IPULARREKO MAALTZA

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Hauetako aspaldiko batean ene idizaletasunaren amorrazioaren berri emana dizut, irakurle, zikiratuak larrean zelatatzeko plazerraren alde otadia luberritzearenaz aritu nintzen hartan, bai. Ur jario etengabeak askan jotzen duenaren doinua ikuilu atarian entzutea atsegin izango dutelakoan, nerabetan ezagututako iturria bere oneratu asmoz gurdi bidearen zauri zaharra argitara atera dugu sasitzarrean, erdiz erdi. Sasia txaratzen ari denaren seinale, hor topatu ditugu gurdi gurpilen artean errotuta, tarteka arra beteko diametroa baino handiagoa ere baduten sahats, haritz, sasi-arkazi, gorosti... eta baita maaltza eder bat ere.

Maaltza, atxerea edo udare makatza urte sasoi honetan ontzen ari diren udare, makatz edo txermen eder eta galanten arbaso basatia da. Mentatzezale bakan batzuez gain inor gutxik ezagutzen du. Oraintxe da fruituñoz mukuru. Mikatz askoak. Arantza zorrotzegien artean zail. Bikainak.

Sasia idi larrearen ipularrea izan izango da, bai. Bere altzoan sorpresarik gordetzen ez duenik ezin esan ordea...


Azkenak
Eguneraketa berriak daude