«PPkoek euskara ikastea da lortu behar dena»

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Zure jatorria nahiko berezia da. Aita zaragozarra eta ama usurbildarra dituzu. Batetik bestera pasatu duzu bizitza osoa...

Gurasoak Zaragozan bizi ziren. Gu 8 anai-arreba gara, eta haietatik udan jaiotakoak Usurbilen jaio ginen, 4 alegia. Neguan jaiotako 3 Zaragozan, eta beste bat Donostian. Ama donostiarra baikenuen. Aita nafarra zen, baina bere ama aragoitarra zuen. Alde guztietan daukat familia, beraz.
San Cristobalen armarria oso berezia da: armarrietako lema edo hitzak normalean latinez edo gazteleraz idatzita egoten dira. Gure armarria euskarazkoa da: "Garean gareana legez" dio.

Zaragozan bizitza erdia pasata, nola gorde duzu euskara?
Nik neronek ere ez dut ulertzen. Gure gurasoak erdaldunak ziren, eta anai arrebetan euskaraz dakien bakarra neroni naiz. Ikastola bat bixitatu ere egin gabe gainera! Uda Usurbilen pasatzen genuen, eta Usurbilgo kalean ikasi nuen euskara, jendearekin. Hori da benetako eskola.

Zaragozan zeundela nola eusten zenion euskarari?
Zaragozan ere euskaldun jendea bildu egiten ginen taberna batean kontu-kontari aritzeko, kantatzeko...
Euskal asteak antolatzen genituen 60ko hamarkadan. Zaragozako unibertsitatean 1.500 euskal ikasle baitzeuden. Bereziki medikuntza eta albaitaritza ikastera joaten ziren. Xabier Leteren kantaldia, kooperatibei buruzko hitzaldiak, denetik izaten zen.
Zaragozako unibertsitatean Espainia osoko lehen euskara klaseak sortu nituen 1956an. 30en bat ikaslek ematen zuen izena.
Zaragozako toponimia ere aztertu genuen, euskararen aztarnak bilatzeko. Aragoien euskaraz normal normal hitz egiten baitzen garai batean. Toponimian, laneko tresnerian eta etxeko kontuetan oraindik geratzen da euskararen arrastorik, baina ezer gutxi. Aragoien bertako hizkuntza ere badago, baina egun 10.000 pertsonak besterik ez daki aragoiera hitz egiten.

Gerra garaiak non harrapatu zintuen?
Lehen hiru-lau hilabeteak Usurbilen pasatu genituen. Lau urte izango nituen orduan. Bizpairu gauza gogoratzen ditut ordutik. Batik bat, iskanbila asko zegoela etxe batetik bestera. Usurbilgo jendeak asko babestu gintuen. Gerra Zibila Gerra Zibila da, baina gure familia beti zaindu zuten. Izan ere, nire aita militarra zen eta ez ziren garai ederrak. Usurbilgo komiteak goardia bat jarri zuen gure etxean, gure familia defendatzeko. Hori hil arte zor izango diogu Usurbilgo herriari.

«Markesenekoak» omen zarete...
Bai, gure amona Muruako markesa zen. Gure lehengusuak gordetzen du titulu hori. Aitaren aldetik, berriz, bi titulu ditut: Islako kontea eta Riscako kontea.

Orduko Usurbilen jendeak ez zuen eskola handiegirik. Zuen etxean idatzizko kultura gehiago zegoen?
Bai. Liburutegi bat ere bagenuen. Ez zen liburutegi onegia, zaharregia baitzen nire gusturako. Zaragozako etxean modernoagoa genuen, ikasketak laguntzeko. Bereziki historia liburuak izaten genituen etxean, aita oso historia zalea zen eta. Beharbada etxeko eragin horregatik izan dut betidanik hizkuntzak ikasteko gogo hori. Fakultatera ikastera joan nintzenerako, oinarri bat baneukan, beste ikaskide askori ikusten ez niona.

Garai hartan markesak eta baserritarrak ezberdin bizi al zineten?
Ez, hori 1820an galdu zen, konstituzioarekin. Jauregiko jauntxoen kontuak bukatu ziren. Ez geneukan pribilegiorik, zorionez. Nik ez dut feudalismoko kontu hori bizirik ezagutu.
Gure herriak berdintasunaren bidean sartu ziren. Zer dira gaur egun titulu horiek? Erlikiak. Etxe hau gotikoa da, koadro hau inpresionista da... Balio historiko bat ematen zaie, baina rolak ezabatuta daude.

Gerra ostean nola moldatu zineten euskararen alde egiteko?
Espainia oso atzeratuta zegoen garai hartan. Gerra desastre ikaragarria izan baitzen. Txikituta zeuden trenak, zubiak eta herriak. Baita jendea ere. Senideak hilak, alde eginak edo kartzelan...
Baina 1955ean gauzak zerbait aldatu ziren, diktaduratik "diktablanda"ra pasatu ginen. Zerbait errazago egin zitezkeen gauzak. Euskaltzaindia isilpean zegoen, baina pixkanaka mugitzen hasi ginen. Ekonomia ere pixka bat suspertu zen, eta jateko zerbait iristen zitzaigun sikiera. Orduan ezagutu nuen Koldo Mitxelena, 1952 inguruan, kartzelatik atera berri. Gipuzkoako Aldundiko liburutegian geratzen ginen elkarrekin hitz egiteko, edo bilerak egiteko. Euskarazko lehen hitzaldiak antolatu genituen, Julio de Urkijo seminarioarekin. Jende oso ezberdinak ematen zituen hitzaldiak, berdin tabernari batek edo toreroak... Bakoitzak bere euskara erabiltzen zuen, eta kito. Garrantzitsuena euskaraz hitz egitea zen. Nire euskara ere ez da oso ona, baina esan nahi dudana esateko moldatzen naiz. Konplexu denak alde batera utzita, hizkuntzak erabiltzeko dira.

Gasteizen arte garaikidea erakusteko museo berria duzue. Zu hasi zinen orain urte asko museo horren beharra aldarrikatzen...
Ni 1965ean etorri nintzen Gasteizera, kultur zuzendari oposizioa aterata. Arabako Foru Erkidegoko lehendakari zen Cayetano Ezkerrak pentsatu zuen museo garaikide bat sortzea. Eta ni laguntzaile ibili nintzen. Daliri bidalitako gutun bat gordetzen dugu ordudanik, museoa egiteko ideiaren berri emanez. Gero ez aurrera ez atzera geratu zen proiektua urte luzez, eta azkenean, legegintzaldi honetan egin da.
Oso museo garrantzitsua da eta badu bere berezitasuna. Gehienetan horrelako museoak arte lan bildumarik gabe sortzen dira, eraikin hutsak egiten da. Baina guk proiektuarekin batera hasi genuen arte lanen bilduma, eta gaur egun 1.600 obra ditu. Oso garai eta estilo ezberdinetako artisten lanak ditugu bilduta, Picasso, Miro, Txillida...

Nola ikusten duzu euskara?
Sekula baino hobeto. Baina badu arriskurik. Nire ustez, eta Euskaltzaindiak ere berdin pentsatzen du, herrikoitu egin behar dugu hizkuntza. Oraindik oso eskolakoa dugu, oso ikasitakoa. Moldekoegia, alegia. Erabili egin behar da, beste jario bat, beste grazia bat lortzeko.
Askotan euskaldun zaharrek ez dituzte Euskal Telebistako programak ulertzen. Zapping egiten dute eta beste kate batera doaz, gaztelera hobeto ulertzen dutelako bere hizkuntza baino. Hori nolabait konpondu egin behar da.

Kanpoko hizkuntzen hainbesteko eraginekin eta gero eta sen gutxiagorekin, etorkizunean hitz egingo den euskara, euskara izango al da?
Hizkuntzak biziak dira, 1500. urteko euskara ez zen gaurkoa. Hizkuntza aldatzen joaten da, baita gaztelania eta frantzesaren kasuan ere. Aldatzen ez diren hizkuntza bakarrak hildakoak dira. Latina bezala. Horregatik erabiltzen dute zientzialariek latina eta antzineko grekera. Oso zehatzak direlako, aldatzen ez direlako. Hitz bakoitzak beti du esanahi bera. Baina nahiago dut aldatzen den hizkuntza, beti berdin mantentzen den hilotza baino.

Ikastolatik kalera aldatzen da euskararen egoera...
Bai, eskolako arazoa badirudi gaindituta dagoela. Gaur ume gehienek dakite euskaraz hitz egiten, baina erabilera da kontua. Usurbilen, gu ume ginela, goardia zibilen seme alabek ere euskara ikasten zuten. Nola? Beste umeekin jolasean ari zirela. Hizkuntzak ez baitira mitoak, loturak eta elkar ulertzeko tresnak baizik. Gaur egun lotura horiek huts egiten dute.

Hizkuntzak ez du, beraz, zer ikusirik ideologiekin?
Normalean ez. Baina une zehatzetan lotu egiten dira. Hori gainditu egin behar du euskarak. Frantzesa frantzesen hizkuntza den bezala, izan behar du euskarak gurea. Denon hizkuntza. Lortu behar dena da PPkoek euskara ikastea. Euskara ezin da zati batentzat bakarrik izan, nahiz eta zati hori oso handia izan. Herri osora zabaldu behar da.

Nola ikusten du markesenekoak Trebiñoko konterriaren kontua?
Nik aspalditik ezagutzen dut Trebiñoko kontea. Bere familia gurearen oso laguna zen. Ni arabar ere sentitzen naiz, amona (amaren ama) arabarra baitzen. Eta diputatu naizen aldetik Trebiño Araba izatea nahi dut. Alderdi guztietako diputatu denek nahi dute hori, batere zalantzarik gabe. Gainera, Trebiñokoek lana eta erosketak Gasteizen egiten dituzte. Oso gutxi dira egunero egunero lurra lantzen Trebiñon geratzen direnak. Historia eta tradizioak gordetzea ondo dago, baina administrazioak gauzak aldatu behar ditu normaltasuna lortzeko.
Trebiñoko konteak ez du kontu horietan sartu nahi. Arazoa Burgoskoekin dugu, gaur egun Trebiño beraiena baita, eta ez daude uzteko prest. Guk ez dugu Trebiño aldarrikatzen poltsikoa aberasteko, ez dugu uste bertan petrolio putzurik dagoenik. Baina Trebiño gure zilborrean bertan dago! Eta bertako biztanleentzat egoki edo lojikoagoa da. Ez dut inor ezagutzen Araban horren aurka dagoenik.

Usurbili buruzko tesian lanbide mistoak deskribatu zenituen. Zer dira lanbide mistoak?
Lehengo mendean Usurbilgo nekazariak fabrikara joaten ziren lanera eta soldata lortzera, baina ondoren baserrira itzultzen ziren. Eta udan, berriz, txalupa bat hartuta anguletara aterako ziren. Lanbide mistoaren kontu hori oso garrantzitsua da, beste mentalitate bat ematen baitzien orduko langileei. Baserriko mutil bat ez da behin ere proletarioa izango. Bere ohiturak eta mundu ikuskera berezia dituelako. Ezin du ohitura horietatik bizi eta soldata fabrikan irabazi beharra dauka, baina oinarriari eusten dio.
Egun ez da horrela, jende gehiena hirian jaio baita. Hiri denak dira zentzu horretan berdinak, ez da herri txikiek duten nortasun hori hartzen. Gaur egun esplikatu egin behar zaie umeei arraultzak oiloek nola jartzen dituzten, bestela ez dute bizitza osoan ezagutuko.

Nolakoa da Arabako nekazarien egoera?
Araban 15.000 nekazari egongo dira, gero eta gutxiago. Zorionez, Errioxa salbuespena da. Ardoak gauzak asko hobetu ditu, diru asko ematen baitu. Mahatsa bildu eta bestelako lan gogorrenak egiteko, portugaldarrak eta errumaniarrak ekartzen dituzte, eta etxekoak dira lanak zuzentzen dituztenak.
Baina salbuespen pozgarri hori ezik, Arabako nekazarien egoera oso larria da. Inork ez du baserrian geratu nahi, eta gazteak hirira inguratzen dira. Egungo makinei esker, hamar baserritarren lana bakarrak egiten du, eta hobeto gainera. Kolektibo hori pobretu egin da, jende gutxiago baitago

- Jaio: Usurbilen, 1932. urtean.
- Arabako Foru Aldundiko kultur diputatu: Zaragozan kultur zuzendaria izan zen 1987-1993 artean. Arabako kultur diputatu independentea (PP alderdia ordezkatuz) da 1999tik.
- Euskaltzain urgazlea 1976tik.
- Ikasketak: Filosofia eta letratan lizentziatua. Mariland eskolan aritu zen, Espainiako hizkuntza eta kultura ikasten, 1958tik 1964 bitartean. Alemaniara ere joan zen ikastera.
- Tesia: Usurbilgo geografia eta historiari buruz egin zuen eta «Usurbil, un municipio del extrarradio de San Sebastian» izenarekin argitaratu zen.
- Irakasle: Zaragozako unibertsitatean Geografia klaseak eman zituen 3 urtez.

Hainbeste urte Zaragozan pasata, bi aukera izan ditut hona etortzeko. Lehena izan zen oposaketak gaindituta kultur zuzendari etortzea, eta bestea jubilatu ondoren hona itzultzea, diputatu. Eta bietan hona etortzeko aukera egin nuen. Seme alabak Zaragozan bizi dira, etxea han dut, baina hemen nago. Euskararekiko debozioa dut. Txikitatik ikusi bainuen euskaldunak ulertzeko euskara ikasi beharra zegoela.

Doinua: Agur sagar beltzaran
Tituluz konde eta
ezizenaz markes,
euskararen maitale
zeure borondatez.
Egindako bideaz
harro egon zaitez,
noiznahi, nonahi "garean
gareana legez",
garbi utzi dezagun
garean edo ez.


Azkenak
Urruñako sukalde zentrala prest da herriko haur eta adinekoei tokiko elikadura prestatzeko

Herriko Etxeak elikadura burujabetzaren aldeko urrats handia egingo du 380 metro koadroko azpiegitura berriarekin. Sukaldeak haur eta adinekoentzako janari osasungarria eskainiko du, tokiko produktuekin eta tokiko laborantza indartuko du.


Mapamundiak Afrikaren benetako tamaina islatu dezala aldarrikatu du kontinenteak

“Mapak ez dira erreminta hutsa, sinboloak dira, eta mapa zuzentzea Afrikari buruzko narratiba globala zuzentzea ere bada; duintasun kontua da”. Afrikako Batasunak eskatu du munduan oraindik erabilienetakoa den mapa distortsionatua alboratzeko.


Euskal Selekzioak jokatuko du munduko Wallball txapelketan

Wallball txapelketa abuztuaren 27tik 30era jokatuko dute. Euskal Herritik aparte Argentina, Belgika, Erresuma Batua, Valentzia, Herbehereak eta Puerto Rico herrialdeek hartuko dute parte.


Oposizioari aurrea hartuz, Bayrou konfiantza mozio batera aurkeztuko da irailaren 8an

"Gehiengoa lortzen badugu, gobernua berretsiko dute; bestela, erori egingo da", adierazi du Frantziako lehen ministroak. LFI Frantzia Intsumisoak, Frantziako Alderdi Komunistak, ekologistek, Alderdi Sozialistak eta RN Batasun Nazionalak, ordea, dagoeneko jakinarazi dute... [+]


Wagner birformulatua

Fitxa: Musika Hamabostaldia. Kursaal Zikloa. Espainiako Orkestra Nazionala.
Zuzendaria: David Afkham.
Egitaraua: Wagnerren ‘Der Ring ohne Worte’ (Lorin Maazelen moldaketa). Lekua: Kursaal Auditorioa.
Data: abuztuaren 22a.

---------------------------

Oraingo... [+]


Israelek Gazako Nasser ospitaleari eraso egin dio, eta gutxienez 20 pertsona hil ditu, tartean bost kazetari

Gazako osasun zentro nagusia bonbardatu du Israelek. Hildakoen artean bost kazetari daude, Reuters, AP, Al Jazeera eta NBCkoak. 


BEC ondoko ‘minipisuak’: 1.000 euro hilean eta 24 metro koadro, iruzurrean oinarrituta eta legearen gainetik

639 'minipisu' ari dira eraikitzen Barakaldon, BEC erakustazokaren aldamenean. Udal ordenantzak aginduta, hotel erabilera eman behar zaio espazio horri, baina "alokairu malgua" dela dio Be Casa-k. Egun batzuetako alokairuetatik hasi eta "hilabete batzuetarako... [+]


Festetako egitarauaren argazkia matxista dela salatu du Cascanteko emakumeen elkarteak

Candela emakumeen elkarteak eta PSNk eskatu dute argazkia kentzea eta udalak argitaratutako materialetan kontrol handiagoa egotea, ez egoteko estereotipo sexistarik.


Paul Laverty gidoilari britainiarra atxilotu dute Edinburgon, Gazako genozidioaren aurkako kamiseta eramateagatik

Poliziak Palestine Action ekintzaileen taldea babestea leporatzen dio, Erresuma Batuko Gobernuak uztailean erakunde terrorista izendatu zuena. Bizpahiru orduz atxilo egon ondoren aske geratu da, baina epailearen aurrean deklaratu beharko du irailaren 18an.


Ipar Euskal Herrian hiru herritarretik bi autonomia handiagoren alde daude

IFOP institutuak eginiko ikerketa ezaguratarazi du Eskualde eta Herri Solidarioen Federazioak Korsikan, eta ondorioztatu dute Frantziako Estatuan biztanleen erdiak nahiko lukeela bere eskualdeak autonomia handiagoa izatea.


Sexu heziketan formatuko dituzte irakasleak, Nafarroako hamabi ikastetxetan abiaturiko proiektu pilotuan

Bost sexologoren formazioa jasoko dute Nafarroako hamabi ikastetxetako irakasleek: sexualitatea ikasleekin lantzeko edukiak eta proposamen pedagogikoak eskainiko dizkiete. Skolae programaren segida izango da, nolabait.


Reem Dandan, Gazarako Mugimendu Globala
“Gure herrian genozidioaren konplizeak badaude, gure erantzukizuna da horiek salatzea”

Global Sumud Flotillak deituta, dozenaka ontzi itsasoz ahaleginduko dira Israelek ezarritako blokeoa hausten. Ekimenera mundu osoko aktibistak batu dira, tartean lau euskal herritar. Deialdiari babesa adierazteko, Gazarako Mugimendu Globaleko Euskal Herriko delegazioak hainbat... [+]


2025-08-26 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Gogoratzeko moduko porrota, Taiwango gobernuarena

Logikoena zen, uztailaren 26ko lehen zaplazteko argiaren ondoren. Baina abuztuaren 23ko bigarrenak ihesbide politiko ia guztiak itxi dizkio Lairen gobernu taiwandarrari. “Gogorarazpen bozketan” beren hautetsi-tasuna gal zezaketen oposizioko Kuomintageko zazpi... [+]


Makro-onurak, mikro-ondoezak

Hemengo politikariek haien diskurtsotan immigranteen etorreraren alde edo kontra egiten dute. Immigrante ez-zurien etorreraren alde edo kontra, noski. Beste mugimenduak ez dut uste gehiegi inporta zaizkienik, edozein alderditakoak izanik ere. Tronu altu-altu batetik begiratzen... [+]


AEBetako Defentsako inteligentzia zerbitzuko burua kaleratu dute, Iranen aurkako erasoetan Trumpi aurre egin ostean

Jeffrey Kruse buru zen Defentsa Departamentuko inteligentzia zerbitzuek eginiko txosten baten arabera, AEBek Irango gune nuklearrei eginiko erasoek ez zuten Teheranen gaitasun nuklearra "guztiz suntsitu", bizpahiru hilabetez atzeratu baizik. Trumpek, ordea, adierazi zuen... [+]


Eguneraketa berriak daude