Irail Beltza talde palestinarraren zergatiak


2002ko irailaren 15an
Israelek eta Jordaniako monarkia hatxemitak, elkar harturik, 1970eko irailean palestinarrek Jordanian zeukaten erresistentzia guztia suntsitu zutenean, gehienez ere gupida erakutsi zuen Mendebaldeak -Mendebaldeko zenbaitek- Palestinako herriak orduan izan zituen hildako, espetxeratutako eta erbestera bidalitakoen aurrean. Bestelakorik gertatu zen, ordea, 1972an, Irail Beltza talde armatu palestinarrak Municheko Olinpiar Jokoetan aurrera eramaniko ekintzarekin. Eta gai horri eskaini zizkion ZERUKO ARGIAk bere 498. zenbakiko editoriala, Mikel Ugalderen lana (ikus Hemeroteka) eta «Munich-ko gertaera» zeritzon Gurutz Ansolaren gogoeta.


EZINEZKOA ISILIK EGOTEA

«Ez da erraza nazioarteko beste gertaera batez idaztea -zioen azken honek-, hemezortzi hilen gorputzak oraindik ehortzeke daudelarik. Ez da, haatik, are errazago Munich-en gertatu den hilketaz zerbait zuzenik idaztea. Halere isilik egotea ezinezkoa delarik, zilegi bekit zenbait gogoeta, gertaera triste honetaz, hemen azaltzea».
Gurutz Ansolaren iritziz, harritzekoa zen gertatua, hain zuzen ere, harrigarria ez zelako gertakizuna. Eta paradoja hori azaltzeko, Irail Beltzak ekintza bere gain hartzeko barreiatu zuen mezuaz baliatzen zen: «Olinpiadako joku-zelaian han altxatzen da, munduko erresuma gehienekin batera, Israel erresumaren ikurrina. Ikurrin hau laidogarri da Palestinako arabe abertzaleentzat. Mundu guziaren aurrean, mundu guziko begien aurrean, han agertuko ziren israeldar atletak, behar bada han agertuko zen ‘ikurrin madarikatua’, izanik behar ez lukeen Estatu gorrotatuaren ikurrina, munduko beste Estadu ofizialen ikurrinekin batera eta parean. Agian, erresuma horren Eresia bera ere altxatuko zen Munich-ko joku-zelaian, eta haren doñua entzutean ez Munich-en bakarrik, baizik baita munduko bazter guzietan ere halako errespeto batez entzun egingo zen Israel-Estaduaren sinboloa eta, bidenabar, erresuma honi eman egingo zitzaion munduaren omena eta errespetoa. Garaipen hori, Israel-entzat, kirol garaipena ez ezik, politikazko garaipen eta irabazpen baliotsua ere izango zen».
Eta Irail Beltzak «laido hori eta bidegabekeria hori ez zezakeen inolaz ere jasan». Zergatik? Hona hemen Gurutz Ansolak palestinar taldearen aldarrikapenetik ondorioztatu zituen arrazoiak: «Olinpiadako ‘pake giro eta anaitasunez-ko festan’, Palestina-ko askatasun gerratea ahantz arazi nahi dute; Munich-en israeldarrak sariz ornitzen diren bizkitartean, han daude presondegietan zokoratuak eta atormentatuak ‘Irail Beltz’eko anaiak eta gudariak. Laido hori eraman eta jasan ezinezkoa zelako, eman dute - ‘Irail Beltz’aren ageriak dioenez- Munich-ko kolpea. Areago, Israel-en Munich-ko agerpena, laido eta bidegabekeria munduko herri guzientzat omen da. Izan ere, ‘Israel-Estadua USAren zerbitzari eta inperialismoaren morroi eraile baino’ ez omen da, eta hau -Israel-Estaduaren izatea, alegia-, ez omen dute inolaz ere ametituko ez jasango, munduko herri pakezaleek. Olinpiadako ‘pake giro anaitasunezkoak’ hain zuzen, lozorroan ezarri nahi ukan ditu munduko pakezale egiazkoak eta inperialismoaren joku maltzur hori deuseztatzeko, ‘Irail Beltz’ indar taldeak eman egin behar izan du, Munich-en eman duen Kolpe ikaragarria».


EZUSTEKO GUTXI

Horraino, apika laburturik, Palestinako talde armatuak plazaratu zuen bere gain hartzearen mamia. Eta zer zioen Gurutz Ansolak hartaz? Bada, hauxe: «Egia esan, ez gara batere sutan jarri ageri hau irakurtzean. Ez dakit, izan ere, tutik balio ote duen gaurregun haserretzeak eta sutan jartzeak. Ez zaigu harrigarri gertatu, palestinar abertzaleek Munich-en egin dutena. Kontuan eduki behar da, gaurregun palestinar abertzaleek gudua Israeli ‘kanpotik’ bakarrik egin diezaioketela. Jordaniak eta Egiptok beren lurretatik aienatu dituenez gero, Sirian eta Libanon bildu dira palestinar abertzaleok. Erresuma lagun hauetan bide dauzkate beren baseak. Baina, base horietatik ezin dute gudurik Israel barrena eraman. Ezinbestean, beraz, ‘izuketa bidea’ hartu dute gudu-molde soiltzat Palestina Askatuaren gudariak.
‘Desesperados’ batzuen jokabidea omen da ‘Irail Beltz’aren bortxabide hau. Gezurra badirudi ere, guretzat bakarrik, hots -kanpotik begiratzen diegunentzat-, agertzen zaizkigu ‘gogogaldu’ bait lira. Hau da, kanpotik begiratuz, indarrak objetiboki neurtuz, argi eta garbi ageri da palestinar abertzaleen ahuleria eta bakardadea. Horrela, egoera honetan bortxabidea edo izuketa bidea aukeratzea galbidea iruditzen zaigu eta palestinar arabe herriarentzat eta honen askatasunarentzat».
Nolanahi ere, txanpon orok dauzka bi aurpegi, eta egia borobil gehientsuenak ere bai, sarri. Eta horixe nabarmendu nahi zuen Gurutz Ansolak: «Baina, ez dugu beste aldea ahantzi behar. Palestinar gudariok (...) ez dira Palestina Askatuaren alde ari soilik. Ez. Israel-en aurka ari dira eta, honen bitartez, USA- Inperialismoaren aurka munduko parte honetan, hots, Mediterraneoko bazter horretan. Ideolojia honek, alde subjetibo honek, kentzen die ‘Irail Beltz’ekoei nahiz beste munduko ‘izuketalari’ guziei ‘desesperados’ batzuen kontzientzia. Gaurregungo kondizioetan, abertzale horien bortxazko gudaketa, lehen mailan, inperialismoaren aurkako borroka unibertsala bilakatzen da, eta bigarren mailan, luzarora eta borroka partikular bezala gelditzen da abertzaletasun eta askatasun borroka eta gudua»

«Ni ez naiz gerraren zale...»
Munich, hilketak, jendearen haserrea, Xenpelarren bertsoa. (...) Munichen hildakoak errurik gabeak omen, eta kulparik gabekoen odolak sumindu eta nahigabetu gaitu. (...) Egunero, Vietnamen bere bizia galdu duten horiek errudunak ote? Eta horren kontura harmagintzan aberasten direnak? Demokraziaren izenean egin ohi diren bidegabekeriak? Palestinoak beren lurraldetik at bizi beharra? Egunero ordu luzetan lantegietan, inbersiorik ez egiteagatik kondizio txarretan lanean ari diren langileak, emeki-emeki bizia galtzen diharduten langileek, herri zapaldutako aberkideak errudunak ote? Errurik gabe espetxean aurkitzen diren horietaz nor oroitzen da? (...)

Fruituetatik arbola
Munichen dauzka munduak begiak. An daude lurralde bakoitzeko kirolaririk onenak. (...) Baina Municheko Olinpiada odolez gorritua izan da. Begiak itxiarazi, kopeta zimur arazi eta bihotza nahigabe arazi du Munichek oraingoan. Zerbait iluna eta garratza gertatu da Olinpiada eta munduarentzat. Emezortzi eriotzen lotsa jasan dugu. A! O! U! Ez dago eskubiderik! Ez du izenik! Onelako denak garbitu eta kito! Arabe maltzur eta zerri oiek! Alemaniako polizia asto eta tonto ori! Onelatsuko lantuak entzun ditugu aste ontan. Eta ez da berriketa! Emezortzi eriotza, etxekoak sartu gabe! (...) Baina Municheko gertaerak beste galdera bat egin arazi behar liguke. Inork gutxik egiten duen galdera: zergatik? (...) Indarkeria, indarkeriatik dator. Sagarra, sagarretik bezala eta mahatsa, mahatsetik bezala. «Fruituetatik ezagutuko duzue arbola» Indarkeriazko fruituak ugaltzen ari badira, indarkeriazko arbola indartsu eta ugari dagoela esan nahi du. Galda dezagun, galda. Zergatik iltzen dira orrenbeste goseak? Ez al dira iltzen batzuk ondasunak gordetzen dituztelako? Zergatik irauten du gerrak, an eta emen, hainbeste jende garbituz? Zergatik orrenbeste diktadura bazterretan? Zergatik hainbeste agintari, agintea indarrez lapurtuak? Zergatik hainbeste gizon baztertu, isil arazi eta giltzaperatu? Zergatik hainbeste desberdintasun eta bidegabekeria? Zergatik hainbeste erri txiki zapaldurik? (...) (1972-IX-17)

Nere bordatxotik
Gezurraren indarrak kalte aundiak egin ditzake. Gizonak duen onena ta txarrena mingaña dala, idatzi zuen Anacarsis'ek. Ingles esaera zar batek dionez, emakumeen ezpata mingaña da, ta egundo etzaie erdoitzen. Bertso-saillik izan ote da iñoiz «Markesaren Alabari» Iturrinok moldatutakoa baiño ezagunagorik? Aiek ikasi bear etzituen euskaldunik etzan orain irurogei urte. Ikasi ta kantatu, noiznai ta nunai. Gaur berriro modan daudela esan bear. (...) Erdel itzez josiak zeudela, esaten genduen gure gazte denboran. Ezin uka bear baiño gehiago dutela ortatik, baiña garaian garaiko frutuak izaten dira. Au eztegu aaztu bear. Ta… galderatxo bat: Gaur aiña erdel itz egundo ikusi al da euskal idazkietan (eskritoetan)? (...) (1972-IX-17)


Azkenak
2024-04-30 | ARGIA
Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

34.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

Israelek 40 eguneko su-etena eta preso trukea eskaini dio Gazari, baina akordioa lortu edo ez Rafah inbadituko dutela adierazi du Netanyahu lehen ministroak. AEBk eta Erresuma Batuak Hamas presionatzen ari dira Israelen eskaintza onar dezan. Astelehenean 47 palestinar hil zituen... [+]


2024-04-30 | ARGIA
Hil egin da Artzentalesen zauritu zen basogintzako langilea

Langilea larri zauritu zen apirilaren 24an, eta astelehenean, hilak 29, hil da. 22 urte zituen eta sektorean bi hilabete soilik zeramatzan lanean. 2024 urtean hildako 22. langilea da.


2024-04-30 | ARGIA
Eneko Bidegainen 'Bichta éder' eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria

Karmele Jaioren Maitasun kapitala-rekin lehiatu da finalean. 2023ko “libururik gogokoen” izendatu dute Bidegainen “bihurgune askotako” thriller politikoa 111 Akademia osatzen duten literaturazaleek.


Eguneraketa berriak daude