ORDU TXIKITAKO BIZITZA

  • piztuko dira. Batzuk festaren bidez saiatuko dira gaua luzatzen. Oraindik ikasten ari direnek kafe gaindosiaerabiliko dute azken azterketarako falta diren ordu ilunak luzatzeko. Beste batzuei, ordea, nahigabe ere luzatuko zaie iluntzetik goizalderako tartea. Gauez lan egiten duenaskori, esaterako. Edo lo egiteko arazoak dituztenei. Gehiengoak, urte osoan bezala, lo gozoan eta ametsetan emango ditu eguzkiaren argitasunik gabeko orduak.Gure gaurko lana gaua modu ezberdinetara bizitzeaizango da, lo hartzen dugunean esnatzen den munduko protagonistak ezagutzea. Lana beti lan, baina badaezpada, festa gogoz piztu ditugu autoko motorra eta argiak.Eta Gasteizerako bidea hartu dugu eguzkiaren azken izpiak desagertzearekin bat.
Iritsi gara Gasteizera. Gauak irentsiko ote gaituen beldur-edo, geuk ere zeozer irentsi beharko genukeela pentsatu dugu lehenik. Euskaldun zintzoen modura afari legea egin behar dugula, alegia. Jatetxerako bidean uda giroa nabari da dagoeneko: musikariak kalean, tenperatura atsegina... Pêle Mêle dioen kartela dugu parean; iritsi gara, beraz, jatetxera. Ezkontzea modan omen dago berriro. Ezkontzak ez dakit; despedidak behintzat bai. Jatetxea zapaldu orduko dozena erdi bat koadrila topatu baitugu, ezkontzear dauden lagunei bizitzako unerik garratzenak pasarazten. Senargai bat untxi arrosaz mozorrotuta dago, besteari Heidiren antza hartu diogu, baina ile urdinarekin. Neska talde horretan badirudi bi direla ezkontzekotan, bata erlez jantzi baita eta bestea lorez. Gutxienez koadrila solidarizatu egin da nolabait eta denek antena pare bana daramate buruan.

Dagokigun mahaian eseri eta zer afaldu erabakitzen dugun bitartean, Jose Antonio Larderas jatetxeko arduradunakPêle Mêle frankizia bat dela esan digu, Espainiako Estatuan zabaldua dagoena, baina Gasteizko hau dela Euskal Herriko bakarra. Duela lau urte zabaldu zutenetik, formula arrakastatsua izan da, toki gutxi baitago kantatzeko, dantzatzeko edo nahi denerako askatasuna ematen duena. Horregatik jendeak ospakizun berezietarako jotzen du hona. Oraintxe Euskal Herri guztiko jendea dago, 100dik gora bezero har ditzakeen jangelan: untxi arrosa oñatiarra da eta erle eta lore koadrila bizkaitarra.
Baina hasieratik hona aldaketak egon direla aitortu digu. Hasieran, kate honetako gainerako jatetxeetan bezala, nazioarteko sukaldea eskaintzen zuen jatetxeak: janari mexikarra, argentinarra. Baina Lanerasen esanetan, «euskaldunoi janari horrek nekatu egiten gaitu. Karta aldatu behar izan genuen, jendeak legatza, azpizuna edo txorizoa sagardotan nahi duelako».
Afaltzen hasi eta orduan erreparatu diogu gure mahaian dagoen telefono beltzari. Mahai guztietan bat dago eta aldamenean jatetxeko plano bat, gainerako telefono guztien zenbakiekin. Jatetxeko edozein mahairekin hitz egin dezakegu beraz. Gainera telefonoa hartzen duenak ez du ezagutzen deiaren jatorria. Erabilgarria ote? Landerasek duela bi hilabete bertan despedida egin zuten senar-emazte irundarrak telefonoari esker ezagutu zirela kontatu digu. Gure aldameneko mahaiko neskak behintzat jo eta ke ari dira, hariaren bestaldean «lagun» berriak egiten. Gure mahaikoak ere pare bat aldiz jo du: proposamen interesgarririk ez.
Tolin izeneko kantari bilbotarra zuzenean ari da eszenatoki gainean. Berez animorik behar ez duten bezeroak animatzen ditu bertara hurbil daitezen. Nora iritsiko ote da Tolin? Izan ere, eszenatoki berean hasi omen zen Raul ezaguna kantari. Hiru hilabetez aritu zela esan digute.
Iritsi da postreko ordua. Txokolatezko tarta falikoa mahai gainean, tontorrean nata dariola, nola ez. Koadrila osoa «jan dezala, jan dezala» oihuka. Andregai gaixoa ostrukarena eginez, burua lurpean sartu nahian, alegia. Eta ez ezkontzeko gure arrazoien zerrenda, gainezka. Ondoren, lasaitasun erlatiboa eta jatetxeko dekorazio bitxian erreparatzeko parada. Irudiz betea dago jangela, zonalde bereziak ditu gainera: espetxea, submarinoa... Guri Alien erraldoi baten azpian afaltzea egokitu zaigu. Ripley konplexu kezkagarria garatzen ari garen unean, proposamen berri bat luzatu digute: bertan geratuz gero striptease bat ikusteko aukera izango dugu. Jatetxeak ez du zerbitzu hau zuzenean kontratatzen, baina bezeroek eskatuz gero, bertan egiteko baimena dute. Badirudi aldameneko mahaiko neskei aukerak ez diela ilusio berezirik egin eta alde egin dute, belarriak bero-bero, baina bakarrik (beste batean, agian). Eta irakurleak barka beza nolabaiteko zentsura hau, baina geuk ere bide bera hartu dugu. Ekainean egunsentia presaka dator eta guk hala joan behar dugu Bilbora, han beste ikuskizun bat baitugu zain.



Asier Bilbaoren lagunak.

Bilboko udaletxe atzeko aldapan gora abiatu gara, eta arnas estuka, gure hurrengo helmuga adierazten duten neonezko hiru letrak topatu ditugu: Key. Duela hamar urte hartu zuen Asier Bilbao taberna eta ordutik bere ikuskizuna bertan eskaintzen du 33 urteko bediar honek: ostiral eta larunbatetan, 01:00 eta 03:00etan. Baina Asierrentzat gau berezia da gaurkoa, «Mis amigos...» izeneko lehen diskoa aurkeztuko baitu, hain justu bere lagunez inguraturik. Atean topatu dugu bera, dagoeneko makilatuta baina oraindik kaleko arropa soinean. Barrura sartu gara ikuskizunak zein publiko mota erakartzen duen jakitera: denetik. Adin guztietako jendea topatu dugu, orientazio sexual guztietakoa eta jazkeran ere denetik ikus daiteke, franelazko koadrozko alkandoratik hasi eta leopardozko soinekoraino.
Minutu gutxi batzuk zain egon ondoren, Joseba Solozabalek aurkeztu du takoien gainean handiago dirudien Asier txikia. Ileordea laranja kolorekoa du, soinekoa distiratsu eta gainetik lehen abestiarekin bat egiten duen bolante txuri, gorri eta berdedun kapa. «Ireki bihotza maitia neretzako...» ezaguna ari da kantatzen, nahi duenean letra aldatuz eta horrekin publikoaren algarak eraginez. Kanta amaitu da, baina Asier ez da erraz isilduko. Bere hizkera azkar eta biziarekin, Aznar eta Le Penengandik hasi eta La Otxoaraino, inor gutxi utzi du larrutu gabe. Hurrengo abestirako lagun bat deitu du Asierrek eszenatokira. Duela bi ordu eskas Tolin, Gasteizen entzun dugun kantaria, nora iritsiko ote zen galdetu diogu gaure buruari. Bada, oraingoz Bilbora. Tolin bera baita mexikarrez jantzita Asierrekin rantxera bat kantatzen ari den hori! Jantzi eta lagun berriak atera ditu ondoren eszenatokira: Pako sevillarra, Nacho Bustamante, Mara Sacai... Kristina Bazquezekin batera Eurovision-eko arrakasten pot-pourri-a eskaini ondoren, denak batera bildu dira eta, musikari eskerrak emanez, ABBAren abesti ezagunarekin eman diote amaiera ikuskizunari.



DJ-ak txoznan.

Baina guk oraindik ezin diogu amaierarik eman gau honi. Goizaldeko 04:00ak dira oraindik eta egutegiak dio 06:29ak arte ez dela eguzkia irtengo. Baina zer egin dezakegu ordu hauetan? Diskoteka asko orain hasiko da jendez betetzen. DJak, technoa garunean sartuta, go-goak, fokoak... eta soldata erdia barran utzi behar kontsumizio bakoitzeko. Beste aukera bat herriren bateko festak izan daitezke. Santuz santu garamatzan udako erromesaldia abian da eta ez zaigu oso gaitza gertatuko txoznaren bat topatu eta bertan duela 20 urteko kantu mitikoak, dagoeneko klasiko bihurtu den txoznetako soinu kalitate kaxkarrez entzutea. Eta tarteko zeozer aukeratuko bagenu? Dekorazioa, argiztapena eta soinu kalitatea zaintzen dituen txozna bat, dantzarako musika jarriko duten disko jartzaileekin. Aritz Usandizaga hernaniarrarengana jo dugu edo, hobe esanda, Aritz Sound Systemengana. Disko jartzaileek izen artistikoak izaten baitituzte. Berea Jamaikan egiten diren Sound System izeneko festetatik jaso zuen duela 5-6 urte, lan hauetan hasi zenean. Festa hauek furgoneta batean soinu ekipoa hartu eta auzoz auzo antolatzen dira. Eta Aritzek antzeko zerbait egiten du bere diskoak eta ekipoa gainean hartu eta festaren batera abiatzen den bakoitzean. Bere emanaldi bat aurkezten duen esku orrian ragga-funk-disco-breakbeat-house beltza jartzen duela irakurri dugu. Berak «musika beltza» hitzekin definitzen du. Bere herriko San Juan jaien txanda da orain eta, azken bost urtetan bezala, Molotoff irratiak txozna «ezberdina» prestatu du. Txozna beraren itxura zaintzeaz gain, goizaldera arte musika estilo ugari entzuteko parada eskaintzen du formula honek.
Luze aritu gara Aritzekin eta zerua argitzen hasia da. Autoan sartu gara berriro ere geratzen diren aukeren inguruan hausnarketa sakonean aritzeko. After hours-en bat gertu ba al dugu? Bestela, non gosaldu genezake? Bat-batean bide bazterrean argiak ikusi ditugu. Zer ote da? Kontrola? Anbulantzia? Hirugarren alternatibarantz bultzatu gaitu horrek (eta geure aurpegi nekatuak ispiluan ikusteak), etxeranzko bidea hartzera, alegia. Gure pentsamenduak iluntzen hasi dira eguna argitzearekin bat. Zenbat kilometro egin ote ditugu gaur gauean? Eta istripuren bat izan bagenu? Eta autoak su hartu izan balu? Orduan gaua oso bestelakoa izango litzateke

«Zure burua biluzteko gai bazara, erraza da besteak biluztea»
Dragqueenez jantzita azaltzen zara, umorea erabiltzen duzu, kantatu egiten duzu... nola definituko zenuke ikuskizun hau?

Kontua denetik ukitzea da. Oso garrantzitsua da umorearekin eta morboarekin jokatzea, morboarekin batez ere.

Zure ikuskizunak bertako ukitu bat du, euskarazko abestiak, kapa zuri-gorri-berdea...
Nire ustez mundu guztia da nazionalista. Arazoa mundu guztia soilik nazionalista balitz izango genuke. Guztioi geure lurra gustatzen zaigu gehien, munduko txarrena izanda ere. Nazionalista izatea, zurea defendatzea ondo dago, baina besteak baztertu gabe. Asko gustatzen zait gure herriko ukitu batekin irtetea, baina gero ez dut arazorik flamenkaz jazteko. Berdin-berdin gustatzen zaizkit Benito Lertxundi, Oskorri, Egan eta Espainiako kopla edo Beatlesak.

Zure ikuskizunean, Aznar eta Le Pen kritikatu dituzu.
Ez zait muturreko jendea gustatzen. Eta biek muturreko politika egiten dute. Gauzek ez dute zertan zuriak edo beltzak izan. Grisa tonu perfektua da.

Norbere buruaz eta inguruaz barre egiteko gaitasun handia beharko da horrelako ikuskizun bat egiteko, ezta?
Zure burua biluzteko gai bazara, orduan errazagoa da besteak ere biluztea.Eta publikoa ez al zaizu haserretu inoiz horregatik?
Bateren batek erantzun gogorren bat bota izan du, baina, jendeak zertara datorren jakin behar du. Nik dakidala inor ez dator engainatuta, eta otoitzera datorrenak Begoña hor dauka, goraxeago eskuinera. Jendea ez dator hona epelkeriak ikustera; nahiko gogorrak gara, horretaz kontziente gara eta hori da saldu nahi duguna.

Publikoa nolakoa da? Gaur ikusten duguna bezain anitza al da beti?
Horrela da beti, oso anitza. Hor ikusten dituzu mutiko homosexual taldetxoa, lesbiana koadrila, despedidak, bikoteak, senar-emazteak... adin guztietakoak gainera. Eta taberna betea egoten da, hortan ez dugu kexatzerik.

Ikuskizunean La Otxoaren satelite espioia aipatu duzu. Zer dela eta?
Lehen esan dizut ez zaizkidala muturrak gustatzen eta norbait izarra ez denean, baina baietz uste duenean, eraso egin behar zaio, berak beste guztiak erasotzen dituen bezalaxe. Niretzat inor ez da ukiezina, Arzalluzi barre egiten badiot, berdin egingo diot La Otxoari edo, beharrezkoa balitz, bere familiako edozeini. Berak ospea du, guk artea.

Zure lehen diskoa aurkeztu duzu, eta Key-n soilik jarri duzu salmentan. Nolatan animatu zinen diskoa egitera?
Legalki erregistratua dago eta nik nahi dudan tokietan edo salmenta puntuek nahi dutenetan saldu nezake. Baina ez dut banatu nahi, neuk saldu nahi dut, nirea delako. Gogoa neukalako egin dut, ez saltzeagatik edo diruagatik. Oso lan pertsonala egin nahi nuen, baina beti ere nire inguruan ditudanekin batera. Nik ez dut pentsatzen munduaren zilborra naizenik.

Zure ikuskizuna ez duzu soilik Key tabernan eskaintzen, igandetan Gasteizko Loon-en aritzen omen zara...
Keyren antzeko lokal bat da. Ez da gay lokal bat, mundu guztiarentzako zabaldu zuten duela 5 bat hilabete. Araba bertako jendea aritzen da. Eta garaia da haiek kontuan har ditzazuen. Araba ahizpa kontserbadorea iruditzen zaigu, ahizpa inozoa, baina ez da horrela, han oso jende ausarta mugitzen da.

Keyren erreferentzia gay giroko lokalen atalen barruan topa daiteke Interneten, baina zure publikoaren artean denetik dagoela esan dugu.
Duela 10 urte hasi nintzenean gay giroko toki modura zabaldu nuen, ruta jakin baten barruan. Ez dut, noski, ezer ukatuko orain, baina ez dut inongo gay giroko gidatan azaldu nahi. Ez zait iruditzen lokalei etiketak jarri behar zaizkienik. Aire egokitua ipini behar zaie, ez jende egokitua.

Gauez lan egiten duzu. Zer esan nahi du horrek?
Lan egiteko gaua munduko gauzarik txarrena da. Pertsona bera ez da taberna batera mentalitate berdinarekin joaten egunez ala gauez. Gauez jendea exijenteagoa da. Ez du berdin balio egunez poteatzeak edo gauez kopak hartzeak. Eta gainera gaua gaua da, gauza askotarako laguntzen du, baina lanerako ez dago txarragorik.

Baina zuk gaua hautatu duzu lanerako...
Nik egiten dudanak ez du tokirik arratsaldez. Gauak bildu egiten zaitu, gaua lagun duzu eta horrela errazagoa da mozorrotzea. Pentsa, ni, aurpegi honekin, egun argiz, denen aurrean agertuko banintz... izugarria!

«Oraindik aurreiritzi ugari dago musika mota batzuen inguruan»
Zer behar da disko jartzailea izateko? Gogoa. Euskal Herrian musika estilo batzuk gutxi entzuten dira, alde horretatik oso mugatuak gaude. Niri gustatzen zaidan musika ez da normalean irratietan, tabernetan, kontzertuetan... entzuten. Baina gainerakoek musika hori ezagutu dezaten nahi dut. Hori behar da musika jartzeko, musika gustatzea eta musika hori zabaltzeko nahia.

Gero, teknikoki oso gauza gutxi behar da. Mundu honetan standarda biniloa da, eta nik badakit CDa erabiltzeagatik, jende askok bigarren mailakoa kontsidera nazakela. Gaizki ikusia dago hori. Nik ez diot horrelako garrantziarik ematen. Entzuten denari, bafleetatik ateratzen denari ematen diot garrantzia.

Zein estiloko musika jartzen duzu?
Estilo ezberdinak nahasten ditut nik, eta hori ez da batere ohikoa. Disko jartzailea normalean estilo batean zentratu ohi da, techno, house... oso erritmo markatuak dira, nahasketak egiteko erraztasuna ematen dutenak. Hor beste eztabaida bat dago, musika estiloena. Non dago estilo batetik besterako muga? Geroz eta zailagoa da bereizten, nahasketarako joera gero eta nabarmenagoa baita. Nik jartzen dudanari musika beltza esaten diot, estilo horiek guztiek oinarriak beltzek egindako musikan dituztelako.

Toki ezberdinetan aritzen zara, tabernetan, festetan...
Disko jartzaile batzuek sesioa aurrez prestatuta eramaten dute. Ondo iruditzen zait aurretiko lan hori, eskaini nahi duzuna garbi izatea. Baina nik ez dut inoiz horrelakorik egiten. Disko mordoa hartuta joaten naiz eta entzuleen arabera, tokiaren arabera, giroaren arabera musika bat edo bestea jarriko dut. Ez dakit nongo gaztetxean edo txoznan, agian jendea ez dago ohituta zuk jarriko diozun musikara. Ez da gauza bera herriko festetan musika jartzea edo edozein ostegunetan aritzea, ez da gauza bera gaueko 23:00etan edo goizeko 03:00etan hastea.

Txoznak aipatu dituzu. Badirudi DJak diskotekekin lotzen ditugula eta txoznetan aldiz beti musika berbera eta kalitate kaskarrez entzutera ohituta gaudela.
Nekatuta nengoen txoznetan musika berdina entzuteaz. Duela bost urte hasi ginen Hernaniko San Juanetan Molotoff irratiak ipintzen duen txoznan beste musika batzuei ere aukera ematen. Apustua musika zabalagoaren alde egin genuen, baina baita soinu kalitatearen eta txoznaren beraren espazioa eta itxura zaintzearen aldekoa ere.

Esperimentua ongi atera al da?
Sekulako arrakasta izan du.

Eta beste tokietan hasi al dira horretan?
Txoznetan musika jartzeko Pasai Antxotik, Elorriotik... deitu izan didate. Txoznetan aukera zabaldu behar da. Eta jendeak eskertzen du, gehiengoak behintzat.

Eta gainerako gutxiengoak zer dio?
Oraindik aurreiritzi ugari dago musika mota batzuen inguruan. Rocketik kanpo dagoen edozer, musika elektronikoaren kutsua badu, jendeak berehala bakailu bezala eta, beraz, gizarte eredu batekin identifikatzen du. Behin mutil bat etorri zitzaidan goizeko hiruretan, sekulako atxurrarekin, «zuen musikak jendea desmobilizatzen du» esanez. Jendeak sinplifikatzera jotzen du. Eta oso sailkapen errazak egiten ditu: rocka ona da, gogorra, alternatiboa, errebindikatiboa, gazte musika... Musika elektronikoa bakailua da, desmobilizatzailea, drogatzera bultzatzen duena eta, beraz, txarra. Musikak ez du inor drogak hartzera bultzatzen.

Disko jartzaileen munduan zer aldatua badago, beraz.
Aurkezpena esaterako. Karteletan beti jartzen dute zein musika talde arituko den eta zein estilo lantzen duen. Ondoren «DJak» jartzen dute, besterik gabe. Eta nik jartzen dudan musikak eta ez dakit zein diskotekako DJak jartzen duenak ez dute zerikusirik. Gero, jende askok gu bere musika jartzeko gaudela uste du, batzuk euren diskoa eskutan dutela etortzen zaizkizu hura jartzeko eskatuz. Jendea ez da konturatzen horrek min handia egin dezakeela. Gauza asko dago aldatzeko, baina ni pozik nago orokorrean oso harrera ona izan dudalako, jendeak jartzen dudan musikaz galdetzen didalako.

Dirurik ematen al du honek?
Hor status ezberdinak daude. Nire kasuan ez du dirurik ematen. Eta ez dut horregatik egiten, baina garbi daukat musika jartzearen truke diru sari bat egon behar dela, gastuak estaltzeko gutxienez: toki batetik bestera mugitu behar duzu, soinu ekipo bat behar duzu, ez dira batere merkeak eta gainera asko sufritzen dute... Gustukoa izanda ere, lan gogorra da. Gaueko orduetan ari zara, horrek dakarren guztiarekin.

Eta zer dakar horrek?
Nik askotan goizeko zazpitan bukatu eta, bi ordu lo eginda lanera joan behar dut. Arriskutsua da gainera, gauean bizio asko baitago. Festa, musika eta droga elkarrekin doaz. Droga ez da txarra, egiten duzun erabilpena da arazoa. Baina zuk gustura egon behar duzu, bestela hori zuk jartzen duzun musikan nabaritu egingo delako. Arriskutsua da eta gauzak oso garbi izan behar dituzu

«Ez dut 'kontaizkidazu zure arazoak' tankerako saio bat egin nahi»
Hainbat lokal bisitatu ditugu gau honetan. Baina hainbatek ziur uda honetan ostatu bat faltan botako duela. Ez da ohiko ostatua, uhinetako ostatua baizik, «Morfeoren Ostatua». Izen hori baitu orain arte, eta berriro irailetik aurrera, Euskadi Irratian gauero 00:00etatik aurrera Aitziber Etxaiz kazetari altsasuarra arduradun duen saioak. Sakanako Beleixe irratian 2 urte eman ondoren, duela urtebete hasi zen Aitziber Euskadi Irratian, eta joan den irailean ekin zion «Morfeoren Ostatua»ri.

Zein eduki lantzen duzu gaueko ordu horretan?
Lau kolaboratzaile ditut eta biziki eskertu nahi diet kolaborazio hori: Mila Aierbe astrologoa, Juan Ramon Macuso filosofiaz aritzen dena, Luis Mari Unanue musikaz eta Agurtzane Hormaza sexuaz. Gainera, aktualitateko gai bat jorratzen dut, 30-40 minutuko elkarrizketa luzeetan. Gure saioan lasai gaude, ez dugu presarik eta horrek sakontzeko aukera ematen digu. Pertsonaia ezagunen bat edo beste ere elkarrizketatzen dut gainera, modu berezi samarrean.

Goizeko magazinetan aritua zara. Gauez beste tonu bat beharko da, ezta?
Zu lasaiago zaude eta zure gonbidatuari ere lasai egoteko esaten diozu. Batzuetan ez dago ezer esan beharrik, gauak berak lasai hitz egiteko, erlaxatzeko bidea ematen baitu. Baina aldi berean entzulea esna mantendu behar duzu. Tonu lasai eta xuabea bai, baina tarteka irri batzuk ere egin behar dira, edo txiste errazen bat bota, entzulea lokartu ez dadin. Gauza bera musikarekin. Ezin duzu erabat lasaia jarri. Trikitixa, heavya ez dugu jartzen, pop rock inguruan gabiltza.

Entzuleekin zein harreman dago?
Hasieran beldur nintzen, bat-batean sortu zen saioa zen, franja horretan Euskadi Irratian ez zegoen saiorik. Baina hilabete hauen buruan koadrila bat biltzea lortu dugu. Badira betikoak, badakizu nongoak diren, ezkonduak ote dauden... eta berriak daude, pixkanaka engantxatzen direnak.

Euskaldunak horrelako gauzetan parte hartzeko nahiko itxiak garela esan ohi da... Ordutegi horretako Espainiako irratiak hartu, esaterako, eta jende askok deitzen du euren intimitateak eta arazoak kontatzeko.
Nik ez nuen nahi «kontaizkidazu zure arazoak eta egin dezagun negar elkarrekin» tankerako saio bat. Bestetik, banekien euskaldunok ez garela horrelakoak. Jendeak deitzen du baldin eta goxokiren bat jartzen badiozu. Aitzakia behar dute, liburu bat, disko bat... Lehiaketan parte hartzeko deitzen dute eta bide batez aspertuta baldin badaude, aspertua daudela esango dizute. Baina ez dute euren desgraziak kontatzeko deitzen. Sortzen baldin bada, atenditu egin behar duzu, noski, errespetu handiz, baina ez da normalean horrelakorik izaten. Psikologoarena ez dut egiten. Eta ez nuke nahi horrelako saioa izatea gainera, ez nuke nahi «Morfeoren Ostatua» horretan erortzerik.

Gaueko entzulea berezia al da?
Lanean daudenak entzuten dute eta deitu ere bai. Badira etxeko emakumeak, ezin lorik hartu eta irratia pizten dutenak. Eta autoan ere askok entzuten dute. Esatari eta entzuleen arteko feedback handiagoa dago gauez. Feedback hori ahalik eta goxoena eta aberatsena izan dadin saiatzen naiz. Garrantzitsua baita bakarrik dagoena bakarrik ez dagoela sentiaraztea.

Koadrila bat osatzen duzuela esan duzu. Ezagutzen al dituzu pertsonalki?
Ez dut bat bera ere fisikoki ezagutzen. Xarma galduko luke. Entzuleak euren modura imajinatzen zaituzte, zuk entzulea modu batera imajinatzen duzun bezalaxe. Esaterako, Leitzako Maria Jesus nolakoa izan daitekeen imajinatzen dut eta hark ere seguraski imajinatuko du ni nolakoa naizen. Irrati esatariok gure «intimitate» hori mantendu beharko genuke


Azkenak
Olaia Beroiz: "Emakume errepresaliatuen kemena gogoratzea ezinbestekoa da"

Iruñeko Txantrea auzoko kale-izendegian frankismoan errepresaliatuak izan ziren hamar emakume gogoratuko dituzte. Ekitaldia egin zuten atzo eta auzoaren hegoaldean dagoen plaza bat oroimen gune ere izendatu zuten. "Garrantzitsua da historian gertatutakoa gogoratzea;... [+]


Eguneraketa berriak daude