Internetek aukera handiak ematen dizkie enpresei, eta negozio etekintsuak egiteko tresna da. Laburbilduz, horixe izan daiteke E-Bussines Global Conference Kongresuko mezu nagusia. Esan bezala, bilkura hori egunotan egin dute Bilbon, aditu ospetsuak bertaratu dira azalpenak ematera (nazioartean izen handia duten batzuk, besteak beste), eta enpresetako nahiz instituzioetako ordezkari ugarik hartu du parte. Kongresu horren antolaketan, SPRI Industri Sustapen eta Birmoldaketarako Sozietateak eta SEDISI Informazioaren Teknologiako Enpresen Elkarteak hartu dute esku, eta, oroz gainetik, Internetek negozioak sortzeko eta negozioetan konkurritzeko ematen dituen aukerak erakustea eta bide horiek sustatzea izan dute xede.
Kongresu hori zeinen garrantzizkoa izan den frogatzeko, aski da ondoko bi aditu hauen izena ematea: Jonas Ridderstrale (aholkularia, irakaslea, enpresen aholkularia, "Funky Bussiness: Talent makes capital dance" liburuaren egilea eta negozioetako guru europarretako bat) eta Janine Warne (aholkularia Miamin eta Mexikon eta katedratikoa). Lehenak hitzaldiaren hasiera-hasieran bota zuen bere mezu nagusia.Bere ustez, enpresek ezinbestekoa dute negozioak Interneten bidez egitea, baldin atzean eta merkatutik kanpo gelditu nahi ez badute. Adituaren aburuz, Interneten eragina benetakoa eta saihestezina da, eta ezin da merkatuan konkurritu tresna hori gabe, zeren gauzak ez dira galgatuko jendeak ulertzeko beta izan dezan edo mementoko argazki bat har dezan. Riddersträle-k mundua hiru indar boteretsuk inguratzen dutela aitortu zuen: talentuak, prestakuntzak eta loturak. Adierazi zuenez, «aurrera egiteko enpresek beharrezkoa dute talentua kontrolatzen ikastea eta bezero berriak sortzea. Enpresak konturatu dira honezkero etorkizuna ez dutela beraien aurrean, barnean baizik».
Janine Warner andreak, berriz, bere iritziz gaurko enpresak aldatzeko balio duten estrategia inteligenteak eta berritzaileak azaldu zituen. Gaiaren barruan, enpresan edo negozioan Internet behar bezala erabiltzeko bost modu eman zituen jakitera.
Segurtasuna funtsezkoa da merkataritza elektronikoan. Alde horretatik, Carmen Carnero andrea, Servired/Sermerpa, Visa España, eta Semp enpresa-taldeko zuzendariorde nagusia -esperientzia handiko enpresaburua-, Interneteko banku-txartelaren bidezko transakzioen segurtasuneko alderdi nagusiez mintzatu zen, zein konfidentzialtasuna, integritatea eta autentifikazioa baitira. Azalpenaren barruan, Espainiako Estatuko gaur egungo segurtasun-sistemak aipatu zituen. Eta, gai beraren harira, dela Espainiako Estatuan, dela Europan, dela mundu osoan, Visa eta Mastercard banku-txartelekin merkataritzan bermez pagatu ahal izateko, zer araudi dagoen indarrean eman zuen jakitera. Cornella jaunak, Factory, S.L. (Infonomia.com) enpresaren sortzailea, lehendakaria eta kontseilari ordezkaria denak, "Enpresa sarean" gaia jorratu zuen: Internetek enpresan zer-nolako inpaktua duen aztertu zuen. Eragin horri esker jada modu batera edo bestera sareari etekina ateratzen dioten erakundeen adibideak jarri zituen: ba omen dira merkatu-testak on-line egiten dituztenak, baita hornitzaileak sarean koordinatzen dituztenak eta konkurrentzia sistematikoki on-line obserbatzen dutenak ere. Javier Sainz, Iber2net enpresako zuzendaria eta Agromareko lehendakaria, edukiei buruz aritu zen, hain zuzen ere, bezero-hornitzaileen harremana edukien bizi-ziklo osoan gestionatzea posible egiten duten edukiak gestionatzeko sareko sistemez. Zioenez, sistema horiek edukiak sortzeko, publikatzeko eta eguneratzeko tresnak ematen dituzte, hainbat eratako jasotzaileei bidaltzeko modua optimizatzen dute eta posible egiten dute edukien erabilera, onarpena eta efikazia aztertzea.
BBK-ko Gorka Otxandio koordinatzaileak, berriz, Interneten bidezko ordainketekin edo mikroordainketekin zerikusia duten arazoez eta irtenbideez jardun zuen. Egungo egunean zer aterabide dauden azaltzeaz gainera, epe motzera nahiz ertainera gauzak nondik jo dezaketen argitzen ere saiatu zen. Arlo horretan, garrantzi berezia eman zien PKI teknologiei, hau da, ziurtagiri digitalen azpiegiturei. Pedro Diaz jauna, Telefónica Publicidad e Información enpresako teknologia berrietako gerentea denak, TPI-Páginas Amarillas saileko bere esperientzian hartu zuen oin, enpresa tradizionalek Internet finkoa eta mobila ekonomian leku ona hartzeko nola aprobetxa ditzaketen azaltzeko.
DIRUA EMATEN DUTE INFORMAZIOAREN TEKNOLOGIEK.
Diru handia ematen dute informazioaren teknologiek. Espainiako estatuko 2001eko datu ofizialak argitaratu gabe daudenez, 2000. urteko balantzea aurkeztu zuen SEDISIk kongresuan (jakina, sektore horretako euskal enpresen datuak ere Espainiako estatuko balantze nagusi horren barruan daude). Duela bi urte, 87.945 lagun enplegatzen ziren sektorean, eta 15.427 milioi euro fakturatu zituzten guztira. Ehunekotan adierazita, 1999an baino %18,2 gehiago. Urte horretakoa beste errekor bat izan zen, eta apalxeago izan arren, 2001ean ere zenbatekoak gora egin zuen susmoa dago. Datu horien garrantzia ebaluatze aldera, esan dezagun fakturazioko zifra horiek Espainiako Estatuko Barne Produktu Gordinaren %2,25 egiten dutela. Bestalde, eta zifra absolutuetan, totalaren %42,7ra murriztu zen Hardwarearen merkatuko pisu erlatiboa. Softwarearen merkatua, berriz, %17,2 hazi zen 1999. urtean, baina moteldu egin da harrezkero.
Merkatua geografikoki aztertuz gero, ikusten da Kanarietakoak ez beste autonomia erkidego guztiek 2 digituko igoerarekin itxi zutela urtea, eta Murtziak eta Andaluziak izan zutela hazkunde handiena. Sektoreka begiratuta, finantzetakoan erosketen bolumena nabarmentzen da: erosketa zuzenen %33,2ra heltzen da. Kanpoko merkataritzan ere urte ona gertatu zitzaion sektoreari. Zifra handitan adierazita, %18,6 igo ziren esportazioak, eta 1.769 milioi eurokoa izan zen totala. Inportazioak, berriz, 5.009,7 milioi eurotan gelditu ziren. Urtearen amaieran, beraz, 3.240 milioi euroko defizita atera zitzaien balantze komertzialean