SANZEN HIZKUNTZ LABORATEGIA
Nafarroako Auzitegi Gorenak forma kontuengatik bota zuen atzera Nafarroako Gobernuak administrazioan euskara arautzeko atera zuen dekretua. Miguel Sanz lehendakariak erraz gainditu du lehen traba, Euskararen Kontseilua bere nahietara moldatu eta kito. Forma kontuan lehenengoan atzera bota izanak, edukietan ere atzera botatzeko arrazoi gehiago dagoela uste du askok. Edukiei heldu gabe forma kontuak aipatzea, ordea, ez da seinale ona beste askorentzat. UPN laborategiko sagutxo gisa erabiltzen ari da dekretu hau eta jarritako froga guztiak pasatzea lortzen badu, ondoren etor daitekeen gurutzadak txiki utz dezake orain arteko
EUSKALDUNTZE ALFABETATZEA
ASPALDITIK ez ziren onak euskalduntze-alfabetatzearen munduko matrikulazio datuak. Matrikulazio kopuruaren beherakada gertatzen ari zela ezaguna zen, nahiz eta bakoitzak bere kopuruak gordetzen zituen. Orain jakin dugunez, euskaltegiek ia 13.000 pertsona galdu dituzte azken zazpi urteetan, eta beherakadarik handienak Nafarroan eta EAEn eman dira. Sektorean zein euskal gizartean hausnarketa sakona merezi duten datuak dira. Azken hilabeteotan, halaber, euskararen erabilerari buruzko hausnarketa ere irekita dago, nagusiki SEI elkarteak euskararen erabilerari buruz egindako kale neurketaren ondoren.
TORTURA SALAKETAK
KALE istiluei lotuta Uribe Kostan Ertzaintzak egindako atxiloketen ondotik etorri dira Ertzaintzaren aurkako tortura salaketak. Atxilotuek jasandako kolpe eta umilazioak zehaztasunez kontatu dituzte. Josu Jon Imazen ahotik, Jaurlaritzak salaketak gezurtatu ditu, Ertzaintzak atxilotuen eskubideak begirune osoz zaintzen dituela azpimarratuz. Kontua da, ez direla bakarrik atxilotuen salaketak, mundu mailako erakunde desberdinek salatu izan dute Ertzaintzan ere ematen direla tratu txarrak. Hauetako azken salaketa Eric Sottas OMCT Torturaren Aurkako Mundu Erakundeko zuzendariak egin berri dio ‘Avui’ egunkariari.
DEZENTRALIZAZIOA FRANTZIAN
AZAROAREN 16an Bordelen elkartuko dira Akitania erregioko hautetsi eta eragileak, egun Frantzian gertatzen ari den dezentralizazio prozesuari buruz aritzeko. Gainerako erregioetan ere berdintsu egiten ari da eta Jean Pierre Raffarin Gobernuko lehen ministroari igorriko zaizkio agertzen diren proposamen, zalantza eta hausnarketak. Dezentralizazio proiektua aurrera eramateko Frantziako Gobernuak prestatu duen lege proiektuan tokian tokiko erreferendumak egiteko aukerari bideak zabaltzen zaizkio eta horrek une batez haize berri bat eman dio euskal departamenduaren aukerari. Raffarinek, aldiz, adierazi du jada bera euskal departamendua sortzearen aurkakoa dela. Orain, erreferenduma egiteko aukera nola arautzen eta baldintzatzen den ikusi beharko da.
AURREKONTUEN ZAILTASUNAK
AURREIKUSIA zegoen legez, Jaurlaritzaren aurtengo aurrekontuek iazkoen antzeko bidea egiteko aukera guztia dute, orain artekoak ezagututa behintzat. Edukiak garrantzitsuak izaten dira aurrekontu batzuetan, baina baita testuinguru politikoa ere. Aurrekontu hauek Ibarretxe lehendakariaren proposamenaren eztabaidaren erdigunean datoz. PPk eta PSE-EEk iragarri dute jada hirukoan aldaketarik egon ezean, aurrekontuak atzera botako dituztela. Batasunak ere iragarri du, gauzak orain dauden bezala egonda, aurten ez dela abstenituko.
PP-REN AGINDU BAT BETE GABE
RUTH Alonso epailearen eta Ramon Gil Ostoagaren baldintzapeko askatasunaren auziak ekarri duten zalaparta ez da txantxetakoa izan. Tartean atera da, halaber, Gobernuak Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentral bat eratzeko duen asmoa. Ika-mika guztien erdian, Madrilgo prentsan norbaitzuek gogoratu dute PPk oraindik baduela betetzeke duen hauteskundeetako agindu bat: ETAko presoek beren zigorra osorik bete dezaten beharrezko lege aldaketak egitea.
SAREAN DABILEN ARGAZKIA
BEHEAN ikusten duzun argazkiak frankismoan euskarak jasandako zapalketari egiten dio erreferentzia. Sarean zehar dabilen argazkia da.