Aragoiko erresuma zaharrean konfederazio haize mehe bat

Espainiako trantsizioa burutu zen urteetan iritsi zen Paisos Catalans edo Herri Katalanen kontzeptua gure arteraino. Balear uharteak, Valentzia, Katalunia eta Ipar Kataluniak osatutako lur eremuaz ari da kontzeptu hori. Baina urteen poderioz, erakunde politiko oso gutxik, zenbait komunikabidek («El Temps» astekaria, Vilaweb eguneroko digitala eta besteren bat) eta katalanista erradikalenek bakarrik erabilia izateraino makurtu zen hori bere sorterrian ere. Hizkuntza bera duten lurraldeen kulturazko batasunaren erreferentzia bederen ez da galdu

Baina izen horren azpian dagoen gune geopolitikoak bazuen eta badu funtsa, eta horra non azaldu den orain beste formulazio batean. Antzinako Aragoiko Koroa izenarekin bildu dira lan-partzuergo bat osatzeko lau parlamentu: Kalatunia, Baleareak, Valentzia eta Aragoikoak. 2000ko uztailaren 12an sortu zuten ofizialki Zaragozako Alfajeria jauregian burutu zuten bilkuran, eta urteroko protokolozko batzarraz gain lehen emaitzak eskaintzen ere hasi da.


ESKUALDE EKONOMIKO BIZIA.

«Aproximació a l’anàlisi de les relacions econ-miques entre Aragó, Illes Balears, Catalunya i Comunitat Valenciana: àmbit de l’antiga Corona d’Aragó» (AMCA) du izena ikerketak eta lau erkidego horietako aurrezki kutxa nagusien artean burutu dute. Kataluniako La Caixa eta Caixa Catalunya; Valentziako C.E. del Mediterrani; Aragoiko Ibercaja eta Baleareetako Sa Nostra izan dira lan honetarako beren ikerketa zerbitzuak eskaini dituztenak. Azken honetako, Sa Nostra Fundazioko, Miquel Alenyàk koordinatu du lan guztia, eta lehen ikerketa honek Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Josep Oliver katedradunaren bermea darama.

Erkidego horiek guztiek Mediterraneoko Arkua deitzen den Europako eskualdeak ere biltzen ditu, baina Alenyàren ustez, Antzinako Aragoiko Erresuma da markroeskualde horren hezurdura.
Lehen ikerketa honetan ondasunen salerosketak aztertu dituzte, eta hurrengo baterako utzi dituzte zerbitzuak edo fiskalitatean sakontzea. Aztertu dutenaren arabera, lau erkidego horien artean eskualde ekonomiko oso nabarmena osatzen omen dute: elkarren dependentzia handia dute eta Espainiako beste herrialdeekin alderatuz oso jokabide berezia dute ekonomiaren alorrean.
12.642.000 biztanle zituzten 2001ean lauen artean, Espainiako populazioaren %30a. Proportzioan Espainiak baino biztanleria aktibo ugariagoa daukate, Estatuko errentaren herena baino gehiago ekoizten dute eta hemen sortzen da Espainiako merkataritzaren %50a. Estatua bere osotasunean hartuta baino esportatzaileagoa da AMCa, funtzio nagusi bat jokatzen du Espainiako eskualdeen arteko komertzioan eta aldi berean lau erkidego hauek beren artean oso lotura sendoa daukate.
Antzinako Aragoiko Erresumak turismoan dauka benetan indar handia: Espainiak urtero biltzen duen turismoaren erdia eskualde honetara dator, eta honen barruan Katalunia eta Baleareek eskuratzen dute zati nagusia.

Ikertzaileen aburuz, fenomeno honen sustraiak hutsik ekonomikoak dira. Alenyàk adierazi duenez «ez politikatik, enpresen mundu pribatutik bultzatu den errealitate batez ari gara. Agente ekonomikoek negozioa egiten dute, erosi eta saldu, interesatzen zaielako, egon daitezkeen gorabehera politikoetatik at».
Espainiako Estatuak ez ditu bere azpiegiturak horri begira antolatu, jakina denez. Errepideen kartari begiratu besterik ez dago: erdia Madrilen duen gurpila baten erradioen gisa diseinatu zuten estrategek Espainiako bide sarea. Eta hala ere, bi mila urtean josi den harreman sareak bere dinamikarekin jarraitu duela dirudi eskualde honetan. Baleareetako Kutxaren Fundazioaren burua den Alenyàren hitzetan, «Antzinako Aragoiko Koroa errealitate bat da izaki ekonomiko gisa. Eta hori hala da agintariek honela edo hala erabaki izanik ere. Ekonomiak errealitate hau inposatu du komenentzia eta oporotunitateagatik».



ZUZENBIDE ZIBILA ERE BAI.

XIII. mendetik XV. mende bukaera arte erresuma burujabea izan zen Aragoikoa, urte horretan Errege Katoliko deituek batu baitzituzten Aragoi eta Gaztela. Nafarroako azken zatiari independentzia kendu zioten berek. Hala ere, Antzinako Aragoiko Erresumako herrialdeek beren lege propioak (foruak) XVIII. mendea arte atxikiko zituzten: okerreko erregegaiaren aldeko apostua egin eta Borboi edo errege berriak foruak kendu zizkien.
Zuzenbide zibilaren zati handi bat mantendu zuten ordea, eta horren inguruko ikerketak burutzen ari dira Valentzia, Baleareak, Aragoi eta Kataluniako Parlamentuen artean osatutako elkartean. Eta ekonomia eta kultura alorreko proiektu gehiago ba omen dute esku artean.
Ikerketa pare batek ez du mundua aldatuko, pentsa daiteke, baina hori bera jadanik gehiegitxo ere gertatu da zenbait agintarirentzako. Aipatu dugun lan honen aurkezpenean ez zen azaldu Valentziako Gorteetako lehendakaria, eta erkidego honetako kutxetako batek bakarrik hartu du parte ikerketan bezala finantzazioan. PPko buruzagiak kontent ez diren seinale.

ARAGOIKO ERRESUMA KONFEDERALA.

Ez dirudi CiUko buruak izango direnik Espainiaren batasuna arriskuan ipiniko dutenak. Are gutxiago Baleareetako edo Aragoiko sozialistak. Baina bilkura parlamentario hauetan zabaldu den usain berria ez zaie sobera komenigarri iruditu -antza- Valentzia kontrolatzen duten PPko buruzagiei.

Aragoiko Erresuma zaharra gogoratzen hasita, sistema hark zituen ezaugarrietako bi entzuten hasi baitira behin eta berriro. Eivissan 2001eko maiatzean burutu zuten ekitaldi publikoan Joan Rigol Kataluniako Parlamentuko lehendakariak atera zituen mahaira. Hizkuntzen arteko tolerantzia eta berdintasuna, batetik. «Aragoiko erregeak, Kataluniako Gorteetan katalanez mintzo ziren, Aragoikoetan gazteleraz, eta denentzako zenean latinez. Barkatuko dizuet latinez ez jakitea», bota zuen irribarrez Rigolek.
Eta beste kontzeptua, are arantzatsuagoa da: Konfederazioa. Aragoiko Erresuma zaharraren izaera konfederala aipatu zuen Baleareetako Parlamentuko lehendakari Maximilià Moralesek: «Konfederazio sistema hark elkar ulertu eta politika egiteko bertute asko eta oso onak izan zituen, eta ezin ditugu bazterrera utzi».

Ipar Katalunia eta Andorra alde batera uzten dituen asmo batek ez ditu asko motibatuko Paisos Catalans slogan bat baino zerbait gehiago dela sinesten duten independentzizaleak. Baina konfe-deraziozko planteamenduak egiteagatik urruneko beste paraje batean Ibarretxe bat gurutziltzatu nahi duten garaiotan, Espainia zentralista zaharraren lozorroa pittin bat astintzeko adina gerta liteke

http://www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko lotura gehiago aurkituko duzu.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude