Carlos Juarez Euskal Herriko Egile Berrien elkarteko zuzendariak honakoa zioen «Zabalik»en dokumentalaren egoeraren inguruan:
«Hastapenetan gaude oraindik. Zinez, ez dut uste maila on batean gaudenik. Badaude gure gainetik dauden beste erkidego batzuk Estatuan; hots, lan gehiago burutu dutenak arlo honetan. Nik uste dut dokumentala albo batera utzita egon dela urteetan zehar eta orain gutxi hasi dela berriro ere protagonismoa bereganatzen. Honek denbora gehiago daramatenekin lehiatu beharra dakar. Adibidez, Europan oso tradizio handia dago, eta gu orain ezagutzen ari garen dokumentalak eurek urteak daramatzate behin eta berriz ikusten. Katalunia edota Madrilen bertan baino tradizio handiagoa dago. Esparru honetan hankamotz gabiltza. (...)
Askotan zera gertatzen da, ekoiztetxe batek dokumental bat egitea momentu jakin batean eta, hortik aurrera, gehiago ez egitea sekula. Dokumentalak egitea oso zaila da, denbora eta finantziazio handia eskatzen baitu, eta honekin lortzen diren irabaziak oso urriak izan ohi dira. Nik adibide bat daukat: ‘Documentos TV’ saioak milioi eta erdi edo bi milioi ordain dezake dokumental bakoitzeko, kopuru hori lotsagarria da; egitea kostatu zaizun denboraz gain, kostuak askoz handiagoak izaten baitira».