HORNITZAILEAK KEZKATUTA AUTOMOBILEN KRISIAGATIK


2002ko azaroaren 17an
Euskal Herriko automobilgintzako enpresa hornitzaileak pieza garrantzitsua dira Euskal Herriko ekonomian, eta kezkatzen hasiak dira industria horrek daraman norabidearekin, salmentak nabarmen jaitsi baitira (%10 baino gehiago aurten bertan), eta haren perspektibak ez baitira batere esperantzagarriak. Euskal Herrian, dagoeneko ari gara zuzenean nozitzen krisi horren ondorioak, Nafarroako Volkswagen multinazional alemanaren kasuarekin (ikus urriaren 20ko ARGIA). Multinazional horren kasua, ordea, ez da bakarra. Italian, Fiat etxeak ere iragarri zuen 8.000 langile kaleratuko zituela, eta beste automobil marka batzuk ere bide horretatik joango dira.

Autoen merkatuak goia jo omen du. 1993ko azken krisiaren ondoren, orduan Espainiako Estatuan salmentak 744.851 unitatera erori baitziren, sektoreak etengabeko espantsio fasea izan du hamar urtean, baina amaitu da. Horrela, aurtengo abuztua arte akumulatutako salmentak %8,8 beheratu dira batez beste, eta 1999koen azpitik gelditu dira. 2001. urtean Espainiako Estatu osoan guztira 1,4 milioi auto saldu baziren, aurten 1,3 milioi baizik ez dira espero. Eta, hori gutxi ez dela, ziurtatzen dute 2003. urtea ez dela askoz hobea izango. Beherakadek Espainiako estatuan fabrikatzen diren marka guztiei erasaten diete: Renault, Citroen, Peugeot, Opel, Seat eta Ford.

EUSKAL HERRIKO AUTOMOBILEN INDUSTRIA LAGUNTZAILEA.

Automobilen industriaren egoera horren negatiboa bada, logikaz, ondorio negatiboak izango ditu, epe laburrera edo, sektore horretako enpresa hornitzaile edo laguntzaileetan. Enpresa horiek garrantzi eta presentzia handiko sektorea osatzen dute Euskal Herrian, eta hamarka mila familia bizi dira hartatik. Horrela ondorioztatzen da "Euskadiko Ekonomia. 2001eko Txostena" dokumentuak automobilgintzaren sektorearen gainean emandako datuetatik. Euskadiko Kutxak egina da, eta oraindik orain eman da argitara.
Euskal Autonomia Erkidegoan, automobilgintzako industria hornitzailea ez da gelditu automobilgintzako sektore laguntzailea azken urteotan markatu duten aldaketetatik albo batera. Hain zuzen ere, globalizazioaren ondorioz, nabarmentzekoa da gero eta kontzentrazio, erosketa eta aliantza gehiago ari direla gertatzen, azken urteotan, nazioarteko ekonomian oro har eta sektore industrialetan bereziki, eta automobilgintzaren sektorea ez dela itzuri prozesu horretatik. Hori dela eta, enpresa hornitzaileak taldeetan biltzen ari dira; batetik, bezeroen eskakizunak bete ahal izateko, eta, bestetik, fabrikatzaile bat baino gehiago aldi berean zerbitzatu ahal izateko eta, horrela, arriskua dibertsifikatzeko. Horren guztiaren gibelondoa da orain topatzen dugun enpresa unibertsoa, gero eta dimentsio handiagoa duena eta maila guztietan aktore-kopurua murrizteko joera orokorra erakusten duena.
Euskal Herriko automobilgintzako hornitzaileen sektoreak, 2001. urtean, 270 enpresa biltzen zituen guztira, 6.820 milioi euroko fakturazio totala iritsi zuen, eta 42.224 pertsonari ematen zien enplegua. Fakturazioaren datua aurreko urtekoarekin konparatzen badugu, ikusiko dugu %6tik beherako hazkundea izan duela (%5,7 ingurukoa). 1999tik 2000ra, berriz, eboluzioa kopuru hori baino goraxeagokoa izan zen (%6,3koa). Fakturazioaren hazkundearen moteltze hori errepikatu egin da azken hiru urteetan. Enpleguaz den bezainbatean, Euskal Herriko automobilgintzaren sektorea errekuperatu egin da iazko datu beren aldera (42.224 enplegu 2001ean, 41.027 enplegu 2000n). Errekuperazio hori, oso-osorik, etxeko enpresa taldeek lortu dute, zeren multinazionalek, arlo horretan, beherakada arin bat izan baitute.
Sektore horretako enpresen tamainari dagokionez, handitzeko joera nabari da Euskal Herrian. 2001. urtean, 3 enpresa hornitzailetatik batek 100 langile baino gehiago zituen. 500 langiletik gorako enpresen taldearen partizipazioa handitu egin da: 1994an %2,7 izatetik 2001ean %5 izatera. Horren antzeko egoera gertatzen da 101etik 250era langileko enpresetan, tamainaz handitzeko zantzuak ikusten baitzaizkie. Alderantzizko egoera gertatzen da enpresa txikienetan, 50 langiletik beherakoetan. Nahiko beherakada nabarmena jasan dute kontuan hartutako denbora bitartean: 1994an Euskal Herriko automobilgintzako enpresa hornitzaileen erdia baino gehiago izatetik (%53,3), 2001ean herena baino gehixeago izatera (%36).

ESPORTATZEKO GAITASUNA.

Sektore honek esportatzeko gaitasun nabaria du, produkzioaren %63 esportatzen baitu. Gainerakoa Espainiako Estatura (%26,5) eta Euskal Autonomia Erkidego bertara (%10,5) destinatzen du. 2001ean, sektore honen esportazioak, guztira, 4.162 milioi eurora iritsi ziren, eta, horietatik, 2.115 milioi (%51) etxeko enpresei zegozkien. Euskal Herriko automobilgintzako salmenten esportazioen destinoetatik, Europa da nabarmenena (%57,5) gainerako merkatu internazionalen aldera (%5,5). Gaur-gaurkoz, Europa, Asiako eta Amerikako herrialde emergenteekin batera, potentzial handieneko merkatua bihurtu da, kontuan harturik Euskal Autonomia Erkidegoan azken urteotan garatu den eskala globaleko hornikuntzaren berrantolamendua. Bezeroen ezaugarriei dagokienez, fabrikatzaileek merkatu segmentu interes- garria izaten jarraituko dute, baina gero eta garrantzi gutxiago izango dute, azken urte hauetan martxan jartzen ari diren politiken kausaz, zeren konponenteak erosteko boterea lehen mailako hornitzaile handietarantz lekualdatzen ari baitira.

KONTZESIONARIOAK ERREKONBERTSIOAN.

Automobilen kontzesionarioak ere egoera berri bat jasaten ari dira, batzuek errekonbertsiotzat jotzen dutena. 2003ko urtarrilaren 1etik aurrera, erregelamendu berri bat sartuko da indarrean. Hala eta guztiz ere, fabrikatzaileek jakinarazpenak bidali dituzte, kontratuak urtebete barru deuseztatzeko. Lehiakide berriei sarrera mugatzea da helburua. Oraingo araudiarekin, kontzesionarioek limitazio asko dituzte, ezin baitira hazi beren lurraldetik kanpo, non eta markak ez duen zilegitzen, eta oso helburu zorrotzak bete behar baitituzte salmentetan. Erregelamendu berriarekin, kontzesionarioek askatasun handiagoa izango dute, baina babesgabeago egongo dira talde handien aurrean. Era horretara, ahalmen finantzario txikia daukaten kontzesionario txikiak galtzaile aterako dira

Beherakada progresiboa autoen salmentetan
Euskal Herrian eta Espainiako Estatuko gainerakoan plantak dauzkaten automobilgintzako multinazionalen zuzendaritzetan, dagoeneko jo dute alarmek, beren autoen salmentak beheraka doazela ikusita, eta krisiaren kontrako estrategia berriak planifikatzen ari dira. Kasu batzuetan, jakina eta bistakoa denez, hala nola Nafarroako Volkswagenen eta Italiako Fiaten kasuetan, estrategia horien lehen urratsa lanpostuak desegitea da (500 enplegu finko Nafarroako plantan eta 8.000 baino gehiago Italiakoan). Espainiako Estatu osoan autoen salmentek izandako beherakadaz ematen ditugun ondoko datu hauek enpresek berek edo haien errepresentazioko elkarteek emandakoak dira, baina ezin dugu baliatu datu horiek baieztatuko, zehaztuko edo gezurtatuko dituen beste iturririk.


RENAULT: Europan ekaina bitartean akumulatutako auto salmentak 847.366 unitatera heldu ziren, %0,1eko beherakadarekin. Bi hilabete geroago, abuztua arte, haren salmentak %12 erori ziren Espainiako Estatuan, 110.648 unitatera heldu baitziren. Enpresa frantses horrek 5.020,4 milioi euro fakturatu zituen 2001ean, eta 37,6 milioi euroko galerak izan zituen.
CITROEN: Europan ekaina bitartean akumulatutako auto salmentak 464.594 unitatera heldu ziren, %0,2ko beherakadarekin. Bi hilabete geroago, abuztua arte, haren salmentak %6,9 erori ziren Espainiako Estatuan, 105.130 unitate produzitu baitzituen. Enpresa frantses horrek 4.462 milioi euro fakturatu zituen 2001ean, eta 84,2 milioi euroko mozkinak izan zituen.
PEUGEOT: Europan ekaina bitartean akumulatutako auto salmentak 692.742 unitatera heldu ziren, %3,8ko gorakadarekin. Espainiako Estatuan abuztua bitartean akumulatutako auto salmentak, ordea, %6,2 erori ziren, 102.812 unitatera heldu baitziren. Enpresa horrek 2.176,9 milioi euro fakturatu zituen 2001ean, eta 37,7 milioi euroko mozkinak izan zituen.
OPEL: Europan ekaina bitartean akumulatutako auto salmentak 723.835 unitatera heldu ziren, %15,6ko beherakadarekin. Espainiako Estatuan abuztua bitartean akumulatutako auto salmentak %14,5 erori ziren, 101.764 unitatera heldu baitziren. Enpresa horrek 5.179,5 milioi euro fakturatu zituen 2001ean, eta 80,6 milioi euroko galerak izan zituen.
SEAT: Europan ekaina bitartean akumulatutako auto salmentak %12,6 jaitsi ziren, 198.162 unitatera heldu baitziren. Espainiako Estatuan abuztua bitartean akumulatutako auto salmentak %15 erori ziren, 99.510 unitatera heldu baitziren. Enpresa horrek 5.963,4 milioi euro fakturatu zituen 2001ean, eta 233 milioi euroko mozkinak izan zituen.
FORD: Europan ekaina bitartean akumulatutako auto salmentak %3,7 erori ziren, 704.098 unitatera heldu baitziren. Espainiako Estatuan abuztua bitartean akumulatutako auto salmentak %2,4 igo ziren, 89.227 unitaterekin. Enpresa horrek 4.287 milioi euro fakturatu zituen 2001ean, eta 13,5 milioi euroko galerak izan zituen


Eguneraketa berriak daude