+]


Honezkero, hemen dago beherakada

Antropologo eta ingeniaria den Yayo Herrerok dioen bezala, datu bat da. Horren jatorria ulertzeko erraza den baieztapen xume batean laburbil daiteke: Lurra agortzen ari da.

Gaia konplexua da. Ikuspegi asko daude, interesak gurutzatzen dira, informazioa desinformazioarekin... [+]


2025-07-25 | Ana Morales
Esan barik ez doalako

Sasijakintsua, jakineza eta franco txikia: horiexek dira aurrekoan Gotzon Lobera jaunak, Bilboko kale batzuen izenak aldatzeko ekimenaren kariaz, Deia egunkarian zuzendu dizkidan epitetoak. Ez du nire izena aipatu, egia, baina neu izan naizenez urte eta erdi luzeko borrokan... [+]


Gizon heterosexualak eta literatura feminista: hausnarketa bat

Hasieratik argi utzi nahiko nuke ez naizela inolaz ere feminismoan, sexu- eta genero-teorietan ezta LGTBIQ+ komunitatearekin lotutako gaietan aditua. Gizon txuri heterosexual bat naiz, ezkertiarra esan dezagun, bere burua feministatzat hartzen duena (edo feministen aliatua,... [+]


Auzolanean ikastola eraiki!

Goizaldeko lehenengo eguzki-izpiekin batera zabaldu ditu ateak Kirikiño Ikastolak. Zapatua da, auzolan eguna. Parte-hartze batzordeko arduradunak irrintzia egin eta lanera bideratu ditu bertaratu diren ehundik gora partaide: “Hemen erronkak denonak dira! Aurrera,... [+]


Amasa-Villabonako EH Bilduri erantzuna

Amasa-Villabonako EH Bilduk argitaratutako idatziaren harira, hainbat adierazpen egin nahiko genituzke. Lehenik eta behin, argi utzi nahi dugu larrialdi klimatikoari aurre egitearen urgentzia ukaezina dela, eta horregatik, krisi honekiko dugun kezkagatik beragatik jartzen dugula... [+]


Irunen eskuin muturreko “auzo patruilak” sortu dituztela salatu dute

Hainbat talde "neonazik" azkenaldian Irunen zabaltzen ari dituzten mezuak salatu dituzte asteazkenean Harrera Sareak eta hainbat kolektibok herrian. Eskuin muturreko "auzo patruilak" antolatzen ari direla salatu dute, eta hauek jendearen jatorriaren arabera... [+]


Udal legearen kontrako epai euskarafoboa
Euskararen aurkako erasoa salatu dute 200 alkate eta udal ordezkarik, eta hizkuntza bultzatzeko konpromisoa berretsi

Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, Espainiako Auzitegi Gorenak joan den astean ebatzitako sententzia salatzeko prentsaurreko bateratua egin dute Bilbon. Sententzia "euskal gizartearen eta euskal erakundeen borondate demokratikoaren aurkako eraso zuzena" dela... [+]


Alonsotegiko Udalari dirua itzultzeko eskatu dio Bizkaiko Aldundiak, iruzurra egin zenetik hamairu urtera

Egun EH Bilduren esku dagoen udalak ia milioi bat euro itzuli beharko lioke foru erakundeari, duela hamairu urte, EAJ agintean zenean, diru-laguntza bat ez zelako behar bezala erabili, baizik eta iruzurra egiteko, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi duenez. Eskaerak erabat... [+]


Ertzaintzaren 300 BMW ibilgailuen erosketan irregulartasun posibleak salatu zituen barne txosten batek

Eusko Jaurlaritzako Ogasuneko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak barne txosten bat egin zuen Ertzaintzak jaso dituen 300 BMWen esleipen kontratuaren hainbat baldintza kritikatzeko. Ezarritako baldintzak zehatzegiak eta murriztaileegiak zirela salatu du ogasunak, eta horrek enpresa... [+]


Txosnetako “beto politikoaren” aurkako GKSren kanpaldiaren kontra oldartu eta lau pertsona atxilotu ditu Poliziak Gasteizen

Bi aste barru hasiko diren hiriko jaietan txosna jartzen utzi ez dietela salatzeko kanpaldia egin nahi zuten Gasteizko GKSk eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Andre Maria Zuriaren plazan. 20:30ak aldera, ertzainak oldartu egin dira kanpaldian zeudenen aurka, eta bi... [+]


Lotsa sentitzen dut giza generoko kide izateagatik

Milaka pertsonak modu aktiboan parte hartu dute, eta hala jarraitzen dute, XXI. mendeko holokausto telebisatu handienaren aurka protestatzeko, eta pertsona horiei errespetu eta miresmen handiena zor diet. Baina, gizateriaren zoritxarrerako, askoz gehiago dira, egoerarekin... [+]


2025-07-24 | Nicolas Goñi
Europan, oraingo sinplifikazioaren izenean, biharko bizitzak kaltetuko dira

Jarduera ekonomikoak sinplifikatzeko eta lehiakortasuna indartzeko aitzakiarekin, Europa mailan baita Europar Batasuneko hainbat estatutan ere, klima, ingurunea eta giza osasuna kaltetuko dituzten legeak biderkatzen ari dira 2024tik, askotan interes pribatuen lobbyen eraginpean... [+]


Eguneraketa berriak daude