Liburuak: 439 obra berrien bila


2002ko abenduaren 01an

Gabonetako opariak erosteko zerrenda hartuta etorri naiz Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokara, beste askok egiten duten bezala. Aurtengoa desberdina omen da, karpa azpian egiten den azkena, datorren urtetik aurrera azokak eraikin propioa izango baitu.
Etxetik zerrenda bakarra ekarri dut, opariena, baina, azokara sartu orduko karpa azpiko erakusmahaien kokapena jakiteko beste zerrenda bat eskuratu dut, Gerediaga elkarteak ipini duen informazio gunean. Kalebarria, Bekokalea, Goienkalea, Barrenkalea... nondik hasi nora jo, goizean goizetik ondo hasteko liburuetan barrena abiatu naiz.


ETXEKO TXIKIENAK

Nora jo ezin asmatu eta etxeko txikienen opariak bilatzen hastea erabaki dut. Artekaletik hasi dut bidaia. Bertan baitago Aizkorri argitaletxeko erakusmahaia. Juan Kruz Igerabideren "Jonas larri", Seve Callejaren "Txakur berde baten istorioa" eta Patxi Zubizarretaren "Gaspar eta zuhaitzak" aurkitu ditut bertan. Baina burua altxa dudanerako Desclée argitaletxeko berrienak ikusi ditut eta bertara noa.
Zeri heldu ez dakidala, Antton Kazabonen "Etxola txuriko izpiritua" liburua esku artean dudala aurkitu naiz. Burua pixka bat biratu eta hara non topatu ditudan "Ez gara berdinak", "Itsasoaren lezioa" eta "Nire urtebetetzea zuretzat opari" liburuak.


BAT TXAKURRA

Ibaizabaleko standean Bat txakurra ikusi dut ordea. Guido Van Genchten-ek Bat txakurrari buruzko lau liburu ekarri dizkigu aurtengoan. Bilduma hau egokia izan daiteke oso, lehengusu txikiarentzat. Eskutan hartzen duen guztia ahora eramateko sasoian dago baina, Bat txakurraren liburuak oihalez eginak daudenez, amatxok ez du liburuak puskatzeko beldurrik izango. Ez puskatzeko ezta tolestatzeko beldurrik ere. Liburuak esku artean hartu eta zimurtuz gero, kris-kras egiten baitute.
Anaia ordea ez dut oparirik gabe utzi nahi, eta Fernando Morilloren "Dorretxe zaharreko misterioa" erosiko diot aurtengoan.
Artekalen barrena hara non aurkitu dudan Ttarttaloren erakusmahaia. Bertan dauden liburuei erreparatu eta izeba etorri zait burura. Pare bat hilabete barru ama izango da eta "Lotarakoan jateko ipuinak" eta "Lotarakoan dastatzeko ipuinak" oparituko dizkiot. Gaur egungo guraso modernoek ez baitizkiete ipuinak kontatzen euren seme-alabei. Aurrera jarraitu eta Gaiak argitaletxearen erakusmahaia aurkitu dut. Liburu didaktiko mordoa ekarri dute aurtengoan ere. Irakurriz ikasi. "Gorputz Hezkuntza Lehen Hezkuntzan", "Industrializazioa Euskal Herrian", "Arkeologia eta mintzaira","Emakumeak XX. mendeko historian" moduko liburuak aurkitu ditut mahai gainean.
Liburuak erosi eta jende artean nolabait aurrera noala, Gabonetan gure etxera etortzekoak diren lehengusina bikietaz gogoratu naiz. Ereinen erakusmahaira joan eta bakoitzarentzat liburu bana aurkitu dut bertan: Pako Aristiren "Deborah, hondartza bakarti batean" eta Ixiar Rozasen "Yako eta haizea". Ondoren elkar truka ditzatela.


JOLAS ETA MULTIMEDIAK

Liburuak bakarrik ez, haurrentzako jolas mordoa dago aurtengoan azokan. Artekalen bertan Urtxintxa Aisialdi eskolaren standean "Euskal Jolasen bigarren bilduma" aurkitu dezakegu. Ikastolen Elkarteak ere material didaktiko mordoa plazaratu du; hala nola, orduak, hilabeteak nahiz giza gorputza ezagutzeko jokoak.
Multimediei dagokienez, Goiatz multimediak bideo zerrenda luze bat ekarri du azokara. Plisti eta Plastaren ipuinak biltzen dira bilduman, tartean aurki daitezkeenak: "Txotxongilo pirata eta Plisti eta Plastak jolasten dute", "Sagukumeak eta Plisti eta Plasta zirkotik etorri dira"...
Artekaleko osteratxoaren ondoren Kalebarrirantz abiatu naiz. Hara non ikusi dudan Elkar argitaletxearen standa. Jende andanaren atzetik han ikusi ditut Pello Añorgaren "Txinpartaren izakiak", Joxemari Iturralderen "Riskyren barrabaskeriak" eta Anjel Lertxundiren "Aizak eta aizan elkarrekin dantzan" liburuak.
Nire aurrean dagoen gizon burusoilak Anjel Lertxundiren liburua ireki du, eta bertan Antton Olariagaren marrazkiak ikusi ditut. Elkarren standa jendez gainezka dago, Iñaki Mendiguren baitago aztiz mozorrotuta "Harry Potter eta suzko kaliza" liburua sinatzen. Bat hartuko dut sinadura eta guzti niretzat. Alboan, Alberdaniako mahaian Mariasun Landaren "Krokodiloa ohe azpian" eta Andolin Eguzkitzak itzulitako "Batzarra Telgten" liburuak ikusi ditut.


HELDUAGOENTZAKO OPARIAK

Familiako txiki eta ez hain txikienekin zorrak kitatu ondoren, aukeraketa konplexuago bati ekin behar diot orain. Zerrenda eskuetan hartu eta non nabilen ere ez dakidala, nobedadez beterik ikusten ditut erakusmahaiak.
Alberdania argitaletxean, Iban Zalduaren "Obabatiko tranbia" topatu dut. Eta Bassaraik Miren Agur Meaberen "El codigo de la piel" dakarkigu aurtengoan.
Elkarreko standaren aurrean ikusi dut nire burua ostera. Begiak noraezean ditut hainbeste berrikuntzen aurrean; Koldo Izagirreren "Idi Orgaren Karranka" eta "Metxa esaten dioten agirretar baten ibili herrenak", Gotzon Garateren "Zakurra zeure laguna", Joan Mari Irigoienen "Ipuin batean bezala" eta Jon Arretxeren "Ekialdeko mamua" lanak ikusi ditut bertan.
Ezkerretara begira ipini eta Pirinioak bildumako seigarren alea ikusi diot besapean nire ondoan dagoen gizonari. Aitari erosi beharko diot liburua, azken aldian zeharo mendi zaletuta baitabil. Ana Urkizaren "Bazterreko ahotsa" poesia liburua erosi du nire aurrean dagoen andreak, amarentzat beste bat eskatu diot saltzaileari.
Kalebarrian, Gatuzainen standaren aurrean zirrikitu bat aurkitu dut eta Robert Larrandaburuk idatzitako "Xiberoa, mendia eta Kultura" liburua dago erakusgai. Pasilloan aurrera Hiru argitaletxeak Harkaitz Canoren "Enseres de Ortopedia inútil" liburua plazaratu du. Maiatz argitaletxea dut parez pare, eta bertan Itxaro Bordaren lan bat topatu dut, "Hautsak errautsa bezain".


XX. MENDEKO POESIA KAIERAK

Kalebarrian aurrera Susa argitaletxearen erakusmahaia aurkitu dut. Aurten ere nobedade oparoa ekarri dute azokara. Xabier Mendiguren Elizegik "16 ipuin amodiozko" liburua kaleratu du. Duela hamasei urte argitaratu zuen "Sei ipuin amodiozko" liburuan biltzen ziren sei ipuinak eta beste hamar berri biltzen dira liburu honetan.
Poesia atalean hiru lan aipagarri aurtengoan: Igor Estankonaren "Tundra", Mikel Ibargurenen "Deserriko karrikak" eta Koldo Izagirreren "XX. mendeko Poesia Kaierak". XX. Mendeko poesiaren antologia egin du Koldo Izagirrek. Antologia osoa lau argitaralditan banatu da eta esku artean dudana da azkenekoa. Tartean Jon Mirande, Mikel Lasa, Joan Mari Irigoien, Rafa Egiguren, Tere Irastortza, Joseba Sarrionandia, Jon Arano, Juan Kruz Igerabide, Luigi Anselmi, Karlos Linazasoro eta Juanjo Olasagarreren poesiak bildu ditu Koldo Izagirrek.
Liburuak ondo miatu eta jende artean aurrera egin ahala Txalaparta argitaletxeko erakusmahaira iritsi naiz. Paddy Rekalderen "Rebel Mayo Colorao", Gari Berasaluzeren "Tulipa Gorriak", Aritz Usandizagaren "Bob Marley", Irati Jimenezen "Malcom X", Xabier Gantzarainen "Van Gogh", Floren Aoizen "La vieja herida" eta marihuana gustukoa dutela publikoki adierazi duten zenbait euskal idazlek osatu duten "Marihuanazko bufandak" liburuak aurkitu ditut.
Literotura bildumaren baitan, 14 urte bete berri dituen ahizpak, Gabonetako oparitarako eskatu didan Juan Karlos Merinoren "Kondoi urrunak" liburua ere motxilan sartu dut.
Kalebarritik berriro Artekalera. Ibaizabalen standera iritsi eta nire aurrean dagoen bikotea elkarri zirriak egiten ari dela aprobetxatuz, Juan Garziak euskarara itzuli duen "Hamlet" antzerki lana hartu dut esku artean. Interesgarria dirudi. Kalandraka argitaletxean dagoen lasaitasuna ikusita bertara hurbildu naiz. Zer aurkituko eta "100 menus de temporada de Karlos Arguiñano", hau ere zorrora. Mutil lagunak etxe berria erosi du eta sukalde kontuan duen maisutasuna ikusita ez zaio gaizki etorriko.
Ttarttalo argitaletxeko erakusmahaia alboan, Toti Martinez de Lezearen azken lana topatu dut, "Los hijos de Ogaiz". Zubia argitaletxearen mahai izkinan, Igor Elortzaren "Kontuak kantu" liburua eta idazlea topatu ditut. Liburua sinadura eta guzti zoratzen hartuko du nire lagunak.


BESTELAKOAK

Literaturaz gain, bestelako material asko aurki dezakegu Artekale eta Goienkale artean. Elkarte, erakunde, unibertsitate, egunkari nahiz aldizkarien standak aurkitu ditzakegu. Tartean ARGIAren Badakit mahai jolasa, «Entzun!» aldizkariaren 28. ale berria...
Hainbeste liburu eta letra artean gustura nabil, baina zoratuta bukatu aurretik, musika hotsetan murgiltzera noa

Bideo eta jolasak
Gaztetxoenentzat liburu eta diskoez gain, jolas eta multimedia aukera handia izango da aurtengoan.
Urtxintxa Aisialdi eskolak Euskal Jolasen Bigarren bilduma ekarriko du azokara. Goiatz multimediak ordea, Plisti Plasta bildumaren barruan bideo sorta ederra; «Sagukumea eta Plisti Plasta zirkotik etorri dira»...


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude