Goiti ibili omen dira Donostian barrena oinez askatasuna galdez. Hori zioten aldeko hedabideek behintzat, euskal abertzaletasunak itota erbesteratutakoak berrehun milatan zenbatzen dituzten berberek. Bada, ez ziren guztiak Donostiara bildu sobra ere. Eta balizko erbesteratuez gain, bertakoak eta beren bizkartzainak zenbatuz gero, huts egin dutenen kopuruak gora. Ez zaizkiela denak etorri alegia. Ez da broma. Bata ala bestea. Edo alde egindakoen zenbakia puztu egin dute, ala ibilaldiarena. Edo biak prezio berean. Aitortu behar dut oso txarra naizela ehun bat jende gorako bilkuretan kopuruak zenbatzen. Eta eskarmentuz diot, ehundik gorako horrelako gertakizunetan parte hartua bainaiz. Eta tabernarik ezean, nekez asmatu izan dut xifrarik. Hori bai, ogitartekoetan eta edaritan eman izan dut nire konfiantza osoa, haiek zenbatzetik ondorioztatu izan duguna. Eta Donostiako ibilaldiaren antolatzaileek txosnarik jarri ez zutenez, nekez sinets dezaket haiek eman beren aldeko oinezkoen zenbatekorik, bestalde hauek kontatzen saiatutako lagunek hamalau milatan xifratu dutena. Beharrik ez zituztela tartekoentzat, larogeita sei mila horientzat ogitartekoak erosi eta banatu behar izan, Kanaaneko eztaiena gaindituz, sobrantearekin Guinnessean baikenituzke betirako