BIHOTZ KONTUAK (I)

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Goizeko seitan jaiki nintzen txiza egitera. Txurrutada ederra bota ondoren, ohera itzuli eta bularraldean halako sakadura sentitzen hasi nintzen. Haize bat izango zela pentsatuz, jimnasia apur bat egiteari ekin nion. Ez zen, baina, besteetako haizearen parekoa eta ez zen haize hartzera joaten. Berehala konturatu nintzen oinazea, txikia izanagatik, handituz zihoala. Emazteari esan nion:

-Larrialdietara noa, Ospitalera. Huskeria izango da, baina bada ez bada ere nahiago dut joan.
-Zurekin joango naiz.
-Ez, ez da ezer izango eta hemen baduzu nahikoa martxa lau elementu hauekin (Elementu: seme-alabak, hamar urtetik gora pasa direnean deitzeko modurik gozoena).
Deitu nuen taxia eta berehala han zegoen:
-Mesedez Ospitaleko Larrialdietako atera eraman nazazu. Ahal duzun azkarren, bularraldean oinazea nabaritzen dut eta.
Taxizaleak -ez dakit kobratu gabe geratuko zen beldurrez, hildako bat autoan ez zitzaiolako dotorea iruditzen edo bere bizitzako aurreneko aukera zuelako filmeetakoak imitatzeko- benetan «ahal zuen azkarren» eraman ninduen. Errebueltak bi kurpilen gainean. Hark akabatu ez banindu, infartoak ere ez noski. Larrialdietako atera iritsita, morrosko morroskotsua zegoen erizainen arropa jantzita. Hasi besterik ez nintzaion egin:
-Etorri naiz bularraldean...
Dida, bultzada batez, kurpildun aulki batean jarri ninduen eta laster batean ate batetik eta bestetik sendagileak, erizainak eta batadun kontaezinak agertzen hasi ziren: ohantzean jarri, zizta eskuineko besoan, zizta ezkerrekoan, etengabe zer moduzka gehienak, Zainketa Intentsiboen Unitatera eraman ninduten ia konturatu baino lehen. Denak oso profesionalak eta jatorrak. Ez dut inongo kexurik, alderantziz, eskerrak eman beharra.
Zainketa Intentsiboen Unitatean egun batzuk pasatzea esperientzia berezia da. Goitik behera biluztuta eta hamaika kableen bitartez beste hainbeste makinei lotuta. Eta ezin mugitu. Ezta kaka egiteko ere. Sic: ezta kaka egiteko ere. Txiza zer esanik ez. Niretzat horixe izan zen ziur aski alderdirik gogorrena, komunzalea naizelako eta komuntxango ugariak egiten ohituta nagoelako. Han ez ordea. Txiza nahi? Eman krisketari eta han etorriko zaik neska jator bat (Ez da hizkuntza sexista ibiltzea: denak neskak baitziren) eta leku egokian jarriko dik txizontzia. Hik txiflinari on markatu eta listo. Berriro krisketari eragin eta jaso egingo diate. Kontu handiagoetan, librantza amaituta, garbiketa biren artean egingo diate, ur epelez eta goxo-goxo. Eta goizeko bainua ere modu berean. Gorputz osoan, ur epelez... Emozionatu egiten naiz kontatzean. Orduan ere emozionatu egiten nintzen eta lanean ari ziren erizainei Miguel Sanzen lehengusu bati gertatutakoa kontatu nien. Apur bat lotsatu ziren. Ni ez.
Nafar horri prostata inguruko ebakuntza egin behar zioten (berak aprostata deitzen bazion ere). Eta kirofanora eraman aurretik neska erizain bat etorri zitzaion gelara:
-Orain bizarra egin behar dizut, gero infekzio arrisku txikiagoa izateko.
-Bizarra egin?
-Bai noski, ez dizut masailetako bizarra egin behar, azpietakoa baizik.
-Jodo, hau nere lehengusuari kontatu behar diot (Dudarik ez dezazuen izan: gaztelaniaz egiten zuen Miguel Sanzen lehengusuak. Baina nik euskaratzeko atrebentzia hartu dut. Ez al dit salaketarik jarriko?) .
Erizaina, nirekin ibili ziren guztiak bezala, artista delikatua izan nonbait eta ixopoaren erpina ezkerreko bi hatzez heldurik, gorantz tira zuen eta eskuinez xaboiez igurtzen hasi bizar basotxoan. Horretan ari dela, Sanztarra berehala:
-Iada ez diozu heldu behar, emakume. Bera bakarrik eusten da eta.
Zainketa Intentsiboen Unitatean bost egun egin nituen. Ez naiz guztiz txatxua eta badakit bizitzaren zein alderdi garratz eta ilunak ikusten diren ospitaletan. Eta bihotzaren kontu hauek ez direla axolakabe hartu behar. Neuk ere ikusi nituen han egoera tristeak eta saminak. Baina, inguruko guztiak hain ziren atseginak... Kosta egiten zait oroitzapen txarrik horrekin lotzea. Behar bada, bizarra egitera etorri zitzaidan neska izan zen muturbeltzena. "Bizarra?"-begiratu ere egin gabe eta ezetz erantzuteko inongo aukerarik uzten ez duen ahots zakar agintariz korroskatu zidan. Eta zirt zart, lau labainkadetan bizar guztiak desagertu zitzaizkidan. Ez dut uste berak moztu zituenik, beldurrez barruratu zirela baizik. Benetan, Miguel Sanzen bizar bera egin behar izan balit, ez niokeen utziko


Azkenak
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!