«Ahalik eta gehien goiari eustea da nire motibazioa»

  • Euskaraz emandako lau urratsek sakerako karrerila eman diote. Izan ere, guk euskaraz idatzitako galdera denak ulertu ditu, gaztelerara itzuli baino lehen...

Hogeita bitik aspaldi xamar pasea zara. Zure bizitzako tanteoa nola joan den erretransmititu iezaguzu...

Nik lehen mailan debutatu nuen, ez naiz bigarrenetik pasa. 1991n jokatu nuen lehen partida hura, 19 urterekin. Orain jende gehiagok debutatzen du, orduan oso gutxik. Nire aurretik debutatu zuen azken nafarraren eta nire artean 4-5 urteko hutsunea bazegoen.
Lehen urte haiek onak izan ziren, baina lesio gogorrak ere sufritu nituen eskuan eta horrek nire ibilbidea oztopatu zuen. Lehen urteetan, normala den bezala, pilotari gazteak irrika handia izaten du goragokoak harrapatzeko. Gorantz zoazenean era batera ikusten dira kontuak, eta gora iritsitakoan ikuspegia guztiz aldatzen da. Hasieran lasaitasun handiagoarekin hartzen dira gauzak, baina gora iritsitakoan presioa handiagoa da, eta gehiago eskatzen diozu zeure buruari.
Iaz bi finalak jokatu eta galdu egin nituen. Urte txarra izan zela pentsatzen nuen, baina gutxienez finalean egon nintzen! Aurten buruz burukotik kanpo geratu naiz, eta ez dut oso umore onez hartu. Aurrekoetan beti hor egon izan naiz, eta orain hori gabe geratu naiz. Era berean, ona da finaletik kanpo geratzeak halako har bat sortzea.
Baina tira, garrantzitsuena gustura jokatzea da eta zure lana zuzen betetzea. Iristen bazara, primeran, eta bestela, lanean segi beharra dago.

Zenbat denbora irauten du pilotariak elitean?
Ahalik eta gehien, eta uzten dizuten bitartean. Garai batean gu goikoen bila gindoazen. Iritsi ginen eta Belokik eta biok gure alea utzi dugu 1996tik hona bitartean. Baina orain behetik etorritako jendea bertan ikusten dugu: Barriola, Ruiz, Goñi, Olaizola… Horiek jada gure mailan daude. Orain ahalik eta denbora gehienez goiari eustea da nire motibazioetako bat.
Egungo elitea, garai batekoa baino zabalagoa da. Binaka beti egon dira pilotari ugari. Baina banakakoan beti bi edo hiruk markatu dute aldea. Retegi-Galartza eta Tolosarengandik beste pilotariengana bazegoen koskarik! Orain badira txapeldun ateratzeko moduko sei pilotari.

Zein dira zure bertuteak eta zein zure ahuldadeak?
Banakakoan saiatzen naiz nire kolpeari probetxu ateratzen eta kantxan ondo ibiltzen. Puntu ahula aireko defentsarik eza da. Eta sakeari ere ez diot behar adinako zukurik ateratzen.

Entrenatzen oso zorrotza eta fina omen zara…
Kirola maite duenak hobetu nahi du egunetik egunera. Inork ez du dena ikastea lortzen eta hori da hain justu gauzarik politena. Horrek motibatzen zaitu eguneroko lanean. Gure prestatzaile fisikoa dugu. Baina nire kasa ere gustatzen zait egunero zerbait egitea: esprinta, iraupena edo frontoiko lana. Egunero pare bat orduz zerbait egin beharra daukat, bestela arraro sentitzen naiz.
Ugarten entrenatzen dut besteak beste, Goñi III.a, Chaffe, Lasa eta Oskar Goñirekin. Gantxoa eta sakea hobetzeko entrenamendu teknikoagoa ere egiten dut. Baina normalean buruz buruko partidak jokatuz edo Lau t'erdian arituta entrenatzen dugu. Hori da gustatzen zaiguna, gure artean saltsa jartzen duena eta partidan motibatzen gaituena. Eta zerbait jokatzen badugu, hobe.

Botilero asko izan dituzu: Julian Lajos, Jose Miguel Leatxe, Julian Retegi eta Martin Ezkurra. Zer ikasi duzu bakoitzarengandik?
Lajosekin urte bete egon nintzen, hasi berritan. Aitaren lagun handia da eta pilotari ona izandakoa. Leatxe herriko laguna da, beti asko lagundu izan didana. Debutatu aurretik berak eramaten ninduen partida denetara eta beti eskertuko diot nirekin hain ondo portatu izana. Pilotari gisa Retegirekin ikasi dut gehien. Ehuneko ehunean entrenatzen genuen, hori da berari gustatzen zaiona eta baita niri ere. Entrenatzeko borondate handia zuen eta gurekin bi orduz egon behar bazuen, hantxe egongo zen.
Botileroak ezer baino lehen pilotariaren lagun izan behar du. Partidan orientatzen lagundu behar dio eta lasaitasuna transmititu. Nerbioak jota dagoenean, garrasi egin eta estutu ere bai! Ziurtasuna ematea da garrantzitsuena.

Nerbioak kontrolatzen ikasi duzu?
Esperientzia izanda ere, nerbioak kontrolatzen oso zaila da. Egun batzuetan oso lasai zaude eta beste batzuetan edozer kontugatik ez zara gustura aurkitzen, ez zaizu pilota eskuan ondo sartzen, ez dituzu sentsazio onak izaten eta ez duzu pilota gozatzen. Orduan hasten dira kezkak eta tentsioak. Baina ez dut uste bere burua ehuneko ehunean kontrolatzen duen kirolaririk badenik.

Zein dira gehien sufritzen dituzun lesioak?
Ebakuntza dezente egin dizkidate: pubisa, eskuineko ukalondoa, eskuineko belauna, eskua… espero dut ez dela besterik izango! Baina tira, ebakuntza txikiak dira, hiru-lau hilabeteko etena eskatzen dutenak eta nahiko ongi atera izan naiz beti. Eskuetako minak jokatzeko arazo larriagoak ekarri zizkidan.

Eskuak sendatzeko modua hobetuko zen…
Ultrasoinuak, eta laser izpiak erabiltzen dira, gainerako kiroletan bezala. Baina eskuen kontua konplexuagoa da osatzen, hamaika tendoi, hezur eta mami harrapatzen du, eta ez dago hain zehatz aztertuta. Ez dago inor eskua astebetean sendatuko dizunik. Kontua luzatu egin liteke edo espero baino lehenago sendatu.
Takotan eta eskua babesteko materialetan bai hobetu dela. Eta horren frogarik onena da gero eta gutxiago sufritzen dela eskuetatik.
Eskua zaintzeko frontoian asko aritu beharra dago, egunero berotu behar dira bigundu ez daitezen eta zailtzeko eman egin behar zaio.

Partidak jokatzen hasita, oso gutxi eteten dira eskuko minarengatik.
Lesio motaren arabera bertan behera utzi daiteke partida. Gogoratzen dut Zarautzen behatza ireki zitzaidala eta ezin izan nuela partida bukatu. Baina eskuko minagatik, alegia pilota ukitzen ere uzten ez dizun minagatik ezin da jokoa eten. Kantxan egon beharra dago partida bukatu arte, eta emanaz gainera. Apustuak daude tartean eta zaila da hori aldatzen.
Baina hori ere ondo arautu beharra dago. Medikuak eman behar luke partea, eta partida noiz eten behar den erabaki. Partida batzuetan pilotariak esku lehertuarekin segi behar izaten du eta ondoren publikoa gainera etortzen zaio. Gainera horrelako kasuetan, lesioa sendatzen askoz ere denbora gehiago kostatzen da.

Buruz burukoan aritzeko edo binakakoan aritzeko ezaugarri ezberdinak behar dira?
Binakakoan bakoitzak bere lana egin behar du eta garrantzitsua da bikoteak ongi funtzionatzea. Buruz burukoan bakarrik zaude eta kantxa osoa duzu biontzako. Nik uste hor ikusten dela zein den pilotari osoena. Dena menperatu behar da, sakea, defentsa, atzetik erantzutea, errestoa… Buruz burukoan dakien pilotariak binaka ere ematen du berea. Nahiz eta agian ez den aurrelari puntileroa izango, tantoak errematatzen dituen horietakoa.

Belokirekin buruz buruko pilo ederra jokatu duzu…
Afizionatutan jokatu genuen lehen buruz burukoa. Berak hamasei urte izango zituen, eta nik hemezortzi. Bizitza osoan kontrario izan gara. Kirol mailako pikea dago gure artean, baina frontoitik kanpo oso ongi konpontzen gara. Pilotari handien aurka jokatzeak asko motibatzen du eta Belokiren aurka zer esanik ez.

Zer motako materiala gustatzen zaizu?
Niri gustatzen zait pilotariak pilota menperatzea. Gaur egun pilotariak menperatu ezin dituen pilota asko ikusten dira, bote handikoak direlako. Hogeita hamasei metroko frontoietan aritzen gara eta hamar metroko botea duten pilotak gehiegizkoak dira. Pilota horiek kalte egiten diote jokoari.
Gaur egun zaila da hori saihestea, norberaren interesak sartzen baitira tartean. Pilotari bakoitzari era bateko materiala komeni zaio. Enpresak defendatu egiten du eta komeni zaiona jartzen dio. Hori da arazoa. Bi enpresa daude norgehiagokan eta material aukeratzaileek neutralak izan behar dute, eta frontoiaren araberako materiala jarri behar dute, partida onak atera daitezen. Eta kito. Gaur egun ez da horrela. Enpresa bakoitzak bere aukeratzailea du eta nork bere etxera tiratzen du. Ez da logikoa enpresako aukeratzailea egotea, soberan daude. Batzorde bat osatu behar litzateke.

Nola aukeratzen dituzu pilotak?
Lehenengo niri zer komeni zaidan begiratzen dut, ondoren zer ez zaion komeni aurkariari, eta nola ez, zein frontoitan arituko garen.

Beste kirol denetan estandarizatutako baloi eta pilotak erabiltzen dira. Pilotaren kasuan ba al luke zentzurik?
Pilotak asko galduko luke, estandarizatutako materiala erabiliko bagenu. Gai nagusietako bat materialaz hitz egitea izaten da, horrek jartzen du saltsa. Baina denak du neurria eta onartu ezin dena da partidak pilotagatik haustea.

Publikoa aldatu al da urte hauetan?
Bai, publikoa ezberdina da. Lehen publikoa gehiago zihoan kritikatzera txalo jotzera baino. Une horiek oso gogorrak ziren guretzat. Tantoa huts egin gabe ere, dejada altu xamar uzten bazenuen, edo pilota ezker paretara ondo gerturatzen ez bazenuen, segituan hasten ziren txistu jotzen. Egungo publikoa jarrera positiboagoarekin doa, gauza onak txalotzen ditu. Gainera txapelketetan gazte gehiago ikusten da, bakoitza bere herriko pilotaria animatzera joandakoa.

Zer iritzi duzu apustuei buruz?
Bakoitzak nahi duena egiten du bere diruarekin, eta kito. Pilota bizitzeko garrantzitsuak dira. Eta gaur egungo apustuen mundua erabat garbia da, ez dago dudarako tarterik.

Garai bateko tongoen pasadizorik-edo entzun al duzu?
Bai. Pasadizo polit bat ere ezaguna da. Binakako partida batean, bi aurrelariak ari omen ziren galtzera jokatzen! 21na omen zihoazen eta sakatzera zihoanak ustela egin nahi izan zuen saketik. Eta besteak zer egingo, eta airez moztu zuen partida galtzeko!
Hori kasik ipuin bat da, baina bai, uste dut orduan tongoak egingo zirela. Orduko pilotariak diru gutxi irabazten zuen. Gaur egun ezin da horrelakorik pentsatu.

Sekula kontu hartu al dizute zure alde jokatuta apustua galdu dutelako?
Bai, batzuk esaten dizute, "hainbeste diru galdu dut…" Baina zer egingo diozu bada! Irabazitakoan ez zaituzte afaltzera gonbidatzen! Nik ahal dudan dena egiten dut eta gainera, neu amorrarazten naiz gehien partida galduta!

Euskara ikasten hasi zinen…
Gure garaian Agoitzen ez zegoen euskaraz ikasteko aukerarik. Gure semeek jaten dakiten bezala ikasiko dute euskara. Nik laugarren urratseraino ikasi nuen. Baina Agoitzen ez zen hurrengo urterako ikasle talderik osatu, ni ere arratsaldez entrenatzen hasi nintzen eta ezin izan nuen ikasten jarraitu. Baina lagun batekin apustua egina dut, aurten bosgarren urratseko talde bat aterako dela eta gogor ekingo diogula. Gustatuko litzaidake partida bukatu osteko elkarrizketa euskaraz egitea.

Mikel Goñiren azken albisteak hamaika hauts harrotu du. Pilotarien artean, aldiz, oso ondo konpontzen da…
Bai, oso mutil jatorra eta irekia da. Beste pilotariekiko oso ezberdina da eta horrek ere badu bere morboa. Bera da jende gehien erakartzen duen pilotaria. Gainera pilotari handi bat izateko gaitasun asko ditu. Urteak pasatzen ari dira eta ez du ahal duen guztia aprobetxatzen. Oraindik badu denbora eta egunen batean asentatuko da. Zaila da ohiturak, izaera eta bizitzeko modua aldatzea. Baina jada ez du balio beste hamaika gauza frogatzen ibiltzeak. Bera da pausoa eman behar duena. Eta pausoa ematen duenean, jende dena edukiko du laguntzeko prest. Bakoitza oso libre da nahi duen bezala ibiltzeko, baina beste bizimodu bat eramango balu, egun badena baino pilotari handiagoa izango litzateke.

Bereizi behar lirateke kontsumo propiorako drogak eta propio jokorako hartzen direnak?
Uste dut baietz. Gauza bat da dopatzeko hartzen den substantzia eta bestea kaleko bizioa. Kaleko bizioak ez du pilotan aritzeko laguntzen, alderantziz baizik. Kirolarien dopinak gehiago jokatzen laguntzen du eta hori bai zigortu behar dela guztiz. Kantxan denek izan behar dute aukera berdintasuna, ezin du inork bere gaitasun eta entrenamenduz kanpoko laguntzez baliatu.

Urte gutxian asko garatu da pilota. Kirol tradizionala izatetik profesionalera pasatu da. Azpiegitura eta antolakuntza ere aldaketa horri eusteko garatu dira?
Prestakuntza fisikoa, elikadura… hori garatu da. Baina antolakuntza mailan uste dut garai bateko martxa bera daramagula. Ez naiz egoeraz kexatzen, baina bada zer hobeturik. Pilotariak oso parte-hartze eskasa du antolakuntzan eta enpresen gainetik antolakuntza batzorde edo federazio batek funtzionatu behar luke.

Pilotarien sindikatuaren egungo helburuak zein dira?
Gizarte segurantza lortzen saiatzen ari gara. Guk "artisten kontratua" dugu.

Zer beste zaletasun dituzu?
Edozein kirol ikustea gustatzen zait. Bizikletan ibiltzea eta korrika egitea ere oso gogoko dut txikitatik. Baita lagunekin eta familiarekin egotea ere.

Gaur egungo umeek frontoian ibiltzeko zailagoa dute: ingelesa dela, musika… aukera handia dago.
Bai, egungo umeek edozertarako denbora gutxiago dute, baita frontoian ibiltzeko ere. Gu eskolatik atera eta argia joan arte frontoian aritzen ginen, ez geneukalako beste zereginik. Nire helburua ez zen pilotari handia izatea, jolastuz gozatzen nuen eta kito. Agoitzen beti egon izan da pilota zaletasun handia. Eta ni ere bertako pilota eskolan hasi nintzen. Gainera adin ezberdineko jendea biltzen ginen eta beti zenuen zure erreferentzia zen zaharragoren bat. Hori da garrantzitsuena, ume denek izan behar dute zaharragoren bat aurretik, hobetzen joateko. Gustatzen ez zaidana da oraingo umeek oso ordutegi hertsiak dituztela. Ni oso pozik nago bizitzea tokatu zitzaidan garaiarekin, egun ez nintzateke hain ongi moldatuko…

Bizitza osoa daramazu Agoitzen. Ez duzu bizilekuz aldatzeko asmorik?
Ez, hemen oso gustura nago. Oso herri polita da eta denetatik badugu bertan (zerbitzuak, ibaia, paisaia ederra…). Hiriburutik 20 minutura gaude. 1.600 lagun inguru bizi gara. Denak bezala, aldatu egin da, baina oraindik eusten dio bere esentziari.

Jokatzen bada behinik behin, nork irabaziko du aurtengo buruz-burukoa?
%50eko aukerak ikusten dizkiot bakoitzari. Barriolak urte osoa darama oso maila onean. Orain arte ez diogu egun txarrik ikusi. Bere ahalmenen %80-90ean jokatzen du eta hori garrantzitsua da final batean. Bestalde, badakigu Belokik buruz burukorako oso arma onak dituela: oso sake indartsua, baita eskuin kolpea ere, eta lehenengo tantoak aprobetxatzen daki. Espero dugu final ona aterako dela! Zeren azken urteotan ez baitugu final onik ikusi

- Jaio: Agoitzen, 1971. urtean.
- Pilotaria. Aurrelaria.
- Debuta: 1991ko uztailaren 5ean, Labriten.
- Enpresak: Asegarce eta egun Aspe.
- Lorpen garrantzitsuenak:
+Lau t’erdiko txapelketak: 10 aldiz parte hartu du, 7 final jokatu ditu eta 3 txapela irabazi (1992an, 1994an eta 2000n).
+Nafarroako Lau t’erdiko txapelketa irabazi zuen 2000. urtean.
+Buruz buruko txapelketak: 1996an, 1999an eta 2000an txapeldun.
+Binakako txapelketak: txapeldun orde 1996an.
+Munduko Txapelketa: afizionatu mailako txapeldun 1990ean.

Nire bizitzako unerik berezienetakoa 2000. urtean gertatutakoa izan zen. Buruz buruko finala jokatzear nengoela, Iñaki semea noiz jaioko zain geunden etxean. Ostiral gauean jaio zen, eta igande goizean jokatu nuen finala. Kasik lorik egin gabe nengoen, burua bi kontuetan nerabilen eta zeharo partida txarra jokatuko nuen beldur nintzen. Eta umearen emozio eta pozarekin nire bizitzako partidarik onenetakoa egin nuen.

Doinua: Mutil koxkor bat
Patxi, guztiok argi daukagu
zenbat daukazun onetik,
hainbat alditan azaldu duzu
gora heldu zinenetik.
Lana ugaltzen omen da berez
gailurra lortzen denetik,
entrenamentu saio luzean
egiten duzu denetik,
kolpe bakoitzak asko baitauka
eguneroko lanetik.

1988. urtean, «Juan Inazio Retegi» I. txapelketan. Lasarekin batera txapeldun atera zen Etxarrin. J.I. Retegik berak jantzi zien txapela.


Eguneraketa berriak daude