ARRISKUA ETA PAZIENTZIAREN ARTEAN

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Iluntzean iritsi gara Azpeitiara. Iñaki Telleriak hartu gaitu Urolako suhiltzaileen parkean. Beste bi lankiderekin batera gaua bertan emango du, euren beharra ez dagoen bitartean behintzat. Kamioi gorri distiratsuak geldirik daude teilatupean eta suhiltzaileak ere lasai daude, itxuraz. «Askotan zeharo aspertuta zaude, baina ezin duzu segundo bakar batez non zauden ahaztu» dio Gipuakoako suhiltzaile profesionalen artean beteranoenetakoa den Telleriak (32.a bere kaskoak adierazten duen bezala). Orain sirenak joko balu, filmetan ikusi ohi ditugun tubo horietako batetik irrist egin, 28 kiloko ekipoa soinean jantzi eta minutu batean, kamioiak errepidean egongo lirateke, sirena eta guzti.

Sua arerioa dela dio Telleriak, eta ez etsaia, «suak beti garbi jokatzen baitu». Eta hala ere, gauak euren lana zailago bihurtzen duela aitortu digu. Sute batean euren lana nolakoa den jakiteko Ron Howard-en «Backdraft» (gazteleraz «Llamaradas») ikustea gomendatzen du. Film horri elementu garrantzitsu bat falta zaiola dio, baina elementu hori sartu izan balute filma egiterik ez zela posible izango: «Kea besterik ez da ikusten». Sute gogor batean suhiltzaile bakoitzak 4-5 kilo galdu ditzake. Baina euren lana ez omen da heroiarena egitea. Autodiziplina handia behar da. Suhiltzaileen buruak pentsatu egin behar du, besteek harek agindutakoa bete. «Tresneriaren luzapena gara nolabait, kate baten zatiak eta hotz jokatu behar dugu». Profesionaltasunez jokatzen dute, lanean daudenean sentimenduei ez diete tokirik uzten eta arriskuak oso kalkulatuak daude. «Drama apaltzen zarenean iristen da, dena amaitzen denean» dio Telleriak, «agian hildako bat besotan ateratzea egokitu zaizu eta adrenalina bere tokira itzultzen denean, uniformearen gainetik pertsona azaltzen da. Sekulako bakardadea sentitzen duzu orduan, parkera bueltatu, kamioiak gasoilez eta urez bete eta berriro dena garbi eta prest utzi behar duzunean».
Hala ere, suhiltzaileek euren lanaren zatirik handiena zain ematen dute. Ordubete inguru eskaintzen diote egunero, kamioiak eta tresneria guztiak prestatzen, gimnasioan ere ordu eta erdi inguru aritzen dira, tarteka taktika eta maniobren praktikak egiten dituzte parkean bertan eta lan burokratiko apur bat ere badute. Gainerakoan zain egotea besterik ez dute egin behar. Horregatik parkeko tresna guztiak ikusteko aukera izan dugu, haize botiletatik hasi eta 30 metroko eskailera duen kamioiraino. Tartean, ur ponpak, hodiak, ultrasoinuen bidezko desinfektatzailea, uholdeetan erabiltzeko txalupa...


larrialdiak.

Gauerdian utzi dugu suhiltzaile parkea eta, errepidea bustita dagoenez, mantso-mantso abiatu gara Donostiara, Arantzazuko Ospitaleko Larrialdi Zerbitzura (dutena baino lan gehiago ez genieke eman nahi). Hauek ez dute aspertzeko denbora askorik izaten eta erizain batek esan digunez, «aukeran, nahiago dugu aspertu». Duela egun batzuk jakinarazi dira EAEko Osasun Larrialdi Zerbitzuetako datuak. Ospitaleko larrialdi zerbitzuek 840.000 lagun jaso zituzten iaz Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian, eta larrialdietako koordinazio zentroek 261.000. EAEko biztanleen erdia pasa zen, beraz, larrialdietatik.
Atetik sartu eta zelariek aulkia edo ohatila jarriko diote pazienteari eta behar duen tokira eramango dute. Diagnostikoa egitea ez da euren lana, baina urteko esperientziak lagunduta, sarritan atetik sartu orduko asmatzen dute arazoa non dagoen. «Pertsona bat sartu eta nekatuta dagoela esango dizu, baina zuk seguru dakizu bihotzekoa dela».
Harreran datuak eman ondoren, pazienteak bisitaren arrazoia azaldu eta mediku batek egoera arina, moderatua ala larria den erabakiko du. Horren arabera paziente batek lehentasuna izango du edo itxaron gelan zain egon beharko du. Arantxa Aguillo medikuaren esanetan, «hau da larrialdietako lanik garrantzitsuenetakoa eta ezin duzu akatsik egin».

Pasiloan aurrera egin eta eskuinera dauden box-etan atenditzen dituzte pazienteak edo, beharrezko kasuetan, eskuinera dauden susperketa geletan. Larrialdi zerbizu honetan %20ko ingresu portzentajea dute, hots, bertara etortzen den 5etik bat ingresatu egiten dute.

Medikuek txandatan egiten dute lan, tarteka 14, 17 edo 24 orduko guardiak eginez. Gaur 24 orduko guardia luzean harrapatu ditugu. Egia da mediku adjuntuek 6 orduz lo egiteko aukera dutela eta egoiliarrek 4 orduz, baina hori euren beharrik ez badute izaten da. Erantzukizun handia dute medikuek eta lan gogorra da eurena. Aguillok dionez, «azala egina daukazula uste duzu, dena ikusia duzula eta orduan trafiko istripu batean zauritutako 18 urteko bi gazte datozkizu oso larri eta ezin duzu ezer egin. Hiltzen bazaizkizu, horra kanpora irten eta senitartekoei esan behar diezu. Horrelako egunetan etxera iritsi, sofan etzan eta klinexak hartzen dituzu». Baina ekipo tekniko ona dutela dio eta jende prestatua lanean. «Hori oso garrantzitsua da».
Umorerako tartea ere izaten dute. Ordu asko ematen dituzte elkarrekin larrialdietako langileek eta konfiantza dute. Kasuak hain larriak ez direnean umore beltza ere badutela aitortu digu eta «batzuetan beharrezkoa da, gainera». Datozen egunotan bahintzat umorea beharko dute, San Joanak baitatoz. Egun horiek, San Sebastianekin batera, eromena izan ohi direla esan digute. «Koadrila osoak etortzen dira, hau euren zirkuituko hurrengo taberna balitz bezala». Eta okerrenak ez omen dira intoxikazio etilikoarekin datozenak, mozkorrak eta zauri edo kolperen batekin datozenak baizik. «Hemengo mediku gehienak gazteak eta emakumezkoak dira eta koadrila guztia ‘a ze medikua tokatu zaizun!’ eta horrelakoak esaten entzun behar izaten dituzu». Baina orokorrean, jasotzen duten paziente kopurua kontuan harturik ez omen da liskar handirik sortzen. Gainera ezin dute inor behartu bertan ingresatzera, epailearen agindupean ez bada.
Gure solasaldia eten du beste mediku batek, paziente agresibo bat etorri omen da ertzainez inguraturik. Baina lasaigarriak eman dizkiote eta ez dirudi arazorik sortuko duenik. Geroxeago mediku bat atenditu berri duen pazienteaz aritu zaigu, «aneurisma» hitza esan duela uste dugu. Erditzeko zorian zegoen emakume haurduna ere sartu da, senarra atzetik zuri-zuri zuela, baina kasu hauek beste zerbitzu batean atenditzen dira. Gau lasaia izan da gaurkoa. Atzo adibidez lau susperketa izan omen zituzten.
Alde egin baino lehen, ilusio handia egiten zigun zerbait erakutsi digute: George Clooneyren eskuetan hainbeste aldiz ikusi izan ditugun desfibriladoreak. Eta filmetako miraria egiaz gertatzen ote den galdetu dugu. Bihotz-gelditzea fibrilazioak eragin badu, bai. Pazienteak ez du arnasik hartzen, bihotza geldirik du, ez du pultsurik. Baina bi plakak soinean jarri eta gorputzak salto egitearekin bat esnatu egiten omen da, benetan

Gaueko lana eta osasuna
Gauez lan egiten duten hainbat pertsonengana hurbildu gara orriotan. Baina guk pentsatu baino gehiago dira beti edo txandaka gauez aritzen direnak: taxistak, okinak, tabernariak, segurtasun agenteak , fabrikan gaueko txanda dutenak... Gipuzkoan, esaterako 50.000 langile inguru dira, populazio aktiboaren %17.
Arazo fisiologikoetarako arrisku handiagoa dutela diote medikuek. Orokorrean alterazio biologikoak ekar ditzake gaueko ordutegira egokitzeak, langilea bere ohiko aktibitate-atseden zikloa iraultzera behartuta baitago. Elikadurari dagokionez, gaueko ordutegietan janari azkarrera jo ohi da maiz. Denbora gutxi eskaini ohi zaio jateari eta orduz kanpo egin ohi da gainera. Euskadiko CCOO sindikatuak burututako txosten baten arabera, eguneko txanda finkoa duten langileen artean %6,6k du ultzera. Gaueko langileen artean %35ekoa da ultzera dutenen portzentajea. Lo arazoak ere ohikoak dira gaueko langileen artean, bai kantitateari (ordu kopuruari) bai kalitateari dagokionez. Eta horrek errekuperazio fisikoa erabatekoa ez izatea ekartzen du.
Baina gauak ez du soilik langilearen osasuna kaltetzen, haren bizitza sozialean ere eragin baitezake. Ingurukoekiko kointzidentzia faltak familia eta gizarte harremanak zaildu egiten ditu. CCOOen aipatu txostenak datu esanguratsua azaleratzen du zentzu honetan: txandakako eta gaueko langileak, eguneko ordutegi erregularra dutenak baino hiru aldiz gehiago dibortziatzen dira


Azkenak
NATOren eta Trumpen irizpideen aurka, Espainiaren aurrekontu militarra %5era igotzeari uko egin dio Sánchezek

Oraindik ez dago garbi noiz arte eutsiko dion bere erabakiari Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko lehendakariak, baina korapilo handi samarra sortzen ari da NATOren barruan, honek aurrekontu militarra %5era igotzea arbuiatu ondoren.


Elkarte frankistak debekatuko dituen legea onartu du Espainiako Kongresuak

Espainiako Gobernua osatzen duten PSOEren eta Sumar alderdien arteko koalizioak aurkeztutako lege proposamena onartu dute Kongresuan ostegun goizean, frankismoaren apologia egiten duen edozein erakunde debekatuko edo legez kanpo utziko lukeena


Beste familia bat etxegabetu dute Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kalean

Ostiral goizaldean emakume bat eta bere semea etxegabetu dituzte Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kaleko 82. zenbakian. Espainiako Poliziaren laguntzarekin, epaitegiko segizio judiziala etxebizitzan sartu eta eta bizilagunak kanporatu dituzte.


2100. urtean herritarren %60 urak har ditzakeen eremuan biziko dira Eusko Jaurlaritzaren azterketaren arabera

Bero boladak ohikoagoak eta luzeagoak dira, azken bi mendeetan 20 zentimetrotan igo da itsas maila eta EAEko bataz besteko tenperatura 0,3 ºC igo da hamarkada bakoitzean.


Donostiako Gladys Eneako paumei emandako tratu txarrak salatu ditu Eguzki taldeak

Eguzki elkarte ekologistak salatu du Donostiako parkean gertatutakoa. Parkean bizi diren hainbat paumari lumak erauzi dizkiote, odoletan utzita. Beraz, erasoa izan dela ondorioztatu dute eta ez dela hegaztien lumaberritze prozesu naturala izan. Eguzki


Hamabost migratzaile bizi ziren kanpaleku bat hustu du Getxoko Udalak

Algortako Larrañazubi inguruan dago kanpalekua, eta Getxoko Udaltzainek hori husteari ekin diote ostegun goizean. Alkateak adierazi du han bizi ziren pertsonen "segurtasuna" bermatzeko eta "ingurune natural hori zaintzeko" desegin dutela. Getxoko EH Bilduren... [+]


Zizurren ikasleak komun eta aldageletan grabatzen zituen irakasleak 180 urteko zigorra jaso dezake

Zizur Nagusiko institutu batean 41 pertsona grabatu zituen eta haietako 30 bere ikasleak ziren. Argazki batzuk sare sozialak erabilita lortzen zituen eta adimen artifizialarekin aldaketak egiten zituen.


Jaurlaritzak babestu du Jerusalemgo kolonoentzat CAF egiten ari den tranbia

Beasaingo enpresaren akzioen %3ren jabe da Eusko Jaurlaritza, eta adierazi du CAFek nazioarteko legedia errespetatzen duela. BDZ Euskal Herriak gogorarazi dio gobernuak derrigortuta daudela okupazioa bultzatzen duten proiektuen aurka egitera.


Irungo ‘auzokide patruilen’ atzean, islamofobia, xenofobia eta erailketarako deiak

Maiatzaren 5ean “Lo Vimos en Irun” WhatsApp taldea sortu zenetik, 700 lagun baina gehiago bildu dira larunbatetan patruilak antolatzen dituen taldera. “Segurtasuna bermatzeko” eta “delituak prebenitzeko” aitzakien gibelean, gorrotoaren haztegi... [+]


2025-06-20 | Gedar
Basauriko Sidenorrek 1.207 tona altzairu bidali dizkio arma-ekoizle sionista bati

Egoitza nagusia Basaurin duen enpresak IMI Systemi egin dio bidalketa. Armagintzan bakarrik aritzen da Israelgo Estatuko konpainia hori.


Arabako Mahastiak sor-markari behin betiko itxi dio bidea Espainiako Auzitegi Gorenak

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ezetza eman zion ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteak bultzatutako sor-markari. Elkarteak helegitea jarri zion ebazpenari, eta orain Espainiako Auzitegi Gorenak ezetza berretsi du.
 


Beskoitzen ikastola eraikitzeko lursaila eskuratu du Seaskak

Ikastola 2013an sortu zuten eta ondoko urtean jarri zuten prefabrikatu bat herriko etxearen lursail batean bertatik bideratzeko ikaskuntza. 2022an eraikin sendo bat eraikitzeko proiektua aurkeztu zuten, baina herriko kontseiluak ez zuen horrelakorik onartu. Gatazka gogorra egon... [+]


Osasungintzak guztiz publikoa izan behar duela exijitu du OPA Plataforma Herrikoiak

Jose Ignacio Martinez Ortegak, OPA Herri Plataformako bozeramaileak, salatu du  Eusko Jaurlaritzak “azkar” itxi nahi duela osasun mahaiko eztabaida.


Eguneraketa berriak daude