Arrain haztegiko hormak gainditu eta aske bizi nahi duen arrainari buruzko ipuina da liburua.
Zer dela-eta aukeratu dituzu izokinak?
Artikulu batean, Gaizka Arangurenek metafora polita erabili zuen gure politikagintza islatzeko: batetik, erreka askeetan korrontearen aurka, bizkor eta lerden igeri egiten duten izokinak aipatzen zituen; eta bestetik, arrain haztegiko amuarrainak. Azken hauek, noski, geldoak izan ohi dira, eta egunero ziurtatuta duten dosiagatik soilik arduratzen dira, nahiz dosi hori gero eta txikiagoa izan, jabeak erabakitakoa baita. Erreketan dabiltzanek, ordea, bizirik irauteko jakia bilatu eta harrapatu behar dela badakite. Egundoko aldea dago bi arrain mota hauen artean. Hortik abiatuta osatu dut narrazioa. Askatasunaren eta duintasunaren aldeko testua da.
Bigarren irakurketa duen idazlana dela esango zenuke?
Bai, noski. Norbaiti irakurri nion behin haurrentzako literatura ona bigarren irakurketarik gabekoa dela, haurrek irakurtze hutsarekin gozatzen dutena, besterik gabe. Baina ni ez nago erabat ados. Ariel Dorfman idazle txiletarrak, esaterako, haur literatura mundua aldatzeko tresna moduan ulertzen du. Iaz Txalapartak argitaratu zuen idazle horren «Untxi magikoen matxinada» eredu da niretzat haur literaturan. Haurrentzako ipuin ederra da, irakurterraza, baina era berean irakurketa sakona eta zorrotza ere badu. Antzeko zerbait egiten saiatu naiz. Gehiegizko didaktikotasunera jo dudala esan didate kritikaren batean, eta onartu egiten dut kritika, egia delako hein batean. Baina leku eta garai jakinetan erakuste soiletik harantzago jotzea ezinbestekoa dela pentsatzen dut.